Onaro.eus webgunean sartu eta lehen begiratuan Internet eta telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin topo egin duzula pentsatuko duzu. Gero harrituko zaitu informazio guztia oso sinple eta zuzen erakutsita egoetak, apaingarri eta hitz panpoxik gabe. Prezioak multinazionalenak baino merkeagoak izateak erakarriko du zure arreta, publizitaterik eta “oferta hobeezinik” bidean etengabe agertu gabe. Baina, alderik handiena barruan dauka. Izaeran. Oñatiar guztiei, salbuespenik gabe, telekomunikazio zerbitzuak baldintza eta prezio justuetan bermatzeko lanean ari da Onaro, merkatuaren “errentagarritasunak” bazterrean uzten dituenak lehentasun.
Elkarren berri izateko, gestioetarako, lan egiteko, ikasteko, ligatzeko, kulturaz gozatzeko… gure bizitzan gutxika-gutxika barreneraino txertatzen joan da Internet. Sarera konektatuta ez dagoen ia gailurik ez da honezkero, eta pandemiaren etorrerak eta haren kudeaketak handitu dute esponentzialki Interneten nonahikotasuna. Sarera sarbide izatea aukera baino behar bihurtu da.
Egoera horren jakitun ziren Oñatiko Udalean. Telekomunikazioaren multinazionalek oso konexio kaskarra eta garestia (kasu batzuetan 80 euro hilero) eskaintzen die herriko zenbait etxeri, eta beste zenbaitetan konexiorik edo estaldurarik ere ez dago. “Udalean sartzean gure asmoetako bat zen banda zabaleko Internet landa eremura eroatea, auzokideek hala eskatuta, baina gabezia hori areagotu zuen pandemiak”, dio Oñatiko alkate Izaro Elorzak (EH Bildu). “Konfinamendu garaian, 2020ko apirilean, hainbat ikasle geratu zen ikasketak etxetik jarraitu ezinik, eta orduan Izarkom telekomunikazio kooperatibarekin batera, Internetera konektatzeko SIM txartelak erosi eta banatu genituen beharra zuten haur eta gazteen artean”.
Izarkomen eta Udalaren arteko elkarlan hori proiektu handiago eta integralagoaren aurrekari izan zen. Udala 2019an hasi zen aztertzen herriko arrakala teknologikoari nola egin aurre. Betiko eredutik jo zezaketen: ehunka milaka euroko inbertsioa egin, sarearen azpiegitura zabaltzeko, eta gero azpiegitura hori lizitazioa irabaziko zukeen enpresaren jabetzan utzi. Baina, hori baino ondorengoa galdetu zioten beren buruari: “Dirutza publikoa jarri behar bada, multinazional batena izan ordez zergatik ez da inbertsioa denona izango?”. Izarkomek 2020 hasieran Oñatin teknologia burujabetzaz emandako hitzaldiaren ostean, heldu zioten beste bide hori jorratzeari elkarrekin. Hasieran asmo txikia zena, Euskal Herrian parekorik ez duen eredua ezartzeraino iritsi da.
Beharrak eta erantzunak
Lehen ideia landa eremuko etxe batzuei Internet eramatea zen. Baina laster jabetu ziren bi nodo jarrita landa eremu osoari eskaintzeko moduan izango zirela. Geroago, herrigunean ere zonalde batzuek arazo berdintsua dutenez, haientzat ere konponbidea bilatu beharrean izan ziren. Hala, telekomunikazio azpiegitura publikoak berpasatzeari ekin zioten. Eta alfonbra azpian denbora luzez ezkutatutako txanpona bezalaxe, zer aurkituko eta zuntz optikodun sare oso bat. “Aztertzen hasi eta sorpresa! Herrigunean zuntza jarrita genuen”, dio Elorzak irribarrez. Eta irakurleak zentzu handiz pentsatuko du, ehunka milaka euro balio dezakeen azpiegitura bat “topatu”?. Bada, bai.. “Udal askotan gertatzen da. Galdetzen hasi eta azkenean sorpresa asko topo egin izan dugu”, dio Iker Garaialde Izarkomeko zuzendariak. “Horrelako proiektuetan udalekoentzat dugun lehen galdera beti bera da: ba al daukazue baliatu dezakegun azpiegiturarik, nodoak edo errepikagailuak jartzeko adibidez? Eta erantzuna normalean oso lausoa izaten da. Askotan ez dakite edo, adibide honen tankerakoa: ‘Bai, tira, badaukagu dorre bat hor, Movistarrek erabiltzen duena’. Eta guk: ‘Ziur zaudete haiena dela?’. Ondoren, paperak begiratzen hasi eta konturatzen dira dorre hori Udalak aspaldi ezarri zuela udaltzainen komunikazioentzat, baina azken urteotan Movistarrek erabiltzen duela, inkluso baimenik eskatu gabe. Eta hala, ‘Movistarren dorrea’ da, azpiegitura publikoa bada ere. Adibide bat besterik ez da, baina askotan gertatzen zaigu”.
Elektrizitatetik Internetera
“Oñatin argindarraren zikloa eskaintzen dugu Udalak sortutako hiru enpresen bitartez: sorkuntza Ur Jauziak SA, banaketa Oñargi SL eta merkaturatzea eta zuzeneko arreta Markaoña SL. Oñargi eta Merkaoñaren atzean %100 dago udala. Ur Jauziak-en akzioen %81 udalarena da, %10 Goiener-ena eta %9 Energiaren Euskal Erakundearena”, azaldu digu alkateak. 2000. urtetik aurrera egiten dute horrela eta gaur egun oñatiarren %85 ingururi ematen dio argindarra Oñargik. Baina jakina, elektrizitatea herritarrei helarazteko, aurrena sare fisikoa eratu behar izan zuten. Eta, 20 urte eta gero, argindarra banatzeko kable-sare horretan “aurkitu” dituzte zuntza eta transformazio-guneak, elektrizitate kontagailuen jarraipena egin ahal izateko jarritakoak. “Zuntz sare propioa izateak proiektuari beste dimentsio bat emateko aukera eman digu, hori izango da gure proiektuaren enborra eta lotune nagusia. Hortik abia ditzakegu bestelako sareak, auzoaldeetara bideratzeko adibidez”. Azpiegitura hori eskura izanda, ezin aukera pasatzen utzi eta proiektuari helburu gehiago ezarri zioten.
Telekomunikazio operadorea sare neutro eta publikoan
Argindarra herritik bertatik kudeatzearen esperientzia eta azpiegitura edukita, hurrengo pausu naturala biak uztartzea izan zen: telekomunikazioen arloan ere burujabetzaren bidetik jotzea, operatzaile publikoa sortuz: Onaro. Proiektuaren helburu nagusia jarria zuten, Oñatin zuntz sare optiko publiko, neutro eta librea erabiliz, telefonia eta Internet konexioak herritar guztiei eskaintzea. Horretarako argindarra merkaturatzeko Merkañonaren izaera juridikoa eta bulegoa baliatu dituzte, 2017tik lan hauetan ari den Izarkom kooperatiba bidaide hartuta. Izarkomek kontu teknikoetan lagundu eta haren bitartez eskaintzen ditu Onarok telefono txartelak edota Interneterako sarbidea. “Zerbitzu osoa emango duen izaera publikodun lehen ekimena da. Herri batzuk badira ildo horretan zerbait egiteko gogoz, horregatik da garrantzitsua Oñatiko esperientziaren garapena egokia izatea. Telekomunikazioak herritarren esku jartzeko bidean, eredu inportantea izan daiteke”, dio Iker Garaialdek.
"Zerbitzu osoa emango duen izaera publikodun lehen ekimena da Oñatikoa. Telekomunikazioak herritarren esku jartzeko bidean, eredu inportantea izan daiteke”
Iker Garaialde
Telefono kontuetarako Izarkomen aukera eta prezio berak eskaintzen ditu Onarok. Eta Interneti dagokionez, landa eremuan 30 megako banda zabaleko konexioa, hilean 25 euroren truke. Eta erdigunean, berriz, 100 edo 600 megako zuntz simetrikoa izango dute eskuragarri, hilean 29,99 edo 49,99 euro ordainduta. Udalaren hitzetan herritarrak 300-400 euro aurreztu lezake urtean.
“Zer gertatzen da operadore handiekin? Sekulako ofertak egiten dituzte bezero berriak lortzeko, zerbitzu berdina prezio erdian eta horrelakoak. Baina denbora pasata, betiko bezeroei gutxika-gutxika prezioa igotzen diete, eta askotan kontratatutako baldintzak ez dituzte bermatzen, abiadura kasu. Edo askotan zerbitzu-paketeetan sartzen dituzte behar edo erabiltzen ez direnak, prezioa garestituz”, dio Elorzak. Oñatiko eredua bestelakoa dela eta gakoa gardentasuna dela diote. “Gurean aukeratu dezakezu nahi duzuna zure beharren arabera. Hauxe da jasoko duzuna eta hauxe da prezioa. Kito. Eta aldaketarik balego, ondo azalduta eta argudiatuta”, dio alkateak. Gainera, herritarrentzat errazagoa da kudeaketa. Argindarraren esperientziagatik jendeak ezagutzen du Merkañonaren bulegoa eta Onarok ere leku berean du herritarrentzako gunea. Mareatu gabe arreta zuzena edukitzea eta zalantzen aurrean lagunduko zaituena aurpegi ezaguna izatea abantaila dute. Areago, gertutasuna proiektuaren muinean dago. Xabier Igartua sozioekonomia zinegotzia, alkateordea eta proiektuaren arduradunetako bat da. Haren hitzetan, “gure proposamena da norberak egitea bere baserri edo eraikineko proiektua, beharrak zeintzuk diren ikusi ondoren, obrak edo instalazioak bertako elektrikari, informatikari edo bestelako langileekin egitea. Hala, diru hori ere herrian geldituko da. Guk formakuntza eskainiko diegu profesional horiei. Herritik eta herritarrentzako proiektua da".
Lehentasuna behar handiena duenak
“Banda zabala iristen ez zaienengana eraman dugu aurrena. Landa gunetik hasita, behar handiena hor dagoelako. Hara, hasiera batean, uhin bidez eramango dugu Internet, ekonomikoena eta zerbitzua berehala ematen hasteko errazena delako, baina etorkizunean hara ere zuntza iristea nahiko genuke”, dio Izaro Elorzak. Landa eremuan 210 eraikin daude Interneteko sarbide egokirik edo batere gabe. Horietatik 117 etxetan jendea bizi da, erroldaren arabera. Eta hala, egin duten inbertsioari esker, horien %85era iritsiko direla azpimarratu du Elorzak. Landa auzoetako baserrietan antena bidez jasoko dute Interneteko seinalea. Antenak maileguan utziko ditu Onarok sarearen azpiegitura komun eta partekatuaren parte. Baserrietan egindako probak ondo atera direnez, honezkero martxan dira. Herrigunean bizi diren herritarren eskaerak jasotzen ari dira, proiektua ezagutarazi eta auzoetara ere informazioa helarazi ahala.
Herri barruan ere badira banda zabalerako sarbiderik ez duten zonalde batzuk. Zuntz sare publikoa iristen ez den kasuetan, momentuz, beste enpresa batzuen azpiegitura erabiliz bermatuko dute Interneterako sarbidea. Baina, Elorzaren hitzetan, asmo nagusia ahantzi gabe: zuntz sare propioa Oñatiko leku guztietara eramatea. Hori egiteko inbertsioa egin behar da –sare nagusitik atarirainoko lotura– eta hori hainbat etxe edo ataritako auzokideen artean egitea aztertzen ari dira. Sare publikoa erabiltzeak zerbitzua merketuko du, ez zaiolako erabilera-kanonik ordaindu beharko hirugarren enpresa bati haren azpiegitura erabiltzearen truke. Horrela, herritarrak hasierako gastu hori urtebetean amortizatu dezakeela kalkulatu dute udal ordezkariek. “Gainera azpiegitura bakarra izateak sinplifikatzen du sistema, herrian barrena ez dakit zenbat kable bota beharrean, enpresa bakoitzak berea, herrian sare bakarra izan nahi dugu, operatzaile guztientzat erabilgarri”, ohartarazi du Elorzak.
Denei irekia
Oñatiko Udalak operadore propioa sortu badu ere, prestatzen ari diren sare publikoa ez du Onarok bakarrik erabiliko. Nahi duen operatzaile orok erabiltzeko aukera izango du. “Izarkom prest zen proiektua bultzatzeko, baina betiere udalak sortuko zuen sarea, libre, ireki eta partekatua izanez gero. Oñatiko Udalak hori oso argi zuen, eta horretarako lizentzia prestatzen ari da operatzaile guztiek konexioa eskain dezaten, guk barne”, dio Iker Garaialdek. Izarkomen helburu nagusia da Euskal Herrian telekomunikazio azpiegitura, zerbitzu eta baliabideak eskuratzea, horien izaera libre, irekia eta neutroa bermatuz. “Hori lortzeko ez du zertan eragile bakar batek lan egin behar, Oñatiko esperientzian bezala, baloreak konpartituta, elkarlanaren bidetik egin daiteke”.
"Argindarra, ura, elikadura, telekomunikazioak… oinarrizko gaietan burujabe izateak duen garrantziaz jabetzen ari gara herritarrok eta udaletik ere saiatzen ari gara bide horretan erantzunak bilatzen”
Izaro Elorza
Izarkomeko kideei kezka beste zerbaitek pizten die horrelako proiektuetan. “Sare publikoa deitzen diogu sarearen jabe udala delako, baina haren jabetza soilik udalaren esku egoteak arriskurik ere badu. Zenbait urte barru udalean agintean izango denak sarearen izaeraz iritziz aldatuz gero, hankaz gora jar lezake dena”. Zentzu horretan Oñatiko alkateak garrantzia eman dio udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoen arteko adostasuna lortu izanari. Udal gobernuak ezaugarritu eta sustatu du Onaro, baina oposizioaren babesarekin ere jaio da. Herritarrentzat onura izanik, zerbitzuak alderdi politikoetatik harago joan behar duela dio Elorzak.
Izaera publikoa eta legearen oztopoak
Onaroren atzean sozietate mugatu bat dago, diru publikoz sortutakoa. Haren izaera publikoa bermatzeko aukera bakarrenetakoa da enpresaren administrazio kontseiluan udaleko ordezkariak egotea. Telekomunikazio legeak galarazten du erakunde publikoek beren izenean telekomunikazio sarerik hedatzea. “Telekomunikazioen sektorea ultraliberalizatuta dago, guztien artean liberalizatuena da”, Garaialderen ustez. Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC) traba asko jartzen diela kexu da. “Merkatu librean lehia librea bermatu behar dela esaten digute, enpresen arteko lehiari esker prezioak jaisten direla dioen diskurtso faltsua bere eginez. Eta hala, bulkada publikoa duten proiektuei oztopoak besterik ez dizkiete jartzen. Sare publikoak hedatzeko dugun zailtasunik handiena da”.
Horregatik, Izarkomeko kideen ustez, modu egokiena da jabetzan eta kudeaketan gizarte eragileak gehitzea, izaera komunitarioa bermatzeko. Udala aukera hori aztertzen ari da. “Arriskua benetakoa delako, aurretik ikusi izan dugu nola pribatizatu diren diru publikoz egindako sareak, ezagunena Euskaltelen kasua”, ohartarazi du Garaialdek. Udalean gai hori aztertzen ari direla esan digu alkateak. “Neutraltasuna bermatzeko, aurrerantzean azpiegitura hauek nola kudeatu pentsatzen ari gara. Fundazio baten bidez? Kooperatiba sortu? Badira aukerak”.
Haizea alde?
Hasieran telekomunikazio burujabetza eta sare libreen alde “urte asko desertuan predikatzen, inork gutxik kasurik egin gabe” izan direla dio Iker Garaialdek, baina azken urteotan egoera aldatu egin dela. “Gizartean txertatzen ari da aldaketa nahia. Oinarrizko beste zenbait zerbitzu publiko diren bezalaxe, gero eta gehiago gara uste dugunok telekomunikazioetan izaera publikoa lehenetsi behar dela. Bizitzaren arlo askotan islatzen den filosofia hori hedatu egin da eta erakunde publikoetara ere ari da iristen. Argiago geratzen ari da zerbitzu horiek, Internetekoa kasu, gutxinaka desmerkantilizatu behar ditugula”.
Izaro Elorza ere iritzi berekoa da. Burujabetzarako gogoa zabaltzen ari dela dio, ohiko ereduetatik kanpoko alternatibak sozializatu ahala. “Txikitik eta gertutik sortutako alternatibak abiatzeak lan handia eskatzen du, noski, errazagoa da beste batzuen esku uztea, baina behin martxan hasita, emaitza eta zerbitzua hobea da herritar guztientzat. Argindarra, ura, elikadura, telekomunikazioak… oinarrizko gaietan burujabe izateak duen garrantziaz jabetzen ari gara eta udaletik ere saiatzen ari gara bide horretan erantzunak bilatzen, beste egiteko modu batzuk topatzen, eraldatzaileak eta sozialak direnak, bestelako balore batzuk dituztenak. Beharra dagoenean, erantzuna tokikotik sortuz gero, emaitza hobea izateko askoz aukera gehiago dago”.
Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.
Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]
Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]
Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]
Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]
Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]
Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren... [+]
Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]
Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.
Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu. Beste artikulu honetan beste horrenbeste ikus-entzunezko ere gomendatu ditugu.
Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola,... [+]
Burujabetza eta etxebizitza. Horratx bi termino, hemen eta orain, kasik antagonikotzat jo daitezkeenak. Etxebizitzak, babesleku eta atsedengune izatearekin batera, elkar zaintzarako eta norbere bizi proiektua aurrera eramateko espazio behar lukeenak berez, merkantzia forma... [+]