Bigarren saria Aroa Arrizubieta gasteiztarrak eskuratu du.
Arabako Eskolarteko txapelketako finala ospatu da larunbatean, 2018ko maiatzaren 12an, Legutioko Kultur Etxean. XXIII. Arabako Eskolarteko finala. Sei bertsolari izan dira oholtza gainean:
Aroa Arrizubieta, Gasteiz
Aitor Ugarte, Aramaio
Mikel Martin, Gasteiz
Martin Abarrategi, Aramaio
Beñat Cano, Agurain
Markel Yoller, Illarduia
Bi twittero edo txiolari dira Aroa eta Aitor. Iritzia emateagatik beste batzuk kartzelara joan direla ikusita, Aroak kontua itxi nahi du eta Aitorrek jarraitu. Zortziko nagusian, fuerte hasi dira bertsolari gazteak. Saio bizia egin dute iazko txapeldun eta azpitxapeldunak, azkar eta elkarri erantzunez. “Aldarrikatzen jarraitu nahi dut, baina aizu ez arriskatu” esanaz hasi zuen Aroak bertsoaldia, eta Aitorrek: “baina Aroa, hori da juxtu, guzti hoiek nahi dutena”, zuzen erantzun dio. “Bakarrik utzi beharko zaitut, aitor twittero zikina, eta bertsotan egin daiteke, aldarrikapen berdina” izan zen Aroaren ateraldia, beste bide bat irekiz gaiari. “Beraz oraintxe erabakia duzu hau dena uztea, ta hain zuzen da haien zentsurai, zentzu gehio ematea” argudiatu zuen Aitorrek. “Kontua utzi ezazu baina izena aldatu zazu” proposatu zion Aroak. Aitorrek bukatu zuen bertsoaldia, “oraintxe bertan nik mezutxo bat idatziko dut ta punto, ta hala dio, ni enaizela hemen mutu geratuko”.
Mikel eta Martinek osatu dute zortziko nagusiko bigarren bertsoaldia. Lagun bi dira, gauean etxera doazela, Mikel konturatu da Martin neskak askotan begiratzen duela atzera”. Mikelek “ zu lasai egon ni nagolako oraintxe zure ondoan, zergatik izan behar duzu zuk beldurra etxerakoan” esanaz hasi zuen bertsoaldia. Martinek, “gertatutakoa pasa ostean ez naiz seguru sentitzen” aitortu zion. Hasi berriaren urduritasunak gora-behera Mikelek, egoki erantzun zion ofizioari, biek erantzun behar diotela gertatutakoari esanez. Errurik gabe utzitako "manada" izan zuen gogoan Martinek, emakumeek kalean duten babesgabetasuna azpimarratuz. Mikelek bere babesa eskaini zion beldurrez zegoen lagunari eta amaitzeko Martinek, “pausua arinduta etxera baietz iritsi lehenago” esan zuen.
Lautadako gazteen txanda izan da gero, Aguraingo Beñat eta Illarduiko Markel, bizitza osoa euskara ikasten egon eta gero karrera bera egingo duten bi lagun dira, Beñatek euskaraz egingo du eta Markel zalantzan dago, ingelesez edo euskaraz egin. Euskaraz ikastea hobea dela argudiatu zuen Beñatek, eta Markelek, aldiz, irakasle internazionala izango zela esanez hasi zuten bertsoaldia. Markel beteranoaren laguntzaz gustura ibili da lehen urtea izateko. Eskolarteko nagusitan ongi estrenatu da Beñat, ausardiaz eta fresko kantatuz, gazteena izan arren.
Zortziko txikian umorerako aukera izan dute sei bertsolariek. Gazteak izan arren, nahiko eskarmentu erakutsiz oholtza gainean, entzuleen gozamerako. Bizi eta azkar erantzun diote elkarri.
Mikel eta Aitorrek afaria kuadrilan egin nahi zuten, Aitorrek bere burua eskaini zuen prestatzeko, baina afalostean konturatu dira Mikelek ia ez duela ezer jan. Begetarianoa zela esanez harritu zuen Mikelek Aitor Sukaldaria, eta honek “hurrengo baten jana taperrak ekarri” esanaz erantzun zion. Saio atsegina burutu zuten, elkarri erantzunez.
Martin eta Beñat izan dira hurrengoak, ikastetxerako lan bat egiteko binaka jarri zituzten eskolan. Martinek berak bakarrik egin du lan dena eta bezperan Beñatek lana eskatzeko deitu dio. “Ta lan eskean zatoz zu nere aldera, zeinek jarri ote gintuen gu biok batera”, borobil bukatu zuen lehen bertsoa Martinek, ataka estuan jarriz Beñat. “Etxeko lan guztiak nik eiten dizkizut” erantzun zion Beñatek, nolabaiteko zorra agerian utziz. Erridikulua egingo zuela gogorarazi zion Martinek ondoren. Eta “Peru zure anaia oso azkarra da, lantxo txiki polit hau kopiatutakoa da”, amaitu zuen Beñatek bere anaia bertsolariari keinutxo bat eginez.
Ofizio bizi-bizia izan zen hirugarrena. Aroak farmazian egiten du lan, Markel gorri-gorri sartu da kondoi kutxa bat eskatzera. “Ta nahiz etorri zaren zu nahikoa jator, gero erabiltzeko ba al daukazu inor”, berehala erantzun zion Markelek, “erakutsi mesedez nola diren jartzen”. Umorez eta zirikatuz amaitu zen binakako atala.
Barkakoaren txanda izan da jarraian. Puntu bana erantzun dute sei bertsolariek. Dotore erantzun dute Mikel Martinek eta umorez gurasoei aipamena eginez Aitor Ugartek eta Beñat Canok. Abiada bizian erantzun dituzte puntuak bertsolariek.
Bakarka, gai bati buruz bi bertso bota dituzte gazteek jarraian, eta horretarako denbora pixkat gehixeago hartu dute.
Aitor Ugarteren lana nabarenduko genuke. Txikitatik zure ondoan izan duzun hori zure lagunik onena dela konturatu zara izan zen egokitu zitzaion gaia. Sare sozialen sareetan erori dela aitortu ta gero, “ezezagunak, jada hartzen ditut, nere lagunak bezala, hemen hori da garrantzitsua, zein dugun zure nibela, ta ustez hala egin izan dut, nere lagunen tropela, ta ez naiz ohartu lagun onena, nere ondo-ondoan zela” esanaz amaitu zuen bakarkako lan txukuna.
Martin abarrategi hainbeste itxarondako afarirako janzten jarri zuen gai-jartzaileak. Agur sagar beltzaran doinuan egin zuen bere lana, “ispiluan parean hamaika izerdi… Ta sinple joan ezkero? agian gaitzerdi, gaur egun itxurak du garrantzi gehiegi” bota zuen lehen bertsoan, “izaera bat dago oin look guztietan, surfista o rokero, ni enau hauetan, ta bukatuko dugu agian penetan… gero ezagutuko du, nor naizen benetan” dotore amaitu zuen, naturaltasunaren aldeko aldarria eginez.
Sari banaketari ekin zaio ondoren. Oihane Perea 2017ko Arabako Bertsolari txapeldunak banatu ditu sariak gazteen artean. Txapelduna, Aitor Ugarte Aramaioarra izan da. Anaia Xabi Igoa bertsolariari eskaini zion saioa, berak emandako aholku eta animoei aipamena eginez
Bigarrena aldiz, iazko txapelduna, Aroa Arrizubieta izan da. Biak izango dira Ekainaren 10ean izango den Euskal herriko txapelketan Arabako ordezkariak.
Egunari amaiera borobila emateko herri bazkaria izan dute Legution bertan ikastolan, eguraldi eskasari berotasuna ematea ziurtatuta dagoelarik. Amaitzeko bideoklipen sari banaketa ekitalditxoa eta dantza plaza. Eta, iluntzean, gazte egunarekin jarraitzeko aukera. Aspertzeko betarik ez da izan Legution.
120 gazte inguru bildu dira Legutioko Kultur Etxean, gaztez lepo beteta, Aiaraldea, Gorbeialdea, Arabar Errioxa, Arabako Lautada eta Gasteizko hainbat taldek giro beroa jarri dute goizean goizetik, Kultur Etxean bertan, 10:30etatik aurrera proiektatutako 18 bideoklipekin. Estereotipoak, askatasuna, berdintasuna, bullinga, adierazpen askatasuna eta sormena gaitzat harturik bi minutuko bideoklip dotoreak aurkeztu ziren. Iaz baino bideoklip gehiago eta kalitatean ere hobekuntza azpimarratu zuten antolatzaileek.
1000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte aurten ere Bertsoa Bizi Gazte girotze tailerretan Arabako 20 ikastetxetan. Parte hartu ondoren, lehiaketan izena eman eta euren kabuz edo eskolaz kanpo egindako bertso tailerretan burutu dituzten lanak oso originalak eta onak izan dira. Lau talde saritu ziren eta irailaren 7 eta 8an Urbasa inguruan sormen eta abentura asteburu pasa eder batez gozatzeko aukera izango dute lan sarituen sortzaileek. Bideoak ikusgai daude Arabako Foru Aldundiaren www.nibanaxarabakoa.eus orrialdean.
Bideoklip onenaren saria. SORMENA, Armentia Ikastolako taldeak eskuratu zuten.
Bideoklip originalenaren saria. Murgiako EZ AHAZTU eta Amurrioko IZAN LIBRE taldeek partekatu zuten.
Nibanaxarabakoa saria, internet bidez bozka gehien jaso zituena. EZ NAIZ GERATUKO MUTU Gasteizko taldeak jaso zuen.
Bideoklip txalotuenaren saria, TABUAK TAGU bideoklipak eskuratu zuen Legutioko Kultur Etxean bertan.
Albiste hau Bertsozale.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu
81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.
Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]
Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.