Hiruka.eus-en Iker Rincon Morenok Sopelan antolatutako Ibilaldiaren jarraipena egin du igandez. 1.800 lagun bildu dira Sopelako lau gunetan Leioako Betiko ikastolak eta Sopelako Ander Deuna ikastolak antolatutako ikastolen aldeko jaialdian. Hurrengo Ibilaldia Bilboko Abusu ikastolak antolatuko du. Ondorengo lerrootan Iker Rinconek igande arratsaldean idatzitako kronika duzue.
Eguzkia bidelagun izan dute gaur Sopelan Ibilaldian parte hartu duten lagunek, eta ezin baino hobeto gozatu dute udalerrian egokitutako lau gune berezietako egitarau oparoagaz. Goizean goizetik, eguzkiaren lehenengo izpiak agertu direnetik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako lagunak ibili dira jaialdiari hasiera emateko atontze-lanak egiten, eta, egindako lan horri esker, aurreikuspen guztiak betetzea lortu dute antolatzaileek.
Harrera-ekitaldiagaz ekin diote jaialdiari, 09:15ean, Ander Deuna ikastolan. Bertan izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua, Paul Bilbao Kontseiluko idazkaria, Josu Landaluze Sopelako alkatea, Iban Rodriguez Leioako alkatea, udal bietako zinegotziak, ikastoletako idazkariak eta gizarte eragileetako ordezkariak. Berbaldian parte hartu dutenak bat etorri dira esatean euskararen berreskurapen-lanak trabak dituela eta atzerapausoak ematen ari direla gune askotan. Horren aurrean, elkarlanerako deia egin dute, eta nabarmendu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela instituzio eta gainerako eragileen arteko elkarlana euskararen berreskurapen eta erabileraren urrats sendoak emateko. Azkenik, ekitaldiaren amaieran, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek Bilboko Abusu ikastolako lehendakariari pasa diote Ibilaldiaren lekukoa, zentro horrek hartuko baitu datorren urteko jaialdia antolatzearen ardura.
Pandemia bete-betean, ibilbiderik gabeko Ibilaldia izan da gaurkoa, ezohikoa. Hala, lau gune nagusitan banatuta, 10:00etatik hasita, askotariko tailerrez eta ikuskizunez gozatzeko parada izan dute aldez aurretik izena emana zuten herritarrek. Izurriteari aurre egiteko ezarritako osasun-neurriak bermatzeko aukera ematen duten lekuak hautatu dituzte antolatzaileek lau guneok ezartzeko –Ander Deuna ikastola, Larrabasterrako Urgitxieta plaza eta Barinatxe hondartzako goiko aparkalekua–, eta aktibitate mota bi antolatu dituzte horietan guztietan: bata, parte-hartze zuzena eta aktiboa eskaintzen duena; eta bestea, ikuskizunak, pasiboagoa eta ikus edo entzutea eskatzen duena. Gune bakoitzak bere egitarau propioa izan du, gustu eta behar ezberdinei egokituta.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurreikuspen guztiak bete dira gune guztietan, eta aldez aurretik izena eman duten 1.800 lagunak hurbildu dira bakoitzari zegokion gunera, 200 pertsonetako txandetan banatuta; lehenengo txanda 10:00etan hasi da, 12:00ak arte, eta bigarrena, aldiz, 12:30ean, 14:30era artekoa. Errespetua izan da nagusi guztietan, eta txandak eta segurtasun-tarteak mantendu dira uneoro. Era berean, parte-hartze librea eskaintzen zuen azokan jende mordoa batu da Sopelako udaletxearen aurreko plazan, 10:00etatik 15:00etara, 27 postutxotan salgai egon diren hamaika produktu ikusi zein erosteko. Saltzaileek azaldu dutenez, goizean goizetik egon da jendea zain barrura sartzeko, eta, ondoren, tantaka-tantaka herritar asko gerturatu da ortuariak, eskulanak, kontserbak, gaztak, loreak eta bestelakoak kuxkuxeatzera eta erostera. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aldez aurretik egindako lana agerian gelditu da, eta ez da inolako arazorik egon gune batean ere ez. "Ezarritako babes-neurriak bete dira uneoro, inor ez da kexatu jarritako baldintzengatik", goraipatu dute guneetako arduradunek.
Gaur, maiatzaren 30ean, izan da egun handia, baina, iragarri dutenez, Ibilaldiaren jarduna ez da hemen amaituko. Izan ere, datorren astean, ekainaren 5ean, Burdin Hesia ezagutzeko ekimena egingo dute DBHko ikasleakaz batera. Horretan, aldez aurretik landutako gerra zibil garaiko adierazpen kulturala aintzat hartuko dute, besteak beste.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, berriro ere, esperientzia oso aberatsa izan da bi ikastolen artean Ibilaldia antolatu izana. Ildo horretan, azpimarratu dute hezkuntza- eta hizkuntza-arloan dituzten erronkei aurre egiteko behar-beharrezkoa izango dela bi zentroen arteko elkarlana, bide bera ibiltzen jarraitzea. “Gaurko egunekoa, eta aurreko hilabeteetan egindako bidea ere, izan daitezela gure ale-ekarpen txikiak euskaraz eta euskal kulturaz bizitzeko, eta baita hainbat ekimenez euskaraz gozatzeko ere”, aldarrikatu dute.
Ondoko loturan hiruka.eus-ek egindako irudi bilduma duzue: Ibilaldia 2021: iruditan.
Zubi Zahar Herri Ikastola izan da 2023ko antolatzailea, eta balorazio positiboa egin du igandeko egunaren inguruan. Euskarazko hezkuntza aldarrikatu dute festa giroan, eta testigua pasa diote San Nikolas Algortako ikastolari.
Bilbotik Tafallarako dagoen bidean, eskuz esku eta ikastolaz ikastola idazten ari den ipuina da aurtengo Liburu Ibiltaria. Idazleek ez dute elkar ezagutzen eta eremu soziolinguistiko desberdinetako ikasleak dira, baina asmo komun bat dute denek: guztien artean, txandaka, euskara... [+]
Sopelan egingo da Ibilaldia, maiatzaren 30ean. Aurtengo edizioak ez du ibilbiderik izango, ez janari ez edari zerbitzurik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek jakinarazi dutenez.
Aurten Leioa eta Sopelan ospatuko den Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa kaleratu dituzte, Kala kalata! leloa oinarri hartuta jarri dio letra Xabi Payak.
Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]
Udaberriko ikastolen jaiak atzeratuko dituela iragarri du Ikastolen Elkarteak. “Saminez” hartutako erabakia izan dela adierazi du, baina uneotan "gizateria eta gizarte mailako beste lehentasun batzuk" dituela, eta egoera orokorra aldatu arte ezingo duela... [+]
Atsekabe handiz jaso dugu iragan maiatzaren 27an Santurtzin sexu eraso baten salaketa izan denaren berria. Ibilaldia igaro eta astebete geroago horrelako berri bat jasotzeak atsekabea eta asaldura eragin digu, egun handia izan zelako Bihotz Gaztea ikastolarentzat eta, oro har,... [+]
Sustrai Colina bertsolariak idatzi du abestiaren hizkia eta Ze Esatek taldeak jarri dio doinua. Bideoklipean Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolako neska-mutilek hartu dute parte.
Larramendi ikastolak antolatu du 39. Ibilaldia, Mungian, eta milaka lagun elkartu dira zirkuituaren lau guneetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea lortzeko akordioak bilatzeko eskaera egin du Ikastolen Elkarteak.
Mungiako Larramendi ikastola eraldaketa unean dago. Plan integral baten erdian murgilduta daude, ikastolaren beharrak atzeman eta horien araberako proiektuak abiatzeko. Prozesuak krisia eragin du etxe barruan, baina eraldaketaren bide aldapatsuari gogoz heldu diotela kontatu... [+]
Parekidetasuna zeharlerro moduan landu dute Ibilaldian, eta, horretarako, lau pertsonako lan-taldea sortu dute.
Ikastola ezohikoa da Harrobia: Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen ditu euskaraz Bilbon, duela lau urtetik. Aurtengo Ibilaldia antolatzeaz arduratu den ikastetxe honetan, gainera, adindunentzako ariketa fisikoa dute ikerketagai, egitura argirik ez duen gaiari oinarri... [+]