AEK: “Harro gara... baina ez konforme!”

  • AEKren mezua bertako kide Maider Heguyk eta Bixente Claveriek irakurri dute. Erakundeei “hizkuntza politika ausarta eta sendoa” eskatu diete eta ez “brilli-brillizko bilgarria”. Konpromiso eta baliabide gehiago eskatu dituzte. Gogorarazi dute oraindik ezin dela euskara doan ikasi lurralde guztian.


2024ko martxoaren 23an - 13:08
Azken eguneraketa: 2024-03-24 14:06

AEK-ren amaierako hitzaldia

Maider Heguy, Iparraldeko AEKren presidentea eta Bixente Claverie, AEKren Artezkaritza kontseiluko kidea Baionan, 2024ko martxoaren 24an

Gure lehen hitzak ondoan ez ditugun AEKideentzat dira: Julio Aranguena Aristi eta Beñat Espil.

Euskararen alde eraman duzuen borrokagatik, gora zuek!!

Agur eta ongi etorri Baionara!

Zuei eta milaka herritarri esker heldu gara honaino. Zuek zarete euskararen herri garra! 11 egunez eta 10 gauez, ibili zareten haur, gazte eta heldu guztiei, AEK-ren esker beroak eta txaloak denentzat!

Irundik harro abiatu zen Korrika, eta eskuz esku, goxoki eta fermuki heldurik, lekukoak bidea egin du Baionaraino, mezua orotara helaraziz, Euskal Herria batuz eta bilduz, milaka jendek kate horretan bat eginez! Harro gara, Korrikak batzen gaituelako. Harro gara euskaldun izateaz, konplexurik gabe. Eta harro diogu, euskaraz bizi nahi dugula.

Harro gara... baina ez konforme!

Garazik erran digu: hizkuntzak ekosistema osoa behar du eta horretan denok dugu lekua, euskaldunek eta ikasi nahi dutenek, erdaldunek ere, euskarari lekua utziz. Euskarak denak bil gaitzake, euskara ez baita muga, ate bat da.

Zenbakiek, urri, errealitate gordina salatzen digute. Jendea ikastera erakarri behar da, aukera eta laguntza eman. Erronka handia dugu! Euskara ikasi nahi dutenentzat, bihar ere, gau eskolak zabalduko ditugu, euskararen geroa ahal bezain batekin partekatzeko eta eraikitzeko. Alta, helduen euskalduntzearen arloak baliabide eskasak ditu oraino eta ikasleentzako doakotasuna oraino lortzekoa dugu lurralde guztian.

Euskara ikasi nahi duenak euskaldunok behar gaitu. Gu ere, harro gaitezen, orotara helarazi behar dugu euskara, eta argitan biziarazi. Hiztunok, ordua dugu itzaletik ateratzeko eta ekiteko, bazterretik erdira jiteko eta hitza luzatzeko. Bakoitzari dagokigu ateak zabaltzea eta zabalaraztea, euskararen lekua egitea, hartzea eta sortzea, gure etxeetan, lantokietan, plazetan, eremu publikoetan. Hau da gure herri-bidea eta ekosistema bete behar dugu fierki. Garazik zioen: “ gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza politikak”. Euskara ezin da erabaki soila izan, ez apaingarri hutsa, ez ikur liluragarria. Euskarak gizartearen gune guztietan egon behar du eta instituzioen hizkuntza izan behar du ere. Instituzioek ardura handia dute: hizkuntz-politika ausarta eta sendoa behar dugu eta ez “brilli-brillizko bilgarria”: konpromiso gehiago eta baliabide gehiago ditugu behar, eta orain behar ditugu.

23. Korrikak azterketak euskaraz kolektiboa omendu du, euskara haien aldarria delako, Korrikarena bezala. Oraindik ere, ikasleei azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea ukatzen zaie. Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen segituko dute ikasleek: animo eta txalo beroak haiei! Euskara ez da inposizio bat, eskubide bat da!

Korrika 23 amaitu da eta 24garrena gogoan dugu. Baina orain festaren ordua da! Korrika batzordeetan inplikatu direnei eta festaz gozatzeko lanean diren AEK-ko ikasle, irakasle eta laguntzaile guztiei, esker beroak! Pasa egun on bat!

HARRO HERRI!!

Gora Korrika! Gora AEK! Gora euskara!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-28 | Uriola.eus
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak Udalaren 1.500 euroko isuna salatu du

Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: “Batasunaren Korrika izan da”

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-24 | Leire Artola Arin
Milaka lagun Korrikaren amaiera ospatzen ari dira Baionan

2.700 kilometro eginda, martxoaren 24arekin heldu da Korrikaren lekukoa Baionako Askatasun plazara, eta mezu sekretua irakurri du Garazi Arrulak. Egun osoko festa handia antolatu dute kultur eragileekin auzolanean: Ibil Bedi, Anje Duhalde, Xiberoots, txarangak,... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-23 | ARGIA
GARAZI ARRULAREN MEZUA

Garazi Arrrula Ruiz izan da aurtengo Korrikaren mezugilea. Txalaparta argitaletxeko editorea da tafallarra. Baionan, milaka euskaltzaleren aurrean, esan du euskara ez dela "ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara". Eta gehitu du... [+]


2024-03-23 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Larunbateko gaupasa Korrikarekin egiten duten horiek

23. Korrika makina bat irudi esanguratsu egiten ari da, eta dagoeneko oso ohituta gaude jendetza ikustera "Harro Herri" leloaren atzetik korrika. Baina gauean zer pasatzen da? Larunbatetan ere, jendea festan dagoen bitartean, lekukoa norbaitek sostengatzen du. Nafarroa... [+]


2024-03-20 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Euskara harrotasunez transmititu dutenen lekukoa

Korrika egunez egun erakusten ari da pasatzen den txoko guztietan nola pizten duen harrotasun sentimendua, euskaldun izatearen harrotasunarena. Emozio horixe da, batik bat, euskara transmititzen jardun duten adineko pertsona horiena.


2024-03-20 | Enbata
“Euskarak espazio publikoa berreskuratu behar du”

23. Korrikaren karietara, helduei euskara irakasten diharduen AEK edo Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea den Ihintz Olideni, Enbatak hainbat galde pausatu dizkio. Jarraian, argitaratua den elkarrizketak, AEK eta Korrika zehazkiago... [+]


Eguneraketa berriak daude