Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek berdean ere negozioa egiteko olatua abiatu dute. Baina berez, herri bat behetik gora burujabetzarantz pausoak ematen joateko aukera dira energia komunitateak. Guztiek "komunitate" hitza darabilten arren, dena baita nola egiten den.
Europar Batasunak, 2018ko eta 2019ko zuzentarauen bidez, energia komunitateak bultzatzeari ekin dio. Alegia, tokian toki, eragile ezberdinen artean (erakunde publiko, herritar, elkarte, enpresa...) izaera juridiko propio bat sortzea (kooperatiba edo elkarte bat) sustatzen du, energia gaiak bultzatzeko. Zehazki energiaren eremuan hasi du Europak bide hau, baina berrikuntza soziala bultzatzeko froga modura ere hartu daiteke, eta zentzuzkoa dirudi pentsatzea formula hau ongi irteten bada hurrengo urteetan beste gaietara zabalduta ikusiko dugula, adibidez elikaduran.
Europako zuzentarauen mamiaz galdetu diogu sorreratik energia komunitatea den Goiener kooperatibako lehendakari Santi Ochoa de Eriberi, eta testua oso aurrerakoia dela erantzun digu: "Txundituta gaude, sarrerako hitzetan zera azpimarratzen baitu: 'Nabarmen geratu da norma gardenen faltak, eta erabakimena duten organismo desberdinen arteko koordinazio ezak iturri berriztagarrietatik datozen energien zabalkundea zailtzen dutela'. Beste harribitxi bat: 'Gehiegikeriak ekidin eta parte-hartze zabala bermatzeko, energia berriztagarrien komunitateak (...) komunitatearen parte diren merkatuko bestelako ohiko aktoreekiko autonomia gorde behar du'. Baina gauza bat da zuzentarauak zer jartzen duen eta bestea zer irakurketa egiten dugun. Eta gero, estatu bakoitzak zuzentarau hauek bere legedira nola ekarriko dituen". Transposizioa egiteko epea ekainean bukatzen zen eta lerro hauek idatzi direnean, Espainiako Gobernuak oraindik egiteko zeukan.
Zuzentarau hauek mami handikoak izateak badu bere azalpena: ibilbide baten emaitza direla. Adibidez, Europako alkateen itunak bultzatu izan du klima aldaketaren aurrean tokian tokiko erakundeek neurriak martxan jartzearen aldeko konpromisoa hartzea. Eta bere xumean Rescoop.eu elkartea aipatu digu Ochoak: elkarte honek batzen ditu Europan dauden Goiener bezalako energia berriztagarrien kooperatibak eta Bruselan egonik, lobby lana egiten du: "Elkarte xumea da baina Europan 1.250 energia kooperatiba eta milioi bat lagun baino gehiago batzen gaitu".
Energia komunitateak bultzatzen dituzten zuzentarau hauetan, Goienerrek ekonomia soziala bultzatzeko aukera ikusi du: "Eta ez edozein ekonomia soziala, solidarioa baizik. Eta proiektu horietan burujabetza sustatu behar da, zeren zuzentarauek komunitateari aitortzen diote erabakimena, proiektu motak definitzeko. 'Hori Goiener da!' Esaten genuen duela bi urte, gaia mugitzen hasi zenean. Beraz, 'goazen Goiener txikiak bultzatzera' pentsatu genuen. Erabaki genuen gure papera bidelagun izatea izango zela: beste kooperatiba txiki asko sortzen laguntzea, eta haiekin interkooperazioa eta elkarlana bultzatzea".
Baina Goienerrek komunitatea eta burujabetza ikusi dituen zuzentarau horietan, azpiegiturak eraikitzen dituzten ingeniaritza etxe handiek eta energia ez berriztagarrien konpainiek "diru publikoaz negozioa egiteko lerro berria" irakurri dute. Eta horri gehitu zaizkio errekuperazio ekonomikorako Next Generation dirulaguntzak; eta justu 2020ko abenduan aldatu den Espainiako Sektore Publikoaren Legea, pandemia argudiotzat hartuta malgutasun handiagoa ematen duena hitzarmen publiko-pribatuak egiteko errekuperazio ekonomikoa sustatzearen izenean... ekaitz perfektua lehertu da urtarrilaz geroztik, Ochoak azaldu duenez: "Operazio hau zer da? Europatik denon diru publikoa enpresa pribatuetara pasatzea, era azkar batean. Aitzakia ezin hobearekin: berriztagarria, aldaketa klimatikoa, gure menpekotasun energetikoa... nork esango dio ezetz?". Ochoak argi du: "Energia berriztagarriak bultzatu behar dira? Noski! Baina nola? Hor dago gakoa".
Urtarriletik maiatzera gaiak su hartu duela eta olatutzar bat zabaldu dela azaltzeko datu hau eman du Ochoak: "Epe horretan Hegoaldeko 80 eragilerekin bildu gara, haiek eskatuta, 64 herritan. Gure agenda hankaz gora jarri da. Enpresa handiak pelagikoekin doaz udaletara, eta handik egun gutxira deia jasotzen dugu herri horretatik, 'hau zer arraio da?' gaiaz galdezka. Bisita egin eta azaltzen diegu energia komunitateen gaia zertan den, gure filosofia, zer aukera ikusten ditugun... eta askok esaten digute 'hori bai, horrela gustatzen zaigu. Orain egin egin behar dugu!' Eta besteek, gutxienez beste bertsio edo ikuspegi bat entzuteko aukera izan dute”. Enpresa handiek negozio lerro berria irensteko abiatutako olatuak, Goienerri ubera harrapatzeko aukera ekarri dio: "Orain martxan dagoen proiektua Hernanikoa da, eta abiatzera goaz Zestoan, Leitzan, Lea ibarran, Otxandion eta Balmasedan. Eta hamalau udaletara bidali ditugu aurrekontuak, bidelagun izan eta martxan jartzeko". Baina proiektuak euren kasa martxan jartzea ere sustatu nahi du Goienerrek, eta horretarako prozesu hauen metodologia biltzen ari da gida-liburu batean Elhuyarrekin batera. Guztien eskura jarriko dutela azaldu du Ochoak: "Edozein eragile, lantalde edo herrik tresna bat izatea nahi dugu. Nahi badute Goienerrek lagunduko die martxan jartzen, baina nahiago badute tokiko enpresa batekin egitea, edo horrelakoetan esperientzia duten norbanakoekin... gida-liburua lagungarri izatea nahi dugu".
Irakurleari entzunak egingo zaizkio hainbat herritan zabaldu diren "energia komunitate" proiektuak. Otsailaren 8an Jaurlaritzak aurkeztu zuen LKS Krean-ekin batera udalei zabaltzen zien auzolanerako deia, Ekiola formulapean. Ekiola, funtsean, lurzoru batean 1 Megawattio-5 Megawattio arteko eguzki plaken proiektua jartzea da. Ez da hain proiektu txikia, beraz, hektarea 1-5 lur artean hartzen baitu. Energia berriztagarria ekoizteko proiektu bat da, ez da autokontsumoa: sortzen duen energia sarera isurtzen du. Azpiegitura handiak eraikitzen dituen etxearentzat negozio eredu ideala dirudi: erakunde publiko nagusiaren babesa du, udalek parte hartzen dute abalak jarriz, beraz, eraikitzaileak ez ditu abal horiek jarri behar, eta kontsumitzaileak diren herritarrak ere lotzen ditu proiektuak. Lehenik udalaren eta beste eragileen artean sortzen dute kooperatiba eta ondoren herritarrei aukera ematen zaie kooperatiba horretan bazkide izateko eta proiektua finantzatzeko ekarpen ekonomikoa egiteko.
Kooperatibak, pixkanaka, energia hori sarean salduta ateratzen duen diruarekin eta Europako diru-laguntzekin proiektua amortizatzen du. Berez, proiektua bideragarria da diru-laguntzarik gabe baina horrek eskatzen du herritarrek ekarpen ekonomiko handiagoa egitea. Diru-laguntzekin erakargarriago egiten da parte-hartzea. Egiten diren ekarpenak bideratzen baitira sozietatea sortzen duen eragile batera, LKSra, alegia.
Eraikuntza lanak egiten dituen ingeniaritza etxeak jasotzen du proiektu hauetan inbertitzen den diru piloaren ia osoa, eta ez du inbertsiorik ez arriskurik hartzen beregain. Hori dela-eta, zera adierazi du Ochoak: "Eguzki-plakak aspalditik jarri dira, baina erakunde publikoak modu horretan korapilatzeak etikoki zalantza ugari sortu ditzake".
Edinorrek ere itxitako eskaintza egiten dio herritarrari: udalarekin batera elkarte bat sortzea eta udal teilatuetan eguzki plakak jartzea, eta herritarra elkarte horretako bazkide egitea sarreran kapitala aportatuz (100-200 euro artean) eta hilero kuota bat ordainduz (8 euro ingurukoa), kudeaketa osoa Edinor enpresak eraman dezan. Energia komunitate honetan herritarrari geratzen zaion parte-hartzea eta erabakimena honetara mugatzen da, Edinorrek kudeatzen duen lehen bi urteetan: telefono mugikorrez bozkatzea zein argi hornitzailerekin izango duten kontratua komunitateko kide guztiek. Herritarrei aurkezten dietenerako udalek dagoeneko kudeaketa lotuta izaten dute bi urterako Edinorrekin, eta hori abantaila modura aurkezten dute esaldi berean "parte-hartzea", "komunitatea" eta antzeko kontzeptuak sartuz: formula honek erabaki behar izatetik, bilerak egitetik, adostu eta ardurak hartu behar izatetik "libratzen" baititu bazkideak.
Esanguratsua da bai Ekiolan eta bai Edinorren, komunitateko bazkide guztiei eskatzen zaiela argi hornitzaile bera edukitzea. Bestela asko "zailtzen" edo "garestitzen" omen delako kudeaketa. Goienerreko Ochoa oso kritiko da honekin: "Eta nola bermatzen zaie kontsumitzaileei zer merkaturatzailerekin egongo diren erabakitzeko askatasuna? Eta bono soziala jasotzen ari den herritarrak nola parte hartu dezake? Proiektu horietan parte hartzeak dakar bono sozialik gabe geratzea". Zer lotura egon daitezke herritarrak argi hornitzaileen bezero kautibo bihurtzen dituzten proiektu hauen eta argi enpresa handien artean? Bistakoa da argi hornitzaileentzat bezeroak saldoan arrantzatzeko putzuak izan daitezkeela horrela planteatutako "energia komunitateak". Horregatik, beren herrian Ekiola edo Edinorren "komunitateak" martxan jarri diren Goienerreko bazkideak saiatzen ari dira "komunitate" horietan argi hornitzailea Goiener izan dadin bultzatzen, beste merkaturatzaile bat sartzen bada, Goienerrek bazkideak galduko baititu herri horietan. Ochoak horrela adierazi du: "Bazkideak galduko ditugu? Bada agian bai. Baina guk argi dugu zer den eskaini nahi duguna, eta ez gara joko horretan sartuko. Guk laguntzen ditugun proiektuetan errespetatzen dugu herritar bakoitzak bere argi hornitzailearekin jarraitzea".
“Goienerren helburua komunitateak sortzea da. Eta komunitatea sortzea ez da herritarrak produktu definitu batera atxikitzea”
Santi Ochoa
Ochoak komunitatea kontzeptura ekarri du gaia, bere ustez hori baita ardatza: "Goienerren helburua komunitateak sortzea da. Eta komunitatea ez da herritarrak produktu definitu batera atxikitzea. Europako zuzentarauak hartuz gero, azpimarratzen da parte-hartzea, aniztasuna...". Horregatik azpimarratzen dute etxea zimenduak jarriz hasi behar dela eraikitzen, hau da, komunitatearen oinarriak komunitatean bertan landuz eta definituz; etxea ez dela teilatutik hasi behar, alegia, aurrez definituta dagoen eguzki plaken proiekturako herritarrak bezero modura gehituz. "Gure planteamendua da diseinu fasetik bertatik komunitatea denon artean egitea. Horrek zer dakar? Astiroago joango garela", azaldu du Ochoak. Diru publikoa proiektu hauetara bideratzeko dagoen presa oztopo da komunitatea behetik gora eraikitzeko, Ochoak azaldu duenez: "Udal batzuk minduta etorri zaizkigu, esanaz: Arabako Foru Aldundia etorri zaigu kuadrilla bateko udal guztietara, eskatuz gure udala proiektuan sartuko al den erantzuna hamabost egunean jaso nahi dutela".
Energia komunitatea hitza entzun orduko eguzki plakak datozkigu burura. Baina ez da gauza bera. Norberak bere teilatuan eguzki plakak jarri eta autokontsumoa egitea lehendik egiten da, bai modu indibidualean eta bai kolektiboan (bizilagunen artean partekatuz inbertsioa eta jasotzen den argia) eta horretarako aski da teilatupeko bizilagunen adostasuna: ez dago udal, enpresa eta elkarteen arteko elkarlanean hasi beharrik, askoz bide sinpleagoa da.
“Autokontsumo partekatu bat egitea ez da berez energia komunitate bat. Alderantziz behar du: energia komunitate batean egin daiteke, besteak beste, autokontsumo partekatua. Baina proiektu gehiago ere egiten dira”
Santi Ochoa
Ochoak bereizi duenez, "autokontsumo partekatu bat egitea ez da berez energia komunitate bat. Alderantziz behar du: energia komunitate batean, egin dezakegu, besteak beste, autokontsumo partekatua. Baina proiektu gehiago ere egiten dira, ez soilik autokontsumoa". Energia komunitate bat funtsean horixe baita, lurralde berean dauden eragile anitzek osatutako komunitate bat, etengabe landuko dutena ea nola lortu beren lurraldean energia kontsumoa gutxitzea. Horregatik, eguzki plakak jartzeaz gain beste hamaika ekimen egin ditzakete, adibidez, energia komunitateko kideei beren etxeetan energia efizientzia neurtzeko azterketa egiteko aukera ematea. Argindarra ez diren beste energia iturriak ere hor dira, adibidez, autoa partekatzeko formulak lantzea, eta abar. Ochoak azaldu duenez, "zerbaitekin abiatu behar da, noski, baina proiektu erabat itxia aurkezten badugu, kostatuko zaigu irudikatzea komunitatea beste zerbait dela. Adibidez, nola txertatu zaurgarritasuna pairatzen ari diren familiak horrelako komunitatean? Komunitatean sartzeko 100 edo 200 euroko ekarpen ekonomiko bat egin behar bada, familia hauek ezingo dute. Eta Europako zuzentarauek diote 'irekia, borondatezkoa eta ez diskriminatzailea' izan behar dutela energia komunitateek. Beraz, zer proiektu mota nahi dugu? Agian hamar eurorekin komunitatean parte hartzeko eta onurak jasotzeko nahikoa izan behar da, eta ahalmena dutenen artean beste ekarpen mota bat egin beharko da. Horregatik esaten dugu, diseinua ere komunitateak egin behar duela, diseinutik jada zehazten hasten garelako zer den egin nahi duguna. Goienerrek proposatzen duena ez da eskaintza zehatz bat, ibilbide edo prozesu bat baizik, eta prozesu horren baitan azalduko dira proiektuak. Guk komunitate bat sortu nahi dugu".
* Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.
Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.
Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]
Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]
Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]
Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]
Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren... [+]
Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]
Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.
Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu. Beste artikulu honetan beste horrenbeste ikus-entzunezko ere gomendatu ditugu.
Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola,... [+]
Onaro.eus webgunean sartu eta lehen begiratuan Internet eta telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin topo egin duzula pentsatuko duzu. Gero harrituko zaitu informazio guztia oso sinple eta zuzen erakutsita egoetak, apaingarri eta hitz panpoxik gabe. Prezioak... [+]
Burujabetza eta etxebizitza. Horratx bi termino, hemen eta orain, kasik antagonikotzat jo daitezkeenak. Etxebizitzak, babesleku eta atsedengune izatearekin batera, elkar zaintzarako eta norbere bizi proiektua aurrera eramateko espazio behar lukeenak berez, merkantzia forma... [+]