Adimena eta sentsibilitatea


2024ko abuztuaren 20an - 10:45

Fitxa: Donostiako Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa.

Alexandra Dovgan (pianoa).

Egitaraua: Beethoven, Schumann, Rachmaninov eta Scriabinen obrak.

Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: abuztuaren 19a.

Luciano Berio konpositore handiak esaten zuen gure garaiko birtuosoek ondorengo bi ezaugarri hauek izan behar zituztela: adimena eta sentsibilitatea. Eta, zalantzarik gabe, Alexandra Dovgan piano-jotzaile errusiar gaztea ezaugarri horien jabe da. Musika Hamabostaldian eskainitako errezitaldian aho zabalik utzi gintuen zailtasun handiko eta ahalegin izugarrizko obrak saio bakar batean interpretatzeko ahalmen eta gaitasun horren aurrean. Pianista bikaina da eta etorkizunean zeresan handia emango du, 17 urte besterik ez baititu.

Baina une honetan atzoko errezitaldian egindako lanaren kritika egitea dagokit, eta esan behar dut orokorrean harritu egin ninduela, baina ez zitzaidala askorik gustatu. Nazioarteko kritikak eta piano-jotzaile handiek esaten dute eskarmentu handiko musikari baten sakontasuna duela Dovgan gazteak, baina atzo neskato zoragarri bat entzun nuen. Gaztetasunaren suhartasunak dituen on eta txar guztiekin, esango nuke.

Egia da: inork egingo ez lituzkeen gauzak egiten dituela uste dut. "Sarerik gabe" jotzen du. Hau da, pedala gutxi erabiltzen du, edo, behintzat, gehienek baino gutxiago. Pedala ezinbestekoa da pianoan interpretatzeko, eta batzuetan argazkien filtroa bezalakoa da, akatsa minimizatzen duena. Berak, segurtasun harrigarriz, ahalik eta filtro gutxien erabiltzen ditu eta bere perfekzioa ikusarazten digu. Baina, era berean, hori oso arriskutsua da.

Bestalde, pianissimi zoragarriak egiten ditu. Berak badaki horrela dela, baina nire gusturako gehiegi erabiltzen ditu. Pultsazioaren fintasuna da bere bertute handienetako bat, baina pianissimoaren muturrean etengabe egotea astuna izan daiteke eta, gainera, lerro melodikoa desitxuratzen du.

Eta bere beste ezaugarrietako bat da ñabardura asko, dinamikoak zein agogikoak, gauzatzeko duen gaitasuna. Baina gehiegi aplikaturiko bertute honek zenbait obra desitxura ditzake. Adibidez, Beethovenen 31. Sonata, op. 110 ez zen oso naturala geratu. Ñabarduraz oso aberatsa, baina, agian, pixka bat amaneratua edo oso likidoa, esan genezake. Hori bai, Schumannen 2. Sonata op. 22 obran, piano-jotzaileak bere energia eta gaitasun tekniko guztia erakutsi zituen, baita oso soinu ederra ere.

Errezitaldiaren bigarren zatian, errusiar konpositoreei eskainitakoan, Rachmaninovek moldatutako Bachen Preludio, Gavota eta Gigaren interpretazioa ezin hobea izan zen. Ez zen gehiegikeriarik izan. Sinpletasuna eta perfekzioa.

Rachmaninoven Corelli Bariazioak op. 42 lanean ere, haren teknika boteretsua berriro apreziatu genuen, sentiberatasun handiz nahastua. Batzuetan, gehiegizko sentikortasun edo biguntasun horrek obra honek duen arkitekturaz gozatzea eragotzi zigun. Eta agian Dovganek luzitzeko aukera gehien zuen obran, Scriabinen 2. Sonata op.19-an, bere nekea ikusi ahal izan zen. Lehen mugimenduan arazoren bat izan zuen, profesionaltasun handiz salbatzen jakin zuena, eta bigarren mugimendua epikoa eta trumoitsua izan zen, partiturak eskatzen duen bezalaxe.

Oso eskuzabala izan zen propinekin, denak oso maila handikoak: Scriabinen preludio bat, Rachmaninoven beste preludio bat (perfekzio hutsa izan zena), Chopinen bals estilizatu bat eta Schuberten impromptu bat, oso naturala.

Etorkizun oparoa du, ziur.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Musika Hamabostaldia
Musika Hamabostaldia: gogoeta batzuk

Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]


Adore kontrolatua

Donostiako Musika Hamabostaldia
Euskadiko Orkestra: Zuzendaria: J. Rohrer.
Donostiako Orfeoia: Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: C. Reiss, V. Karkacheva, M. Schmitt, H. Müller-Brachmann.
Egitaraua: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean, op. 123.[+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Desberdina eta berezia

Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.


Aita Santuaren biolinista eta bere estela

Orkestra handien eta obra handien kontzertuen ondoren, ezin diegu arreta jarri gabe utzi musika-patxada handiagoko, sosegu handiagoko baina edertasun berdineko proposamenei.


Iraultzaren eta maitasunaren artean

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta... [+]


Inaugurazio erromantiko-berantiarra

Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.


Festa amaiera bikaina

Mundu honetan gauza guztiak bezala, amaitu da Donostiako Musika Hamabostaldia. Normaltasunera itzultzeak markatutako edizioa izan da, eta horrek ikusleen gogo berezia eta giroan sumatzen zen nolabaiteko poza ekarri ditu.

Musika ez da diziplina tekniko hutsa, musika kutsu... [+]


Eguneraketa berriak daude