Ikus-entzutea merezi duten sei lan

  • ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024ko abuztuaren 19an - 08:00

Arkitekten ("Arkitektoa")
Telesaila
Kerren Lumer-Klabbers, 2023
Norvegia
4 kapitulu x 20 minutu
Non ikusgai: Filmin

Etorkizun distopiko ez oso urrun bat erakusten digu etxebizitzaren problematika ardatz duen telesail labur honek. Prezioek goraka eta soldatek berdin jarraitzen duten etorkizuneko Oslon, ideia bat otu zaio arkitekto bati: lurpeko aparkaleku hutsak bizileku bihurtzea –etxebizitza esatea gehitxo litzateke–. Eta paradoxikoena da proiektua diseinatzen duen arkitektoa bera ere bertan bizi dela. Errealitate gordin bat, kolore eta forma hotzekin kontatuta. Eneritz Arzallus Alustiza

* * * * * * * * * *

Planet Earth ("Lur planeta")
Telesail-dokumentala
BBC
Erresuma Batua
Hiru denboraldi, 25 atal guztira, ordubete azpitik denak

Gutxitan egoten naiz telebistari begira ahoa irekita, “ez da posible” sentsazioak erabat kateatuta. Segundo gutxi batzuetako eszena baten atzean zenbat lan –eta pazientzia– dagoen irudikatze hutsa nahikoa da. Erratzeko beldurrik gabe, ikusi dudan gizakiz besteko “animaliei buruzko” saiorik onena da. Lur kastigatu honetan bere burua, eta bidean besteena, suntsitzeko gai den animalia bakarra izanik, inguratzen gaituenarekiko horrelako begirada ederrak sortzeko gai garela ikusteak itxaropena pizten du. Axier Lopez

* * * * * * * * * *

El mestre que va prometre el mar ("Itsasoa hitzeman zuen irakaslea")
Filma
Patricia Font, 2023
Herrialde Katalanak
105 minutu
Non ikusgai: Filmin

Errepublika ezarri berritan, Euskal Herritik gertu, Burgosko herrixka batera Kataluniatik joandako Antoni Benaiges izeneko irakasle gaztearen historia kontatzen du filmak. Eta hiru belaunaldi berantago, gaur egun, bere birraitona Antoni fusilatuaren gorpuzkien bila dabil pertsona bat. Irakasleak herri horretan topatu zituen oztopoak eta horiei aurre nola egin zien kontatzen du filme hunkigarri honek. Espainiako Errepublika garaiko irakasleei eta beren metodo aurrerakoiei eginiko merezitako omenaldia. Lander Arbelaitz Mitxelena

* * * * * * * * * *

A Silence ("Isiltasun bat")
Filma
Joachim Lafosse, 2024
Frantzia, Belgika, Luxenburgo
100 minutu
Laster plataformetan

Haur pornografia eta pedofilia kasu baten inguruan hitz egiten du pelikulak. Abokatu entzutetsu bat da erasotzailea, hain justu ere pederasta mordo bat kartzelara eramanarazi dituena. Bere biktimak, berriz, publikoki berak defendatu dituenak dira. Gogorra da istorioa, bai. Baina are gogorragoa enfokea. Polemika ere sor dezake, onar dezaket, fokua bere emaztearengan ipinita baitago. Gertatzen ari denaren gehiengoa daki berak, eta isilean mantentzen du dena. Interesgarria da bere rola: presioa, urte luzez isilik egon izanaren inertzia, pisua... Hotza da, bihotza bero duen arren. Asko esaten dute begiradek, eta biolin doinu melankoliatsuek ondo janzten dute kontakizuna. Gorka Peñagarikano Goikoetxea

* * * * * * * * * *

Alde erantziz
Podcasta
Amets Jordan Arrieta eta Egoitz Arbiol Albeniz - Naiz Irratia
Euskal Herria

“Saltoak. Aukera berriak ekartzen dituzten jauziak. Segurtasunez egiten direnak benetako bermerik izan gabe. Apur bat eroa egon behar omen da horrelako saltoak egitera ausartzeko, edo onartu behintzat erotzat joko zaituztela”. Eroa-rekin abiatu zuten Ametsek eta Egoitzek Taroteko kartak bidelagun dituen irratsaio hau. Tarota ez modu iragarle batean ulertuta, baizik eta hausnarketarako tresna gisa. Saio bakoitzean Arkano Nagusi baten sinbologiatik abiatuta giza-esperientziez ariko dira. Magiari uko egin gabe, irekitasunez entzuteko saioa. Maitane Gartziandia

* * * * * * * * * *

Irratiak ordaintzen digu trena
Podcasta
Ion Celestino eta Amets Aznarez - Euskalerria Irratia
Euskal Herria

Politikoki zuzenetik aldentzen den ohiko jardun umoretsu orok ongietorria behar luke gurean. Esku batez zenbatuz gero, hatz asko soberan ditugu. Gainera, gipuzkera eta gipuzkoazentrismotik at sortua izanda, puxtarri gehiago. Ordubetez, bi lagun, sarri gonbidatu batek lagunduta eta gai randomei buruz. Bi ahots musikari izanik, kulturak, musikak eta Iruñerriko mugidek presentzia nabaria dute, baita gonbidatuen profilean ere. Gustatuko zaizu. Bo, agian ez. Baina berdin dio. Halakoengatik Iruñeak gero eta gehiago du hiri buruzagitik, eta zorionez gero eta gutxiago ramplona-tik. Axier Lopez


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


2024-08-26 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2024-08-12 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Eguneraketa berriak daude