Agendaren menpe, egun bat gehiago

Edu Nividhia / @Edu_Nividhia

2024ko martxoaren 04an - 06:00

Inportantea zer den eta zer ez markatzeko ahalegina egiten dute iluntzeko albistegiek. Hurrengo goizekoak haien segida izaten dira sarri, kontu batzuk kendu eta besteak txertatuta; berriagoak antza, gertakariaren funts eta motibazioan berritasunik egon badaiteke sikiera. Albistegiak, nagusiki, besteen minen antologiak dira, Anarik Inmolazioa abesti plazaratu berrian dioen gisara; bateko feminizidioak, besteko sumendiak... eta amaierarik ez duten gerrak. Azken Beranduegi saioan mintzatu ziren pixka bat, ordubeteko umore/droga dosi gogorraren tartean, gizakia dela bere gizaki izaera deshumanizatzen duen izaki bakarra. Hau da, zerri batek parean duen zerria ikusten duela zerri gisa, eta gizakiak, aldiz, gizatasuna kentzen diola gizakiari. Eta, alajaina, bere burua atxilotzen duena animali bakarra ere bera da, gizakia.

Politikari profesionalek duten arazoetakoa da herritarren aurrean jarri eta azken horiek haien pareko gisa ez ikustea. Ez akaso goren mailako izaki baliran; baina gutxienez beste errealitate edo klase bateko gizaki-edo. Besteen minen antologia diren albistegietan tartekatu ohi dira haien esanak, eta, akaso, hor iraultzen da mina norena den afera: politikari profesionalek konpondu behar badituzte herritarren eguneroko ogi diren kezkak eta arazoak, hala diote mitinetan, jai daukagula pentsatzera heltzen da bat iluntzeko albistegia segitzen ari denean. “Munduari su emateko gogoa sartzen zaizu”, dio Anarik. Jai daukazu. Zentzu guztietan jai, salbu eta bihar lanera joan behar duzula.

Politikari profesionalek duten arazoetakoa da herritarren aurrean jarri eta azken horiek haien pareko gisa ez ikustea

Baina besteen minak ez dira gure bihurtzen, sarri, etxeko atea jotzen diguten arte. Distantzia estetiko bat hartu ohi dugu albistegietan ikus-entzuten dugunarekiko, bai milioika biztanle gosez hiltzen ari direla esatean, bai lehendakarigaiek gizarte-politikak indartzeko konpromisoa adierazten dutenean. Eta minutu eskaseko distantzia egon ohi da albiste baten eta bestearen artean; agian okerrena horixe da. Urriaren 7az geroztik, 30.000 palestinar baino gehiago erail ditu Israelek. Sarraskiak bideo gordinetan erakusten zaizkigu, eta gaitzespen mezu “irmo” deritzen horietatik haragoko ezer gutxi gehiago egiten da. Pablo Gonzalezek bi urte daramatza Poloniako espetxe batean, isolamenduan, inongo frogarik erakutsi gabe, egunean ordubeteko baimen miserable batekin patiora irten eta arnas apur bat hartu ahal izateko. Kasu horretan ere, "babesa" adierazten da, “diplomazia lanetan ari gara”. Hauteskunde giroan botoak eskuratzeko lehian, min horiek urrunagotik bizi dituzte herriz herri jendea konbentzitu nahian dabiltzan olerkariek.

Gaur, sarekada batean hainbeste palestinar erail baditu Israelek, bihar beste hainbeste edo gehiago hilko ditu. Biharko egunak argitzerako, egun bat gehiago pasako du isolamenduan Pablo Gonzalezek. Albiste kontsumitzaileak badaki horrela izango dela, eta badaki Gonzalezen berririk ziurrenik ez duela jasoko, ohiko albistegietan bederen, jakizu zenbat egun arte. Aldiz, hemendik eta apirilaren 21era bitartean, 48 eguneko tartean, egunero-egunero hauteskunde lehiak tartea izango du albistegi printzipaletan, egunero ageri delako nor promesak egiten. Ustezko ideia berriak, baina berritasun gutxiko funts eta motibazioak dituztenak: parlamentuan ahalik eta eserleku gehien lortu eta boterera heltzea. Ustez zerbait aldatzeko, parlamentarismoak jendearen bizitzan eragiteko dituen bere muga handiekin. Zaharra da hori. Eta zaharra da ere kalkulu elektoralak egitea. Horien arabera auziren batek polemika sortuko balu eta herritarren botoak zalantzan jarriko balira, Urdaibaiko biosfera turismoarentzat erreserbatzeko proiektuak kasu, behin-behineko karpetazoa emateko problemarik ez daukate, gero atzera ere berreskuratzeko. Edo Villabonako gaztearen auzia: agintariek bilatuko dute modua gaia desbideratzeko –dagoeneko, “nahi gabe” esango dute agian, baina egin dituzte urratsak: legebiltzarra desegin delako, Segurtasun Sailak ez ditu azalpenak han eman beharko–.

Bitartean, egun eta aste bat gehiago pasatu da aurreko guztia kronifikatzeko, eta horiek beste plano batean uzteko, makineria mediatikoak bogan jartzen ditu telenobelak. Espainiako politikari batzuen ustelkeria kasua bolo-bolo dabil geurean, aitzakia gisa nafar bat dagoelako tartean, eta tranpan erori gara eta geure egin ditugu kapitulu guzti-guztiak eta haien izendegiak ere bai. Azken horrek pizten du arreta: zeinen erraz deitu diogun Koldo auzia. Horrela badirudi etxeko atea zipriztinduko digun arazoa dela –edo gutxienez Euskal Herriko Koldo guztien etxeko ateak–. Konparatu daiteke Madrildik pasatu zen Filomena ekaitz-erauntsiarekin. Bazirudien elurra ari zuela Euskal Herrian ere, baina ekaitz hark ez gintuen kolpatu. Beste gauza batzuk dira barnetik kolpatzen gaituztenak. Fokuak goitik jo arren, albokoek erretzen dute gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Materialismo histerikoa
Gure gauzatxoak

MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude