Pedro Ruiz de Egino hil da -‘Nerium Oleander’-

  • Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.

Ilustrazioa: Shukare Otero

2023ko abuztuaren 04an - 10:20
Hitzaurrea

Herri txiki bat abuztuko eguzkitan. Eguerdia da. Kalean sugandilak eta zenbait ume baino ez. Taldetxo bat errekara doa, alai. Bitartean txepetxa, jo ta su, kantuan. Atari barru batean, itzaletan, bi emakume egurrezko aulki txiki banatan eserita, egun pasa. Bata pipa erretzen ari da. Besteak ezker eskuari begiratu dio, lehenengo esku gainari, gero, eskubarruari, eta hizketan hasi:

- Pedro Ruiz de Egino hil dala.

- Gure etsai zaharra.

- Hil egin dute, antza.

- Ondo merezita.

I

Ba omen zen behin Pedro Ruiz de Egino, gizon aberatsa oso, eta gaiztoa; bere kabutarako hitz egitea gustatzen zitzaiona. Lur sailak eta harrizko etxeak zituen. Eta hizkuntza hori ere bai, jakina, erdara ederra. Arabarra zen, baina Logroñora joaten zen, maiz; izan ere, jaioterriko lurretan Inkisizioaren komisario lana betetzeko kargua zuen.

Logroñon zela, Zugarramurdiko sorginen sektako hainbat sorgin erre zituzten. Han zen Pedro ikusle, lehen lerroan. Ondo gogoan zuen zer nolako erre usaina zabaldu zen Logroñoko kaleetan. Ez zen guztiz usain txarra. "Usain pizgarria!", pentsatu zuen Pedrok, Zugarramurdiko sorginak erre zituztenean. Guztia ikusi zuen. Ikuskizun izugarria izan zen. Barru-barruraino sartu eta bertan gelditu zitzaion haragi erre usain hura, antza.

II

Zugarramudiko sektako emakumeak erre ondoren, bere jaioterri txiki eta txirora bueltatu zen, egun batzuetarako, gogoan ideia batzuk zerabiltzala; ez ideia onak. Eguerdia zen, eta neskameak egurrezko mahai sendoan jarri zion plater txolkona. Pedro bere buruarekin ari zen:

Gure amak beti ziostan: "Gauza handiren bat egin behar duzu, Pedro. Hau da gure leinukoen patua. Egin zerbait". Gaixoa, ama..."ez jende zikin hauek guztiak bezala", ziostan. "Pentsatu, zu oso pentsalari ona zara eta". Pentsatuko dut, ama. Horretan nabil.

Zopa beroegi zegoen. Harrika bota zuen koilara, maldizioka. Jasoko zuen neskameak. Buelta bat ematera atera zen.

"Leku guztietan daude sorginak. Hemen ere izango dira, zergatik ez. Usain ona daukat nik jende gaiztoari antzemateko. Ona, dudarik gabe. Jende bekaiztia dago hemen. Ez Zugarramurdikoak baino hobeak. Basatiak. Bekaiztiak. Gaiztoak. Txiroak. Zikinak. Sorginak"

III

Eta, hain zuzen, pasiera hartan zebilela aurkitu zuen Pedrok bere lehenengo biktima. Horrela gertatu zen: herrian buelta bat ematen ari zela, Eliza parean Ziordiako apaiz Diego Basurtorekin egin zuen topo. Maiz izaten zen herrian, bertan ere meza ematen zuelako, eta elkarren ezagun ziren. Apaiz zaharra, gizon baldar eta nekatua zen. Petrilean eseri eta hizketan hasi ziren:

- Arratsalde on, on Pedro.

- Arratsalde on, on Diego.

- Zer moduz?

- Ondo. Logroñotik etorri berri naiz.

- Logroñotik?

- Bai. Jakinaren gainean izango zara nola erre zituzten Zugarramurdiko sorginak.

- Bai. Eskerrak. Beldurgarria da sorginen kontu hori.

- Orain Inkisizioaren komisario izandatu naute ni.

- Eta zer da hori?

- Hori zer den? Orain nik daukat hemengo sorginak aurkitzeko ardura.

- Ondo da.

- Lan zaila nirea.

- Seguru nago.

- Baina oso ona herriarentzat, Diego.

- Jakina.

- Zu ere herriaren zerbitzaile ona zara, Diego. Ondo dakigu guztiok hemen.

 - Eskerrik asko.

- Ezaguna da nola laguntzen duzun jendea, ez bakarrik espiritualki, noski. Asko dakizu erremedioei buruz.

- Asko ez.

- Nolakoa zen eman zenidan ukendu hori, adibidez? Larruazala gorritzen zenerako hura? Zein belarrekin zegoen eginda?

- Ez dakit. Ez bainuen nik egin. Ageda Lezkanok egin zuen, aspaldiko kontua da. Etxean daukat oraindik.

- Ondo da jakitea.

- Ageda hilda dago.

- Ondo dakit hori ere. Sorgina zela esaten zutela ere badakit. Hori ere gogoratzen dut.

- Jendeak arinegi hitz egiten du, batzuetan.

- Baina zuk Ageda ondo ezagutzen zenuen.

- Bai, herritarra nuen.

- Eta, aditu, Diego, zu ere ez zara, ba, aztia izango, Diego? –erdi txantxetan esan zuen Pedrok.

- Ni, aztia? Ez San Pedro baino gehiago.

- Sotanadun aztia. Badaude halakoak ere.

- Horixe –Diegok, txantxari eutsiz bezala, baina apur bat serioago.

- Zuk bezala, ezkerreko lokian orbana izatea sorginen seinale tipikoa da-eta. Logroñon asko ikasi dut horretaz guztiaz, Diego.

- Ez nahastu ni, Pedro.

Elkarrkizketa Diego apaizak nahi baino gehiago ari zen luzatzen; gehiegi, zeren eta elkarrizketak gehiegi luzatzen direnean gustatzen ez zaizkizun gauzak esaten hasten baitzara:

- Jesus, Diego, ez, ez. Nik zu nahastu...ez, ez... Baina sorginak aurkitu behar ditut. Laguntza eskertuko nuke, Diego.

- Ez dakit, Pedro. Ez dakit zer esan. Agedak belarrak ezagutzen zituen...Baina besterik ez. Belarrei buruz guztiok dakigu zerbait;  ezkaia ona dela janariari usaina emateko, umeei ez zaiela heriotzorririk ukitzen utzi behar... hori ondo dakigu guztiok... Eta ez daukagu zer ikusirik deabruarekin, ez sorginkeriarekin, Pedro...

- Noski, Diego. Zaude lasai, gizona. Argituko dugu dena. Dena. Ez urduritu... Hemen denok ezagutzen dugu-eta elkar. Begira, berriro adiskide gaitezen, patxadaz hitz egingo dugu horri guztiari buruz... Zergatik ez zara Logroñoko nire etxera etortzen? Etorri nirekin.

- Ez dizut ulertzen. Zurekin Logroñora, zergatik?

- Etor zaitez. Ondo egongo gara. Ezin duzu ezetz esan.

Zer ari zen gertatzen, baina? Nola bukatu zen baina, elkarrizketa hura horrela? Ibaiaren urak hostoa nola, halaxe eraman zuen hizpideak Diego egoera arraro hartara. Zaila da ulertzen, baina badakigu, hori bai, arratsalde hartan Diego Basurtok, Ziordiako apaizak, ezin izan ziola Pedrori ezetz esan:

- Ondo da. Joango naiz zurekin.  

Eta Logroñoko etxean aberats jendearen janaria aurkitu zuen: ehizakia, arrainak eta arrautzak. Ardo goxoa. Ohe on bat. Balkoietan azaleak eta jazminak. Eta beldur handiak. Urak bere bidean jarraitu zuen, indarrez; eta Diego Basurto, ito beharrean.

Etxe handi hartan jaiki zenean, goiz argitsua zen. Ohe gainean eta lehio aurrean eseri zen. Aurrean, jauregi antzeko etxe bat ikusten zen, eta usoak barandan, eta kalean jendea. Leihoaren ondoko horman bost liburu zeuzkan apal bat zegoen. Altxatu zen eta liburuxka bat hartu zuen. Diego Basurtok gaztelaniaz pixka bat bazekien, eta irakurtzen ere zerbait. Liburuak izenburu oso luzea zuen, eta nekez ulertu zuen ezer. (Relación de las personas que salieron al Auto de la Fee, eta abar, eta abar...). Barruan hizki gehiego eta zerrenda batzuk; zerrendetan, izenak: Miguel de Goyburu. Graciana de Barrenechea. Estefania de Yriarte. Maria de Yriarte. Ioanees Goyburu. Hotzikara eman zion, zergatia oso ondo ulertu gabe. Eta gero, hurrengoa: "Todos ellos eran también del dicho lugar de Cigarramurdi, madres y hijas, y muy emparentados unos con otros...". Ozenki eta geldoki ari zen irakurtzen Pedrok atea ireki zuenean.

- Utzi liburu hori.

- Zer da?

- Zugarramurdiko auziari buruz hitz egiten du. Oso interesgarria. Baina ez daukagu denborarik.

- Zer gertatzen da?

- Tribunalera etorri beharko zara, Diego.

- Zertara?

- Dakizuna kontatzera, Diego.

- Zer dakit nik?

- Izen asko.

- Baina nik ez ditut sorginak ezagutzen.

- Etorri beharrean zara. Bestela zu egongo zara susmopean, badakizu? Gauza batzuk esan dizkidazu, honezkero. Eta aurpegian daukazun orbana zer da, Diego? Baduzu erantzunik?

Liburua bere lekuan utzi zuen. Berriro ohe gainean eseri eta negarrez hasi zen. Ume txiki bat bezala hasi zen negarrez.

Pedrok Diego Basurto Ziordiako apaiza Logroñoko Inkisidorearen aurrera eraman zuen. Han ikusi zituen zeldak. Nahikoa izan zuen. Hil egiten  zen jendea, hezetasun zikin hartan etsita. Ez ziren, berez, giza jendearentzako lekuak. Logroñoko zeldak txerri-kortak ziren.

Inkisidore Nagusiaren aurrean jarri  ziren biak. Eta Pedrok iradokitzen zuen guztia onartu egiten zuen Diegok. Behar zuen guztia zeukan Pedrok ehizaldi handi bat abiarazteko. Hura zirrara. Dena abiarazteko behar zituen izen guztiak:

Basatiak. Bekaiztiak. Gaiztoak. Txiroak. Zikinak. Sorginak

Ilustrazioa: Shu Otero
IV

Ehun pertsona baino gehiago izan ziren salatuak. Izen-abizena zeukaten guztiek. Eta bizitza bat. Ana Saenz, adibidez. 70 urteko emakume zaharra. Ilarduiakoa. Mehatxu egin zion Pedro Ruiz de Eginok:

Esan zidan Logroñora bidaliko ninduela sorgina nintzela aitortzen ez banuen. Baina ni ez naiz sorgina.

Eta gero bi neskatxo haiek. Izenik ez dakigu, baina bazuten izena, noski. 13 urtekoak. Larreakoak biak.

Bere etxera joanarazi zigun. Torturatu egin gintuen. Eskuak eta hankak sokaz lotu zizkigun. Mehatxu egin zigun sorgin ginela aitortu ezean Logroñora eramango gintuela. Gezurrezko aitorpena izan zen. Ez gara sorginak.

Maeztun Korres ahizpak ere atxiki zituen. Logroñora eraman zituen, Tribunalaren aurrera.

Egia ez zena aitortzea erabaki genuen eta rekontziliatu egin gintuzten eta etxera itzuli ginen. Baina Ines ez zen bere onera etorri. Eta gaixotu egin zen. Eta gutxira hil. Guk aitorturiko ezer ez da egia. Ni ez naiz sorgina. Baina nire ahizpa ez zela sorgina eskriba dezazuen ere nahi dut. Berak ez zuela egia zenik ezer esan Logroñon.

V

Horrela jarraitu zuen hurrengo hilabeteetan ere. Ehizan. Eta inkisidoreak pozik. Lan ona ari zen egiten-eta, Pedro. Interprete lanaren ardura ere bere gain hartzen zuen, gainera, salaturiko gehienek ez baitzekiten erdaraz.

Interprete-lana giltzarri da. Baina ulertu behar duzue ezin dela dena hitzez hitz itzuli...interpretatu egin behar dira hitzak...interpretatu! Ulertzen duzue? Nik ondo egiten dut, pentsalari ona eta buruargia naizelako; hala esaten zidan beti amak. Eta, gainera, badira oso argi entenditzen ez ditudan hitz batzuk ere... eta interpretatu egin behar izaten ditut. Sinonimoak bilatu. Agian ez dakizue sinonimo hitzak zer esan nahi duen. Nik bai. Eta, kontuz gero niri gezurretan ari naizela esatearekin. Ondotxo dakit nik zer ari naizen interpretatzen. Gezurrak ez, jakina, baina ulertu behar duzue... garrantzitsu garrantzitsuena sorgin zikin hauek guztiak ehizatzea dela. Ulertzen duzue, ezta?

VI

Arazo erantsia zen, Pedro Ruiz de Eginok, herriaren etsai horrek, aitormena eskatzeaz gain, izenak ere  behar zituela. Izenik izen, beldurra zabaldu zen. Eta haserreak. Eta nazka. Eta nekea. Eta, Atauriko Marikitarena gertatu zenean, gorroto bizia.

Atauriko Marikita zen nire ama. Bere baserria Korresetik gertu dago. Ni Logroñon giltzaperatua egon nintzen, denbora gutxi. Han gezurrak esanarazi zizkiguten. Eta horregatik itzuli zen goibel nire ama, goibel eta erru sentimendu handiarekin. Esan nion joan zedila Ofizio Sainduko norbaitekin hitz egitera. Maeztura joan zen, komisarioarengana. Eta hark gaizki hartu zuen. Esan zion "txerria eta zatarra". Esan zion berak egindako aitorpena gezurra zela esanez gero, orduan ziur bidaliko zutela sutara.

Hurrengo ostiralean, eguzkia irtetzeko zela, artzaina etxera joan zen abereen bila eta amak esan zion utz zezala atea irekita. Goiz hartan uharkaren ondoan itota aurkitu genuen. Burua agerian. Ortzera begira. Ur gainean.

Eta bera ere ez zen sorgina. Ni ere ez naiz sorgina. Baina eginda dago kaltea. Orain mina nire bizitzaz jabetu da. Mina eta gorrotoa.

Ilustrazioa; Shu Otero
VII

Ez direla sorginak, ez direla sorginak. Horrela hasten dira beti. Azkenean, baietz. Beti izaten dira sorginak. Gaur aditu dut taldetxo hori... Hiltzaile esaten didate! Nik neuk entzun dut. Ni hiltzaile? Euli bat hil ez dut nik eta, hiltzaile?... Lotsagabe horiek. Atzo herriko etxeko leihoaren kristalak apurtuta agertu ziren. Jende gaiztoa. Gorrotatzaile profesionalak! Ez dira konturatzen, ergelak direlako, ni herriaren alde nagoela. Ez dute ulertzen. Nik beldurrarekin bukatu nahi dut, besterik ez! Sorginak gaiztoak dira! Mina egiten dute! Ez al dute ulertzen babo horiek?

VIII

Arratsaldea zen, Logroñon. Eguzkia sartzen ari zen. Pedro Ruiz de Egino Inkisizioaren Tribunaletik bueltan zetorren, egunero egiten zuen etxerako bidetik. Kaleak jendez beteta zeuden, alai; erosketak egiten ari zen jendea, edo tabernetan zerbait hartzen. Beleen haserreak ere entzuten ziren, teilatu artean. Orduan, Pedro San Frantzisko plaza ondotik pasatzen ari zela, aurpegi ezagun hori ikusi zuen, berari begira, irribarre egiten ziola. Pedrok etxerako pausoa arindu zuen. Eta etxera iristean, aulki batean eseri zen. Ez zitzaizkion pentsamenduak argitasunez ateratzen. Lastima. Beldurra bakarrik zeukan gogoan.

Eta gero, beste gertaera hura, noski; goizean, eguzkia atera berri. Neskamea, gosaltzeko zopa batzuk prestatzen ari zela, zarata bat entzun zuen atarian. Atera zen, eta inor ez, baina bai ohartxo bat, tolestuta.

Pedro esnatu zenerako, neskameak plater txolkona eta ohartxoa utzi zituen mahai sendo baten gainean. Eseri zen Pedro jauna. Hartu zuen zopa. Hartu zuen oharra, eta ireki eta irakurri egin zuen:

"Ene neskatxo, ez esan gezurrik.

Non egon zinen atzo gauean?

Pinu artean, pinu artean,

eguzkiak inoiz jotzen ez duen lekuan,

haize hotzak dardarazi ninduen". (1)

Ez zuen ulertu. Ez zuen ezertxo ere ulertu. Neskameari  hitz horiek ezagutzen al zituen galdetu zion:

- Herriko abesti polit bat da.

Ez zen egun osoan etxetik atera. Eta hurrengo egunean, goizean, berriro mahai gainean, zopa beroa eta ohar bat:

"Eta ez da inor errekan,

eta zuk badakizu

aski dela orain

atzoko

balentria eguzkitsuekin" (2).

Eta berriro neskameak: "Herriko abesti polit bat da".

Egun hartan etxetik atera zenean, izkinetara begiratuz ibili zen, aurpegi guztiak arakatuz. Leku guztietan begirada ezagunak ikusten ari zela iruditzen zitzaion eta, etsita, burua galtzen ari zela pentsatu zuen. Inkisidoreen aurrera joan zen, beldurra zuela esateko. Bere herriko sorginak, arabarrak, Logroñon zebiltzan susmoa zeukala.

"Hori lan ona egiten ari zarelako da. Jainkoa zure alde dago".

Hura izan zen itzulerako bidea hartu zuen azken eguna.

Ilustrazioa: Shu Otero
IX

Goiza zen txantxangorria kantuka hasi zenean eta Pedro Ruiz de Eginoren gorpua aurkitu zutenean, bere Logroñoko etxean. Ordenaren aldeko indarrak etorri ziren. Begi bizigabeak aztertu zizkioten eta, gero, goikoei hilketaren berri eman zieten, gutun baten bidez.

Hara hor gutunaren zati bat:

"(Pedro Ruiz de Egino) Apareció una mañana con un pegote en una pierna que con mucha dificultad quitó de ella. Y luego sospechó que los brujos que le tenían amenazado se la habían puesto. Y le dio una calentura y al segundo día por la mañana halló en la boca y sinitió en la garganta unos polvos como de ladrillo molido que decía que sabían a queso. Y entonces se dio por rendido y dijo a los médicos lo que pasaba y pidió que luego se le administrasen los sacramentos. Y con unas cámaras y vómitos que son los efectos de aquellas pozoñas murió al cuarto día. Y los médcios conocieron que su enfermedad procedía de los venenos".  

(Orain, Pedro gure artean ez degoenez, guk geuk ere interpretatu beharko dugu gutuntxoa: Antza, gure Pedro maitea goiz batean jaiki eta zer, eta sorgin gaiztook jarritako txaplata susmagarri bat ikusi  hankan. Eta gero, sukarrak jota geratu omen zen. Eta hurrengo egunean, xeheturiko adreilu baten gazta zaporeko hautsez bete omen zitzaion ahoa. Hau txarra. Eta orduan ezin izan omen zuen gehiago, eta azken sakramentuak emateko eskatu. Sorgin gaiztook irabazle: lau egunen buruan hil zen gure Peru. Medikuek goixotasuna pozoin baten errua zela erabaki omen zuten).

Ikerketa bat abiatu behar zatekeen. Baina, orduan, ez dakigu zergatik, korronteak ibilbide aldaketa izan zuen. Sorginak eta egindako minak ahaztu eta Espainiako Inkisizioaren tribunalen ahalegin guztia herejeak ehizatzera bideratu zen, asko omen zeuden eta. Eta, harrezkero, Espainiako Inkisizioaren lurretan sorginik gehiago ez zen izan.

Eta zorigaiztoko Pedro Ruiz de Eginoren hilketa ikertu gabe gelditu zen.

Epilogoa

Itzala nagusitu da Arabako herri txiki hartan. Umeak etxera itzultzeko bidea hartu dute, arin eta pozik. Igela, ilunabarrero bezala, korrokan dabil. Hontzak esnatzen ari dira. Emakumeek ez dute apartekorik egin egun osoan, eta oraindik egurrezko aulki txiki haietan eserita jarraitzen dute, bake-bakean. Pipa erretzaileak jakin nahi luke:

- Nerium Oleander-a jarri zaio?

- Heriotzorria, bai...

 

-------------------------------------------------------

(1) In the pines folk abesti amerikarraren zati baten itzulpen librea.

(2) Sandro Pennaren poema zati baten itzulpena.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2023
Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-08-03 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioko kideok podcast, film, serie eta dokumental hauek gomendatzen dizkizuegu.


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


2023-08-03 | Mikel Aramendi
Txina 2023
Txikiok handia uler dezakegu, asmoz eta jakitez

Zehazten gaitza den 2023ko egunen batean gogora ekarri beharrekoa izango litzateke; baina, itxura guztien arabera, oharkabean geratuko da. Baina gogoan izanda edo izan gabe, aurtengo urriaren 1ean 74 urte beteko ditu Txinako Alderdi Komunistak Herri Errepublikaren erabateko... [+]


2023-08-02 | ARGIA
2023an entzuteko hiru disko

ARGIAko lantaldearen eskutik, hiru disko proposatzen ditugu uda honetarako.


Iñigo Urrutia
“Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian”

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Feminismoa
Maitasun-harremanen piramidea hankaz gora jartzeko beharra

Norberaren barne-barnetik agerturiko sentimendu sakon eta sanoa omen da maitasunarena. Esfera pribatuan eta intimoan zokoratu ohi ditugu maitasun-harremanak. Ordena hori aztertzeko, galdekatzeko, bestelakotzeko eta iraultzeko saiakeretan dabiltza aspaldian feminismotik. Sistemak... [+]


Alkohola, oharkabean pasatzen den droga

Zer da droga eta zer ez? Zer-nolako eragina dauka drogak inguruan? Horren bueltan mintzatu dira Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001), Maialen Alvarez (Ermua, Bizkaia, 1994) eta Ander Sagardoi (Iruñea, 1994). Drogarik kontsumitu ez arren, drogak inguratzen ditu; batez... [+]


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (V)
Ozaze: Bide huts, etxe huts

Ekainaren 3an Euskal Liburu eta Disko Azoka egin zen Ziburun. 2020ko hauteskundeetan aldaketa handia izan zen Lapurdiko kostaldeko herrian: abertzaleak nagusi dituen Ziburu Bizi zerrenda irekiak hogei urteetako gehiengoa irauli zuen. “Erakutsi behar dugu gai garela herriko... [+]


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (IV)
Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
IBILBIDEAK (III)
Erdiz: Baztango bazkaleku onenean, magnesita gose

Erdiz edo Erdizaga. Bertara eramaten dute azienda abeltzainek, Baztango bazkaleku hoberenak baitira hango larreak. 476 hektareako bazkalekua. Erregerena mendigunearen baitan kokatua, Baztan eta Esteribar haranen mugan. Herri lurrak dira, baztandar guztiek erabiltzen ahal... [+]


Eguneraketa berriak daude