Eskubide bat merkantzia bilakatuta

  • Burujabetza eta etxebizitza. Horratx bi termino, hemen eta orain, kasik antagonikotzat jo daitezkeenak. Etxebizitzak, babesleku eta atsedengune izatearekin batera, elkar zaintzarako eta norbere bizi proiektua aurrera eramateko espazio behar lukeenak berez, merkantzia forma hartzen baitu gutxi batzuen eskuetan eta logika kapitalistaren mende egonik. Langabezia eta soldata zein pentsio prekarioak orokortutako errealitate izanik, ikaragarri puztutako alokairua ordaindu beharra karga ekonomiko nagusia bilakatzen ari da geroz eta etxe gehiagotan, biharamunean aterpea izatearen bermea galduta. Alabaina, bada panorama beltz horretan zirrikiturik aurkitzen diharduenik. Lagin gisa, esperientzia parea ekarri ditugu orriotara: etxebizitza kooperatiba proiektu hasi berria, eta urte luzeetako okupazio esperientzia. Bata zein beste uler baitaitezke etxebizitzaren alorrean burujabetzarantz pauso bat emateko saiakera gisa.


2021eko abuztuaren 02an - 07:40
Ilustrazioa: Xabier Sagasta

Etxebizitzaren alorrean jazotzen ari den krisialdi berri baten existentziaz mintzo ginen orain urtebete eta konfinamendua bete berritan, ARGIAren 2.694. zenbakian argitaratutako Koronabirusak lehertuko al du etxebizitzaren burbuila? erreportajean. Kaleratzeak, pertsiana jaistera behartutako negozioak eta aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak (ABEE) eguneroko ogi bilakatuta, etxebizitzaren ordainketari aurre egiteko zailtasunak edo ezintasunak zituzten pertsonen kopurua ikaragarri haziz zihoala oharturik, COVID-19aren agerpenak eta kudeaketak jada existitzen zen etxebizitzaren arazoan nola eragin zuen aztertzen zen bertan. Momentuko egoera ulertzeko, azken urteetan problematikak izan duen bilakaerari erreparatu zitzaion aurrena: 2008ko Atzeraldi Handiaren eraginez areagotutako prekarietateak alokairua bilakatu zuen gehiengo zabalarentzat alternatiba habitazional erreal bakarra –merkatuaren logikaren baitan, beti ere–, alokairuaren eskaria handituz; eskaintzak, baina, kontrako norabidea hartu zuen, etxejabe askok beren jabetzak askoz errentagarriagoa den alokairu turistikoaren merkatura lekualdatzearen ondorioz; eta etxebizitzaren eskaintza eta eskariaren arteko desoreka horren erdian inbertsio funtsek –“funts-putre” gisa ezagunak– agerraldia egin zuten, etxebizitzak masiboki erosiz eta horien prezioak igoz, merkatuko batezbesteko prezioen etengabeko gorakada eraginez. Emaitza: eskaintza urria eta geroz eta prezio garestiagoak, alokairuaren bueltan puztuz doan burbuilan hezurmamitu diren faktoreak. COVID-19aren eraginak eta beronen kudeaketak herritarren diru-sarreren eta alokairuen arteko arrakala sakondu duen honetan, mailaz igo da burbuilaren baitako presioa. Iaztik hona egoera ez da alderantzikatu, eta ez du hala egingo duenaren antzik.

Ez dira gutxi izan koronabirusak azaleratutako krisialdiaren eraginez etxebizitzaren prezioak behera egingo zuela ase arte errepikatu duten hedabide, ekonomialari edota higiezinen atariak. Alabaina, azken urteetan neurrigabeki puztutako prezioek bere horretan edo altuago diraute pandemia deklaratu zenetik. Idealista higiezinen atariko datuetan oinarrituz Espainiako Bankuak 2019an argitaratutako informearen arabera, 2014tik 2019ra alokairua %25 inguru igo zen Iruñean eta Donostian, %15 bueltan Gasteizen eta %10 inguru Bilbon. Ordutik hona, eta Idealistaren datuei segi, prezioek ez dute beherako biderik hartu lau hiriburuotan: 2019 urte akaberarako metro karratuaren alokairua 9,4 eurokoa zen Iruñean, 14,7 eurokoa Donostian, 9,4 eurokoa Gasteizen eta 12,5 eurokoa Bilbon; eta 2021eko lehen lau hilabetekoan, metro karratuaren prezioa, hurrenez hurren, 9,6, 14,7, 9,9 eta 12,5 eurokoa zen. Hots, azken urteetan ikaragarri puztutako prezioak mantendu egin dira Donostian eta Bilbon, eta are gehiago gizendu dira Gasteizen eta Iruñean. Hori hala da, hein handi batean, alarma-egoeraren aurrean Espainiako Gobernuak indarrean jarritako 11/2020 eta 37/2020 Errege Dekretu Legeek etxebizitza eskubidea bermatzea bainoago higiezinen merkatua eusteari erantzun diotelako. Dekretuotan jasotako etxebizitza alorreko neurriak zeozertarako izan badira efektibo, izan da alokairuaren prezioa bere horretan mantentzeko. Zailtasun ekonomikoak zituzten maizterrei ordainketen atzerapena –hots, maizterren zorpetzea– aurkeztu zaie aterabide gisa, eta etxe kaleratze prozesuak behin-behinean eten dira, kaltetuak zaurgarritasun egoera frogatzeko aukera izan duen kasuetan. Hainbat eragilek salatu dutenez, neurriokin arazoa atzeratu besterik ez da egin, merkatua ukiezin mantendu bitartean. Are, Etxegabetzeen aurkako dekretuaren eta etxebizitza arazoaren gaineko hausnarketak: langile klasea salbatzeko ala espekulazioa berraktibatzeko neurriak? idatziaren bitartez etxebizitzaren alorrean lan egiten duten Bizkaiko hainbat etxebizitza sindikatu eta elkarlaguntza sarek salatu zutenez, gibeleratu diren etxe kaleratze kasuak erabili dira diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko: “Dekretuan aurreikusten da etxegabetze bat bertan behera utziz gero, funts publikoekin konpentsatuko direla etxejabeen ‘galerak’, horiei alokairua ordainduz merkatuko prezioan. Esan nahi da: neurri hori, ordaindu ezin duten maizterrentzako laguntza gisa mozorroturik, berez esku publikoetatik pribatuetara egiten den diru traspasea da. Beste behin ere, galeren sozializazioaren eta onuren pribatizazioaren mekanismo klasikoaren aurrean aurkitzen gara”.

Aurki, alarma-egoerari dagozkion neurriak behin indargabetutakoan, martxan jarriko dira azken hilabeteetan bertan behera utzitako etxe kaleratze prozedurak.

Alarma-egoeraren bueltan hartutako neurriek abuztuaren 9an dute iraungitze data, eta tarte honetan guztian partzialki gibeleratzen joandako arazoaren munta ez da edonolakoa. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitaratutako Efecto de la Crisis en los órganos judiciales (Krisiak organo judizialetan izandako eragina) txostenean jasotzen denez, 2018an eta 2019an Hego Euskal Herrian gauzatu ziren etxe kaleratzeak 1.568 eta 1.372 izan ziren hurrenez hurren, eta 2020an aldiz 889. Ikusteke dago beherakada horren bigarren buelta, baina 2021eko lehen hiru hilabeteko datuak ez dira esperantzagarriak: ustez etxe kaleratzeak etenda egonik ere, %47,8ko igoera izan dute Nafarroan, eta EAEn igoerarik erregistratu ez arren, 213 etxe kaleratze gauzatu dira, iaz epe-tarte berean gauzatutakoak baino 20 gutxiago. Aurki, alarma-egoerari dagozkion neurriak behin indargabetutakoan, martxan jarriko dira azken hilabeteetan bertan behera utzitako etxe kaleratze prozedurak. Martxoaren 29ko El País egunkarian irakur zitekeenez, behin neurriok iraungitzen direnerako, Espainiako Estatuan 30.000 eta 40.000 etxe kaleratze espero dira. Paradoxikoa badirudi ere, etxean geratzeko agindu diguten hein berean, etxebizitza are gehiago urrundu digute eskubide izatetik.

Funtzio ekonomikoa, sozialaren gainetik

Oro har, bidean zen krisialdi ekonomikoa azeleratu besterik ez du egin birusak, baina beronen iritsiera geroz eta gertuago suma zitekeen iazko martxoaz aurretik ere. Kapitalismoak, bere muga propioekin topo eginik, bizirautea ahalbidetuko dion birfundatze zikloa abiatua zuela eta bere mugen gaindipena bermatzeko bizitzaren merkantilizazioa areagotzen ari zela ohartarazi zuen Bilgune Feministak Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan, Gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak: Bizitza erdigunean jartzea burujabetza kontua da ponentziarekin. Merkantilizazio horren ondorioez mintzatzerakoan, besteak beste, ondokoa zioten: “Bizitzaren prekarizazio basatia garatzen ari da eta hortaz, gure bizitzen gaineko kontrola galdu dugu aspektu askotan, egiturazko segurtasunik eza hedatuz. Oinarrizko baliabideak lortzeko zailtasun izugarriak ditugu, eta horiek eskura izanda ere, ez dakigu aurrerantzean izango ditugun ala ez, ezta zenbat denboraz ere”.

"Etxeak pertsonentzat, ez etekinak ateratzeko" eta "Bidezko alokairu bakarra alokairurik eza da" mezudun kartela (Autonomous Design Group)

Baieztapen hori nonbait azaleratzen bada gordin, etxebizitzaren esparruan da: geroz eta gehiago dira bizilekua ordaintzeko zailtasunak izanik, hurrengo hilabetean etxea ordaindu ahalko dutenik ziurtatu ezin duten pertsonak. Horren zergatia argi azaltzen du Júlia Nuenok Catarsi aldizkarian argitaratutako El sindicalisme avui: curtcircuitar el capital financer des de la lluita per l’habitage (Sindikalgintza egun: etxebizitzaren aldeko borrokatik kapital finantzarioari zirkuitu laburra egin) artikuluan: “Kapitalak bilatzen du hedatzea, aurretiaz merkatuari itxiak egon diren eremuak merkantilizatzea (…) etengabe ari da produkzio zikloak sortzeko merkatu-hobi berriak bilatzen”. Nuenok azaltzen du 2008an hori egitea lortu zuela hipotekak ordaindu ezin zituen jendearen etxeak bereganatuz, eta azken bost urteetan kapitala berriz ari dela metatze prozesu berri bat ekiteko eremu berri bila. Eremu hori zein izan daitekeen, zenbait pista ematen ditu: “Soldatek minimo bat badute eta ez bada posible horiek jaistea plusbalioa handitzeko, beharbada gure erreprodukziorako baliabideak lapurtzea, onargarriak ez diren alokairuekin, estrategia berri bat da kapitalaren hedapenerako. Alegia, kapitalak soldaten lapurreta berri batekin erauzi ezin dizkigun baliabideak alokairuaren igoerekin osten dizkigu”.

Júlia Nueno: "Kapitalak soldaten lapurreta berri batekin erauzi ezin dizkigun baliabideak alokairuaren igoerekin osten dizkigu".

Hain oinarrizkoa den beharrizana plusbalio iturri bilakaturik, etxebizitzaren alorrean gori-gori dago kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka. Bizi-filosofia aurrerakoi eta jasangarri gisa aurkezten zaizkigun cohousing edota coliving direlakoak –betidanik etxebizitza elkarbanatzea bezala ezagutu izan dena adieraztera datozen terminoak– ezin ulertu gatazka hori normalizatzeko eta asimilatzeko saiakera gisa ez bada; eta era bertsuan, kartsuki burutzen ari den okupazioaren kriminalizazioa nekez uler daiteke gatazka horren aurrean aterabide bakanetakoa deslegitimatzeko estrategia gisa ez bada. Bizitzaren eta kapitalaren arteko kontraesan geroz eta muturrekoago horretatik, baina, nahitaez ari da jendea etxebizitza duin bat izateko eskubideaz birjabetzeko saiakeretan; dela antolakuntza kolektiboaren bidez –etxebizitza sindikatuak kasu–, dela praktika indibidualekin –aterpe bat bermatzeko okupazioa erabiliz, demagun–, edo biak uztartuz. Bi bide horiek existitu eta elkarreraginean ari beharko dute etxebizitzaren funtzio merkantilistari soziala gainjarriko bazaio: norbanakoek egunerokoan emango dituzten pausoek urratuko dute etxebizitza burujabetzarantz bidea, baina helmugara heltzeko modurik bada antolakuntza kolektiboaren eskutik izango da ezinbestean, berorrek ahalbidetzen baitu arazoaren aurrean erantzun indartsu eta eraginkorrak ematea eta guztiontzako lorpenak erdiestea.

Etxebizitzaren aldeko borrokaren adierazpide kolektiboari noiz edo noiz heldu izan diogunez –urtarrilean argitaratutako Etxebizitzaren aldeko borroka. Arazo zaharrari, antolakuntza molde berriak erreportajean kasu–, honako honetan arreta fokuz aldatu eta norbanakoek etxebizitzaren alorrean burujabetzarantz emandako pausoetan erreparatu nahi izan dugu.

Ankurkulu, erabilera-lagapenerako etxebizitza kooperatiba

Etxebizitza eta kooperatiba terminoekin egin daitezkeen konbinazioak desberdinak dira, Komunitatean Bizi liburuan ñabartzen denez. Bi hitzen uztartzeak erreferentzia egin diezaioke kooperatibaren jabetzakoa izan gabe antolakuntza komunitarioan oinarritzen den etxebizitza kooperatiboari, edota etxebizitzen promozioa merkeago atera dadin sortutako etxebizitza kooperatibari. Azken hori da Hego Euskal Herrian etxebizitza kooperatiba eredu nagusia, behin kide bakoitzari bere etxebizitza esleitutakoan desegin ohi dena. Alabaina, bada horiez gain bestelako eredurik: erabilera-lagapenerako etxebizitza kooperatiba. Jabetza kooperatibarena izateak bereizten du etxebizitza kooperatibotik, eta sustapen kooperatiboko etxebizitza-kooperatibak ez bezala, funtzio soziala du ekonomikoa ordez; erabilera-lagapen ereduan oinarrituta, etxebizitzaren erabilera-balioa sustatzen du truke-balioaren ordez. Hartara, jabetza kolektiboa eta erabilera-balioa ardatz izanik, moztu egiten zaio bidea espekulazioari, etxebizitzari merkantzia izaera erauziz.

Gurean ere geroz eta gehiago dira eredu honi jarraiki abiatutako proiektuak. Berriki Koobizitza erabilera lagapeneko kooperatiben sarea osatu dute halako hamabost ekimenek, eta horiez gain, badira gehiago ere. Horietako bat da Munitibar eta Mendata artean dagoen Ankurkulu proiektua, zeinari duela bi urte hasi zitzaizkion bizia ematen Bego Karrandi, Gorka Barba, Nagore Arroitajauregi, Mikel Gómez eta Ainhoa Mendizabal –elkarrizketa egin zenetik erreportajea osatu arteko tartean familia handitu dute, Silvia Carrascosa, Ederra Zabala eta Amets Zabala ere batu baitira proiektura–. Esku artean darabiltenak piztutako jakin-mina asetu asmoz, etxeko kontuez jarduteko astelehenero egiten duten asanblada aurretik tarte bat kendu die kazetariak. Bost kideekin sukaldeko mahaiaren bueltan eseri baino lehen bisita gidatua egin dugu etxean zehar. Zenbait hilabeteko lanaren ostean obra lanak amaitu berri dituzte, eta kanpotik ohiko baserria dirudienak ezohiko distribuzioa du barrutik, familia eredu nuklearrari edo pertsona bakarrari begira pentsatutakoaren oso bestelakoa. Ankurkuluko espazioa bizi eredu komunitarioari egokituta dago: kooperatibako kide bakoitzak hiru gelako bizileku propioa du, eta gainontzean –komunak, liburutegia, egongela, sukaldea eta ganbara– denak dira espazio komunak. Horma arteko espazioa beren beharrizan eta gustuetara moldatu duten honetan, apurka-apurka hasiak dira kanpoaldeari zein forma eta erabilera eman pentsatzen; ortua, negutegia, oilotegia… Ideiarik ez zaie falta.

Ankurkuluko kideak ortuan, atzean beren bizilekua dutela.

Infusio kikaren bueltan ekin diote bost kideek proiektuaren gaur arteko ibilbidearen nondik norakoak azaltzeari. Sorreraz galdeginda, urteak egin dituzte atzera. Gómezek eta Barbak urte dezente daramatzate elkarrekin bizitzen, noizbait landagunean eta jende gehiagorekin bizitzeko ideia aspalditik buruan. Duela hiru urte pasa, Karrandi eta Arroitajauregirekin batera joan ziren bizitzera orain dauden tokitik ez oso urrutira: Arratzura. Han hasi ziren “amesten” egikaritzen ari direnaren antzerako proiektu batekin. “Etorkizuna nola irudikatzen genuen eta zer nahiko genukeen elkarbanatzen hasi ginen, elkarrekin eta jende gehiagorekin bizitzeko nahia azaleratu zen, eta niretzako hori inflexio puntua izan zen. Oroitzen dut ostean oporretara joan ginela, eta banuela zeozer mugitzen ari zenaren sentipena. Eta ostean Ankurkuluk forma hartu zuen”, azaldu du Karrandik oroitzapenak argiztaturiko aurpegiaz. Behin ideiak forma hartuta, berau errealitate bilakatzeko moduen bila hasi ziren, aukera posibleak aztertuz; hala egin zuten topo erabilera-lagapenerako kooperatiba formarekin, eta berorren aldeko hautua egin zuten proiektuari forma juridiko bat ematerako orduan. “Ondo zetorkigun forma da, bai baitauka atze ideologikoa”, dio Gómezek. “Jabetzaren ulerkerari beste buelta bat ematen dio”, gehitu du Karrandik. Forma horren alde apustu egiteko arrazoiez mintzatzerakoan, ematen dien segurtasuna ere aipatu dute, kideen joan-etorri posibleen aurrean proiektua bermatzea ahalbidetzen baitu: “Bizitza aldatu egiten da, eta beharbada biharko egunean joan egin behar duzu. Forma honek ahalbidetzen du kasu ezberdinetan pertsonak sartu eta irten ahal izatea”, azaldu du Barbak. Kooperatiban bizitzeari utzi behar dionak bazkide izateari uzten dio, eta bazkide egin behar du proiektura batu nahi duenak. Hasieratik izan dute argi jende gehiagorekin bizi nahi dutela, eta familia handitzeko aurreikuspen horiek ere tarteko egonik, eredu horri egoki iritzi zioten.

Beste hainbat kasuri erreparatuz gero, Gómezek sentsazioa du beraiek ohikoaren kontrako norabidean egin dutela etxebizitza kooperatiba sortzeko bidea: “Etxea merke antzean suertatu zitzaigun, eratua genuen lotura estua duen lagun nukleoa, eta orain hasiko gara bizikide gehiagoren bila. Ezagutzen ditugun esperientzien kasuan alderantziz izaten da”. Bidea atzekoz aurrera egiteagatik, baina, ez dituzte bideko oztopoak saihestu. Banketxeari mailegua eskatzerakoan, obra lanetarako lizentzia eskatzerakoan, etxejabearekin… trabak eta “doako epaiketa” aurkitu dituzte. Proiektua ulertzeko ezintasunarekin edota erresistentziekin egin dute topo: banketxeek galdegin diete ea mailegua zergatik ez zuen beraietako norbaitek eskatzen “modu normalean”, eta etxeko obra onartu behar zutenek ez zuten ulertzen zer dela eta nahi zuten etxe unifamiliarra egin, jende guztia etxeak zatikatzen ari den garaiotan. “Horrek, azken finean, badauka puntu ideologikoa”, ñabartu du Arroitajauregik. Alor burokratikotik harago ere identifikatu du zailtasunik Karrandik, eta erreferente faltaz mintzatu da; haurdun dago bera, eta hala dio: “Laster ume bat egongo da etxean, eta agian etorriko da besteren bat ere; zentzu horretan, nori galdetzen diozu nola antolatzen dituzten zaintzak?”. Jada bidea egin dutenengatik jasotako oro eskertzen dute, kooperatiba sortzekoan Gordexolako Ametxe proiektuko kideek estatutuak utzi izana kasu. Baina orokorrean etengabeko entsegu-akats prozesu batean daudela deritzote, noizbehinka nekeza egin ohi dena, baina oro har balioan jartzen dutena. Beren hitzetan, “etengabeko ikasketa” izaten ari da etxea.

Aspektu batekin bat datoz etxeko guztiak: oro har, jendeak baliokidetzat jotzen ditu komunitatean bizitzea eta arazoak izatea.

Oztopoen tokian irakaspenak begiztatzen dituzte, eta hori, hein handi batean, kolektiboan aritzeari dagokio. Aho batez diote gaur arte egindako bidea egitea ezinezkoa izanen zela komunitatearen existentziarik gabe. Une gogorrak egon direnik ez dute ezkutatzen, batez ere obrak eta konfinamendua, dena batu zitzaien garaian. Alabaina, “taldea izan da erraztasuna” Gómezen iritziz. “Kanpotik batzuk diote ostiaka amaituko dugula, baina begira, hemen gaude, eta orain are gehiago ezagutzen dugu elkar eta kohesio maila handiagoa dugu; zentzu horretan asko ikasi dugu, pila bat”, dio Barbak. Honek aipatutako aspektu batekin bat datoz etxeko guztiak: oro har, jendeak baliokidetzat jotzen ditu komunitatean bizitzea eta arazoak izatea. Denek nabaritu duten zerbait da. “‘Ze polita, baina zuretzat’ edo ‘izango da polita, baina a zer nolako nagitasuna sartzen zaidan pentsatze hutsarekin’”, tankera horretakoa izan ohi da batzuen erreakzioa Mendizabalen arabera. Kontrara, kolektiboan bizitzea probatuta, Karrandiri dagoeneko ez zaio bideragarria iruditzen eguneroko lan kargari bakarrik edo bikotekidearekin aurre egitea: “Luxua da, adibidez, kalitatezko otorduak ziurtatua izatea eta norberak soilik astean pare bat aldiz kozinatu behar izatea”. Askok gatazka iturria ikusten duen tokian eraldaketa eta garapen pertsonal zein kolektiborako aukera ikusten dute ankurkulutarrek. Barbaren iritziz, “elkarbizitzan, nolabait esatearren, ispilu baten aurrean zaude etengabe, eta hori da niretzat honetatik guztitik kañeroena. Hortik etortzen dira, ziurrenik, ortutik baino gatazka askoz gehiago”. Aspektu hori landu eta kudeatzeari deritzo berak proiektuaren alde potenteenetarikoa. Izan ere, eta elkarrizketa amaitu baino lehen azpimarratu nahi izan dutenez, Ankurkulu proiektu politikoa ere bada, eta jakina denez, eginkizun politikoa oinarrizkoenetik hasten da; pertsonaletik, alegia.

Ez da maila indibidualera mugatzen Ankurkuluren zentzu politikoa. Hortxe ari dira feminismoak azken urteetan hainbeste aldarrikatutako bizitza erdiguneratzeko aferari bueltaka, zaintzen banaketaz hausnarrean. Eta ikuspegi ekologista nabarmena da hainbat aspektutan: besteak beste, etxea erosterakoan eraikinarekin batera eskuratu zuten ia hektarea bateko terrenoan bertako basoa landatu dute –eukaliptoa zegoen landatu berri, eta auzolana deitu zuten eukaliptoa kendu eta bertako basoa landatzeko–, eta etxea ekologikoki ahalik eta pasiboena izan dadin, inbertsioa egin dute biomasa galdara jartzeko. Grabagailuak jasotako azkenetariko hitzek hala diote: “Zerbait eraldatu nahi izatera, hemendik hasi beharko dugu”.

Hamar urtez okupatzen

Bazkaltzeko egin dugu hitzordua Carlosekin [Izengoitia jarri diogu. “Egia esateko, lotsatu behar den norbait baldin bada, hori ez naiz ni” diosta, baina zalantza egin ostean anonimotasuna mantentzearen alde egin du]. Tempeh-a saltsan, sukaldetik datorren usaiak atetik sartu orduko gatibatu eta ezkaratzeraino gidatu gaitu. Suaren bueltan elkar agurtu, eta mintzagai izango dugun gaia buruan, inguruari erreparatu dio elkarrizketatzaileak; duela urtebete inguru okupatutako etxeak beste bat dirudi tarte honetan guztian Carlosek egin dizkion konponketa eta apainketekin. Hankaz gora eta lohiturik aurkitutako etxeari lehen ez zeukan bizia dario: goitik beherako garbiketak eta logelak zein sukaldea mimoz atondu izanak lagundu du horretan, eta horman zintzilikatutako argazki eta koadroek, diskoz jositako apalategiek eta serigrafia tailerrak, besteak beste, goxo bilakatu dute espazioa. Etxeko bero horretan bete dugu sabela, ostean elkarrizketari ekiteko. Leihoaz bestalde lanbrotsu dago giroa, etxean goxo egoteko egun horietako bat da, eta Carlosena aterpe atsegina da kanpoko girotik babesteko.

Okupazioari dagokionez bere ibilbidea ezagutarazi nahirik denbora darama Carlosek. Zehazki, masa hedabideek okupazioaren kriminalizazioari ekin ziotenean piztu zitzaion bere esperientzia sozializatzeko nahia, hedatzen ari zen okupazioaren inguruko diskurtsoa desarmatzeko balio zezakeelakoan. Izan ere, eratu den eskrupulurik eta hurkoarenganako errespeturik gabeko “okuparen” figuraren hainbat klixe hausten ditu, hamar urteko esperientzia oinarri. Albistegietan agertzen diren gaiari buruzko berriak gezurra direla dio, eta horien bidez okupatzen duen pertsonari gizatasuna kentzen zaiola iritzirik, bere nahia da “jendeari erakustea pertsonak garela”.

Carlos bere etxeko sukaldean.

Duela hogei urte okupatu zuen lehenbizikoz etxebizitza bat. Kantabriakoa da bera, eta hamazazpi urte inguru zituenean Bilbora osterak egiten hasi zen lagun taldearekin, bertako skate-pistetan aritzeko. Joan-etorri horietan inguruetako okupazio esperientziak ezagutuz joan zen, eta bereziki eman zion arreta Deustuko Erriberan zegoen eraikin okupatu andanak; hara gerturatzen hasi zen, eta dionez, orduantxe hasi zitzaion interesatzen okupazioaren mundua. Alabaina, etxetik dezente urrutiago egin zuen salto praktikara: “Holandan zabaldu nuen lehen aldiz etxe bat. II. Mundu Gerrako ospitale militar bateko gorputegia zen, eta hantxe bizi izan ginen, urik eta argirik gabe”. Ordutik, hirian zein landagunean kokatutako okupazio proiektu ezberdinetatik igaro da, eta behin baino gehiagotan aurkitu du bere burua lehenbiziko esperientzia hartan izandako arazo beraren aurrean, ur zein argi-hornidurarik gabe. Ez da gaitzik onik ez dakarrenik ordea, eta ulertzera ematen duenez, horri esker areagotu zaio baliabideekiko arduratsu jokatzeko joera: “Zinez eskertzen dut txorrota ireki eta ura ateratzea, edo etengailuari eman eta argia piztea. Eta horrek lotura du nire jokaerarekin: ez nauzu ikusiko urik alferrik galtzen, eta argia piztuta uztea ez da zerbait oso ohikoa nigan”. Elkarrizketatzailea, lagunak dioenaren testigu.

Okupatzen hasteko hautua hartzera zerk eraman zuen galdetzerakoan, interesa eta arrazoi ideologikoak aipatzen ditu. Hots, prekarietatea ez zen izan salto hori emateko motibazioa: “Ez neukan arazo ekonomikorik. Are, lana eta soldata ona nituen, baina horrek egunean hamabi ordu kentzen zizkidan, astean sei egunez. Ez neukan bizitzarik, alegia”. Okupazioan aurkitu zuen denbora librea berreskuratzea ahalbidetuko zion truke txanpona. Hori bai, bere gaur egungo egoerari dagokionez, aitortzen du prekarietatea badela okupatzearen arrazoietako bat. “Zio ideologikoek hor diraute, baina prekarietateari loturikoak batu zaizkio; lan mundua asko aldatu da azken hogei urteetan”.

Carlos: “Hutsik dagoen etxebizitza, geldirik dagoen autoa edo erabiltzen ez den gailu elektronikoa bezalaxe, hondatu egiten da denborarekin. Etxe honek arrisku izateari utzi dio bertan norbait bizi denetik”.

Sestaon bizi da egun, duela urtebete eskas okupatutako etxebizitza batean. Ordura arte kale berean bizi izan zen hamar urtez, alokairuan. “Aita izan behar nintzela jakin nuenean, erabaki nuen lehen aitatasun urteetan haurraren heziketan zentratu nahi nuela. Bizitzan beti izango dituzu arazoak, baina okupazioak badakartza zenbait arazo gehigarri, eta nik aitatasunean nahi nuen zentratu ahalik eta gehien”, azaldu du. Hori bai, ñabartu du hori posible izan zela etxearen alokairua onargarria zitzaielako: “Ez geneukan okupatzeko beharrik alokairua arrazoizkoa zelako”. Bizi-egoera aldatu egin zitzaion ordea, eta aterpea bilatzeko beharrean ikusi zen. Egoera horretan zela, kale bereko etxe baten egoerak eman zion arreta: kristalak hautsiak zituen, eta usoak ikusten zituen bertara sartu-irtenean. “Nabarmena zen hutsik zegoela”. Hala bada, okupazioaren bidea berrartzea erabaki zuen. Bertan bizi da ordutik, apurka-apurka konpontzen eta atontzen ari den bizilekuan.

Hilabete eta erdiz ez zuen jakin etxea norena zen, harik eta egun batean bertan zegoen tableta bat konektatu zuen arte. Gailua piztu eta kontaktuetako bat ezagutzen zuela ohartu zen. “Deitu egin nion, eta bere nebaren etxea okupatu nuela jakinarazi”, dio. Berria ez zuen ongi hartu bestaldean zenak, eta hargatik, hurrengo egunean bertan etxea husteko prestaketa lanei ekin zien. “Nik nire arazoa konpondu nahi nuen, baina ez inori arazoak sortzearen kontura”. Alabaina, bertara sartu zenean etxeak zuen zarraila berriz jartzera zihoala harrapatu zuen etxejabearen arrebaren deiak: nebak eta biek hitz egin zutela eta iritziz aldatu zutela jakinarazi zion; nahiago zutela ezagun bat egotea bertan bizitzen eta geratzeko bertan, baimena zuela. Carlosen ustetan, erabaki horrek bi aldeak mesedetu ditu: “Hutsik dagoen etxebizitza, geldirik dagoen autoa edo erabiltzen ez den gailu elektronikoa bezalaxe, hondatu egiten da denborarekin. Etxe honek arrisku izateari utzi dio bertan norbait bizi denetik”. Izan ere, azaldu duenez, bertan bizitzen jarri eta gutxira eraikineko zorrotenak arazoak ematen hasi ziren, aberiaren arrazoia etxebizitza horren egoera txarra izanik. Arazo horrek gatazkari ordez egoera egonkortzeari eman zion bide, balio izan baitzion bizilagunekin harremana estutu eta konfiantza eratzerako orduan; arazo puntuala konpontzeko erraztasunak jartzeak ahalbidetu dio bizilagunengana gerturatzea. Etxebizitzaren egoera hobetzeak ere lagundu dio eraikinean bizi direnen konfiantza irabazterako orduan, nahiz eta hartutako lanak ez dituen helburu horrekin hartu. Zentzu horretan, hala dio: “Etxe bat uzterakoan, edo bertatik kanporatzen nautenean, nahi izaten dut aurkitu nuenean baino egoera hobean utzi”.

Carlos: “Etxe bat uzterakoan, edo bertatik kanporatzen nautenean, nahi izaten dut aurkitu nuenean baino egoera hobean utzi”.

Egungo auzokideekin duen tratuaz mintzatzerakoan, hedabideak diotenarekin kontraesanean agertuz, “elkarbizitza eta okupazioa eskutik doazela” azpimarratu nahi izan du. Bere iritzitan, okupazioarekin nahasten ari dira beronekin zerikusirik ez daukaten kontuak. Ez du adibiderik jarri nahi izan merezi ez duten kontuei oihartzun gehiago ez ematearren, baina elkarbizitza arauak urratu dituzten eta hainbat hedabidek mediatiko bilakatu dituzten kasuez mintzo da. Horien trataera mediatikoak berez isolatutako kasu zirenak zerbait orokortua bailiran aurkeztu ditu, eta okupazio mugimenduarekin lotu. Gertakari horien aurrean eta hainbat hedabidetatik hedatzen ari zen irakurketa desmuntatu nahian, hala zioen Bilboko Okupazio Bulegoak Okupazio, arrazakeria eta txiroen arteko gerraz hausnarketa batzuk idatzian: “Langile klaseko jendea bizi den etxeak zabaltzea, haiekin espekulatzea, edo etxebizitza horietan hirugarrengoak esplotatzea sarraskeria kapitalista da (…) Eta horrek ez du okupazioarekin zerikusirik”. Bi gauzak nahastuz dihardu okupazioa kriminalizatzen duen diskurtsoak, eta eragina izaten ari da jendartean eta bereziki Carlosen ingurunean; ARGIAren 2699. zenbakian argitaratutako erreportaje batek zioen bezala Okupazioaren kriminalizazioak gogor jo du Ezkerraldea, jendea ustez okupatuta zeuden etxeetatik kanporatzeko hainbat auzokide mobilizatzea lortzeraino. Carlosek ez du horren harira albo-kalterik pairatu, arduraz bizi duen arren. Ez da gutxiagorako. Aipatu erreportajean egiten zen irakurketaren arabera, jokoan dagoena bizi dugun krisiak hartuko duen norabide politikoa baita: haserrea “txiroen arteko gerra” bilakatu dezakete, ala herritarron prekarizazioaren –eta beraz, etxebizitza bermatua ez izatearen– erantzuleengana bideratu daiteke. Bi alde horietako zeinetarantz lerratzen den gehiengoa, etxebizitzaren funtzio soziala eskuratzetik gertuago ala urrutiago egotera pasako gara. Bi alde horietako zeinetarantz egin balantzak, biharko egunean bizilekua izango dugunaren bermea izango dugu, ala ez.

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
2021-08-13 | June Fernández
Zaintza sistema
Kaka ongarri bihurtu

Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


Burujabetzarako bidea elikatzen

Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]


Osasuna autokudeatzeaz
COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitatearen bidez Hernani burujabetzarantz

Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]


Uraren ibilbidea
Zazpi egun eta mapa bat, urak emandakoa ez galtzen ikasteko

Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren... [+]


Burujabetzak uztartzeaz:
Burujabetzen ebakipuntuak, etorkizuneko kartografietan

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


2021-08-02 | ARGIA
2021ean gozatzeko hamabi ikus-entzunezko

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.


2021-08-02 | ARGIA
2021ean irakurtzeko hamahiru liburu

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu. Beste artikulu honetan beste horrenbeste ikus-entzunezko ere gomendatu ditugu.


Teknologia burujabetza: Menpekotasunaren kontzientziak astintzeko

Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola,... [+]


2021-08-02 | Axier Lopez
Oñatiko Onaro
Sarea geureganatu, multinazionalen zain egon gabe

Onaro.eus webgunean sartu eta lehen begiratuan Internet eta telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin topo egin duzula pentsatuko duzu. Gero harrituko zaitu informazio guztia oso sinple eta zuzen erakutsita egoetak, apaingarri eta hitz panpoxik gabe. Prezioak... [+]


Eguneraketa berriak daude