Ahuntz neoliberala murrizketen betiko larrera


2020ko maiatzaren 25an - 15:20

Nafarroako aldaketarako gobernuarekin bi urtez negoziatzen eta mobilizatzen aritu ondoren, UPNren azken gobernuak (PSNrekin koalizioan), Hezkuntza Publikoari ezarritako murrizketa basatien zati bat bertan behera gelditzea lortu zen, eta 2018an Nafarroako Irakaskuntza Publikoa Hobetzeko Ituna sinatzea erdietsi zen. Nafarroako egungo Gobernua osatzen duten alderdi guztiek ituna betetzeko konpromisoa hartu zuten, eta gobernu-akordio programatikoa ere izenpetu zuten, non jasotzen ziren BPGren % 5eko inbertsioa Hezkuntzan eta eskola segregazioaren aurka borrokatzea, hezkuntza publikoa hobetzeko beste alderdi batzuen artean

Murrizketak gainditzeko bide hori 2019ko hondarrean eten zen, Nafarroako Gobernuak erabaki zuenean ituna garatzeko baliabide nahikorik ez jartzea 2020ko aurrekontuetan. Era berean, maiatzean prestatzen dira hurrengo ikasturterako plantillak, eta une horretan irakasleek egiaztatzen dituzte beren ikastetxeetan eta irakaskuntza lanean izanen dituzten ondorio kaltegarriak, 57 eta 60 urterekin adinagatik murrizketarik ez izatea, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritza orduak ez konpentsatzea. Plantilla horiek are gehiago murriztuko dira Entzumena eta Hizkuntza, Pedagogia Terapeutikoa eta Orientazioa espezialitateetako orduak gutxitzean.

Hori gutxi balitz, alarma-egoera hasi zenetik ordezkapenak nabarmen murriztu dira, ustezko arazo teknikoengatik, eta, beraz, gainerako irakasleen irakastorduak % 35era arte igo daitezke, aintzat hartu gabe irakasle gehienek urrutiko hezkuntzarekin izandako lan-ordutegiaren igoera, eta telelana eta mendeko senideen arreta uztartzeak dakartzan zailtasunak. Gainera, ordezkapenak egitetik bizi diren irakasle asko langabezian gelditu dira, udan kobratzeko aukerarik gabe.

"Nafarroako Gobernuak bi aukera ditu: hezkuntza ituna betetzea eta eskola publikoan inbertsioa handitzea, edo Barcinaren agintaldian PSNk PPrekin eta UPNrekin partekatu zituen murrizketen bideari jarraitzea"

Baina lazgarriena datorren ikasturtean gertatuko da. Esan digutenez, gehienez 15 ikasle egonen dira gela bakoitzean, baina ez da espazio alternatiborik erabiliko eta, oraingoz, 2 milioi euro baino ez daude errefortzuko kontratazioetarako. Horrela, talde gehienetan, ikasleek eskola-denboraren erdia hartuko lukete ikastetxean, bi azpitaldetan banaturik. Hartara, irakasleek lanaldi bikoitza egin beharko lukete, aurrez aurrekoa eta telematikoa, eta izugarri zailduko luke familien lanaldia eta eskolaldia bateragarri egitea.

Borondate politikorik baldin badago, udalekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean espazio alternatiboak bila daitezke, eta horiek irailera arte falta diren hilabeteetan egokitu daitezke. Bestalde, ezinbestekoa da askoz irakasle gehiago kontratatzea, kudeaketa-sistema integratu baten bidez, ratioak jaisteko. Halaber, nahitaezkoa da hezkuntza-plataforma telematiko publiko bat garatzea, berdintasuna ziurtatzeko eta datuak erauzteko negozioa eta multinazional teknologiko handien kapitalismo zelataria saihesteko, azken horiek, bide batez, ez baitute zergarik ordaintzen Nafarroan.

Gainera, hezkuntza publikoan inbertitzeko baliabide gehiago sor daitezke, bankuei eskatuz zor ez-zilegia eta itzalpeko bidesariak, zerga iruzurraren aurka borrokatuz, zordun berankor handiei zorrak kobratuz, azpiegitura faraoniko ekozida eta alferrikakoak geldiaraziz, gastu militarrak eta estatuaren zor publikoa ordaintzeari uko eginez eta kapitalari askoz ere zerga gehiago bilduko dion bidezko fiskalitatea ezarriz.

Nafarroako Gobernuak bi aukera ditu: hezkuntza ituna betetzea eta eskola publikoan inbertsioa handitzea, edo Barcinaren agintaldian PSNk PPrekin eta UPNrekin partekatu zituen murrizketen bideari jarraitzea; baina beldur gara ahuntz neoliberala murrizketen betiko larrera joanen joanen ote den. Horregatik, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate guztiak aldarrikatzea ituna bete dadila, eta mobilizatzea beharrezko neurriak lortzeko 2020-21 ikasturtea aurrez aurrekoa eta arrakalarik gabekoa izan dadin, behar diren osasun bermeak ere hartuko direlarik.

 

                                                                      * Artikulua Maider Lasa Artieda eta Raul Lopez Ekai STEILAS sindikatuko kideek sinatu dute

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Teknologia
Eraginak kontrolatzen

Gizakiok harremanetan gaude gure artean eta bizi dugun ingurunearekin; egiten dugun guztiak eragina du, onerako zein txarrerako. Sortu dezakegun eragin negatiboa murrizteko norberaren balioak, kultura, harremanak eta aukera materialak erabakigarriak izaten dira.

Askotan... [+]


2024-08-28 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Autobus geltokia

Hiri askotako tren geltokiek XIX. mendeko burdinazko egituraren edertasun gorena azaltzen dute, hiriaren epizentrora iristearen ongietorri goraldiarekin batera. Hirira ate nagusitik sartzea bezalakoa da, arkitektura eta toki perla bat. Hiri askotan, baina, birdentsifikazio edo... [+]


Materialismo histerikoa
Gainkomunikatuz

Zergatik ez utzi. Zutabeak idazten dituenak atzetik izaten ditu beti garaiz erretiratzearen apologetak. Agortu baino lehen. Gaiak, niri, ezin agortu, ez ditudanez; ezertan ez naiz aditua, eta inoiz ez dut izan Euskal Herriari transmititzeko mezurik. Ez lidake azalpenak balioko,... [+]


Folklore Basque-a

Uda hasiera. EHZ festibalaren biharamuna (atx, buruko mina). Ikasturte kargatu baten ondotik, hatsa hartzeko gogoa. Burua hustu. Funtsezko elementuei berriz konektatu. Familian denbora hartu, aspaldiko lagunak berriz ikusi eta eguneroko borrokak (pixka bat) pausan eman... [+]


Garaiz alde egiten jakitea

Badaude hitzak, formak, keinuak eta jarrerak gorputzean sartu eta handik irten ezin daitezkeenak. Gorputzean sartu eta bertan usteltzen direnak. Gorputza zulatzen dutenak. Gorputza deskonposatzen dutenak. Gorputza desagerrarazten dutenak. Eta akabo. Ezin daiteke deskonposatu den... [+]


Euskaltegiak ertzengana

UEUko Glotodidaktika Sailaren topaketetan euskaltegiez eta intersekzionalitateaz aritu dira hainbat aditu eta biktima. Ikasleak egon dira erdigunean, pribilegiorik gabeko ikasleak, zapalduak, bazterretan daudenak. Izan ere, genero disidenteek, gorrek, itsuek, gaitasun... [+]


Askatasunaren tresna

Denok dakigu askatasuna kontzeptu zaila dela, ertz askotarikoa, hitzez definitzen zaila. Maiz mugagabetasunarekin definitu ohi dugu, baldintzamendurik gabe erabaki ahal izatearekin, ondoriorik ez edukitzearekin, edota ekintzen ardurarik hartu behar ez izatearekin. Baina ez denez... [+]


(Des)politizazioaz

Azken aldian politizazioa eta despolitizazioa aztertzeko aukera izan dugu, arreta gazteen kasuan bereziki jarrita. Hala ere, gazteak aztergai dituzten ikerlan soziologikoen ondorio gehienak beste adin taldeetarako ere aplikagarriak izan ohi dira, intentsitate desberdinez bada... [+]


Euskararen gatazkarako bost irudi

Nortzuk bultzatuko dute euskal orden berria eraldaketa sozialaren begiradatik? Nortzuk dira gaur egun zapalduenak Euskal Herrian?


Stop azpikontratazioa

Esku-hartze sozialeko sektore publikoaren alde.


Eguneraketa berriak daude