“Adinka sailkatzen den mundua da literatura, eta guk partekatu egin nahi dugu”

  • Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian uzteko gure herrian", adierazi du Xabi Salaberriak Oiartzun Irratian.

Xabi Salaberria ezkerretan, Eneko anaiarekin, 1545 argitaletxean 2023ko martxoan. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2025eko martxoaren 17an - 11:30
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Iaz otsail bukaeran egin bazen ere, martxoaren 8aren atariko, aurten osterako utzi dute Oiartzungo Literatura Plazara jaialdia. Baina iaz bezalaxe, bi astez luzatuko da egitasmoa eta horretarako egitarau oparoa osatu dute. Bi oiartzuar anaien 1545 argitaletxea dago honen guztiaren atzean; haur eta gazteei bideratutako lanetan ari dira batez ere, literaturaren eta filosofiaren artean zabuka. Xabi Salaberriarekin hitz egin du Oiartzun Irratiak eta ordu erdiko elkarrizketa horretan xehatu dituzte aurtengo Literatura Plazara jaialdiaren detaileak.

Kartela ikuste hutsak ageri-agerian uzten du lehen bihurrikeria. Izan ere, Literatura Plazara ipini bai, baina E gainetik idatzia ere badatorkio: Literatura Plazera. Plazatik plazerera, alegia. Biak jorratu asmo dituzte, Salaberriak kontatu duenez: "Literatura maite eta gozatzen dugunok, urtean behin bada ere, plaza hartu nahi dugu liburu bidez; hala, iruditzen zait badela aldarrikatzeko modu bat, kultura eta euskal literatura erdigunera eramatekoa. Plaza hartu eta partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian utzi nahi dugu".

Adin guztiei partekatuta

Salaberriak aitortu du urteen poderioz, hirugarren edizioa delako datorrena, "era kontzienteagoan" ari direla osatzen egitaraua adin guztiei begira. "Lehen gehiago zen haurrentzat ipuin kontaketa bat antolatzea, ondoren gazteentzako idazketa tailerra, helduentzako gauza diferenteak... Aurten baditugu denentzako moduko emanaldiak", adierazi du Salaberriak. "Nahita egindako esfortzu bat da".

Horretan ari dira lanean, ez bakarrik ziurtatzen adin guztientzako eskaintza dagoela, baizik eta, baita ere, adin guztietarako balio duten ekintzak daudela. "Adinka sailkatzen den mundua da literatura, eta guk partekatu egin nahi dugu, belaunaldi ezberdinen artean gozatu; hori probatuko dugu aurten", dio Salaberriak.

Bi hitzordu berezi denentzat

Adin guztietako herritarrak bildu asmo dituen ekintzak bi izango dira. Martxoaren 23an, goizean, Luma Kantaria liburuaz mintzatuko dira herriko irakurle talde diferenteak. Joseba Sarrionandiak idatziriko izen bereko testua, Ainhoari gutunak liburuan datorrena, berrargitaratu egin du 1545 argitaletxeak. Oiartzungo LH5-6, DBH eta helduen irakurle taldean, hiruretan landu berri dute liburua, eta, bakoitzak bere modura egin duenez, aukera izango dute galderak egiteko bai Sarrionandiari eta bai Idoia Beratarbide egileei.

Hurrengo ostiral arratsaldean, martxoaren 28an, "irakurketa festa herrikoia" egingo dute Kontzejupe plazan. Beste herri batzuetan-eta funtzionatu izan duelakoan, Oiartzunera eramango duten formatua izango da: taldetxoak osatu ondoren, 45 minutu emango dituzte elkarrekin irakurtzeko eta gero talde handian komentatu, partekatu edota gomendatuko dituzte liburuak. "Normalean bakarrik egiten den ekintza da irakurketa, baina orain binaka, hirunaka edo guraso batek lau-bost ume elkartuta egiteko modukoa da", adierazi du Salaberriak. Posible izango da, akaso, hiru urteko haur baten taldetxoan 80 urteko heldu bat ere egotea; "hau berria da, ez dakigu nola aterako den", esan du.

Gainontzeko zazpi hitzordu interesgarriak

Martxoaren 17an hasiko da Literatura Plazara egitasmoa, astelehen arratsaldez, LH3ko eta LH4ko irakur taldeei bideratutako ekintza banarekin: biek ala biek Nerea Loiola izango dute gonbidatu, azken hilean irakurri duten bere liburu banaz mintzatuko dira. LH2ko irakurle taldeak, berriz, martxoaren 24an izango du bere hitzordua, Amaia Egidazurekin, ilustratu eta idatzi duen Dotorea liburua izango dute hizketagai.

Baina solastatu ez ezik, praktikan jartzeko zitarik ere izango dute adin buelta horretako gaztetxoek. Martxoaren 22an, larunbat eguerdian, Yolanda Arrietarekin, 8 eta 12 urte arteko haurrentzat idazketa tailerra egingo da. Aurrez, Arrietak ipuin kontaketa saioa egingo du 4 eta 7 urte artekoekin.

Gazte helduxeagoek, 12 eta 18 urteko gazte eta nerabeek, martxoaren 29an izango dute haien hitzordua: Oier Guillanek eskainita, idazketa tailerra egingo dute Literaturan jolasa gauza serioa da goiburupean.

Solasaldiak ere izango dira, jakina. Bi egingo dira, eta biak asteazkenez: martxoaren 19an, asteazkenean, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte idazleak hizketan ipiniko ditu Iratxe Retolazak, gidari lanak eginda, idazketa ibilbideez eta abarrez; eta martxoaren 26an, bestalde, pote filosofikoa egingo da Iñigo Martínezekin, bere Pantailen garaipena liburua oinarri hartuta, Olatz Mitxelenak gidatuta. Salaberriak jakitera eman duenez, hogei bat minutuko sarrera bat egingo du Martínezek, taldetxoetan jartzeko gero eta elkarrekin filosofatzeko patxada ederrean; ondoren, talde handian partekatuko dituzte botatako ideiak.

Egitaraua ixteko, azken ekintza, martxoaren 30ean egingo dute, igandez, Landetxen. Argitaletxeak kaleratu berri duen azkenengotariko liburu batean oinarritua izango da, PUF, Alaia Martinek idatzia eta Udane Ansak ilustratua. "Liburua aurkezteko modu bitxia izango da", Salaberriak jakitera eman duenez. Ainhoa Urien gai jartzaile ipinita, liburuaren egile Martinez aparte, Amets Arzallus eta Miren Artetxe ere bertsotan jarriko dira, liburuko gaiak harilkatzeko asmotan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Itxaro Borda
“Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”

1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]


Eraikitzen ari garenaren definizio bat

Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]


Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Miren Amuriza Plaza
“Kanpokoak hain argi identifikatzen eta salatzen genituen bitartean, barkaberak izan gara etxekoekin”

DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-09 | Leire Ibar
(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea izango da Baztanen

Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.


2025-01-09 | Estitxu Eizagirre
Ekimen bat gehituta, hauek dira aurtengo euskara hutsezko liburu eta diskoen bederatzi plazak

Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


Eguneraketa berriak daude