Egunerokotasunaren zama, abiadura eta konplexutasuna astunegiak bilakatzen direnean, batzuetan, sinpletasuna dugu amets, zibilizazio kapitalistaren gurpil geldiezinaren zaratatik eta zapalkuntzatik aldentzea, oraindik beste erritmo bat duela dirudien naturara gerturatzea, “itzultzea”. Horretarako ikuspegi aproposa da AEBetako Ingalaterra Berrian 1820 eta 1830 urteen bueltan gorpuztu zen Transzendentalistena. Haien artean bereziki ezaguna da Henry David Thoreau (1817-1862). Naturalista eta idazlea izan zen, besteak beste, eta haren liburu sonatuena euskaraz irakur dezakegu joan den udazkenetik. Katakrak etxeak eman zuen argitara Walden, Danele Sarriugarteren itzulpenean.
Itzulpen lanaz gain aipagarria da liburuaren aparatu kritikoa, Antonio Casado da Rocha adituaren hitzaurrea eta irakurketa-ibilbide proposamena eta liburuko askotariko erreferentziak argitzen dituzten oin-oharrak, egilera eta obrara gerturatzeko laguntza ezin hobea.
Harvarden ikasketak burutu, familiaren arkatz-fabrikan arkatzak egiteko modurik hoberena bilatu eta topatu eta irakasle lanetan aritu zen Thoreau 1840ko hamarkadaren erdialderako, baina badirudi obra literario esanguratsu bat idatzi ahal izateko asmoari bide eman ezinik zebilela. William Ellery Channing poetak gutun batean horrela idatzi zion 1845eko martxoan: “Ez dut zuretzat lur honetan ezer irudikatzen ez bada behinola ‘Briars’ izendatu nuen zelaia; joan bertara, eraiki zuk zeuk txabola bat, eta hasi bertan zeure burua jateko prozesu handia. Ez dut beste alternatibarik, beste esperantzarik zuretzat. Jan ezazu zeure burua, ez duzu beste inor jango, ez beste ezer”.
Ralph Waldo Emerson transzendentalista, Thoreauren kide eta babesleak Concordeko (Massachusetts, AEB) Walden aintziraren inguruko baso zati bat utzi zion Thoreauri, ingurua zaintzearen truke. Bertan txabola bat eraiki zuen, bere eskuez eta ingurukoen laguntzaz. Bi urte, bi hilabete eta bi egun eman zituen hor, 1845eko uztailaren 4tik 1847ko irailaren 6ra. Bilaketa espiritualaren eta testigantzaren artean mugitzen da testu aberatsa. Elkarrizketa bezala luzatzen eta korapilatzen da, baina elkarrizketa bezala jariatzen du. Egonaldia bizimodu sinplearen bilaketa praktikan jartzeko baliatu zuen Thoreauk. Bilaketa bikoitz horretan ez zuen bere burua isolatu, laguntza izan zuen txabola eraikitzerako orduan, bisitari ugari izan zituen, eta bera ere maiz joaten zen herrira, etena ez zen gizartearekiko, baizik eta gizartearen dinamika batzuekiko.
Xedea sinpletasuna izanik ere, aburuen, aurreiritzien, tradizioaren, iruzurraren eta itxuren lokaztian hondoratzeaz ari da Thoreau liburuan, horren guztiaren pean legokeen arrokaz osaturiko hondo gogor batera heldu arte, dioenez, errealitatea dei dakiokeena. Horretarako, iturri askotako uretatik edaten du Thoreauk, baina liburuan behin eta berriro aipatzen ditu Indiako tradizio filosofikoaren irakaspenak, egile latindar eta greko klasikoak… Irakurketa eta entzuketa batzen ditu, naturaren behaketa eta meditazioa, espiritualtasuna eta auzi politikoak; eta ez zaio falta umorerik, satirarik, distantziak batzuetan lausotzen duena.
Modu argian azaldu zuen Thoreauk berak zein zen bere asmoa: “Basora joan nintzen modu deliberatuan bizi nahi nuelako, bizitzaren funtsezko egitateak soilik kontuan hartzeko, eta ikusteko ea irakasteko zuena ikas nezakeen, heriotza heltzerakoan ez nintzela bizi izan kontura ez nendin. … Sakonki bizi nahi nuen, eta bizitzaren muin guztia zurrupatu, irmoki eta espartarki bizi, bizitza ez zen hori guztia bazterrean uzteko, bizitza bere terminorik oinarrizkoenetara murrizteko, eta, gogorra balitz bere gogortasun oso eta zinezkoa jasotzeko, eta bere gogortasuna mundu zabalera argitaratzeko; edo sublimea balitz, esperientziaz izateko haren berri, eta hurrengo txangoan horren egiazko kontakizuna egin ahal izateko”.
Henry David Thoreauk idazteko espazioa topatu zuen Waldenen, bere burua mantentzeko bizimodua ateratzearen eta idatzi ahal izateko denboraren arteko gatazkak ukatzen ziona.
Memoriatik abiatuta idazten zuen Thoreauk. Horretarako, egunerokoetan jasotakoa ohikoa baino koaderno handiago batean kopiatzen zuen, pasartearen azpian meditaziorako tartea utziz. Oraindik orain iturri agorrezinak dira Thoreauren egunerokoak, AEBetan osorik argitaratu ziren lehen egunerokoak, 24 urtez osatutakoak, bi milioi hitzetik gora dutenak, eta sorkuntza literariorako baliatutako “long book” koaderno handia.
Emaitza oparoa eman zuen Waldeneko egonaldiak: 1839an bere anaiarekin egindako bidaian oinarritutako A Week on the Concord and Merrimack Rivers liburuaren bi zirriborro amaitu zituen, baita miresten zuen Carlyle idazlearen inguruko azterlan bat ere. Waldenen bizitzen ari zela egin zuen Maineko Katahdin mendiaren igoaldiaz ere idatzi zuen, baita hain ezaguna den eta euskaraz irakur daitekeen Desobedientzia zibila liburuaren ernemuinean dagoen hitzaldia ere, AEBen Mexikoren inbasioaren eta esklabotzaren aurka protesta egiteko zergak ez ordaintzeagatik atxilotu ostean, gau bat Concordeko espetxean igaro ondoren osatutakoa. Walden liburuaren lehen zirriborroa ere idatzi zuen bertan, 1854an argitaratu zen arte berridazten aritu zena.
[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]
Kezka sumatzen zaio Rafael Poch de Feliuri elkarrizketan. Diosku, besteak beste, gerra nuklearraren arriskua erreala dela, gainbeheran dauden inperioek sarraskiak egiteko joera historikoa dutela eta Mendebaldean bide horretatik goazela, Txinaren eta AEBen artean akordiorik ezean... [+]
Durangaldean XV. mendean sortu zen heresiari erantzunez, Espainiako inkisizioak hango herritarrak –batez ere emakumezkoak– hamarkadatan eta mendetan jazarri zituela diote ikerketa berrienek. Kasuak agerian utzi du botere erlijioso eta politikoak disidenteen beldur... [+]
Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.
Arabako Errioxako lurretan mahasti onenak hazi eta ardoak gustuz ontzen badira, ez da soilik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi kultur transmisio baliotsu batek iraun duelako; duela milioika urte izandako gertaera tektoniko baten ondorioz ere bai.
Lurraren historia geologikoa urtebetean laburtu beharko bagenu, Errege Bardea abenduaren 30ean sortu zela azpimarratu dute adituek. Baina hala ere, milioika urte ditu.
Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.
Euskal Herritik atera gabe koral arrezifeetan, basamortuetan eta glaziarretan barrena bidaiatu dezakegu, denboran atzera eginez gero. Geologiak kulturarekin, ekologiarekin eta politikarekin duen lotura estua deskubrituko dugu inguruari arreta pixka bat jartzen badiogu, eta... [+]
Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita... [+]
Osasun publikora gero eta baliabide gutxiago bideratzen da Hego Euskal Herrian. Ohe gutxiago eta mediku gutxiago ditugu eta aldiz, diru publikoarekin gero eta gaixo gehiago bideratzen dira sistema pribatura. Langileen arteko elkartasuna indartzea izan daiteke gakoetako bat... [+]