Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak datorren irailerako deitu ditu eusko legebiltzarrrerako hauteskundeak, eta somatzen da giroan nolabaiteko urduritasun orokor moduko bat, zer gertatuko den inork ez dakienean sortu ohi dena bezalakoa.
Azken hau nik gogoan dudan legegintzaldirik grisenetarikoa izan da, ziurrenez gobernuan dagoen taldeak horixe bera izan baitu helburu (gristasuna nik horrela ulertzen dut piska bat: ez hau ez beste; hori ez, baina ezta beste hori ere, epeltasunarekin aldera litekeen kolorea edo kolore falta bezala). Aldiz Espainiar parlamenturako hauteskundeen (eta haien bisaren) ostean EAEko hauteskunde hauetan hau bai eta beste hori ere bai eskema zabalduko dutela iruditzen zait, azken urteotako EAJ-PSE-EE formula konplikatuz, batetik, eta eragile politikoek ordezkatu nahi dituzten subjektu politikoen artikulazio eta mobilizazio forma berriak eraginez bestetik.
Lehena ondorio aritmetikoa (eta ia-emana, jada) bada, bigarrena askoz operazio kualitatiboagoa izango da, gutasun eta kontragutasunen hedatze eta erakusketa ekarriko dituena (edo hobe: ekarri ditzakeena), testuliburuko abertzale/unionista eta ezker/eskuin ardatzak inarrosiz eta – nire ustez- transformatuz.
Bigarren fenomeno honi erreparatu nahiko nioke, ezkerreko abertzaletasunaren eta subiranotasun eraldatzailearen artean koka daitekeen espektro politiko horrentzat baikorra izateko faktore batzuk egon badaudela argudiatzeko.
Baikortasuna posibilitate edo aukera desiragarrien biderkatzearen eremu bezala ulertzen dut nik, ez onarpen akritiko edo baimen-emate geldo bezala, baizik eta jarduerara bultzatzen gaituen irudimen eta arrazoimenezko antolamendu gisan. Zentzu horretan inoiz Koldo Diaz eta Gorka Salces errotariekin argudiatu izan dut (baita aurrekoan Andoni Olariagarekin ere) pesimismoa determinismo modu bat dela, eta mugimendu askatzaile batek ezinbestean behar duela optimismo metodologikoa, oraindik emanak ez dauden baldintzak identifikatu eta berauek eman daitezen jarduteko.
Arbolako fruitua altuegi duenak erabaki dezake berau efektiboki urrunegi dagoela (eta hortaz interpretazio pesimistak determinatuko du aldez aurretik bere gosea) edo arbolako fruitua eskuragarri egingo lituzkeen baldintzak irudikatu ditzake (adibidez besoa baino luzeagoa den makila batekin kolpatzea edo jaurti daitekeen harri baten bila abiatzea erabakiz). Bigarren kasuan ez dago bermatuta gosea ez den eszenatokia, baina behintzat aukerarako leiho bat irekitzen du, jarduerarako zerumuga bat zabaltzen.
Gehiegi gainjustifikatu gabe ere, hauek dira subiranotasun eraldatzailearentzat baikor izateko ikusten ditudan arrazoi batzuk:
Post scriptum, edo: uste dut Otegiren ustezko “hautezgaitzea” (@protoeuskaldun-ekin batera twitterrian asmatutako palabroa hau ere) lehen ere aipatutako dekalage edo desfase soziopolitikoaren katalizatzaile gerta daitekeela hiru lurraldeetako zerrendaburuek euskal politikagintzaren etorkizuna irudikatzen duten bezala Arnaldo Otegiren hautagaitzaren aurkako pertsekuzioak oraindik hemen gurekin dugun iragana errepresentatzen baitu gordinki (ez hala Otegik, nire ustez, biak, iragana eta etorkizuna lotzen baitutu bere figuran). Eta dekalage horrek errejimenari modu batera edo bestera atxikitako indar politikoak hanka okerrarekin harrapa ditzake.
Ikusiko dugu.
Artikulu hau Xabier Landabidearen blogean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]
Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.
[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]