Bihar, larunbata, arratsaldeko 16:00etan aterako dute berriz Amezketako plazara Euskal Herriko harririk ezagunena, Albizuri Handi harria. Amezketako udala da harriaren zaindaria eta Julian Sagastume alkateak esan digunez udaletxean egiten ari diren lanak amaitzean “denen bistara” jarriko dute harria. Berriz ez dela plazaratuko dioen zurrumurrua ezeztatu du Sagastumek. Orain hurrena atera zenean ere ibili zirela antzerako zurrumurruak eta horiek “ez dutela zentzurik” eta “berriz ere probarako atera behar denean aterako dutela harria” esan dio ARGIAri Sagastumek.
Harriaren gora beherei erreparatuz gero erraz uler daiteke nondik datorkion ospea: hasieran kondaira, gero hamar indartsuenek menperatu ezin izan zutenekoa, gero Errekartetxo txikiaren garaipena, gero Urtain... eta tartean jendetzak, txanponak, sotanak eta bahiketak.
Biharko saioan bederatzi harri-jasotzaile arituko dira: Goenatxo, Ostolaza, Izeta II.a eta III.a, Landarbide, Elosukorta, Eizmendi, Urpe eta Goikoetxea. Aimar Irigoienek ezin izango du, asmoa bazuen arren, Errezilgo gaztea gaixo dago-eta. Seguru asko bederatziek lortuko dute harria bizkarrean berdintzea. Baina garai batean gauzak ez ziren horrela. 1875ean Jose Mari Zuriarrain Galartzak bizkarreratu omen zuen auurenekoz. Baina Zuriarrainen altxaldiak, hain aspaldikoa izaki, ‘omen’ hitzaren itzala du gainean. Ez dago garbi harria Loidi errekatik ateratakoa ote den, zabaldutako usteak dioen bezala, edo Gaintza aldekoa den izatez. Kontuak kontu, Albizuri Handi, Euskal Herriko beste harri ospetsuak –Errezilgoa, Igeldokoa, Aizarnazabalgoa– baino ospetsuagoa da; eta ospea historiak eman dio.
Seguru jakitea dagoena horixe baita, harriaren historia modernoa. Amezketako udala da harriaren jabea eta jagolea eta antolatu izan dituen ahaleginek arau zehatzak zituzten; harria udaletxeko alondigan –kartzela esaten diote amezketarrek, erabilera hori ere izan zuelako– gordetzen zen giltzapean eta harri-jasotzaileek nahi bezain ongi begiratu eta erreparatzeko eskubidea zuten. Inori ez zitzaion ematen ordea, harriari eskua ezartzeko baimenik; ezin zutela harriarekin entrenatu, alegia. Hasieran behintzat arau horiek zorrotz bete ziren.
1947ko urriaren 19an Euskal Herriko indartsu gehienak bildu zituen Amezketako udalak antolatutako sariketak. Joxe Mari Otermin "Amezketa bide luze bezain malkarrak" liburuaren egilak dioenez, “seguru asko Amezketara inoiz bildu den jendetzarik handiena bildu zen egun hartan. Izugarria izan zen. 3.000 lagun izango ziren igual”. Harri-jasotzaile bakoitzak hamar minutu zituen harria berdintzeko baina “denak gelditu ziran porrot egiñik” Jose Luis Iriarte "Gure erri-joku nagusiak" liburuaren egilearen hitzetan.
Horratx parte hartzaileen zerrenda eta bakoitzaren ahaleginak iraun zuen denbora:
Santos Iriarte Etxaniz “Errekartetxo”k jaso zuen azkenean mito arturiko bihurtzeko zorian zen harria 1947ko azillaren 30ean. Lagunekin harria begiratzera joan eta hitzok esan omen zituen: “Begiz jaten diat. Hala ta guztiz ere, hainbestek jaso ezinda utzi dutenean, zerbait gaitza derrigor eduki behar dik”. Errekartetxok bere asmoa bideratzeko estrategia abian jarri zuen orduan. Auzotik atera gabe lortu zuen beharrezko laguntza.
Errekartexo baserria Loiolako basilikaren eskuinaldean dago. Handik oso gertu, Urola ibaia eta errepidea gurutzatuta, Izarraitz magalean, Askiola baserria dago; eta han hargina bizi zen. Errekartetxok auzoari Albizuri Handi harriaren gisakoa prestatzeko agindu zion; egiazko harriarekin galarazita zuenez, ahalik eta antzekoena nahi zuen Amezketako plazara azaldu aurretik entrenatu ahal izateko. Askiola ordea ez zen Amezketan izan harria ikusten eta Errekartetxoren azalpenekin errenditu behar izan zen bere lana egiteko. Egin zuen harria. Amezketakoa baino astunagoa gainera; ez ordea hura bezain baldarra. Antz eman zion, antz eman zionez, Errekartetxok eguna heldu zenean.
Errekartetxok Albizuri-Handiri kolpe egin behar ziola zabaldu zenean ikusmin itzela piztu zuen. Hilabete pasatxo zen hamar indartsuek kale egin zutenetik, baina hala ere Amezketako plaza lur-estali geratu zen 1947ko azaroaren 30ean. Mendiak elurrak zurituta zeuden, baina hotz ikaragarririk ez zuen egiten eta ateri zegoen. Ikusleek hamabosna pezeta ordaindu zuten, gehienera jota, hamar minutu iraungo zuen ekinaldiaren lekuko izateko.
La Voz de Españak 20.000 pezetako poltsa agindua zuen harria bizkar gainean berdintzea lortzen zuenarentzat eta horrek ere bizkortu zuen jendearen gogoa.
Errekartetxo bera ez dakigu baina haren lagunak-eta nahiko seguru plazaratu omen ziren. Baina bapatean konturatu ziren han ez zizkietela txori erreak ahora emango. Aurreneko ahaleginean bular aldera goitu zuen harria baina irrist egin eta erori egin zitzaion; bigarrengoan belaunen gainean jarri baina gero erortzen utzi zuen. Beste bi ahalegin antzuren ostean Errekartetxo-zaleak zeharo etsita omen zeuden ahaleginerako zegozkion hamar minutuetatik zortzi paseak zirelako. Mitoak dio orduan anaiak garrasia egin ziola herio batean: “Helduiok berriz bestela etxea-eta denak galduko dizkiagu eta!”. Eta berriz heldu zion, bosgarren aldiz, aldamenetara oraingoan. Segituan eskuineko sorbalda gainean berdindu zuen eta arauzko denboraren barruan, zortzi minutu eta hamazazpi segundo pasa zirenean. Errekartetxokoek ez zuten, hortaz, ezer galdu; ikaragarri irabazi baizik. Amezketako erretorea, Don Manuel Lizarribar, izan omen zen txanpon gehien galdu zuenetako bat.
Orduantxe ez ziren triste azpeitiarrak. Basarrik kontatzen duenez, munduari erronka jotzen zioten hiru lanetan; gizon-proban Zapatarirekin; harri jasotzen Errekartetxorekin; eta Arriarekin haizkoran.
Basarriren kronikako aurreneko lerroak laburbiltzen du bete beteko egun hartan jazo zena: “La piedra ‘Albizuri-Aundi’ ha dejado de ser inexpugnable” (Albizuri Handi harriak menperaezina izateari utzi dio).
Errekartetxoren altxaldiko argazkiak ikusi
Mende erdi egingo du udazkenean egun hartatik. Errekartetxoren azañaren berri dakarren La Voz de Españaren azala irakurriz, aisa igarri daiteke orduz geroztik gauza batzuk dezente aldatu direla: Realak hiru gol sartuta irabazi zion Sporting de Gijon-i; beste batzuk ez hainbeste, “Inglaterra continuará vigilando las fronteras de Palestina” (Ingalaterrak Palestinako mugak zaintzen jarraituko du) dio azaleko titularrak.
Errekartetxoren balentriatik urte bete baino lehenago Jose Ibar Urtain (boxeolariaren aita) lau aldiz altxatzeko gai izan zen. Gero Luis Atxega “Alde” oriotarrak harria etxera eraman ahal izatea lortu omen zuen. Gainera, entrenatzeaz gain, helduleku txikiak egin zizkion –gerora harria berdindu zuten–. Horregatik agian 1951ko udaran hamaika aldiz altxa zuen Atxegak berak eta, 1947an behin ere jasotzea lortu ez zuen Olidenek, berriz, zazpi aldiz. Garaiko prentsak horrela jaso zuen ordukoa: “Harri-jasotzaile onenak ere etsi egin dute Albizuri-Aundi harriaren aurrean, baina bi oriotarrek kartoizko jostailua bezala darabilte harritzarra”.
Bibliografia:
Gure Herria. Juegos y deportes del Pais Vasco II. Rafael Aguirre. Kriselu 1989
Gure erri-joku nagusiak. Jose Luis Iriarte. Etor. 1973
Karkara. Orio eta Aiako aldizkaria. 183. zenbakia.
Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.
Beste bizi eredu baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]
ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]
Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]
Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.
Sare elektrikoa erabat erori da... [+]
Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]
Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]
Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]
Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.
Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]
50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.
PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak.
Astelehen honetan egingo dituzte Kanadako Komunen Ganberarako hauteskundeak, Trudeau lehen ministro ohia ordezkatu duen Mark Caneyk data aurreratu ostean. Liberalen lidergo aldaketak kontserbadoreei aldea nabarmen murriztea eragin du, eta inkesta gehienek bozetan garaile irtengo... [+]