Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
47. Euskal Zine Bilerak bere Sail Ofizialeko Lehiaketaren irabazleak eman ditu ezagutzera larunbat honetan. Guztira 20 film labur izan dira lehiaketara heltzea lortu dutenak eta hauek urriaren 17tik 19ra bitartean ikusi ahal izan dira Ikusgarri zine aretoan.
Urrezko eta Zilarrezko antzara. Hogei lanen artean bost izan dira sariak eskuratzea lortu dutenak. Alde batetik, Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta Benito Ansola saria izan ditugu. Hauen irabazleak erabakitzearen arduradunak Ainara Elgoibar zinegilea, Martxelo Rubio aktorea eta Nerea Ibarzabal bertsolaria izan dira, zinemagintza eta euskal kulturaren ezagutza handia duen epaimahaia. Erronka handia izan da parte hartzaileen artean irabazleak aukeratzea. Bestalde, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen saria erabaki dute..
Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena, Benito Ansola eta EITB Ikuslearen saria
Film onenaren saria, Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” lanarentzat izan da. Epaileek adierazi dutenez: “Bainera txiki batean gauza asko kabitzen direla erakusten digun lana da hau. Pelikula organikoa, naturala eta, batez ere, freskoa. Gidoirik gabekoa dirudien elkarrizketa sinesgarri eta samurra aurkezten zaigu, eta horrek aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesioa eta aurre-lan handia eskatzen ditu. Aktoreen interpretazioa ere azpimarratu nahi dugu, egon beharreko tokian baitaude uneoro.” Hortaz, berarentzat 47. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.
Zuzendaritza onenaren saria, Maddi Barberen “Alas/Tierra” filmarentzat izan da. Epaileek hurrengo azpimarratu dute: “Lengoaia propioa duen pelikula. Zuzendariaren ikutua garbia da. Filma harilkatzen duen poema euskaratzerakoan, hitzen esanahia eremu berri batean kokatzen da: zuzendariaren munduan”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Gidoi onenaren saria, Itziar Leemansen “Ximinoa” filmak eraman du. Epaileen esanetan: “Klase arazo baten gaur egungo iraupena erretratatzen du begirada femenino batetik. Isiluneen erabilera elokuentea eta espazioen tratamendu izugarri adierazkorra eta gorputz horiek beraiekin nola erlazionatzen diren narbamentzen dute epaileek”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Benito Ansola saria, Daniel Nespereira eta Zihara Etxeberriaren “Larramendi” filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez: “Istorio bitxia delako, eta irudi-efektu interesgarriak darabiltzalako. Egileei esperimentatzeko grina sumatzen zaie, eta horretan jarraitzera animatzen dituzte epaileek”. Sari honen irabazleak 2000. urtetik jaietakoa izan behar du. Sari honen irabazleek Zilarrezko Antzarra eta 1.000 euroko saria jaso dute.
Epaimahaiaren Aipamen Berezia Kote Camachoren “Puzzleak, bortxaketaren jauregia” lanarentzat izan da. Saririk jaso ez badu ere epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio. Haien hitzetan “Filmean lantzen den kasua izugarria da, isiltasunez inguratuta egon dena, eta oraindik ere badagoena. Horregatik da hain beharrezkoa horrelako lanak zabaltzea, protagonistek espresatzeko espazioa izan dezaten, eta gizarteak entzun ditzan”.
Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen sariaren irabazlea zein izan den ezagutu dugu. Ikusleek haien botoekin erabaki dute irabazlea Kote Camachoren “Puzzleak, bortxaketaren jauregia” izatea, batez beste 5etik 4,19 puntu lortuz. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.
.
Euskal Zinemaren Begirada: Itziar Ituño
Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begiradarekin Itziar Ituño euskal aktorea omendu nahi izan da. Euskal Zine Bilerak bere begirada jarriko du euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile eta pertsona batengan. Zehazki, munduari euskaraz ekin dion aktore unibertsal bati egin nahi zaio merezitako aitortza, bere ibilbidean zehar euskal ikus-entzunezkoetan eta euskaran izan duen eragina aintzakotzat hartu eta bere lana balioan jarriz. Aurtengo Euskal Zinemaren Begirada Itziar Ituñori emango zaio, lurralde, zein hizkuntzaren mugak igaro dituen aktore euskalduna eta euskaltzalea, hain zuzen.
.
Beti berria zen zinea
Sari banaketa ekitaldian aurtengo irabazle guztiak ikusi ditugu, baina horrek ez du esan nahi jaialdia amaitu denik, ezta gutxiago ere. Euskal Zine Bilerak bere egitaraua zabalduko du igande eta astelehenean zehar ere.
Klixka. Arropaineko Arraguarekin batera, “Klixka” esperimentazio espazioa eta sorkuntza tailerrak antolatuko dira. Klixka sorkuntza tailerretan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabiliz diseinatutako espazio esperimental bat da. Zinema hedatua, animazioa esperimentala, collage filmikoa eta zuzeneko zinema bezalako kontzeptuen inguruan proposatutako espazioa da hau.
Klixka Esperimentazio Espazioa: urriaren 20 (11:30-13:30), kultur Etxeko Eskolape aretoan.
Atzo8. Egitasmo honek ikus-entzunezko ondare analogikoaren inguruan egingo du lan. Egun osoan zehar «Eskua eta Makina: Nola egin Super8ko kamera estenopeikoa» lantegia egingo da eta arratsaldean proiektatuko dira eraikitako esperientziak performance formatoan.
Atzo8: Lantegia urriaren 20an, 17:00etan, kultur etxeko Eskolape aretoan eta proiekzioa 19:00etan, Ikusgarri zine aretoan.
Zortzitik infinitura. Benito Ansola zinemagilearen bizitza ibilbide hartuta eta Miren Agur Meabe idazlea bidelagun ditugula, euskal zinemagintzaren historian barrena bidaiatuko dugu, bai euskal zinema eta bai euskarazko zinema erein zirenetik gaur egun bizi duten loraldiraino. “Zortzitik infinitura” dokumentalean Miren Agur Meabe ez da bakarrik izango ordea. Bidaia honetan, luxuzko laguntzaileak izango ditugu. Euskal zinemagintzaren bilakaeraren lekuko eta protagonista izan diren hainbat zinemagile euskaldun arrakastatsu izango ditugu kontalari.
Zortzitik infinitura: Urriak 20, 17:30ean, Ikusgarri zine aretoan. Dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia: Naia Laka (zuzendaria eta gidoilaria), Miren Agur Meabe (aurkezlea eta idazlea), Benito Ansola (apaiza eta Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat) eta Xabier Villalba (ekoizpen zuzendaria).
Levante. Zinegoak (Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia) eta Euskal Zine Bileraren elkarlanari esker, “Levante” filma eta honen inguruko solasaldia antolatuko da Alaitz Arenzana eta Maren Zubeldiaren eskutik.
Levante: Urriak 21, 19:30ean, kultur etxeko Azkue aretoan. Pelikularen proiekzioa eta solasaldia: Alaitz Arenzana eta Maren Zubeldia.
.
Denon arteko elkarlana
Azkenik, aurtengo jaialdiaren parte izan diren laguntzaile eta babesleak ere gogorarazi nahiko genituzke. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, EITB, Eusko Label, Erabil, Euskaltzaleen Topagunea, Hitza, Euskadiko Filmategia, Zinegoak, Euskal Herriko Bertsozale elkartea, Arragua, Lekittoko Zinemazaleak, BBK, Traola produkzioak, Baleuko eta Zine-Lab izan dira Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilera aurrera eramateko laguntza eta babesa eskaini duten eragileak.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]
Euskal Zine Bilerako Lehiaketan hemeretzi filmak hartu dute parte eta azaroaren 23tik 26ra bitartean ikusi ahal izan dira zinebilera.eus webgunean. Bego Vicarioren filma izan da onena. Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria jaso ditu.
Verabredung filmaren kritika. Zuzendaria: Maider Oleaga. Urriaren 6an Lekeitioko zinema aretoan eman zuten, 41. Euskal Zine Bileraren irekiera ekitaldian.
Indarberrituta hasiko da Lekeitioko Euskal Zine Bilera larunbat honetan: iaz 40. Urteurrena bete ondoren, 40+1 edizioan “Euskal Herrian euskaraz egiten den zine bileraren berrinterpretazioa” prestatu dutela iragarri dute antolatzaileek. Urriaren 6tik 12ra bitartean... [+]
Okzitaniako Capdenac hirian Radial enpresak ateak itxi zituen greba baten ondoren. Langileen kexa sumindua kontatzen du Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs zuzendarien lanak.
40. edizioa agurtu berri du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Film onenaren saria Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay lanak lortu du profesional mailan eta Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolaren Zulo filmak amateur mailan.
Lekeitioko 39. Zine Bileraren barruan, urriaren 22an (H)emen-Her(e) plataformak antolatu zuen mahai-ingurua eta bertako Kristina Zoritak moderatu. Beraien bizipenetatik aritu ziren Amara Mosteiro, Izibene Oñederra, Nahia Laka eta Eneko Sagardoy.