Banatu ditugu 2014. urteko ARGIA Sariak, euskarazko komunikazio proiektu eredugarriak sarituz. 25. urteurrena da sariketa hasi zuela ARGIAk. Ondoren dituzue aurtengo sarituak.
Interneteko Argia Saria: Topatu.info
Topatu.info webguneak irabazi du 2014ko Interneteko ARGIA Saria. Gazte euskaldunei zuzendutako gune multimedia da, albiste, bideo eta blogez hornitua besteak beste.
"Munduari gazteen ikuspegitik begiratzen dion webgune bat sarituko dugu gaur, informazioa dinamismo handiz ematen duelako formatu guztiak erabiliz eta gazteen artean gaurko gaiei buruzko eztabaida sustatuz", nabarmendu du epaimahaiak.
Prentsa idatzia: Maite Asensio Lozano
Berria egunkariko Maite Asensio Lozanok irabazi du 2014ko Prentsa idatziaren ARGIA Saria. Epaimahaiak ondorengoa nabarmendu du: "gizarte gaiak lantzerakoan sentsibilitate bereziarekin aritzen da eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari garrantzi handia ematen die. Ikuspegi feminista kazetaritza hobea egiteko ezinbesteko tresna dela erakutsi du".
Irratia: Eider Olazar Elduaien
Info7 irratiko Eider Olazar Elduaienek irabazi du 2014ko Irratiko ARGIA Saria. Kalegorrian saioan aritzen da astelehenetik ostiralera.
"Gizarte gaiak, gai kulturalak lantzen ditu zorroztasunez, ondo komunikatuz eta mundu guztiaren ahotan dabilenaz gain inor gutxik lehen planora ekartzen dituenei protagonismoa emanez", adierazi du epaimahaiak.
Publizitatea: Errigora
Errigora ekimenak irabazi du 2014ko Publizitateko ARGIA Saria. "Arrakastatsua izan da kanpaina jende askorengana iritsi da eta ez ditu baliabide garestiak behar izan", adierazi du epaimahaiak. Euskal Herria oinarri duen ekimena da, elkarlanari garrantzia eman dio eta Nafarroako hegoaldea du ardatz. Laborantza eta euskara, biak sustatu dituzte batera bertako produktuak eta bertako hizkuntza zailtasunen gainetik bizi nahi duen herri baten erakusgarri.
Telebista: Tribuaren Berbak
2014ko Telebistako ARGIA Saria ETBko Tribuaren Berbak saioak irabazi du. "Euskaraz bizitzearen ertz guztiak leuntzen saiatzen da hizkuntz jarrera positiboa sustatuz eta askotan euskarari buruz ezagutzen ez genituen kontuak plazaratzen ditu", aipatu du epaimahaiak saria ematean. "ETBren denboraldi berriko sorpresa politenetako bat izan da".
Urtarrilaren 31n bilduko gara Usurbilgo Atxega jauregian Argia Sariak banatzeko. ARGIAko lantaldea ari da balizko saridunen zerrenda osatzen. Hala ere, irakurleon proposamenak beso zabalik jasotzen ditugu urtero.
Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]
Dani Blancok ateratako argazkiak Usurbilen.
Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.
ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez... [+]
Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.
Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.