Energia komunitatearen bidez Hernani burujabetzarantz

  • Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean herriari aurkeztuko diote, eta abiatzeko 250 bazkide lortzea dute helburu.


2021eko abuztuaren 10ean - 15:00
Hernaniko energia komunitateko talde sustatzailea. Herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala elkartzen dira bertan. Argazkia: Dani Blanco.

Hernaniko Ingurumen zinegotzi Mattin Aldaiak azaldu du zergatik ekin dion udalak energia komunitatea sustatzeari: "2017an definitu genuen energia plana eta sei ildo estrategikoren bidez lortu nahi dugun helburua da berotegi efektuko gasak %40 murriztea 2030erako, 2010 erreferentzia urtetzat hartuta". Pozik dago energia plana udal eraikinetan martxan jartzen hasi orduko nabaritu dutelako kontsumoa murriztu dutela: "Udaletxean eta Biteri Kultur Etxean LED argiak jarri eta presentziazko sistema jarri ditugu (norbait dabilenean soilik piztu daitezen argiak), eta argi kontsumoa %60 murriztu dugu hori soilik eginda". Baina azaldu du argindarra erabiltzen den energiaren %20 baino ez dela, energia handiena, %50, berotze sistemek kontsumitzen dutela. Horregatik, aipatutako bi udal eraikinetan leihoak aldatu dituzte eta horrez gain Kultur Etxea barrutik isolatu dute.

Baina Aldaiak adierazi duenez, udalaren energia plana ez da udal eraikinetara mugatzen, herriko etxebizitzetan eta zerbitzu zein dendetan ere eragin nahi du: "Horregatik egin dugu apustu energia komunitatearen alde. Izan ere, kontsumitzen dugun energia multinazionalen eta merkatuaren menpe dago. Energia komunitatearen bidez kontsumo eredua aldatzea eta kontrola berreskuratzea bilatzen dugu. Komunitatearentzat eta komunitatean sortuta, hori proposatzen dugu Hernani energian burujabe izateko bide bezala".

Prozesua su txikian

2020ko irailean hasi zen udala energia komunitatearen proiektua lantzen bidelagun hauekin: Goiener, Ingutek (Buruntzaldeko garapen agentzia den Iturolan sortutako elektrizitate aholkularitza enpresa) eta Hiritik At (dinamizazio lanak egin dituena).

2021eko urtarrilean herrian deialdi irekia egin zuen udalak eta nahi izan zuten herritar, enpresa, elkarte eta udal ordezkariek energia komunitatearen talde sustatzailea osatu zuten. Horietatik erdia dira herritarrak, tartean, Unai Lizaso: "Ni erabat ezjakina naiz energiaren gaian, baina beti izan dut interesa. Eta gaiarekin jende asko dago kezkatuta baina askotan tresnak urruti ikusten ditugu, ez bada modu indibidualean aurrezten saiatzea". Goienerreko kide Santi Ochoa de Eribek azaldu du energia komunitatean eragile bakoitzaren papera zein den: "Udalei asko azpimarratzen diegu udalak hau bultzatzen eta babesten duela baina udala ez dela protagonista. 'Onartu dezakezu hori?' hiru aldiz errepikatzen diegu galdera eta onartzen badute, aurrera egiten dugu. Herritarrei esaten diegu, boterea emango zaiela eta ardura ere bai. Enpresei esaten diegu, hemen badagoela onura bat baina honekin ez direla aberastuko. Udalari esaten diogu, komunitateak bultzatzen dituela udalarentzako helburu izan daitezkeen baloreak baina hau ez dela patronato bat izango, hau ez da 'guk badakigu zer den herriak behar duena'... herriarekin batera egin beharko du bidea. Prest al gaude denok horrelako dinamika batean aritzeko? Agian oso berri egiten zaigu. Ohituta gaude herrian elkarrekin egoten baina ez mahai-inguru batean proiektu berean parte hartzen aritzen".

Talde sustatzailea prozesu parte-hartzaile baten bidez joan da komunitatearen gaia lantzen, atalez atal. Lehenik Goiener, Ingutek eta Hiritik At-i esker informazioa eta fomazioa jaso dute, eta ondoren eztabaidatuz eurak joan dira proiektua definitzen. Lizasok oso ongi baloratu du prozesua: "Atzean ditugu adituak babesa eta informazioa emateko, behar denean gauzak argitzeko... Guk aportatu dezakeguna gure ideiak, ilusioa, lantxoa dira eta gaiaz kezkatzea, beste eredu batzuk aztertzea, beste jende bat erakartzea... denontzat lekua dago".

Landu dituzten gaiak izan dira, besteak beste: zer den autokontsumo partekatua, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, egitura juridikoa aukeratzea, estatutuak lantzea, gobernantza eredua... Goienerreko Ochoak azaldu du haien lana galderak planteatzea dela, eta talde sustatzailea dela erantzunak bilatu behar dituena: "Adibidez, bideragarritasuna landu dugunean azaldu dugu horretarako zein osagai ditugun. Guk ez dugu esango hainbeste diru jartzeko, edo ateratzen diren onurak nora bideratu... guk osagaiak mahai gainean jartzen ditugu eta talde sustatzaileak erabaki behar du. Horregatik, dinamika hau ahalduntzea da, hasieratik".

Gai horiek landu ahala, talde sustatzaileak erabaki du irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango dela energia komunitate hau. Udala bazkide kolaboratzaile izango da, baina estatutuetan argi jarriko da gehiengoa bazkide arruntek izango dutela. Enpresek ere parte hartuko dute, baina horiek ere ez dute inoiz gehiengoa izango. Kontseilu errektorea egongo da eta kontseilu horretan gutxienez %60 bazkide arruntak izango dira. Talde sustatzaileak erabaki ditu xehetasun gehiago ere: komunitateko kide egiteko hasierako ekarpena zenbatekoa izango den, bazkideek autokontsumo proiektuari esker aurrezten duten diru kopuruaren zer zati berrinbertituko den komunitatean, kontseilu errektorea nola berrituko den...

Prozesua bukatzeko gobernantza zehaztea falta dute: bazkide bakoitzak zer ardura hartuko dituen, nola hartuko diren erabakiak... Hori adostutakoan, irailean, aurkezpen nagusia egingo dute eta abiatzeko helburutzat jarri duten 250 bazkide lortzeari ekingo diote.

Baina energia komunitate hau ez da diruz hutsetik abiatuko: martxan jartzeko diru partida bat bideratu du Iturola garapen agentziak, eta udalak ere bai. Horrez gain, udal teknikarien lanaren zati bat proiektu honetara bideratu da. Eta energia komunitatearen lehen proiektua gauzatzeko (ikus ondoko koadroa), udalak lagapena egingo dio komunitateari, eraikin publikoaren teilatua erabiltzeko. Hau izango da energia komunitateak martxan jarriko duen lehen proiektua, baina dagoeneko horrelako gehiago non jarri aztertzen ari dira, argindar autokontsumoaren estaldura herri osora zabaltzeko. Lizasoren hitzetan, "Baditugu beste hainbat proiektu ere, baina oraindik lantzen ari gara eta aurrera begira martxan harriko ditugu".

 

Goienerreko Santi Ochoa zutik, azalpenak ematen. Argazkia: Dani Blanco.
Zer eman dezake energia komunitateak?

Partaide guztiek nabarmendu dute eguzki plakez gain komunitate honek beste hainbat ekimen ere jarri ditzakeela martxan. Aldaia: "Auzo baterako berokuntza sistema kolektiboa jar dezake, edo aholkularitza energetikoa eman diezaieke herritarrei, azalduz nola gutxitu beren kontsumoa, nola ulertu fakturak…". Helburua ingurumenean, gizartean eta ekonomian eragitea dela nabarmendu du: "Komunitatean sartzerakoan argi izan behar da helburua ez dela etekin ekonomikoa. Ateratzen diren etekinak berrinbertitu egingo dira komunitate hori bultzatzeko. Adibidez, bulego bat izan nahi badugu eta pertsona bat kontratatu herritarrei aholkuak emateko, edo agian herrian enpresa txiki bat sortu behar badugu eraikinetan isolamenduak egiteko... berrinbertsioa justu energia murrizteko jardueretan egingo da". Energia komunitatearen proiektuek epe ertainean energia sektoreko enpresa eta lanpostu berriak eragingo dituela aurreikusten dute.

Ochoak berrikuntza soziala aipatu du: "Energia komunitate bat martxan jarrita zer egiten ari gara? Bultzatzen dira elkarrizketak, eztabaidak, giroa... dinamika horietan sartzeak soilik ez du preziorik, etorkizunean beste gauza askotarako eraikitzen ari gara". Lizasok ere ideia hori indartu du: "Honek palanka bat sortuko du ondoren energiari eta ingurumenari lotutako beste proiektu batzuk abiatzeko. Eta herritarrak ahalduntzen gaitu, burujabetzetara begira jartzen gaitu, erakusten digu egin ditzakegula gauzak gure etorkizuna ez dadin beste batzuen erabakien menpe egon”.

LEHEN PROIEKTUA: AUTOKONTSUMO PARTEKATUA

Zubipe kirol eraikinaren teilatuan 300 plaka jarriko ditu energia komunitateak, 120 kilowatt sortuko dutenak. Plakak sortzen duen momentuan erabili behar da argi hori eta legeak mugatzen duenaren arabera, 500 metroko erradioan dauden etxeek hartu ahal izango dute, energia komunitateko bazkide eginda. Autokontsumitutako energia hori kontagailuak erregistratzen du eta modu automatikoan aplikatzen dute fakturan deskontua argi konpainiek. Etxe bakoitzak bere argi hornitzailea izaten jarraituko du, bakoitzak aukeratutakoa.

Herritarrari ekonomikoki merkeago aterako zaio energia komunitatean bazkide izan (10 eurokoa izango da bazkide egiteko sarrerako kuota) eta proiektu honetatik energia autokontsumitzea.  Kalkuluen arabera, sei urte eta erdian amortizatuko du energia komunitateak proiektu honen inbertsioa, inolako diru-laguntzarik gabe ere. Baina diru-laguntzetara aurkeztuko dira.

Bazkideak autokontsumo honetatik urtean aurreztuko duen diru kopuruaren zati bat komunitatera itzuliko du, diru hori komunitatearen beste proiektuetan  berrinbertitzeko.

* Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
2021-08-13 | June Fernández
Zaintza sistema
Kaka ongarri bihurtu

Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


Burujabetzarako bidea elikatzen

Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]


Osasuna autokudeatzeaz
COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


Uraren ibilbidea
Zazpi egun eta mapa bat, urak emandakoa ez galtzen ikasteko

Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren... [+]


Burujabetzak uztartzeaz:
Burujabetzen ebakipuntuak, etorkizuneko kartografietan

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


2021-08-02 | ARGIA
2021ean gozatzeko hamabi ikus-entzunezko

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.


2021-08-02 | ARGIA
2021ean irakurtzeko hamahiru liburu

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu. Beste artikulu honetan beste horrenbeste ikus-entzunezko ere gomendatu ditugu.


Teknologia burujabetza: Menpekotasunaren kontzientziak astintzeko

Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola,... [+]


2021-08-02 | Axier Lopez
Oñatiko Onaro
Sarea geureganatu, multinazionalen zain egon gabe

Onaro.eus webgunean sartu eta lehen begiratuan Internet eta telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin topo egin duzula pentsatuko duzu. Gero harrituko zaitu informazio guztia oso sinple eta zuzen erakutsita egoetak, apaingarri eta hitz panpoxik gabe. Prezioak... [+]


Etxebizitza
Eskubide bat merkantzia bilakatuta

Burujabetza eta etxebizitza. Horratx bi termino, hemen eta orain, kasik antagonikotzat jo daitezkeenak. Etxebizitzak, babesleku eta atsedengune izatearekin batera, elkar zaintzarako eta norbere bizi proiektua aurrera eramateko espazio behar lukeenak berez, merkantzia forma... [+]


Eguneraketa berriak daude