‘Aiurri’, hilabetez geldirik

  • Gipuzkoako Aiurri hamabostekaria eta astekaria itxi egingo dira hilabeterako; eta langileei erregulazio espedientea ezarriko zaie. "Aurrez ere baziren korapilo eta oztopoak are gehiago korapilatu direlako hartu dugu erabakia", dio Aiurrik plazaratutako oharrak.


2013ko urriaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
"Tolosaldeko egitasmo bateratuak" euren proiektuari "kalte" egin diola esan dute Aiurriko kideek.

Aduna, Andoain, Asteasu, Larraul, Urnieta, Villabona eta Zizurkilgo berriak ematen ditu Aiurrik. Azaroko geldialdiaren ostean, abenduaren 5ean banatuko dute hurrengo aldizkaria. Webgunean ere etenaldia egingo dute.

"Urtea amaitu aurretik, arre edo so egin beharrean aurkitu du bere burua Larramendi Bazkunak. Hilabeteko etenaren arrazoiak sosekin lotuta daude hein handi batean; bizi dugun krisialdiak ez dio inori laguntzen, jakina denez, ezta euskalgintzari edota euskal komunikabideoi ere", dio oharrak.

"Aiurri aldizkariak hiru zutoin nagusi ditu aurrera egin ahal izateko: erakundeen diru-laguntzak, publizitatea eta harpidedunak. Bada, hiru zutoinetatik lehen biek behera egin dute", jarraitzen du. "Datu bat baino gehiago aipa daiteke, baina horien artean aipagarrienetakoa, Villabonako Udalaren diru-laguntza jaitsiera da".

Tolosaldeko egitasmo bateratua, "kaltetan"

Aiurriko kideen hitzetan, "Tolosaldean sortu den komunikazio taldearen –zeinetan Hitzak, Galtzaundi aldizkariak eta Txolarre irratiak parte hartzen duten–, egitasmo bateratuak ez dio Aiurri aldizkariari batere lagundu aurrera egin dezan".

"Azken urteotako egoera ekonomiko ilunaren baitan eta zer esanik ez idatzizko komunikabideak hartzen ari diren norabidearen aurrean, dudarik gabe, indarrak batu eta eskualdekako komunikabideak elkarlanean jardutea nahitaezkoa da".

"Bada, Tolosaldeak eman du pauso hori dagoeneko eta proiektu hori gauzatu ahal izateko Aiztondoko Udalen babesa ere izan dute. Eskualdeko hainbat Udalek (Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul, Aduna eta Zizurkil tartean) Tolosaldeko Komunikazio Taldearen (TKT) eskaintzarekin bat egin dute, kasu gehienetan, gure kalterako. Haiei eskainitako diru-laguntzak, gurea gutxitzea ekarri baitu kasuren batzuetan".

"Argi esan behar da Aiurri egitasmoa proiektu horretatik kanpo geratu dela: Tolosaldeko hedabideen artean gauzatu baitute euren apustua, Aiztondokoa kanpoan utzita. Aiurriko kideon galdera: Zer gertatuko da gurekin?"

Aurrera begira

Traba administratiboak gainditu eta proiektuak aurrera egitea desio dute sustatzaileek: "Azken hilabetean Aiztondoko Udal ordezkarien aldetik hitz baikorrak jaso ditugu. Badirudi Aiurri aldizkaria proiektu komunikatibo bezala gustuko dutela eta aurrera begira ere mantendu egin nahi dutela. Ea guztion artean oztopoak gainditu eta aurrera egitea lortzen dugun, Aiurri indarberrituaren alde".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aiurri
2013-06-11 | Xuban Zubiria
Guardia Zibilak ustezko bi ETAko kide atxilotu ditu Gipuzkoan

Guardia Zibilak Jon Lizarribar atxilotu du gaur goizean Urnietan, eta Ruben Gelbentzu Andoainen.


2012-11-21
Hekimen sortu da, euskal hedabideen elkartea

Euskara hutsean lan egiten duten hainbat hedabidek Hekimen elkartea sortu dute. Donostiako Koldo Mitxelenan egin dute aurkezpena gaur eguerdian, eta han aurkeztu dute zuzendaritza. Iban Arantzabal izango da presidentea lehendabiziko urtean.


2011-02-01
Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua

Euskarazko hedabideen historia jarraitu duenak, badaki azken 30 urteetako abaroan egin dela biderik emankorrena. Eta badaki denbora horretan emandako aurrerapausoa itzela dela. Gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen ditu euskarazko hedabideak, 2008ko Eusko ... [+]


Eguneraketa berriak daude