AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

  • Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025eko martxoaren 27an - 16:18
Azken eguneraketa: 17:53
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hala jaso ditu Naizek AEBko presidentearen hitzak: "Estatu Batuetan egiten ez diren auto guztiei %25eko zerga ezarriko diegu. Ameriketako Estatu Batuetan fabrikatzen badira, ez da inolako zergarik ezarriko (...) Gurekin negozioak egiten dituzten eta gure aberastasunaz jabetzen diren herrialdeek ordain dezaten".

Horiek apirilaren 2tik aurrera, altzairuari eta aluminioari ezarritakoei –%25ekoak izan ziren– batuko zaizkie, Donald Trumpek adierazi duenez. Bere arabera, muga zergek AEBetako auto industria "ikaragarri hauspotuko" beharko lukete, eta gainera, hurrengo bi urteetan muga zergei esker 600.000 milioi dolar eta bilioi bat dolar artean bildu beharko lukete. Etxe Zuriak zehaztu du auto osagaien eta kamioi arinen inportazioak ere zergapetuko dituztela.

Presidenteak neurria iragarri bezain laster, Wall Streeteko automobilgintza industrien akzioak beherantz egin dute. General Motors % 3,12 jaitsi da, Tesla % 5,58 eta Stellantis % 3,55. Hasieran zenbaki gorritan zegoena baina iragarkien ondoren gorantz egin duena Ford izan da, hazkunde oso txikiarekin % 0,10ekoa.

Hala ere, asteburuan argitaratutako prentsa-txostenek agerian utzi dute muga-zergak hasieran uste baino selektiboagoak izango direla.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarpena deitoratu du. Bertan iragarri du neurria aztertuko dutela eta "negoziazio bidezko konponbideak" aurkitzen saiatuko direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEBren muga-zergak
Eguneraketa berriak daude