Israel, Iran eta bi elefanteak

  • Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du? Irani onura ekarri dio probokazioetan ez erortzeak?

Israelek Iranen Siriako kontsulatua bonbardatu ostean protesta handiak egin zituzten Teheran-en. / Argazkia: Picture Alliance / Middle East Images / Hossein Beris.

2024ko uztailaren 30an - 16:34
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Joe Biden presidentearen Segurtasun Nazionaleko aholkulari-karguak AEBetako inteligentzia zerbitzu guzti-guztien ezagueren jakitun izateko eskubide ia mugagabea ematen duela suposatzen da. Beraz, munduko pertsona informatuena litzateke Jake Sullivan,  AEBetako Segurtasun Nazionaleko aholkularia. Ordea, 2023ko irailaren 29an, bizi artean ez ezik historia-liburuetan ere aipamena egiten zaionean gogoraraziko dioten huts horietako bat egin zuen. “Ekialde Hurbila azken bi hamarkadatan baino lasaiago dago egun”, esan zien bere entzuleei The Atlantic Festival-en.

Ez zen ahobero baten ateraldia: urtero AEBetako demokraten ingurumarietako izen ospetsuenak bildu ohi dituen ekitaldi entzutetsua da topaketa hori. Eta baieztapenak zuzeneko entzuleria iaioa eta dezenteko arreta mediatikoa izan bazituen ere, ez zuen jaso inoren ihardespenik. Astebetez. Gero etorriko ziren irria eta iseka, baina une hartan inork ez zuen ikusten elefantea, agidanez. Beti hor egon dena eta inork zuzenbidera ekarri ez duena. Palestinako elefantea.

Urriaren 7an, egutegi gregorianoan Yom Kippur edo Ramadan Gerraren 50. urtea bete zen egunean, Hamasen atal militarrak, Izz ad-Din al-Qassam Brigadek, ustekabeko eraso bortitza egin zuten Gaza inguruko kaserna, asentamendu eta herriguneen aurka, eta ehunka zibil eta soldadu israeldar erail eta dozenaka atxilo hartu zituzten. Harez geroztik, mundua ikusten ari da batek baino gehiagok “48az geroztiko gertakaririk latzena” deritzona, zortzi hilabete betetakoan akaburik ikusten ez zaion sarraski ikaragarria.

Kontakizunaren eta irudien lehia galdu egin du Israelek, herrialde arabiar eta musulmanetan ez ezik, Hego Globalean ere, eta potentzia berrien artean eta Mendebaldeko iritzi publiko arruntaren aurrean ere bai

Hiru dozena mila gazatar hil ditu Israelgo Armadak, biztanleriaren %2 ia, zibilak gehien-gehienak, eta haur eta nerabeak heren bat. Bahituak askatzea dute goiburu, baina Zerrenda osoa suntsitu eta bertako bi milioi palestinarrak kanporatu nahia da benetako egitatea. Gizakiak mende honetan deliberatuki sorrarazi dituen gosete eta osasun-emergentzia latzena dela medio, jendartean ez ezik Hagako epaitegian ere entzun ahal izan da genozidio hitza. Elefante bat bederen badago aretoaren erdian. Odol putzu batean.

Gizaldeko soslai zirraragarriaz harago –baina, nola ez, harekin uztartuta–, ondorio politiko eta estrategiko nabariak ereiten ari da Gazako sarraskia, luzatu ahala. Mendebaldeko elite politikoetan, bederen, lehen unean nahiko ahobatezkoa zen “Israelek bere burua defendatzeko eskubidea du” leloa itzali egin da, indarraren arrazoia alde batetik eta arrazoiaren indarra bestetik dabiltzala gero eta argiago geratzen ari den heinean.

Hiru agintariak Korridorearen hitzarmen egunean: MBS Saudi Arabiakoa, Modi Indiakoa eta Biden AEBetakoa. / Argazkia: Indiako Gobernua.
Indartsua galtzaile

Kontakizunaren eta irudien lehia galdu egin du Israelek, betidanik arerio izan dituen herrialde arabiar eta musulmanetan ez ezik, Hegoalde Globala deitu ohi den guztian ere. Eta, beharbada garrantzitsuagoa dena, potentzia berrien artean eta Mendebaldeko iritzi publiko arruntaren aurrean ere bai. Galera hori ezingo du ordeztu, epe luzera, Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea erabili behar izan duten AEBetako eta haren aliatu estuenetako establishment-aren onespen baldintza gabeak. Ezta Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaileak zerrenda beltzetara eramanda ere.

Badira, haatik, Israelentzat galera berehalakoagoak. Askotarikoak izan litezkeen zioengatik, ez zuen aurrera egin hasiera bateko ahaleginak, hau da, Hamasen erasoaren erantzukizuna Irani egotzi eta AEBek haren aurka zuzenean jo zezaten saiatzeak. Eta gutxienekoa izango zen, seguruenera, Iran-Hezbola-Hamas lankidetzaren aztarnarik ez zela ageri inondik. Baina Ukrainako gerran ari zela, zeharka bada ere bete-betean, bigarren bat abian jartzea burugabekeria larregitxoa zen Bidenen administrazioarentzat hauteskunde-urte batean; eta lehendik ere elkarrekikotasun dezente erakusten ari zirenak aurkari zirela jakinda. Itsaso Gorrian Yemengo huthiek merkataritza-ontzien aurka egindako erasoen ondoriozko kalte ekonomiko potoloek ere ez dituzte AEBak erakarri Iranen aurka zuzenean inplikatzera –Iran-Hezbola-Hamasen aliatuak dira huthiak–.

Huthiek debekua ezarri diete Israel, AEBak eta Erresuma Batuarekin lotutako ontziei Yemen inguruko uretan ibiltzeko, eta dozenaka eraso egin dituzte. / Argazkia: Houthi Military Media.

Geroztik, gerra eskualde osora zabaltzeko ahaleginak izan dira, mozorrorik gabe, Israelek irandar operatibo eta interesen aurka zuzenean egindako erasoak, batik bat Libanon eta Sirian. Iranen kontraerasoa sutu arazi dute, baina ez dute lortu, ezta Damaskoko egoitza diplomatiko irandarra suntsituta ere. Haren erantzunak (baita Hezbolaren jarduera neurtuak ere) argi erakutsi du Teherango agintariek orain gerran sartzeari uko egiten diotela biribilki. Eta hortik ageri da beste elefante baten tronpa.

Gazako gerraren ekuazioan Iran sarrarazteko Netanyahuk egindako ahaleginaren porrot estrategiko horren benetako garrantzia ulertzeko, Sullivanen iraileko optimismoaren sustraira jo behar da. Bidenen Segurtasun-aholkulariak zerabilen kalkulua ez baitzen nolanahikoa, ezta uste hutsa ere, gerora esne-saltzailearen kantina bezala geratu den arren. Irail horretan bertan, haren zoritxarreko hitzak baino hamabost egun lehenago, sinatu baitzen New Delhin “India-Ekialde Ertaina-Europa Korridore Ekonomikoaren” egitasmoa. Txinaren BRIaren [Belt and Road Initiative, Zetaren bide berria ere deitua] kontrapisu moduko zerbait zen, Asia hego-mendebalderako eta Ekialde Ertainerako. Adiskideak saritu eta etsaiak muskildu behar zituena.

Itsaso Gorrian Yemengo huthiek merkataritza-ontzien aurka egindako erasoen ondoriozko kalte ekonomiko potoloek ere ez dituzte AEBak erakarri Iranen aurka zuzenean inplikatzera

Korridorea zera zen: diplomazia txinatarraren bitartekaritza saiatuak Saudi Arabiaren (eta Arabiar Emirerri Batuen) eta Iranen artean lortutako bake-giroaren ifrentzu moduko proiektu erraldoia. AEBek Arabiar Penintsulako erregai-ekoizle handiak haien merkatu nagusietako birekin lotu behar zituzten, Trumpen agintaldian landutako “Abrahamen Akordioek” irekitako jarraibideari eutsita: ekialdetik, India, munduko hirugarren petrolio-merkatua; eta mendebaldetik, Europa, errusiar erregaien gabezia larrutik nozitzen ari dena. Azpiegitura-sorta horrek (oliobidea, gasbidea, errepidea eta trenbidea izango baitziren), Iran, Irak, Siria eta Turkia –eta haien aliatua-edo litzatekeen Qatar– kanpo ezarri behar zituen… Eta haren mendebaldeko terminala Israelen eskuetan jarri behar zuen, Haifako portuan.

Egitasmo horren irabazle estrategiko argi eta garbia Israel izango zen, Korridorea bere lurraldetik igarotzearen truke haren giltza bere eskuetan edukiko zukeelako, eta, hartara, Saudi Arabia kate motzean lotuta. Galtzailea, aldiz, Iran, Arabiarekin adiskidetzeak ez liokeelako ia ezertarako balioko, eta itsasoz “itota” geratzeko arriskuan egongo litzatekeelako beti. Izan ere, Indiak, erregaien hornidura ziurtatzearen truke, gaur egun Golkoan darabilen “aniztasun estrategikoa” galduko luke, eta Iranen balizko merkatutik kanpo geratuko litzateke (baita Errusiarenetik ere, beharbada). Turkiak, aldiz, Europarako igarobidea izateak gaur egun esleitzen dion garrantzi nabaria galduko luke. Potentzia nagusien ligan, hau da, Ekialde Ertainetik kanpo, AEBek irabazi, eta Txinak eta Errusiak galdu egingo lukete, nork beren aliantza eta tratuen bueltan. Jokaldi perfektua zirudien Korridore horrek.

Bazen ez bazen, asmoa pikutara joan zen urriaren 7an. Eta kostako zaio berrabiaraztea, inoiz halako ezer egin ahal bada. Ez baita erraza izango Saudi Arabia iraileko giro hartara berriro erakartzea, batez ere Netanyahuk agintean jarraitzen badu eta mundu musulmanaren haserrea amatatzen ez bada. Sullivanek berak eta Antony Blinkenek Riad hiriburura egin dituzten bisitaldi ugariek harrera kopetiluna aurkitu dute han eta Emirerrietan. Camp David-2 bat ezinezkoa baita Gazako suntsipenaren ondoren.

Bi elefanteak

1. Palestinako genozidioa:

- Israelek kontakizunaren eta irudiaren lehia galdu du nazioartean.
- Iranek uko egin dio orain gerran sartzeari.
- Israelek ez du lortu AEBak Iranen aurka zuzenean jotzerik.
- India-Ekialde Ertaina-Europa Korridore Ekonomikoa, zapuztuta: Irailean sinatu zuten proiektu erraldoia eraikitzeko akordioa, Israel eta AEBak onuradun nagusi izango zituena. Iran, Irak, Siria eta Turkia kanpo uzten zituen, eta Txina eta Errusia ere kaltetu.

2. Estrategia nuklearrak:

- Israel 1960ko hamarkadatik potentzia nuklearra da. Isilpekotasuna (ez du aitortu) eta esklusibotasuna (aldebakarreko disuasioa) ditu ardatz.
- Iranen estrategia nuklearra, baliabide gutxikoa, onuraduna izan da urriaren 7ko erasotik.

Aspaldiko elefantea

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo “batasuneko” gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak, noski, zerikusi zuzena dute ondorio geopolitiko horien sakonerarekin. Baina ez genuke, gero eta maizago egiten den moduan, soilik Netanyahuren berekoikeria politiko gupidagabearen juzgu egin behar, zortzi hilabetez jada ikusten ari garen sarraskiaren gako gisa. “Hutsegitea”, berea baino gehiago, beste batzuena litzatekeela esan dezake  Benjamin Bibik, arrazoi dezenterekin.

Beste lurralde palestinar askotariko iheslariez gainpopulatutako Gazako Zerrenda 1967ko gerran indarrez hartu eta ia 40 urtez okupazio militarraren pean egonarazi zuen Israelek. Baita Camp Davideko akordioen ondoren ere, 2005era arte. Orduan, gogoeta askoren eta, itxuraz, zuhurren burutzapena zen operazio batean, Gazatik erretiratzea erabaki zuen Ariel Sharon-en gobernu eskuindarrak, alde bakarrez. Ez, haatik, aho batez: orduan oraindik Likud alderdi eskuindarraren gorenera heldu gabe zegon Bibi Netanyahuk gobernua utzi zuen, ados ez zegoelako.

Korridorearen irabazle estrategiko argia Israel izango zen, handik igarotzearen truke haren giltza edukiko zukeelako, eta, hartara, Saudi Arabia kate motzean lotuta. Galtzailea eta baztertua, aldiz, Iran

Edonola ere, ez zen palestinarrekiko eskuzabaltasuna, ezta gutxiagorik ere: Oslo eta Madrilgo akordioen suntsimendu-prozesuan, Sharonek zeritzon lehentasuna zela Zisjordanian asentamenduak ugaritu eta betikotzea, zendu berria zen Arafaten oinordekoen Aginte Palestinarrak kontrol gehiago zuelako han. Guztiz kontrolagaitza eta interes gutxikoa zen Gazako inurritegia ez zen lehentasuna. Hartara, guztiz hesituta eratu zen Gazan hainbatek “munduko aire libreko kartzela edo kontzentrazio zelai handiena” deituko zutena, berehala Aginte Palestinarraren kontrolpetik kanpo eta Hamasen esku geratuko zena. Bigarren mailako etsaia, orduan, aginte israeldarrarentzat. Ondorengo urteak, asko edo gutxi, gogoan izango ditu edonork: suziri-jaurtiketak, bonbardaketak, miseria...

Seguruenera 2005ean egin nahiko zuena –eta ezin izan zuena– burutu nahi izan du Netanyahuk 2023ko urriaren 7koaren ondoren: Gazako Zerrenda hustu eta “israeldar lurralde” bihurtu. Baina Camp Davideko akordioak ere ezerezean uztea esan nahiko luke horrek. Eta larunbat hartatik bertatik utzi zuen garbi Egiptoko presidente Al-Sisik ez zuela ontzat emango halako ezer. Testuinguru horrek ulergarriagoa egiten laguntzen du ikusten ari garenaren alderdi bat.

Bestea, Gazatik urruti dago, espazioan nahiz denboran. Gaur egun estu-estu ikusten baditugu ere. Nuklearra da beste elefantea.

Israelek Iranen Siriako kontsulatua bonbardatu zuen apirilean, baina Iran ez zen gerran sartu; probokazioa porrota izan zen. / Argazkia: Firas Makdesi / Reuters.
Elefante nuklearra

Duela 45 urte, 1979ko irailaren 22an, Kubako misilen krisiaren biharamunean, detektatu zen atmosferan jazotako eztanda nuklearren bereizgarria omen den flash bikoitza. Vela 5B satelite artifizial estatubatuar iraungiak detektatu zuen; horrek zaintzen zuen hamasei urte lehenago potentzia nuklear nagusiek sinatua zuten PTBT-Arma nuklearren frogak atmosferan, espazioan eta urpean debekatzeko tratuaren betearazpena. Guztiz ezohikoa bazen detekzioa, are deigarriagoa zen haren kokapena: Hegoafrika eta Antartida artean, biztanle iraunkorrik ez duten Eduardo Printzearen uharteetatik gertu samar, Port Elizabeth hiritik 1.000 milia hego-ekialdera.

Detektagailuaren gorabehera teknikoek bestelako esplikabideren baterako zirrikiturik uzten bazuten ere, esplikaziorik ziurrena eta zuhurrena zen atmosferan bonba nuklear txiki bat zartarazi izana. Eta hari egin zion men, hasiera batean, zerbait gehiago jakiteko modurik ere izango zuen Carter presidente estatubatuarrak; gerora, etxeko nahiz kanpoko arrazoi indartsuak medio, besterik aditzera emango bazuen ere, sinesgarritasun gutxi samarrekin. Bonba lehenetsi ez ezik, hura eztandarazi zutenak ere seinalatu zituen Carterrek, hasiera batean: Israel eta Hegoafrika. Lankidetzan. Esan gabe zihoan lehenak ekarriko zuela bonba eta bigarrenak jartzen zuela eztanda-gunea.

Israelen nuklear-tasuna da, ezbairik gabe, Ekialde Ertainean arma nuklearrak edo/eta suntsipen handiko bestelako armak ugaritzea bultzatzen duen faktore guztiz nagusia

Nolanahi ere, auzia ez zen nazioarteko goi-politikaren ilunpeetatik kaleratu apenas, orduan. Eta horrek berak ulertaraz dezake nola hasiera-hasietatik nahiko gardena izan behar zuena, txosten eta kontratxostenen artean, “misterio” bihurtu den. “Misterio nuklearrik handiena” deitu du baten batek. Ez da izango haren egileen nortasunagatik behintzat. Gaia serio samar arakatu duten guztiek ondorio berbera atera dute: elkarlanean, Israelek eta Hegoafrikak atmosferan burututako eztanda nuklear txiki bat izan zen. Seymour Hersh kazetari entzutetsuak gertakariaren inguruabar zehatz samarrak ere argitaratu zituen: apartheidaren erregimen hegoafrikarraren laguntzarekin Israel neutroi-bonbekin egiten ari zen probetako hirugarrena omen zen, kasualitatez detektatu zuena bazter emanda zebilen –eta, iskin egiteko, leherketen egileek zaindu gabe– satelite batek. Beraz, bakoitzaren ahalmen nuklearrak baino gehiago konplizitateak jarri zituen agerian “misterioak”.

Ordurako, aspalditik baitzen Israel potentzia nuklearra. 1960ko hamarkadaren erdialdean izan zen gai, itxura guztien arabera, Dimonako zentroan [Israelgo Gobernuaren zentro nuklearra, Negev desertuan kokatua] lehen buru nuklearrak osatzeko. Bere garaian Frantziarekin egindako lankidetza abiapuntu zela, baina beste hainbat jatorritako ekarpenez baliatuta. Baita hartarako bektoreak egin ahal izateko ere, potentzia nuklearretako ezeinek benetan eten nahi izan ez zuen jardunbide batean.

Vanunu, Dimonan luzaro aritutako teknikaria, 18 urtez sartu zuten kartzelan, Israelen sekretu nuklearrak kontatzeagatik. / Argazkia: Oded Balilty / AP.

Egitatearen zati bat bederen guztiz agerian geratu zen 1986an Mordechai Vanunu-k, Dimonan luzaro aritutako teknikari batek, zuzenean ezagutzen zuen jardueraren berri eman zuenean luze eta sinesgarri, kontzientziak akuilatuta. Haren adierazpenen zeharbidezko ondorioa zen ehun buru nuklear baino gehiago izango zituela une hartan Israelek, eta Ekialde Ertaineko edozein puntutaraino igortzeko gai zela. Gogotik pertsegitu zuen Vanunu Mossadek, Israelgo Inteligentzia eta Operazio Berezien Institutuak; baita bahitu eta atxilo Israelera eraman eta han epaitu arazi ere, “soluziobide” gaiztoagoak ezetsi ondoren. Hemezortzi urteko kartzelaldi gogorrarekin ordaindu zuen Vanunuk bere atrebentzia, eta gaur egun ere ezin da esan pertsona librea denik. Ifrentzua da harez geroztik ezinezkoa dela ukatzea ez ezik, zalantzan jartzea ere, Israelek arma nuklearrak badituela. Frogatuki duela 40 urtetik hona.

Isilpekotasuna eta esklusibotasuna

Baina, elefante ikusgarri horri ezikusiarena egin dio “nazioartea” deituak. Frogatuta ez legokeen hipotesia edo antzeko zerbait balitz bezala. Eta itsutasun guztiz konplizea dela esan behar da, gizalegez. Jakina baino jakinagoa baita egitatea zein den. Eta, ageri-agerikoa denean, gainera, errealitate horixe dela munduan arma nuklearren bilaketa gehien akuilatu duen faktorea. Ekialde Ertaina da azken hamarkadetan arma nuklearrak lortzeko eginahala gehien egin den eremua. Nekez ulertuko lirateke bestela iraganean Egiptok, Irakek, Libiak edo Siriak, eta gaur egun, beste maila batean eta bakoitzak bere estrategiarekin, Iranek edo Saudi Arabiak, egin, egiten eta egingo dituzten tenore horretako ahaleginak. Israelen nuklear-tasuna da, ezbairik gabe, Ekialde Ertainean arma nuklearrak edo/eta suntsipen handiko bestelako armak ugaritzea bultzatzen duen faktore guztiz nagusia.

Bi osagai nagusi ditu tasun horrek: isilpekotasuna eta esklusibotasuna. Baina bien arteko giltzadura da, benetan, egoera lehergarri bihurtzen duena.

Iranen egitasmo nuklearra, baliabide gutxirekin eginikoa, orain arte puntu kritikora iristetik oso urruti egon dena, izan daiteke urriaren 7an Hamasek abian jarri zuen jazoeraren onuradun nagusia eta berehalakoa

Balirudike isilpekotasuna ezaugarri unibertsal dutela arma nuklearrak landu eta edukitzeko ahalegin guztiek. Baina sekretu-premia hori betiere izan ohi da aurretiazko prestamenei buruzkoa eta, behin armak edukita, haien zenbatekoari eta hedapenari buruzkoa. Kontrara, herrialde batek arma nuklearrak badituenean, haien izatea erakusgai ere bihurtu behar izaten du, halakoen disuasio-betekizuna, benetakoa nahiz ustezkoa, baliarazteko.

Guztiz bestelakoa da, ordea, Israelen nuklear-tasuna. Hasieratik amaierarainokoa du isilpekotasuna, eta ez da aitortzen haren izatea bera ere, duela hamarkadatatik ezaguna den arren. Ez da bereizgarri hutsala: Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatzeari errazago iskin egitea zilegitzen dio tasun horrek; edo, hobeto esanda, hori egin dezala ez exijitzeko aitzakia ematen die nazioartean de facto konplize dituenei. Beste edozein kasutan zigorrak dantzatzen hasteko ezer gutxi behar dutenei. Eta beste kasu horien bidez ederki dakigun moduan, kontua ez da sinadura zirtzil bat botatzea: ikuskapenak barne hartzen ditu. Eta, armak dituztenen kasuan, erabakigarriak diren konpromisoak: haiek erabiltzen lehena ez izateko konpromisoa, potentzia nuklearrak ez direnen aurka ez erabiltzekoa... Noski, “grazia” guztia kenduko lioke horrek Israelen nuklear-tasunari.

Ia ezinbesteko bidelaguna da bigarren bereizgarria: esklusibotasuna. Israelen nuklear-tasuna baliagarria izan dadin, esklusiboa izan behar da, hots, bere inguruan kidekorik gabekoa. Aldebakarreko disuasioa da: berak aurkariei atzera eginarazi ahal izatea, eta aurkariak ez daitezela gai izan beste horrenbeste egiteko.

Estrategia

Aintzat hartu behar da (eta bistakoa da Israelen nuklear-tasunaren konplize diren potentziek aintzat hartzen dutela, haren “kinka existentzialaz” hitz egiten dutenean) errealitate geografikoak Israeli ez diola, apenas, beste aukerarik ematen: aldebiko gatazka nuklear batean, ia Israel osoa aurkituko litzateke supean, maila batean edo bestean; eta onik ateratzeko aukera gutxirekin. Aldiz, edozein aurkariren lurraldearen hedadurak, abantaila nabaria emango lioke aurkari horri. Kontrara, arma nuklearrik batere gabeko agertoki batean, Israelen aurkarien ugaritasunak eta ubikuitateak, eginaraziko lioke dagoeneko egiten duen ahalegin konbentzional astuna baino are astunagoa.

Israelen Dimona zentro nuklearra Negev desertuan dago. / Argazkia: Thomas Coex / AFP / Getty Images.

Baina aldebakarreko disuasio nuklear horren ifrentzua izan behar luke nazioarteko arau eta konbentzioak aintzat hartzen (eta betetzen) dituen potentzia bat. Salbuespenezko tasun hori justifikatuko lukeen duintasunez arituko litzatekeena. Ez da historikoki Israelen kasua: matoikeria-erakustaldi gehiegi emanak zituen aurretiaz ere, eta urriaren 7az geroztik Gazan egiten ari denak pairamen gehienak gainditu ditu. Gehiegiaren gehiegiaz, horretarako ere arma nuklearrak erabili behar liratekeela iradoki duen astapistolarik izan da, aipatu behar ez den elefanteari dei eginez. Baina “naizen bezala onartu beharko nauzue” da, funtsean, Netanyahuren erregimenak Mendebaldeko aliatuei helarazten dien mezua, haiek alde izanez gero, gainerako guztiak bost axola diola ebatzita.

Mordechai Vanunu-k baieztatu zuen ehun buru nuklear baino gehiago izango zituela une hartan Israelek, eta Ekialde Ertaineko edozein puntutaraino igortzeko gai zela. Hemezortzi urteko kartzelaldi gogorrarekin ordaindu zuen atrebentzia

Israelen hamaikagarren hutsegite estrategikoa da, seguruenera. Iranen egitasmo nuklearra baliabide gutxirekin eginikoa da, eta beste inoren laguntzarik gabe, mozorrotuta, itzulinguruka, eta alde guztietatik zaindu eta gainbegiratu dute. Orain arte puntu kritikora iristetik (zer esanik ez Israelekin parekatzetik) oso urruti egon da, baina izan daiteke urriaren 7an Hamasek abian jarri zuen jazoeraren onuradun nagusia eta berehalakoa. Hori guztihori aurreko hamarkadetakoa ez bezalako nazioartean ari baita gertatzen. Eta iraganean potentzia nuklear deklaratuen artean zegoen adostasuna, ez-egitez bederen, eta hartarako baliabideak, ezerezean geratzeko zorian daudela baitirudi.

Balirudike, halaber, intuizioz, Netanyahuren lantaldea ere jabetzen dela horretaz. Baina zulo batean sartu dela ohartzen den bakoitzean egin ohi duena ari da egiten oraingoan ere: zuloa handiagotzen.

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
Indusen ibaibideak

Muturreko lehorteak eta euriteak dira beroketa globalak Pakistanen duen inpaktuaren alde agerikoena. Ez dira hain ezagunak, ordea, hondamendiek piztu eta bizkortzen dituzten gaitz sozialak, eta zenbat eta nola oztopatzen duten azken horiek Asiako herrialdearen garapen oso eta... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


2024-07-30 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


2024-07-30 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


2024-07-30 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Eguneraketa berriak daude