Beasaindik Bergararako tartea hamar minututan egiteko aukera ematen du 2019an zabaldu zuten A-636 errepide berriak, eta Gipuzkoako Deba bailara eta Goierri eskualdeak Nafarroa, Araba eta Bizkaiarekin lotzen ditu. Bidesaria jarri berri dute orain eta askotariko albo-kalteak dakartzala salatu dute herritarrek. Larunbatean bidesariaren aurkako manifestazioa egingo dute Beasainen.
2019ko martxoan zabaldu zuten Beasain eta Bergara lotzen dituen Deskargako autobide berria. A-636 izena hartu zuen orduan 23 kilometroko errepideak. 25 hilabete iraun zuten lanek eta 43 milioi euroko kostua izan zuten. Zabaldu eta urtebetera jarri zuten handik pasatzen ziren kamioientzako bidesaria, eta aurtengo urtarrilaren 19tik ordainpekoa da A-636 autobidea bertatik igarotzen diren ibilgailu motordun guztientzat, motozikletentzat izan ezik.
Bidesaria, ordea, ez da ohiko peaje baten bidez ordaintzen. Hiru arku jarri dituzte errepide gainean, Beasainen, Ezkion eta Deskargan, gelditu behar izan gabe ordaintzeko. Eskudirutan ordaindu ezin denez, autoan Abiatu gisako teleordainketa sistemaren bat eduki behar da nahitaez, edo autoa helbideratuta izan. Halakorik ezean, faktura iritsiko zaio autoaren jabeari, ordainketa nola egin zehaztuz. Ordaintzen ez duenari isuna jarriko diotela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Beraz, gaur egun, errepide horretatik Beasaindik Ormaiztegira joateko 0,38 euro ordaindu behar da, Ormaiztegitik Zumarragara joateko 0,74 euro, Urretxutik Bergarara joateko 1,41 euro eta Urretxutik Antzuolara joateko 0,48 euro. Gutxi dirudi, baina egunero bertatik joan-etorria egin behar dutenentzat urtean ehunka euroko kostua du errepidea erabiltzeak. Foru Aldundiak Abiatu sistema ezartzeko aholkatu du, beherapen progresiboak daudenez abantailak dituela eta desabantailarik ez duela argudiatuta.
Bizitzaren garestitzea
Bidesaria jartzeko asmoa publiko egin zenetik sortu da haren aurkako mugimendua. Bidesariak Beasain, Ormaiztegi, Ezkio, Itxaso, Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Antzuola eta Bergara herriak eta bertako herritarrak kaltetuko zituela iritzita A-636 Peajerik Ez plataforma sortu zuten hainbat herritarrek 2020ko otsailean. Ordutik manifestazioak, elkarretaratzeak, protestak eta karabanak egin dituzte. Aurtengo urtarrilean plataforma desegingo zela zabaldu bazen ere oraindik martxan dago, eta protesta ekintzak egiten jarraitzen dute.
Plataformaren arabera, bidesariaren helburu bakarra kudeaketa txarraren ondorioz Bidegik duen zorra ordaintzeko dirua biltzea da, eta behin bidesaria martxan jarritakoan zor hori Goierri, Urola Garaia eta Debagoieneko langile eta ikasle klaseak ordainduko dutela salatu dute.
Era berean, errepide zaharra igarotzen den herrietako bizimoduari kalte egiten dion neurria dela diote, haietako trafikoa ugarituko baita. Hain zuzen ere, autobiarentzat baliozko beste aukerarik ez dutela nabarmentzen dute, eta Urola Garaiko biztanleek hamarkadak daramatzatela errepide zaharkituetan ibiltzen.
Bidesaria Europatik behartutakoa ez dela ere azpimarratu du plataformak. Izan ere, Bidegiri emandako maileguaren abal gisa banketxeek ezarritako neurria dela salatu dute, eta, beraz, Foru Aldundiak gezurrekin defendatu zuela bidesaria ezartzea. Gainera, banku horiekin bidesariaren urteroko igoerak adostuta daudela diote, eta Abiatu sistema urtean "420 euroko zerga" bat besterik ez dela.
Otsailak 19, arratsaldeko 18:00tan manifestazioa Bideluze plazatik (Beasain). Peajerik Ez! Bizitzaren garestitzea gelditu. pic.twitter.com/CIpD4pSJes
— Kontseilu Sozialista Goierri (@Kontseilua_Goi) February 4, 2022
Bidesarietan bildutakoak garraio publikoa hobetu behar duela legean jasota badago ere tren eta autobus zerbitzuek gero eta okerrago funtzionatzen dutela ere azpimarratu dute herritarrek, eta haien herrietako alkateek ezer esan eta egin gabe jarraitzen dutela. Aldiz, diotenez, Batzarretan dagoeneko onartuta dago A-636 errepideko bidesarian bildutakoa, gehienbat, A-1ari eusteko izango dela.
Era berean, Deba Bailarako eta Goierriko Kontseilu Sozialistek 'Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu' dinamika abiatu zuten iazko udazkenean. Haien iritziz, langile klasearen bizitzaren garestitze progresibo eta orokorraren adierazpen modura kokatzen behar da ordainlekuen ezartzea. Hain zuzen ere, azken hilabeteetan argindarra, oinarrizko elikagaia eta gasolina garestitu dira, eta autobideko ordainketa-sistema berria ere bizitzaren garestitze horren testuinguruan jarri behar dela azaldu dute.
Inguruko errepideetako arriskuak
Bidesariak bestelako ondorio batzuk ere badakartzala salatu dute herritarrek. Besteak beste, inguruko errepideetako autoen kopuruak gora egin du. Joan den asteburuan Eitzako igoeran jazotako istripu bat horren adibidetzat jo dute. Izan ere, bidesaria ezarri zutenetik bigarren mailako eta “utzita” dauden errepideetan trafikoa “nabarmen” igo dela azaldu zuen herritar batek sare sozialetan, eta ugaritze horrek bizilagunentzat, gidarientzat eta txirrindularientzat arriskuak handitzea ekarri duela.
Peajea jartzearen beste albo-kalte bat. Istripua Eitzan, trafikoa nabarmen igo den bigarren mailako (eta utzita dagoen) errepidean. Zorionez oraingoan ez da ezer larririk pasa.@goierriHitza
— Iñigo IZ (@Alper_ego) February 11, 2022
Protestak
Askotariko protestak egin dituzte hilabeteotan, eta protestan jarraitzen dute herritarrek. Ehunka bildu ziren asteburuan Zumarragako eta Urretxuko kaleetan A-636 Peajerik Ez plataformak eta garraiolarien Hiru sindikatuak deitutako manifestazioan. Larunbat honetan Goierriko Kontseilu Sozialistak deitutako manifestazioa egingo dute Beasainen, 18:00etan abiatuko da Bideluze plazatik.
Sabotajea
Bidesariarekiko onespen faltaren erakusgarri da, esaterako, asteartean bertan arkuetako bati egindako sabotajea. Beasain eta Ormaiztegi arteko zatia kobratzen duen arkuaren hainbat kable moztu zituzten. Horren ondorioz, ordu luzez itzalita egon zela informatu du Goierriko Hitzak. Ertzaintzak arkua etengabe martxan egon zela esan bazuen ere Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin zuen sabotajea. Asteazken goizerako berriz ere martxan zegoen peajea.
Apirilean zen sartzekoa araua baina atzeratzea erabaki dute. Derrigorrezkoa izanen da ibilgailuetan agiria eramatea, ez soilik hiri eta herri nagusienetan sartu ahal izateko, baita kostalde osoko errepideetan mugitu ahal izateko ere.
Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]
Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek aurreratu dute helburua %50eko deskontuarekin jarraitzea dela, baina oraindik Espainiako Gobernuaren erabakiaren zain daudela finantzaketa ziurtatzeko.
Pilaketak saihesteko, Euskotrenek aparteko neurriak ezarri ditu Bat txartel pertsonalizatua tramitatzeko. Neurriaren lehen hilabetean, nahikoa izango da NANa edo familia-liburua aurkeztea doako garraioa eskuratzeko.
Urtarrilaren 6az geroztik autobus linea berriak daude Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Halaber, zerbitzuen maiztasuna ere hobetu da, Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak eta RATP konpainiak elkarlanean bultzatutako egitasmoari esker. Bestetik, 12 urtez... [+]
Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]
Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.
Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]
Gipuzkoako Foru Aldundiak Avanza enpresarekin duen kontratua amaitzear denean, hura ez luzatzeko eta “zerbitzuan hobekuntzak” jasoko dituen kontratu berria onartzeko eskatu diote Debagoieneko alkateek.
Azaroaren 19a komunaren munduko eguna da. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok, hemen, Euskal Herrian bertan, ez daukate haien lanaldietan komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko.
Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta... [+]
Garraio publikoa dohainik erabili ahal izango dute 12 urtetik beherako EAEko haurrek. Administrazio gehienek babestu dute neurria, eta datorren urteko urtarriletik aurrera sartuko da indarrean.
Japonian auto (pribatu) bat izateko aparkaleku (pribatu) bat izatea derrigorrezkoa da. Neurria polemikoa iruditu dakiguke, hemengo araudiak (hemengo balore sistemak) autoaren gordailua publikoa den espazioak hartzea onartzen duelako. Hau da: arazoa publikotasunaren... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.