Prekarietateak osasun publikoa ere hil dezake

  • Osasun publikora gero eta baliabide gutxiago bideratzen da Hego Euskal Herrian. Ohe gutxiago eta mediku gutxiago ditugu eta aldiz, diru publikoarekin gero eta gaixo gehiago bideratzen dira sistema pribatura. Langileen arteko elkartasuna indartzea izan daiteke gakoetako bat gizarte osoarentzako osasun arreta publikoa bermatzeko. Izan ere, gaitz larrienetakoa medikuen behin-behinekotasuna da: doktoreak isilik eta baldintza prekarioak onartzera lotzen dituen segurtasun falta etengabea.

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

2022ko abuztuaren 05ean - 01:54

Hego Euskal Herriko osasun publikoaren erradiografia eskaini du LAB sindikatuaren IparHegoa Fundazioak aurtengo martxoan egindako Ikusmiran txostenak. "Eraldaketa baten beharra" du izenburu, eta benetan egoera iraultzea lortzen ez bada, "sistema dual" batean bukatuko dugula azaldu du Jesus Oñate Osakidetzako LABeko ordezkariak: "Arduradun politikoak urte pila bat daramatzate gauza bera bilatzen, eta jada beren fruituak jasotzen ari dira. Helburu nagusia pribatizatzea da. Bi abiadurako sistema ezarri nahi dute: ahal duena pribatura joan dadila eta ezin duena itxaron zerrendara, osasun publikoak artatzen duen arte. Hori sustatzeko, Lehen Arreta desmantelatzen ari dira. Familia medikuak hitzordua astebete barrurako ematen badu eta gero traumatoloarengana bideratuko badu gaixoa, hiru hilabete itxaroteko prest ez dagoenak aseguru bat ordaintzen du lehen kontsulta azkarrago jasotzeko. Zeren aseguruek ez dute lehen kontsultatik aurrera gauza askorik kubritzen, errentagarrien zaien zerbitzuak ematen dituzte baina garestiak diren teknikak eta tratamenduak osasun publikoaren bizkar uzten dituzte". Lehen Arretako baliabide falten ondorioz familia medikuek duten lan karga hobeto ulertzeko, erreportaje honetan jaso ditugu Lehen Arretako mediku batek astebetean egin behar dituen eguneroko lanen agenda. Horrekin batera, aseguru pribatuen amuari gero eta herritar gehiagok heltzen diola islatzen duten datuak ere bildu ditugu.

Ikusmiran txostenean irakur daitekeenez, hauek dira Hego Euskal Herriko osasun sisteman kronifikatutako gaitz nagusiak: batetik, gero eta ohe kopuru txikiagoa ospitaleetan, Europar Batasuneko batezbestekotik “oso urrun”. Bestetik, profesionalen eskasia eta Madrilekiko menpekotasuna, han erabakitzen baitira MIR eta Erizainerako formazio plazak; profesional eskasiari lotuta, ez dago lurralde orekarik, hau da, ez dago herritar eta osasun langile kopuruen artean egon behar lukeen proportzioa ezartzen duen araurik. Dauden lanpostuetan ere bada zer hobeturik: langileen eskasiak langileen lan kargetan eragin zuzena du; behin-behinekotasun tasek gorantz jarraitzen dute, Osasunbidean %64 eta Osakidetzan %49,29raino iritsiz; lanpostu finkoak gero eta gutxiago dira eta datozen hamar urteetan erretiroa hartuko dute langileen erdiak baino gehiagok; eta langileen artean sexu-generoaren araberako soldata arrakala dago, Osakidetzan %20,4koa. Honekin guztiarekin batera, txostenak salatu du “zerbitzuak etengabe pribatizatzen” ari direla eta sare publikoak osasungintzan duen pisua ahultzen ari dela: 2009an osasun gastu osoaren %75a finantzatzen zuen sektore publikoak eta 2019an, berriz, %68,9. 2019an osasungintza publikora bideratu zen dirua EAEn Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6,1 izan zen eta aldiz, Europar Batasunean batez beste %7,9 bideratu zen. Euskal oasiaren ikurretako bat izan den osasun publikoa ez da Europaren dimentsioetara iristen inbertsiotan, ezta Espainiako Estatura ere (BPGaren %6,45 izan zen 2019an).

BILBO. 2022ko ekainak 26. Sindikatuek osasun publikoaren defentsan deitutako manifestazioa. Argazkia: @LAB_sindikatua.
Behin-behinekotasun tasak "basailutza" harremanak eta prekarietatea dakartza

25. orriko taulak erakusten duenez, urtez urte behin-behinekotasun tasa handitzen joan da Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoetan. 2015ean %31,64koa zen behin-behinekotasuna Osakidetzan eta 2021ean %49,29raino iritsi da. Osasunbidean proportzioa are larriagoa da: 2015ean %48koa zen eta 2021ean %64koa.

Azken urteetan (2020 eta 2021ean) pandemiaren ondorioz egin diren behin-behineko kontratuek ehuneko hori igotzen lagundu duten arren, “Hego Euskal Herriko osasun sistemaren behin-behinekotasun tasa izugarriek egiturazko arazo larri bat erakusten dute”, LABek txostenean adierazi duenez. Oñatek azaldu du urte luzetan irauten duen behin-behinekotasunak ondorio asko dituela, adibidez, langile eta zerbitzuburuen artean Erdi Aroan nagusi ziren "basailutza" harremanak sortzen direla: "Hainbesteko behin-behinekotasuna dagoenez, kontratu luzeak goxoki bat dira, eta gainbegiraleek kontratu onenekin jolasten dute bere gustuko lankideei emateko asmoz. Honen aurrean, langileak beren biziraupen hutserako mugitzen dira kontratu horiek lortzeko: beren eskubideen zapalketak onartzen dituzte batzuek, beste batzuek mesedeak egiten dizkiete nagusiei... Orain ematen diren harreman horiek guztiak ezinezkoak ziren duela hamabost urte. Kontratuen trapitxeoa badago, jokatzeko modu hori identifikatuta dago, jendeak ezagutzen du, eta oso zaila da hori salatzea: edo bere balioei sendo eusten dien pieza bateko pertsona da, edo gehienek azkenerako parte hartzen dute harreman horietan".

Osakidetzan eta Osasunbidean bi langile mota daude: medikuak ("fakultatiboak" deituak) eta gainerakoak. Oñatek azaldu duenez, "fakultatibo asko falta dira egituran, baina ez dituzte lanpostuak sortzen eta prekarioki kubriten dituzte behar horiek 'lan metaketako kontratuen bidez'. Kontratu hauek tenporalak dira eta bere iraupena gehienez 6 hilabetekoa da. Osakidetzan mota guztietako langileei egiten zaizkien kontratuen %55 lan metaketako kontratuak dira, baina fakultatiboen artean (medikuen artean) %80. Oñateren hitzetan, "horrek esan nahi du plaza kopuru handi bat falta dela". Beste lanpostuekin alderatuta medikuek duten muturreko behin-behinekotasunak ekarri du, Oñateren ustez, Osakidetzako oposaketetan egon diren filtrazioak fakultatiboen artean ematea: "Osakidetzako beste lan kategorietan eman ez diren iruzurrak eman dira fakultatiboen artean, plaza kopuru oso gutxi daudelako eta fakultatiboen kontratazioa aparte egiten delako, ezkutuko beste arau batzuen bidez".

Hego Euskal Herriko sistema publikoetan ez dago medikuentzako egonkortasunik, Oñatek azaldu duenez: "Sei hilabeteko kontratu horiek luzatzen dira baldin eta zerbitzuburuak nahi badu, beraz, medikuak esanekoa izan behar du, goikoekin gatazkarik badu ez diote kontratua luzatuko. Gainera, esanekoa ez denak lan egiteko oztopo asko izango ditu, bai osasun publikoan eta bai pribatuan, zeren espezializatutako zerbitzuburuek askotan bietan egiten dute lan eta beraz, haren menpekoak ezin du ezertan txintik esan, zeren eta publikoan lana galtzen badu seguraski ez du pribatuan ere lortuko. Horregatik daude langileak isilpean eta ez dira gehiago kexatzen". Horren guztiaren ondorioz, Oñatek azpimarratu du karrera ikasten hamabi urte pasa dituzten fakultatiboen (medikuen) egoera "askoz prekarioagoa dela gainerako osasun langileena baino. Jendartean beste iritzi bat dago, uste da medikuak ederki bizi direla, kobratu egiten dutelako. Baina lan baldintzak begiratuta, prekarizatuenak dira. Lanordu kopurutan, oporrak hartzeko oztopotan, egun libreak hartzeko oztopotan, guardia kopurua gainditzen dute... Lan baldintzetan oso-oso zapalduta daude, batez ere finkoak ez direnak. Horrela finkatzen dute bere obedientzia, otzantasuna, eta zerbitzuburuak ikusi duenean urtetan pertsona horrek ez duela arazorik ematen, pribilegio batzuk emango dizkio, eta gorena, azterketa filtratzea plaza lortzeko. Sistema horrelakoa da: medikuek, hasten direnean, kaka asko irensten dute, baina asko eta asko, eta urteekin plaza lortu arte beren lan eskubideak ez dira ia existitzen".

ARRASATE. 2022ko ekainaren 6an, Debagoieneko osasun langileen protesta, zuzendaritzaren «estortsio sistematikoa» salatuz. Argazkia: Jon Urbe / Fokus.

Oñatek azaldu duenez, behin-behinekotasunak arazo larriak dakartza eskaintzen den osasun arretaren kalitatean ere: "Langileak etengabe ari dira leku batetik bestera mugitzen eta ez du denborarik ematen ohitzeko eta ezagutza hartzeko. Ez da gauza bera traumatologiako solairu batean lan egitea edo barne medikuntzakoan aritzea. Eta behin-behinekotasunak dakar profesionalek aste batean lan egingo dutela trauman, hurrengoan barne medikuntzan, hurrengoan arnas arazoetakoan... horrela ez dute esperientziarik lortuko lan ona egiteko, eta formazioa jasotzeak ez du merezi. Osakidetzak ez du formakuntzan diru asko inbertitzen, ez delako baliagarria: zertarako emango diote langile bati bere lanean birziklatzeko astebeteko formazioa, kontratua hilabetekoa badu?".

Lantaldeetan datozen urteetan eragingo duen beste aldagai garrantzitsu bat belaunaldi aldaketa da: hurrengo hamar urteetan lantalde finkoaren %53 erretiratuko da Osasunbidean eta %55 Osakidetzan. IparHegoaren txostenak nabarmendu duenez, “plantilla finkoa ez da berritzen ari oro har, edo behintzat, ez behar beste. Osasunbidean azken hamar urteetan plantilla finkoaren %19 galdu da eta Osakidetzan ere, 2019an plantilla finkoaren igoera bat izan arren, azken urteetako joera beheranzkoa izan da. Neurriak hartu ezean, plantilla finkoaren jaitsiera izugarria izango da egungo langileek erretiroa hartzen joan ahala”. Osasun sailburuek sorbaldak jasoz mediku falta dagoela errepikatzen dute behin eta berriz baina Oñatek salatu du urteetako planifikazio eza dagoela egungo mediku gabeziaren atzean: "Egia da profesional gabezia dagoela, baina hori hala da Jaurlaritzak egin duen politikagatik, profesional gabezia egotea bilatu duelako. Estrategia honek urte luzeetako bidea du, zeren eta  egungo mediku eta profesional gabezia oso erraza zen aurreikusteko: urtero mila pertsonak hartzen du erretiroa. Beraz, jende hori guztia ordezkatzeko plan bat behar da. Hamar urtez dirauen salbuespeneko egoera bat bizitzen ari gara eta neurriak jada duela urte batzuk hartu behar ziren. Orain gauden egoeran, konponbide azkar bat lortzea oso zaila da eta behar du oraingo gobernuak ez duena: epe ertain eta luzera begirako plan bat".

Ohe kopuruak %14 egin du behera azken 13 urteetan

Ikusmiran txostenak ohe kopuruen datuak jaso ditu. Oñatek azaldu duenez, "ohe kopurua oinarrizko datu bat da, zenbat pertsonak lan egin behar duen jakiteko. Baina ratioak markatzerakoan, kontuan hartu behar da gaixotasuna ere: beharren aldetik ez da berdin traumatologiako solairuko gaixo bat edo barne medikuntzakoa, hauek pluripatologikoak izaten direlako eta langile gehiago behar dituztelako". LABek urteak daramatza zera eskatzen: biztanleko osasun langile ratio bat finkatzea. Ikusmiran txostenean ere ratio lege bat aldarrikatu du, “populazioarekiko profesional kopurua (osasun zein beste arlo batzuetakoak) ezarriko duena. Honela, enplegu duin eta egonkorra ziurtatuko litzateke, pribatizazioen aurrean osasun publikoa blindatu eta osasungintza zerbitzu hobe bat eskaini ahal izango genuke”.

Biztanleko ohe eta osasun langile ratiorik ez dago oraingoz, eta gainera, ohe kopurua gero eta txikiagoa da. Nafarroan 2007an zeuden 2.517 oheetatik 360 itxita zeuden 2020an, hau da, %14,3 murriztu dituzte oheak hamahiru urteotan. Osakidetzan beherakada antzekoa izan da (%14,5ekoa), izan ere, 2007an 8.246 ohe zeuden eta 1.200 gutxiago 2020an. Ohe horietatik, Nafarroan %71 dira sistema publikokoak eta EAEn %83.

Hego Euskal Herrian 100.000 biztanleko dugun ohe kopurua askoz txikiagoa da Europako batezbestekoa baino. Europan 531,97 ohe daude 100.000 biztanleko: Alemanian dituzte biztanleko ohe gehien, 791,48 hain zuzen ere aipatutako 100.000 biztanleko; gutxien, berriz, Suedian, 207,10. Bada, EAEk 336 ohe ditu 100.000 biztanleko eta Nafarroak 326, beraz, gertuago dago Europako taulan azkenaurrekoa den Espainiatik, beste inongo lurraldetik baino (Frantziako Estatua da taulan atzetik hasita hurrengo herrialdea, eta honek baditu 583,79 ohe 100.000 biztanleko). IparHegoa fundazioak ikerlan honetan nabarmendu duenez, Europar Batasuneko batezbestekora iristeko 1.384 ohe gehiago beharko lirateke Nafarroan (egungoak baino %39 gehiago) eta 4.148 ohe gehiago EAEn (egungoak baino %37 gehiago).

Europar Batasunean baino %1,8 gutxiago inbertitzen da osasun publikoan EAE-n

Europar Batasunean batez beste BPGren %9,9 bideratu zen osasun gastura 2019an (COVID-19 pandemiaren aurretik, beraz). Herrialdeen artean, gehien inbertitzen dutenak Alemania (BPGaren %11,7) eta Frantziako Estatua (%11,1) dira. Espainiako Estatuak %9,1 bideratu zuen. Aldiz, EAEn urte berean BPGren %8,9 bideratu zen eta Nafarroan ez dago datu hori jakiterik, azken datuak oso aspaldikoak (2007koak) baitira.

Osasunean inbertitzen den zaku horretatik, ahalik gehien osasun publikora bideratu behar dela defendatzen du IparHegoak, “osasun-zerbitzuetarako sarbidean unibertsaltasun eta ekitate printzipioak betetzen direla bermatzeko”. Ordea, osasun publikoaren kasuan are handiagoa da Europaren eta EAEren arteko aldea. Izan ere, 2019an Europar Batasunak osasun gastura bideratu zuen zaku osoaren %79 baino gehiago izan zen osasun publikoarentzako. Eta estatuen bi herenetan, sare publikora bideratu zuten osasun gastuaren %70 baino gehiago (Espainiako Estatuan %70,6). Aldiz, EAEn urte berean osasun gastu osoaren %68,9 bideratu zen sare publikora. IparHegoaren azterlanak nabarmendu du azken hamar urteetan 7 puntu jaitsi dela EAEn osasun gastutik sare publikora bideratu den proportzioa, 2009an osasun gastuaren %75 bideratu baitzen sare publikora.

Barne Produktu Gordinaren arabera neurtuta, Europar Batasunak osasun publikoan inbertitu zuen bere BPGaren %7,9 (Espainiako Estatuak %6,45). Aldiz, EAEn BPGaren %6,1 bideratu zen osasun publikora. Nafarroako daturik ez badago ere, IparHegoak estimazio bat egin du eta adierazi du BPGaren %5,4 inguru izango dela 2019an osasun publikora bideratu zuena.

IparHegoa fundazioaren lanak nabarmendu du osasun gastu publikoaren barruan ere, hainbat zerbitzu pribatizatuta daudela, hau da, profesional eta enpresa pribatuekin sinatutako itunen bidez azpikontratatzen direla. 2019an EAEn osasun gastuen %5,4 (guztira 221 milioi euro) bideratu ziren sektore pribatuarekin sinatutako itunetara. Eta Nafarroan urte berean osasun gastuaren %6,8 bideratu zen enpresa pribatuekin adostutako itunetara (72 milioi euro). Oñatek azaldu du berez dena pribatizatzen dela osasun publikoan, baina modu diferenteak erabiliz: "Sanitarioak ez diren zerbitzuak pribatizatzen dira lizitazioen bidez: mantenimendua, garbiketa, sukaldea, anbulantziak (larrialdiak izan ezik)...Baina bada medikuen lana pribatizatzeko beste bide bat ere: deribazioak. Hau da, osasun publikoan itxaron zerrenda oso luzea dagoelako gaixo bat pribatura bideratzen dugunean, han jasotzen duen arreta guztia (mediku, erizain, erradiologo...) da pribatua. Geroz eta deribazio gehiago egiten da. Pandemia garaian itxaron zerrendak handitu dira eta beraz, deribatzeko 'beharra' handitu da. Baina osasun publikoan mediku kopurua handituta ez legoke deribatu beharrik".

Jon Tornerrek eta Maitane Gartziandiak landutako infografia.

IparHegoa Fundazioak eskatu du pribatizazioarekin bukatu eta dagoeneko pribatizatu diren zerbitzuen errebertsioa egiteko: "Enpresa pribatu batek osasun eta zerbitzua lehenetsi ordez, irabazi ekonomikoak lehenetsiko dituelako. Errealitateak erakutsi digulako, pribatizazioek langileen lan baldintzen eta zerbitzuen okertzea eragiten dutela”.

Erreportajean zehar aipatu diren arazoei aurre egiteko, Oñatek osasun publikoaren aldeko plan bat eskatu du: "Gizarteak badaki osasun publikoa eraginkorra dela. Baina benetako neurriak hartu behar dira, inbertsioa handitu behar da eta fakultatiboen lan baldintzak babestu behar dira: batetik, jendeak hemen lan egin nahi izan dezan eta profesional eza gainditzeko, eta bestetik, jendearen beharrak asetzeko".

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2022
Rafael Poch de Feliu (Geopolitikan aditua)
“Gerra nuklear batek irekiko lizkiguke begiak, akaso”

Kezka sumatzen zaio Rafael Poch de Feliuri elkarrizketan. Diosku, besteak beste, gerra nuklearraren arriskua erreala dela, gainbeheran dauden inperioek sarraskiak egiteko joera historikoa dutela eta Mendebaldean bide horretatik goazela, Txinaren eta AEBen artean akordiorik ezean... [+]


Durangoko herejeak
Disidentziaren mendetako aztarna

Durangaldean XV. mendean sortu zen heresiari erantzunez, Espainiako inkisizioak hango herritarrak –batez ere emakumezkoak– hamarkadatan eta mendetan jazarri zituela diote ikerketa berrienek. Kasuak agerian utzi du botere erlijioso eta politikoak disidenteen beldur... [+]


2022-08-18 | Peru Iparragirre
Henry David Thoreau
Bizitzaren muinaren bila


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


Ibilbide geologikoak (V)
Toloño: faila erraldoi bat Pirinioen mugan

Arabako Errioxako lurretan mahasti onenak hazi eta ardoak gustuz ontzen badira, ez da soilik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi kultur transmisio baliotsu batek iraun duelako; duela milioika urte izandako gertaera tektoniko baten ondorioz ere bai.


Ibilbide geologikoak (II)
Santxikorrota: Bardea Zuriko iraganaren lekukoak

Lurraren historia geologikoa urtebetean laburtu beharko bagenu, Errege Bardea abenduaren 30ean sortu zela azpimarratu dute adituek. Baina hala ere, milioika urte ditu.


Ibilbide geologikoak (III)
Geoparkeko flysch harrigarria irakurtzen

Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.


Ibilbide geologikoak (I)
La Verna: Larrako karstaren azpian

Euskal Herritik atera gabe koral arrezifeetan, basamortuetan eta glaziarretan barrena bidaiatu dezakegu, denboran atzera eginez gero. Geologiak kulturarekin, ekologiarekin eta politikarekin duen lotura estua deskubrituko dugu inguruari arreta pixka bat jartzen badiogu, eta... [+]


Euskal literatura itzulia
Zer irakurtzen diguten katalanek eta zergatik hain gutxi

Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita... [+]


Eguneraketa berriak daude