“Hildako zuhaitz batek bizirik dagoen batek baino bizi gehiago dauka”

  • Aitor Galdos Oñatiko basozain eta basozalea dugu. Egungo basoen eta landaketen inguruan aritu gara berarekin. Galdosen hitzetan "Espezie bakarrarekin egindako landaketak gaixotasun eta izurriteen aurrean arrisku handiagoa izaten dute. Adibide oso garbia da intsinis pinuarekin gertatzen ari dena".


2018ko uztailaren 09an - 09:51
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Noiztik duzu basoa eta basogintzaren inguruko zaletasuna?

Txiki txikitatik gustatu izan zait basoa eta natura. 18 urterekin, Derioko nekazaritza eskolan basogintza eta jardineritzari buruzko goi mailako zikloa egin nuen eta horren ondorioz ikasi nuen zertxobait basogintza eta landaketei buruz. Esan beharra daukat ni ez naizela basogintzan aditua, eta egin ditudan landaketak nire kapritxoagatik egin ditudala. Nire helburua ez da inoiz izan landaketa hauetatik etekin ekonomikoa ateratzea, baina

badirudi horretarako ere aukera eman dezaketela.

Nola deskribatuko zenuke gaur egungo basoen egoera?

Esango nuke basoen egoera urtetik urtera hobetzen doala. Gero eta zuhaitz zaharragoak dauzkagu, eta urtetik urtera gero eta baso-lur gehiago gelditzen dira bertan behera, inork landatu gabe. Hauek urteen poderioz, bertako baso bilakatuko dira. Horren adierazgarri da basoei lotutako

hegaztiak gorantz doazela. Aldiz, landa eremua galtzen ari da, eta habitat honi loturiko hegaztiak adibidez beherantz doaz.

Egur aprobetxamendurako egindako landaketa edo “basoak” ordea, egoera zailean eta momentu erabakigarrian daude. Azken 4 urteotan, banda marroiak (Lecanosticta acicola) izeneko onddoak ikaragarrizko indarra hartu du eta adin guztietako intsinis pinu landaketak moztu beharrean aurkitu dira. Gauza aldatzen ez bada, zerrategiek urte gutxi barru atzemango dute egur falta. Larizio pinuak ere, banda gorriak gogor astindu ditu azken urteotan. Douglas izeiak ere, “roya suiza” (Phaeocryptus gaeumannii) onddoak eraginda horitzen ari dira. Eukaliptoen hostoetan ere,

Mycosphaerella generoko onddoek eragindako orbanak nonahi aurki ditzakegu… Argi dago azken urteotan onddoek eragindako gaixotasunak

indarra hartzen ari direla.

Zuhaitzen monolaborantzak paisaia aldatzeaz gain ze ekarri du?

Esan beharra dago intsinis pinuaren monolaborantzak diru asko utzi duela gure inguruan. Baina, monolaborantzak beste ondorio batzuk ere baditu, biodibertsitatearen galera esaterako. Habitat bakoitzak, habitat horri loturiko bizidunak izaten ditu. Zenbait eta habitat mota gehiago eduki, basoak, zelaiak, larreak… orduan eta izaki bizidun desberdin gehiago izango dira. Gure inguruan, garai batean basoak ziren lurrak, zelaiak ziren lurrak eta beste hainbat erabilera desberdin zituzten lurrak, gaur egun egur ekoizpenerako zuhaitz landaketaz estaliak ditugu. Honetaz aparte,  espezie bakarrarekin egindako landaketak gaixotasun eta izurriteen aurrean arrisku handiagoa izaten dute. Adibide oso garbia da intsinis  pinuarekin gertatzen ari dena. Lurraldearen eremu baten hasi zena, denera zabaltzen ari da, eta uste baino askoz azkarrago.

Zein da basoa eta zuhaitz landaketaren arteko ezberdintasuna?

Nire ustetan, basoa, eremu baten berez ateratzen diren zuhaitz, zuhaixka eta landare belarkarez estalia (soilguneak ere izan daitezke bertan) dagoen eremua da. Espezie desberdin asko egoten dira bertan. Adin guztietako zuhaitz eta zuhaixkak egoten dira, zaharrak, gazteak, hil zorian daudenak, hil direnak. Adituek diote hildako zuhaitz batek bizirik dagoen batek baino bizi gehiago daukala, onddo eta intsektu ugari egoten baitira bertan. Forma aldetik ere oso zuhaitz desberdinak aurkitu genitzake basoan, adartsuak, punta bat baino gehiago dituztenak, erditik  puskatutakoak, zuloz beteak… Bizidun desberdin askorentzat gordelekuak izaten dira hauek.

Landaketak aldiz, helburu jakin batekin sorturiko zuhaiztiak izaten dira, egur aprobetxamendurako, fruituen aprobetxamendurako, erretxinaren aprobetxamendurako etab. Normalean espezie  bakarra ibili izan da eta adin bereko eta forma berdineko zuhaitzak izaten dira. Egur aprobetxamendurako denean, ahalik eta adar gutxien dituzten zuhaitzak uzten dira, zuzen zuzenak, punta bakarrekoak, zulorik gabeak. Beraz, bertan babesa bilatzea zailago zaie beste bizidun batzuei.

Landaketa askotan, azpian dauden zuhaixkak ere moztu egiten dira, eta soilik zuhaitzak aurki ditzakegu, gainerako extraktoak falta direlarik. Mozteko garaira iristen direnean, zuhaitz guztiak moztu eta berriz landatzen dira. Azken batean, baratze batean patatarekin edo beste edozein ortuarirekin egiten dena egiten da zuhaitz hoiekin.

Landaketa baso bihurtu daiteke?

Bai. Gaur egun zenbait intsinis landaketekin hori gertatzen ari da. Pinuak zahartu egin dira, batzuk hiltzen eta lehortzen hasi dira eta hauen tartetik bertako espezieak datoz, haritzak, urkiak, pagoak… Espezie desberdin dexente eta adin desberdinetakoak aurki genitzake garai bateko landaketa hauetan. Esan bezala, baso bihurtzen ari dira.

Ze motatako landaketak egin dituzu? Non eta noiztik?

Duela 13 urte, etxe inguruan ditugun malda handiko belardi batzuetan zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Garai batean bertako belarra segaz moztu eta eskuz egiten genituen belar lanak, baina azken urteetan ardiak larrean ibiltzen genituen, makinak sartzeko aldapa handiegia baita. Honetaz aparte, tarteka lurjausiren bat ere izaten zen. Hau kontutan hartuta, lurzoruari eutsi eta ardientzat jana izatea bermatuko zuen espezieren batzuk landatzea erabaki genuen. Honela, gereziondoak eta lizarrak landatu genituen 3 bat hektareatan. Bi espezie hauekin lortu duguna da belardia mantentzea eta lurzoruari eustea. Gainera, urtero Iraila eta Urria artean, adarrak inausten dizkiegu eta hostoak ardiek jaten dituzte. Inausketa hauekin egurraren kalitatea hobetzea lortzen dugu. Hazkunde aldetik ere uste baino emaitza hobeak ematen ari dira, gereziondoak urtean 4,5 cm bataz beste irabazten dute perimetroan eta lizarrek 3,5 cm. Konifera espezie batzuk azkarrago haziko lirateke, baina hauen azpian ez genuke belardirik izango. Beraz, gereziondoak eta lizarrak, “silvopastoreo” moduan erabiltzeko oso espezie aproposak direla ikusi dugu.

Bestalde, 2016an, banda marroiak kaltetutako 20 urteko pinudi bat bota genuen. Pinuak geuk bota genituen eta saiatu ginen berez zetozen zuhaitz gazte gehienak errespetatzen. Horrela pinuak bota ostean, hainbat eremutan basoa jantzia genuen, berez ateratako haritz, urki, lizar, astigar, gaztaina eta abarrekin. Ondoren, 2017an, hutsuneak zeuden tokietan espezie horietako landareak landatu genituen. Hauekin batera fruitua emango duten beste zenbait zuhaixka ere bai, gorostiak, gurbitzak… Landaketa honek, denbora gutxi barru, baso itxura hartuko duen esperantza daukagu.

Ze onura ekarri dizkio eginiko landaketak inguruari?

Gereziondo eta lizar landaketarekin gure helburuak lortutzat eman ditzakegu. Lurrari eustea lortu dugu eta belardia mantentzea ere bai. Honetaz aparte, hainbat animaliarentzat jan ugari ematen dute gereziondoek. Gainera nahi izanez gero, baliteke hemendik urte batzuetara kalitatezko egurra saltzeko aukera izatea… Baina oraindik 13 urte besterik ez dituzte. Iaz egindako hostozabal landaketan berriz oraindik goizegi da onurak nabarmentzeko.

Norbanakoren batek landaketak egin nahiko balituzke, zer eduki beharko litzateke kontutan?

Lehendabizi, landaketa horren helburua zein den argitu beharko litzateke. Kontserbaziora bideratutako landaketa bat nahi izanez gero, erreza da. Inguru horretan, berez zer espezie ateratzen diren ikusi, eta horiexek landatu. Hemengo baldintza klimatikoekin, lan asko egin gabe bertako baso polita atera daiteke aurrera. Eta lanerako gogo pixka bat izanez gero, inausketa eta bakanketa batzuk egin, eta kalitatezko egurra produzituaz, sos batzuk ateratzeko aukera era egongo litzateke.

Landaketa horren helburua produkzioa eta etekin ekonomikoa ateratzea bada, gauza asko konplikatzen da. Duela urte gutxi arte, erreza zen. Intsinisa landatu, soilketa bidez moztu eta berriz intsinisa landatu. Baina hori amaitu da, momentu honetan zaila da esaten zein espezie izango den errentagarriena. Eukaliptoa kenduta, gainontzeko espezieak hazkunde ertaineko (60 bat urteko turnoak) espezie moduan hartzen dira (sekuoia, kriptomeria...) Intsinisa bezalako espezie bat aurkitzea ez da erraza izango. Ameriketatik ekarri eta oso ondo egokitu zen hemengo baldintzetara, orain landatzen ari diren espezieak horrela egokituko dira? Denborak esango du.

Criptomeria japonica landatzea modan jarri da, baina inork ez daki nola erantzungo duen eta ze kalitateko egurra emango duen. Beste basojabe batzuk eukaliptoaren aldeko apustua egin dute, baina kontutan hartu behar da eukaliptoa papera egiteko erabiltzen dela. Beraz, hemengo zerrategientzat ez du balio. Berriz ere espezie gutxi batzuen monolaborantzaren aurrean aurki gaitezke eta litekeena da beste gaixotasunen batzuek landaketa hauek kaltetzea intsinisarekin gertatu den moduan.

Nolakoa izan beharko litzateke basogintza eredu jasangarri baterako bidea?

Basogintza jasangarri baten gakoa ustiatzeko edo azken aprobetxamendua egiteko moduan dagoela. Soilketa bidez egiten diren aprobetxamenduak jasangarriak izan daitezke? Hemen daukagun orografia eta klimari begiratuta, nik ezetz esango nuke. Landaketa bat mozteko adinera iritsi eta eremu horretako zuhaitz guztiak botatzea, ikaragarrizko aldaketa da ingurune horretako bizidunentzat. Honi lurraren erosioa gehitu behar zaio. Basogintza jasangarria izateko, entresaka edo bakanketa bidez ustiatu beharko litzatekeela. Kalitazteko egurra lortu eta soilik diametro, neurri edo baldintza jakin batzuetako zuhaitzak atera. Baina ustiapen modu hori errentagarria izango litzateke? Hori adituek esan beharko dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoa
2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


2024-11-15 | Leire Ibar
Iratiko Oihana Biosfera Erreserba izendatu du UNESCOk

UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben. 


2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


2024-10-07 | Jakoba Errekondo
Lezkarekin sagardo hobea

Barrikoteak, barrikak, bukoiak eta upelak bete berriak ditugu etxean sagar muztioz (Malus domestica). Makina bat beteko ziren, ipar eta hego, gure geografia guztian mahatsarenarekin ere (Vitis vinifera). Sagasti, mahastiko lanak eta dolare, soto, upelategi eta pitarretako lanak... [+]


Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen

Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta ikasketa handiak izan ditu. "Oso babestuta dauden ikasleak dira eta basoan aske uzteak... [+]


2024-08-12 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Gregorio Ugartemendia. Pagadien egile
“Jendeak arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago”

Tolosatik abiatu eta Bedaion gora egin, Menditxiki aldera. Batean Bedaio, bestean Zarate, Gipuzkoako eta Nafarroako muga-mugan gara. Hantxe dira helburu ditugun lursailak, Itxitua eta Erlo, garai batean lahar, pagadi gaur egun: Gregorio Ugartemendia Zubillagaren basoa duzu.


“Ebaki eta bota” teknika

Baso naturaletan estratu eta funtzio ezberdinak betetzen dituzten espezieak aurkitzen ditugu. Batzuek gaina hartuko dute, eta mende ugari bertan igaroko dituzte. Beste batzuek lehen urratsak emango dituzte, baso-kideengatik sakrifikatuko dira eta beraien gorpu ustelak sistemari... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


2024-05-20 | Garazi Zabaleta
Biezko
“Baso jangarri txiki batekin hasi ginen, baina kaos gehiago nahi genuen”

Urteak daramatzate Atxondoko Biezko baserrian bizitzen eta lanean Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik. “Kaletarrak ginen gu, nik enpresa eta turismo ikasketak egin nituen, baina mundu hori ez zitzaidan gustatzen…”, azaldu du ekoizleak. Lekunberrik,... [+]


2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
“40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko”

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


2024-04-17 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


Eguneraketa berriak daude