“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

  • Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla baten artetik igarota. Hamarrak pasatxo, hamar t’erdiak izatetik gertu: kafea hartzeko ordua. Muntatu berri duten terrazan hartu dugu eserleku, banatzaileen furgonetaz inguratutako plazan. Maiatzaren hondarreko txorien kantu leunen konpainian ekin diogu solasari, noizbehinka pasatzen diren hegazkin zaratatsuen azpian.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2024ko abuztuaren 05ean - 09:10
Azken eguneraketa: 2024-08-07 09:37

Ruper bera hasi da galdeketan: “Eta zuek, nondik nora?”. Argazkilaria eta kazetaria, biak Gipuzkoako kostaldetik, turismoak dezente hartutako udalerrietatik; erantzuna. “Bai, bai”, buruarekin gora eta behera eginez berak, azukre poltsa astindu bitartean. “Hau ere bai”, dio, Hondarribiagatik. “Eta beste aldean ere... Pf... Ikaragarria da”. Saran ere horrela al den, galdera. “Heltzen ari da". Paristarrak, belgikarrak... Bere irudiko, ingeles hiztunak oro har kostaldean ari dira finkatzen –Hendaia aldera luzatu du besoa–, eta barrualderago frantsesak. “Gehienbat horrek aldatzen du bizimodua; klaro, jendea horretarako jartzen da lanean, sasoika, udan”. Horrelakoxea dela bizitza dio... “zuek badakizue ondo!”.

Esaten da, aspalditik, euskaldun jendea joaten dela Ipar Euskal Herritik Parisera, Bordelera lanera, eta beste profil bat ailegatzen dela.

Xiberoa osoan bizi den kopurua adina etortzen da urtero, zenbakiak badaude eginak. Eta ez dira etortzen ilargitik; etortzen dira Frantziatik, euren balore eta euren hizkuntzarekin, Euskal Herriko batere ezaguerarik gabe.

Daniel Landartek aipatzen zigun ARGIAn, garai batean Baxe Nafarroan dena euskaraz egiten zela, eta orain frantsesa gailendu dela. Laborantza kasik bazterrean geratzen hasia dela...

Oso gai zentrala da laborantzarena, zeren hizkuntzari estuki lotua den mundua baita. Orduan, mundu hori desagertzen denean, hizkuntza berarekin darama. Xiberoko gazteekin egoten zara eta esaten duzu: “Hizkuntza oso inportantea da, bai, baina ez du lanik Xiberoan”. Parisera joan behar du. Hori horrela, hizkuntza bigarrengo planoan geratzen da.

... eta etxaldeak milioi bat euroan salduak.

Sud-Ouest, hori da Frantziako Málaga bat, gure parametrotan. Horrek ez du atzerabiderik, ez du izango, demografikoki aldaketan da kostalde guztia. Han bizi direnetatik zenbat jende ez den hemen sortua...

Hondarribian egin dugu hitzordua. Atzean Hendaia ikusten da. (Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

Izen zaharrak abestian, Joseba Sarrionandiaren letran, aipatzen da merkatari aberatsek lurrak erosten dituztela.

Ez nuen nik kantu hori kantatzen Iparraldean. Iruditzen zait gu bezalako euskal gaixook badugula gure ideia turistiko propioa. Ez daukagu paristarren edo belgikarren ideia côte Basque-ri buruz, baina badugu hizkuntzaz. Iruditzen zaigu Bidasoaren alde hau Axularren lurra dela eta hura Etxahunena. Gure ideia turistiko kulturala eramaten dugu gurekin, eta ez dugu aintzat hartzen Iparraldeko jendeak nola bizi duen bestelakotze hau. Batzuek minez, besteek ez dakit nola, mila modutan. Gure belaunaldiak horixe egin zuen erlijioarekin, guztiz bazter utzi. Gure aurrekoek ez zuten hori ulertzen. Orain idatzi du Pruden Gartziak liburua, nahi dut irakurri... Ba esandako modu berean: fedeak ja ez zion balio belaunaldi horri, hizkuntzak akaso orain ja ez die balio, eta abandonatuta dago. Aitatxi-amatxik egiten dute euskaraz Axularrek bezala, eta bilobek ez dakite deus.

Kantu hori bazter utzia zenuen, baina berreskuratu duzu disko berrian.

Hori kantatzea iruditzen zitzaidan beharbada kanpotik ari nintzela ikusten, eta gertatu zaidana da Iparraldeko jendeak eskatu didala kantatzea. Ohartu naiz nonbaiten ukitu egiten duela, sentitzen duela jendeak galera, sentsazio handiz gainera.

Bidasoa ibaia daukagu hemen. Muga administratiboa. Zenbat du muga mentaletik?

Beti horrela izan da, beti sentitu gara herri batekoak, berekoak, nahiz diferentzia horiekin. Txirritak kantatzen zuen “frantses euskaldun bat etorri zait ipintzeko bertsuak”, eta niri, mutikotan, Baxe Nafarroan nengoela, nire etxeko nagusiaren lagunek esaten zidaten “euskaldun espainola”. Baina beti sentitu dute bi aldekoek herri berekoak garela.

"Gu bezalako euskal gaixook badugu gure ideia turistiko propioa. Iruditzen zaigu hau Axularren lurra dela eta hura Etxahunena"

Baina indartu ala ahuldu dela uste duzu? Nola bizi duzu?

Elkarri bizkar emanda bizi gara. Beste telebista bat ikusten dugu, beste musika bat entzun, beste lanbide bat... Lehen, mugaz bi aldeetako jendea ari zen abeltzaintzan, arrantzan, baserri munduan, elizan. Oso multzo bertsua zen Xiberoan zein Erronkarin. Orain, batek egiten du lan asurantzan ez dakit norako, eta besteak ikusten du Telecinco. Erreferenteak aldatuz doaz, eta kulturalki batzuk Espainiara begira gaude eta besteak Frantziara. Baina pausuak ematen dira etengabe eta horri eutsi beharra dago. Ni 17 urterekin Baxe Nafarroara joan nintzenean, erdaraz ari ginen Oñatin, eta han ez zen existitzen erdara. Orain alderantziz da.

Euskararen ezagutza, oro har, igo da.

Irakaskuntzak-eta badu indar handia, baina ikusten ari gara gain batera helduak garela...

Erabilera beste faktore batzuen araberakoa ere badelako. Iñaki Iurrebasoren tesiak ere horra jotzen du, eta nola espero zen ere 40 urteren bueltaz azpiko guztiek euskara ikastea nolabait ere “aski” izan ahal zuela “euskara salbatzeko”. Bazen salbamendu uztai bat botatzea itsaso zabalera.

Euskaldungoa birgogoeta hori egiteko desiratzen dago. Etengabe ikusten ditut gauzak han eta hemen, beharbada ez zelako aintzat hartu egiazko egoera politikoa, administratiboa, baita ere arerio bat dagoela, ez zertan zentzu belikoan. Baina ez da euskarari soilik dagokiona, hizkuntza gutxitu guztiak oso sasoi ezbaikoan bizi dira. Are gehiago orain, informazioa heltzen dela beste hizkuntzetan, mundu guztitik, eta horretan oso zaila da esanahi edo eduki bakanak gailentzea belaunaldiz belaunaldi. Segur aski hori ez zen behar bezala kontsideratu. Baina beno, honetaz ere duela 200 urte eztabaidatzen zuten euskaltzaleek, eta bazioten bost urtetan gure hizkuntza desagertuko zela... Begira non gauden.

“5.700 kultura desagertu dira munduan”. Hori diozu Egin kontu kantuan. 1995ekoa da. Izango dira desagertu diren gehiago.

[Barre egin du] Izango dira, bai. Modu erdi zinikoan planteatzen dut kantuan, nola abantzamendua dirudien biologikoki, eta oinarritzen den elkar-janean.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Segitzen duzu jotzen, 30 urte pasatuta ere. Eta disko berrian ere sartu duzu. Gauzak asko aldatu dira, baina.

Erabat. Gauza guztiak askotariko iturrietatik eta batera datoz. Hasi informaziotik, jendeak ja ez du periodiko bakar bat ere irakurtzen, edo irrati bat entzuten, edo telebista bat ikusten. Serie bat, bestea, hangoa... Erreferenteak erabat sakabanatu dira, eta dagoeneko ez zait iruditzen lehen bezalako multzo homogeneoak topatzen ahal direnik inongo alorretan. Eta bai, joerak daude, eta zorionez, modari atxikita-edo, orain esaten den tendentziei, lehen zen bezalaxe. Baina lehenengoz iruditzen zait, azken urte arraroen ostean, gauzatu dela Euskal Herrian beste zirkuitu bat. Nik horrela sentitzen dut. Urtero-urtero ateratzen dira talde arrakastatsuak, eta ikusten dut oso multzo handi bat, ez direnak diskoetxeetan oinarritzen, badituztenak beren zirkuituak, beren komunikazio bideak, beren salmenta... Eta hori, nire ustez, ez zen ondo gertatua gure munduan. Gutxi gorabehera lehengoko zirkuituari tiraka segitu nahi zen, nahiz berezitasunak aldi oro eduki, baina orain bai aldaketa handi bat dagoela iruditzen zait.

Hizkuntzarekiko jarrera ere aldatu da, ala?

Munta handiko ezaugarria da hizkuntzarena, gogoetatzeko ematen duena, nola euskaldungoak neurri handi batean onartu duen beste hizkuntzetan ere aritzea.

Nola bizi duzu zuk?

Ez dakit. Beti gertatu izan da, beti egon dira euskaldunak beste hizkuntzetan kantatu dutenak. Hemen beti egon dira kantari espainolak. Haiek haien zirkuituak eduki dituzte, edo asko gureetan ere aritu dira nahiz erdaraz kantatu. Baina orain, euskaraz eta erdaraz, batera, argumentu horrekin, iruditzen zait interesgarria eztabaidatzeko. Uste dut gauzak berez datozela gure egoeragatik. Segurki, ni kantuan hasi nintzenean, euskaraz egiteko hautuak beste ondorio asko zekartzan, eta orain ez. Esku-eskura dago euskara ikastea, eta hizkuntzak beste esanahi bat du orain. Esaten denean aberastasuna dela hizkuntza batean baino gehiagotan kantatzea... Ez dakit. Pentsatzen dut libertate guztia eskas dela, gehiago behar dela beti, eta hor ere sartzen da hori.

Ez da soilik musikan gertatzen.

Ez, ez. Literaturan, euskaraz publikatzen den gehiena, ia-ia sasoi berean erdaraz ateratzen da herri honetan. Eta euskaldun jendea, jatorriz euskaraz idatzitako liburua erdaraz irakurtzen. Asko gertatzen da. Zerbait esan nahiko du horrek, segurki gauza larriak.

Joera izango ote?

Jende askorentzako, idazle sentitzeko, behar duzu liburua erdara batean argitaratua izan, zeren eta hemengo oihartzuna ez zaizu ailegatzen, ez zaitu asetzen. Kantuan ber gauza: behar duzu konektatu zure ustez afin hurbileko dituzun beste jende batekin, eta orduan erdaraz eginez gero iruditzen zaizu sartzen zarela beste multzo batean.

Orain, sormen aldetik, niretako, ene biziko aberastasun handiena izan da euskara hautatzea. Nire sentimena da etengabeko ikasbide batean ari naizela. Ikusten dut nire burua, Lapurdi aldean, Larrungo izpiritu santuaren paskinak biltzen, hango dendetan, lapurtera zaharrean dagoen itzulpen izigarriko politagatik. Frantsesez dago idatzita gehiengoa, eta gero badago Biblia, lapurtera klasikoan. Zer pentsatuko ote dute denda horietan, “giristino irredentista bat” naizela! [Barre egin du] Horrelakoetan gabiltza, frikiak bezala, maite ditugulako dagoeneko artxiboetan dauden gauzak. Niretako ikaragarrizko aberastasuna da. Badut sentimendua halako bi ibilaldi egin beharko nituzkeela, edo hiru, ailegatzeko prosa horrek duen oihartzuna biltzen duen jakinduriara... Gure kultura, ezta?

Aipaturiko paskin horietako bat poltsikoan aurkitu du elkarrizketa amaitzerakoan. (Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

Kantu zaharren zalea zara.

Guk badugu zorte hori, eduki ditugu aurretik idazle, pentsalari, zizelkari, margolari... hemengo edertasunarekin bat egin nahi izan dutenak. Eta besterik ezean, ziur asko, kantu zaharrarekin edo ahoz aho ailegatu zen horrekin aritu zirenak. Nik hori modu guztiz naturalean uztartu nahi izan dut nire sasoiko jendearekin, eta nik maite dudan musikarekin, batez ere anglosaxoia.

Gero, denborarekin ohartu naiz zer gauza arraroa den, ez baitu jende guztiak zaletasun hori garatu. Mutikotan, Creedence-n kantuak jo nahian genbiltzala Oñatiko garaje batean, hasi nintzen ikusten euskaraz bazela mundu bat. Oñatin ikusi nuen Benito [Lertxundi], bera bakarrik gitarrarekin. Ez Dok Amairu ikusteko aukerarik ez nuen izan, zoritxarrez, baina Mikel [Laboa] etorri zen, Xabier Lete ere bai... Mundu bat zen hori. Ikusten nuen egiten ahal zirela gauzak euskaraz. Zortekoak izan garela uste dut, eduki dugulako hori, belaunaldi bat. Beharbada ezinbestean eduki dugu, ez dugulako aurretik izan kultura kanoniko bat, herri kulturarekin asko arduratu diren horiek bezala, duintasun handiz. Eta hori ez da ohikoa, ez da gertatu beste hizkuntza askotan.

"Erreferenteak aldatzen doaz, eta kulturalki batzuk gaude Espainiara begira eta besteak Frantziara"

Belaunaldi kide izan dituzu Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxe Mari Iturralde... Pott Banda. Horrek markatuko zintuen.

Ez zen musikaren ezer, baina babes handia zen niretzat. Pertsonalki babestua sentitzen nintzen. Oso garrantzitsua da zenbait figura alboan izatea, entzungo eta kritikatuko zaituztena.

Hainbeste urteren ondoren, itzuli da Sarrionandia. Sentsazioa dut aro baten akabera-edo markatzen duela, gutxienez sinbolizatzen duela. Laguna duzu-eta, zer diozu?

Niretako gauza handienetako bat izan da, aro bat ixten baitu niretzat. Oso gauza pertsonala da berez, baina uste dut berak pertsonifikatzen duela garai bat. Agian jendea dagoeneko beste nonbait zegoen, sentsazioa dut baietz, baina niretzat mugarri handia izan da bere itzulera.

Atxagak ere nobelak idazteari utzi dio...

Hori dio berak, baina ikusiko da, ageriko! [Barre egin du]. Idazteari ez dio utzi, ez pentsatzeari, eta sasoi hartako nire lagun denak ikusten ditut oso emanak, oso emankor, eta asko pozten nau.

Zure kantuen letra asko beraienak dira, edo beste idazleenak. Literatura horri aterabidea bilatzeko beharraz eraman izan dituzu kantura?

Ez, premiatik ez. Zaletasunetik beti. Batzuetan irakurtzen dut poema bat paperean eta esaten dut: “Hau kantatu behar dut”. Ez dakit zergatik, ikusten ote dudan gako bat hor, hitzak munta handia du, badu soinu bat niretako, esanahi bat. Baina poema on batek ez du kantu on bat egiten. Kantua genero bat da bere horretan, nire ustez, eta batzuetan kantuak maite ditu poemak, eta besteetan gauza sinpleagoak. Denok dauzkagu gogoan batere poetikoak ez diren kantuak eta hunkitzen gaituztenak. Gizaki guztiek mendetan zehar egin dute kantu, baditu milaka aurpegi, baina ez du ezagutzen arau bat. John Lennonek egiten omen zuen periodikotik esaldi bat hartu eta inprobisatzen hasi. Musikak ez du araurik, kantuak ere ez. Ez dago formularik. Niretako kantuak askotan maite du poesia, baina ez beti.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Melodia eta kantu pegadizo bila joate hori ez al da gailentzen ari, ordea?

Doinu pegadizo-en bila Beatles-ak ere ibili ziren, eta lehenago ere bai, asko. Pasatzen dena da orain teknologiak zabaldu duela bidea. Ja ez dakizu entzuten duzun hiperprodukzio horren atzean zer dagoen. Frank Zappak partiturak idazten zituen, eskuz, jakizu zenbat konpasetan aldatzen zuen erritmoa, eta erotu egiten zituen berarekin jo behar zuten orkestrak. Baina gaur egun hori da tik bat [mahaia kolpatu du]. Kantuak egiten dira orain hamar gamarekin, naturalki ia errepikatu ezin diren piezekin, eta horrek gustu bat sortu du. Hor dator aldaketa, jendeari gustatzen zaiola. Jendea emozionatu egiten da ahots pitufeatu-ekin.

Hain da zaila, gaur egun, disko inperfektu bat entzutea, non arazoa den noraino ez ote den galtzen ari garai batean musikaltasuna deitzen zitzaiona. Zeren eta musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat. Hor sortzen da atrakzio hori, inperfekzioak dakarrena. Baina hastapenean baizik ez gaude, nahiz orokortzen hasia den. Badira hainbat plugin, sartzen duzu gitarra lineatik, eta gero doitzen diozu nahi duzun anplifikadorea, esaterako Jimi Hendrixek erabiltzen zuen Marshall Orange-a. Parodikoa da. Baina jendearekin konektatzen du, eta hor dago gakoa.

"Esaten denean aberastasuna dela hizkuntza batean baino gehiagotan kantatzea... Ez dakit"

Tresneria berriak.

Eta talentu handia dago tresneriari eta marketinari lotuta. Izar handiak daude mundu osoan. Betidanik gertatu da, jendeak abilezia eduki duela garaian egoteko, eta gainera ez dago araurik. Baina lehen esaten nizuna: mundu guztiak uste du asmatuko duela jendeak entzun nahi duena egiten, eta oso gutxik lortzen dute. Kantua genero konplexua da.

Marketinean abil dabiltza talde zahar asko, itzuli eta sold out egin. Nostalgiak indarra du?

Ez dut oso ongi konprenitzen gertatzen ari dena. Eta pozten nau. Gogoan dut Azukre koxkorrak diskoa atera nuenean, kazetaritza ikasketak bukatu berri-edo zituen gazte bat etorri zitzaidala, eta ez zuela Errobi ezagutzen. Horrek eman zidan zer pentsa. Guretako Errobi ikustea esperientzia handia zen. Orain, berriz, itzultzea... Ez dakit zer gertatzen ari den. Zalantza dut ez ote duen gure ahulezia erakusten, ez ote ari garen ahulezia seinalatzen, gure kemena baino gehiago. Kasu honetan ere, aurrekoan bezala, uste dut badela jende bat hori eskatzen ari dena, eta bistan da, sarrerak saltzen dituztelako. Delirium Tremens, Hertzainak, Errobi... Bada jende bat berreskuratu nahi dituena sentsazio batzuk.

Zer ahulezi motaz ari zara?

Etorkizunera begirakoa. Oso zaila da proiektatzea heldu dena; dauzkagun baremoekin, oso zaila da. Kezka ikusten dut Iparraldean, hizkuntzaren egoeraz. Hegoaldean, berriz, leku askotan izugarrizko garapena eduki du, baina tarteka doa, eta ez dakit inor gauza den proiekzio bat egiteko horretaz. Iraganak nonbaitera eramaten du. Iraganean aurkitzen duzu inspirazio bat. [Jorge] Oteiza-eta halako jende argitsuen aburuarekin badago jauzi interesgarri bat eman zena, eta orain berrasmatu behar da horretan. Batzuetan ikusten duzun joera hori beti hor dago, beti eutsi behar zaio nonbait eta noizbait eduki dugunari.

Azkenaldian atzera begira zabiltzala dirudi zure estudioko lanetan, iraganeko kantuak berrartzen eta egokitzen, eta bakarka. Azken hiru lanetatik bi horrela egin dituzu, zuzeneko bi grabazio-lan salbuetsita, eta musikari kubatarrekin egindako diskoa. Kantu zaharrak berreskuratzeak zenbat du sortzetik?

Jendeak segurki ez du horrela ikusten, eta ez du horrela ikusi behar ere, baina niretzat bai, kantuak berraldatzea da. Kantu batzuk hartzen dute beraien bidea, bere giroa, eta aldiz, bakarka beste norabait eramaten ahal dituzu. Bakarka aritzea ere oso diferentea da.

Gorputzak eraman zaitu bakarka aritzera?

Beti eman izan ditut kontzertuak bakarka, nahiz taldearekin ere ibili. Pasatzen dena da duela hamar urte erabaki nuela zerbait ganoraz antolatzea. Badakizu, bakarka jo ahal dituzu kantuak gutxi gorabehera, sortzen ahal diren bezala. Baina erabaki nuen gehiago esperimentatzea eta beste alor batzuetara eramatea. Gainera, estudioarekin harreman berezia izan dut, ez ditut denak batera grabatu, baizik eta noizean behin, eta horrek ere laguntzen du zentratzen.

Jonan anaiak grabatu dizkizu. Aurreko udan zendu zen. Zer moduz daramazu dolua?

Asko gailentzen zait emanaldietan. Urtetako harremana da. Begira, Iruñean, Baluarteko kontzertuan, bakarrik nintzen kamerinoan eta, gogoan dut, ohartu nintzela kantua ez niola bidali Angel Kataraini, kontzertuaurrea berotzeko. Hori anaiak egiten zuen lehen, nirekin etortzen zenez...

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Kantu bera jartzen duzu beti, uste dut, emanaldi aurretik eta atzetik.

Talde afrikar batena da: Orchesta Baobab. Errituala da niretzat. Musikari kubatarrekin eginiko diskoan sartu nahi nuen kantuaren bertsioa, eta landu nuen musika, baina ez nuen letra itzuliko zidan inor atzeman, letra hori, antza, hizkuntza batzuen nahasketa delako. Hemen, Hondarribian, arrantzale zebilen mutiko beltz bat ikusi nuen, eta jarri egin nion. Berak eman zidan inoiz kantu horrez eman didaten esplikaziorik handiena, baina ez zuen guztia ulertzen. Eta nik ez nuen nahi beste letra bat asmatu. Baztertu nuen azkenean.

Publikoarekin gertuago sentitzen zara bakarlari arituta?

Uste dut formatu horrek gehienbat publikoari eskatzen diola, norberari baino gehiago. Ez dakit handiagoa den edo ez. Agian bai, baina bestelakoa da. Ez dakit neurtzen ahal den. Joaten bazara estadio batera Bruce Springstin ikustera, han ez dago distantziarik, nahiz 200.000 lagun egon eta bera han erdian. Badago halako beste liturgia bat, eta badira horretarako prestatutako show-ak. Zorionez, musikak ez du horrelako oztoporik ezagutzen.

Oholtzak bertigorik ematen dizu?

Bai, bai. Beti.

Hainbeste urte pasatuta ere bai?

Bakarrik egonda gehiago. Taldearekin, azken orduko txisteek asko laguntzen dute.

[Talde zaharren itzuleraz] "Zalantza dut ez ote duen gure ahulezia erakusten, kemena baino gehiago"

Jende askok aipatzen du, adinean aurrera egin ahala, jendaurrean agertzerakoan, zahartzeak bertigo handiagoa eragiten duela.

Espero dut niri ez handiagotzea! [Barre egin du] Niri musikak asko erakartzen nau; bestela ezin daiteke ulertu ni oholtzara igotzea. Ez dut dohain berezkorik horretarako. Badira interpreteak eszenariora igo eta bi aldiz handiago bilakatzen direnak.

Handi sentiaraziko zaitu urtero-urtero, ireki zutenetik, Bilboko Kafe Antzokian jotzeak.

Errazagoa zait hori, bai. Ez niretako bakarrik, taldean ere horrela da. Olatu ona hartzearen sentsazioa; hartu duzu Belharra, gainean zoaz.

Aurten ere han izango zarete.

Bai, aurreko urtetik ematen didate data. Ondo gordeta dugu. Baina aurten urrian badut emanaldi bat Arriagan, eta uste dut horregatik beranduago iragarriko dela. Mexikora ere bagoaz abenduan, kubatarrekin. Kazetari batek bidali zuen disko bat hara, eta hartuko gaituzte zenbait astez.

Iaz, Bilboko Kafe Antzokian, bigarrenez oholtzatik sartu-irtena egin eta gero, kontzertua amaitzeko azken aurreko kantua Aspaldian izan zen. Urte mordoxka dituen kantua, ez hain ohikoa horrelako momentu epiko batean...

Amamari buruzko kantua da, eta gure amak asko-asko maite zuen, jakina, bere ama zelako... Nire ama hil zen kontzertu hura baino hamar egun lehenago, 95 urterekin. Egin diot kantua bai bere amari eta bai bere aitari –Eliasen etxea–. Igual jende askok ez zuen ulertu kantu hori une horretan jotzea... Nire gauzak.

Antzokirako sorpresarik duzu gordea? Zerbait darabilkizu esku artean?

Gauza berriekin ari naiz, kantu berriak idazten... Ari naiz. Beharko dut tartea. Datorren urtean atera nahiko nuke, baina ez dakit noiz. Ez nuke prebisiorik egin nahi.

* * * * * * *

Elkarrizketa hau ARGIAren 108 orrialdeko 'Gakoak 2024' aldizkari berezian argitaratu dugu, azala ere eskainita. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ruper Ordorika
Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-07-30 | Sustatu
Ruper Ordorika, 2024ko Abadia Saria

Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko sortu zen Abadia saria. Irailaren 12an Hendaian egingo da ekitaldia, Abadia Jauregian hain zuzen, eta sari... [+]


Ruper Ordorika
Mendea eta segundua gurutzatzen dituena

Mende laurdena bete du Bilboko Kafe Antzokiak eta hamar negu baino gehiago, hastapenetatik orain arteko guztiak, goxatu ditu Ruper Ordorikak.


2022-09-27 | ARGIA
Haur eta gazte literaturaren azoka Sarara itzuliko da

Ikusi Mikusi euskara hutsezko haur eta gazte literatura azoka urriaren 7 eta 8an egingo dute, Saran. Euskal Herri guztiko ikastetxeak hurbilduko dira eta ikasleek elkarren arteko topaketa egingo dute.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


2022-03-10 | Xalba Ramirez
Santa Anara

Disko bat entzuteko momentuak marka dezake diskoa bera. Zu ez zara bera une bakoitzean, bainatzen zaren ibaiaren pare, eta kanta bakoitzak badu bere unea.

Ruper Ordorikaren Amour eta toujours-ekin horrelako zerbait pasa zait. Logelan eguzki epela sartzen zen neguko egun... [+]


Zerutik gertu

Uda hondarreko igandea, bazkalosteko alferkeria, iluntzerako aurreikusiriko plana kili-kolo… Eta Ruperren kontzertua Lizoainen, baina sarrerarik ez. Dena den, joanda ere galtzeko baino, gehiago genuen irabazteko edozein kasutan; kontzertua ez bazen, herria ezagutu, paseoa... [+]


2021-07-23 |
"Disko honekin abezedarioaren lehen letra bukatu dut, zerbait bete banu bezata"
Ruper Ordorikarekin elkarrizketan.
Ruper Ordorika, «Bihotzerreak» bere hirugarren diskoa aurkeztuz
"Disko honekin abezedarioaren lehen letra bukatu dut, zerbait bete banu bezata"
Ruper Ordorikak hirugarren lp-a kaleratu du, «Elkar» diskoetxearen eskutik. Bi urte... [+]



2021-07-19 |
Errezitaldien susperraldia

«Euskal Herrian egon badagoen sormenaren erakusleiho izan nahi dugu», aipatu digu Oier Guillan Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkarteko kideak. Izan ere, hain ezagunak ditugun lehen lerroko idazle entzutetsuen itzalean idazle andana dago, idazteko gogoz, idatzia... [+]

2021-07-19
Ruper Ordorikaren «Ez da posible» kalean
Ruper Ordorika musikariari elkarrizketa
Ruper Ordorikaren «Ez da posible» kalean
ARGIA. Aurreko lanen bide beretik jo al duzu oraingoan?
RUPER ORDORIKA. Egia esan, oso zaila da entzuleak artista bakoitzaren ikutuaz ez jabetzea; beti agertzen dira norberaren bilakaera... [+]



2021-07-19 | Izaskun Jauregi
Ruper Ordorika: «Nire belaunaldiak oso gutxitan asmatu du»
Lotsatia dela diote. «Musikak sendatu eta osatu» egiten duela esan digu Ruper Ordorikak ordea. Eta zinez frogatu digu. Hogei urte baitaramatza eszenatokietara igoz, lotsari aurrea hartuz. Azken diskoaren aurkezpenen atarian, patillak, pastazko betaurrekoak eta jantzi ia guztiz... [+]

Pilotalekuko hotsak

Murgiako pilotalekua antzoki bilakatu da gaurkoan. Musikariek eta haien instrumentu eta ahotsek ordezkatu dituzte pilotariak. Ez da entzuten larruzko pilota gogorrek horma berdearen kontra egiten duten soinua, baina haren ordez gitarra, bateria, kontrabaxua eta biolina sumatzen... [+]


2019-11-07 | Xalba Ramirez
Enrike Gisasola Gonzalez, Sosola baserria
“EHKolektiboa laborari agroekologikoen eredua jendarteratzeko tresna da”

Sosola baserria Eibarko Mandiola bailaran kokatua dago, Amaña auzotik gora igota. Enrike Gisasolak aittitta-amamen eskutik jaso zuen baserriaren martxa eta 1994az geroztik ekoizpen ekologikoan murgildu ziren. Egun, bi jarduera nagusi burutzen dituzte salmentara... [+]


2019-01-22 | Arrosa Sarea
Ruper Ordorika eta Bernardo Atxagarekin solasean

Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga batu zituen asteazkenean Bilboko Kafe Antzokiak. Poesia eta bizipenak izan zituzten mintzagai. Bilbon hasi zuten beraien ibilbidea, Arriaga eta San Anton zubien arteko eremu horretan, Somera kalean, bereziki. Ordutik urte dezente pasatu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude