COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

  • Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez –kolapsoa ez baita momentu jakin batean etorriko–, baizik eta, kolapsoan gauden prozesu honetan, zer egingo dugun eszenatoki kritikoenak saihesteko.


2021eko abuztuaren 13an - 00:02
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

XXI.eko Krisi Ekonomiko Handiak, 2008koak, azaleratu zuen aurreko lau hamarkadetan eraikitako globalizazio neoliberalaren mami ustela. Tsunamiaren gogorrenaren ostean, Mendebaldeko ekonomien agintariek stress test-a egin zieten bankuei, erresistentzia probak… beste istripu ekonomiko global handi baten aurrean bizirauteko gai izango ziren neurtzeko simulazioa.

Hamarkada bat beranduago, 2020ko Covid-19 pandemia osasunaren alorrean simulazioa ez baina errealitate gordinean gainditu beharreko stress trest-a gertatu zaigu bai herritarroi eta bai osasun sistemei. Agerian geratu da garapen zoro globalizatuak eskaintzen dituen osasun sistemak funtsean direla gaixotasunak kudeatzeko sistema ez-iraunkorrak.

Eskrupulurik gabeko negozianteek "aukera berrien leihoak" ikusten dituzte krisi orotan. Hala ari da gertatzen osasun larrialdi honetan ere. Aldiz, herritarrok shock honetan daukagu aukera ikasteko jokoan dagoena iraunkortasuna dela, ekonomien, gizarteen… eta gutako nor bakoitzaren bizirik irauteko ahalmena. Bestelako mundu bat posible dela aldarrikatzen dugunok jakin beharko genuke nork bere mundualdia ere bestela antolatzen.

***

Gaixo kroniko honi –eman dezagun artritis gogor bat daramala soinean, baina berdin izan zitekeen neke kronikoa, hesteetako Crohn bat edo beste edozein eritasun sendaezin ez-hilgarri ugarietakoa– diagnostikatu zuteneko aspaldi hartatik mila bider ohartarazia zioten kasu emateko automedikazioarekin, ez mareatzeko Interneteko fake sendabideekin, itsu sinesteko Osasun Sistemak zozketa bidez izendatutako medikuari. Espezialisten formula hura: “Zuk hartu nik agindutako botika hau eta ahaztu zure gaixotasuna”. Gezurra zen eta da. Gaixotasunak ez zaitu zu ahaztuko.

Zorionekoak gaixo kroniko heterodoxoak, trebatu direnak bekatuaren ertzean bizitzen, Osasun Sistemak izendatutako medikuei hein batean kasu eginez, haien ordezko nahi duten terapeuta alternatibo eta osagarri profesionalei ere ez %100ean segituz, beren aldetik informatuz eta beren oinazeak arindu eta gogortasunak beratzen saiatzen direnak mediku gehienek “ez-frogatutzat” emandako sendabide eta trikimailu patenterik gabeekin. Zorionekoak bai… zeren eta 2020ko udaberri beltz hartan Osasun Sistema oro-ahaldunak zintzilik utzi baitzituen, esan nahi baita mediku barik. Diagnostikatutako sendaezinak zintzilik eta artean diagnostiko bila zebiltzanak desesperatuta.

“Jainkoagatik, ez automedikatu!”. 2020ko udaberria arte farmazian X botika eskatu eta medikuaren agindua berretsi nahi zuen farmazialariak, albo kalteez ohartarazten zintuen, dosifikazioan edozein aldaketa egitekotan medikuarengana bidaltzen. Eta bat batean Osasun Sistemak ez zeukan medikurik zuretzako, familia-medikuak Covid-19aren aurkako frontean  itota, gaixotasun zehatzetan berezitutako espezialistetara iristea inposiblea. Automedika hadi eta emak bakea.

Medikua bisitatzea zaildu ahala malgutu da botikarien jarrera eta kasik medikurik gabe kudeatu beharreko urte beteko trantze luzea lasaiago iragan ahal izan du aurretik bere erremedioen informazioak ezagutzeko ahalegina egina zuen gaixoak. Autokudeaketa maila baten jabe denak.

***

Ez da esajerazioa esatea gure osasun sistema publikoak kolapsatuta egon direla urtebetez, Mendebaldeko osasun-arreta estandar guztiak ipurdiz gora. Eta medikuen ordez, showa. Medikuntzako profesionalen eta herritarren arteko harreman pertsonalaren etena sakondu ahala, paraleloan, handitzen joan da herritarraren gainean espektakuluaren makineriak –irratia, telebista, sare sozialak…– zabaldutako informazio, desinformazio eta zalaparta uholdea. Herritarra gero eta itoago eta babesgabeago utzi duena.

Halako batean iritsi dira SARS-Cov-2 menderatuko duten mirarizko txertoak eta Espainiako armadan ezagutu genuen metodo berdintsuz bidali gaituzte herritarrok "banderilaren" xerka. Pentsa, esaterako, zuk immunitate sistema hiper-aktibatuta edukitzeagatik sufritzen duzu –horrexegatik ematen zaizkie gaur eritasun kroniko askori immuno-supresoreak– eta ez mediku eta ez aditu bakar bati bi galdera xume egin barik joan behar izan duzu hartzera immunitate sistema inarrosaraziko dizun txerto bat.

Mezu soil bat telefonoan, sar zaitez ofizialek agindutako webean eguna eta ordua zehaztera, agindutako egun eta lekuan koka zaitez jende-ilaran –ai Kuba, zenbat txiste ez dituzte egin zure "kola" famatuez!–… orratzaren mahaira iritsitakoan entzuteko “hartzen duzu Sintron?” eta “baduzu alergiaren bat?”. Besterik ez. Listo, aurrera. Zast, zaude bazter horretan 15  minutuz hausnarrean edo watsapparekin jolasean eta zoaz Jaunaren bakean.

Bake-bakean, bai, zeren eta koronabirusaren inguruko hainbeste espantu eta burrunbaren ostean, herritarrok ia aho batez joan baikara txertatzera. Hasi beharko dugu geure buruei aitortzen aurreko protesta bero haiek hein handi batean ez zirela Covid-19aren kontrako neurri berriek guregan eragindako "aldaketarekiko erresistentzia" baizik. Horrela pasatu gara musukoari muzin egitetik edo agintaritzak derrigortu aurretik janzten zuenari "morroi zintzo" deitzetik txerto berria –eta borondatezkoa!– hartu nahi izan ez duten bakanei errezeloz begiratu eta insolidarioak direla aurpegiratzera. Presa daukagula oporretan joateko.

Oso litekeena da 2008ko lurrikara ekonomikoaren ondotik sistemaz gain gure bizimodua auzitan jarri ez genuen gisan, 2021ean ere alferrik galtzea gure osasun ereduaz eztabaidatzeko aukera.

***

Osasun Sistema antolatuta daukate ekonomia neurtzeko darabilten irizpide nagusian, Barne Produktu Gordinean, ahalik eta etekin ekonomiko handiena eman eta aldi berean ongizate estatuaren aurrekontu publikoetan ahalik eta murrizketa handienak ahalbideratu ditzan. Aspalditik jakin behar genuen hori ez dela ez osasuntsua eta ez jasangarria. Nola izango da jasangarria balioa jendeen osasun onari ez baina gaixotasunari ematen dion BPG bat?

Larruazalean sufritzen duzun psoriasi hori halako belarrekin edo erleen propoliarekin eta jateko era pittin bat egokituz kontrolpean baldin badaukazu, zure ongizate merke erdietsiak BPGa ez du gizenduko. Aldiz, psoriasi horri aurre egiteko manipulazio genetikoz sortutako Anti-TNF "biologiko" bat hartzen baldin baduzu, BPGak kanpaiak jotzen ditu: gaixotasuna konpondu ez baina bere morrontzara kondenatzen zaituen botika sofistikatua kontsumitzeak ekonomia mugiarazten du, analitikak X euro, mediku bisitak X gehiago, botika bera X euro (hilabetero!), et caetera.

Gehiketak bezala txalotzen ditu kenketak ere BPGak. Osasun Publikoan mediku gutxiago, gastuetan X euro gutxiago; ohe gutxiago ospitaleetan eta ohe bakoitzean gaixoak internatuta egun gutxiago, kendu X milioi euro gastuei; medikuen arreta-tarteak laburragoak eta kendu beste X milioi kosteei; bertan profesional gutxiago trebatu unibertsitatean eta gehiago eta merkeagoak inportatu atzerritik (bide batez euskararen gainbeherari bultzada berri bat emanez) eta ken-X milioi; osasun prebentzioaren kosteak murriztuz, ken-X milioi gehiago…

"Alferrikako kosteak" eliminatzearen poderioz, azkenean, larrialdietarako gordetako maskara eta gainerako babesgarrien erreserbak ere iraungi ahala desagerraraztera iritsi dira biltegi estrategikoetatik. OTAN potentzia atomikoan bizi garen herritarrontzako, ez erradioaktibitatez zamatutako airetik babesteko maskararik, ezta euro batean hamar erosten diren maskara kirurgikoak ere! Zuk esan behar zenion inori –2020ko otsailean bertan– Euskal Herrian zahar etxeetako langileentzako batak boluntarioek egingo zituztela zabor-poltsa handiak moztu eta eskotxarekin josiz, pandemia batean eri kutsatuak mugitu behar zituzten anbulantzia pribatizatuetako langileei ugazabek musuko ziztrin bana ez zietela eman behar, nork bere etxean oihalezkoak egiteko tutorialak zabalduko zirela Internetez…

Ni harritzen nau Covid-19ak sortu duen iskanbila erraldoiaren erdian proportzioan zein gutxi hitz egin den Osasun Sistema publikoaren deriba orokorraz. Urtebetez koronabirusa ez diren gaixotasun guztien arreta minimoen azpitik, ohe falta, langile falta, material falta, herritarra ikusteko denbora falta, medikua behar izanez gero (eta pagatu ahal izan) klinika pribatuetara jo behar… hori dena soportatu baldin badugu isilik, egia izanago da agintari eta enpresaburu neoliberalei Covid-19a ongi suertatu zaiela osasun sistema publiko-pribatuen eredua sendotzeko.

***

Azken finean, koronabirusaren stress testa herritarrok eta sistemaren langileek nozitu dugu, ez sistemaren benetako nagusia den Big Pharmak eta hark diruz ongi olioztatzen dituzten kontratek eta funtzionarioek. Covid-19aren emergentziaren kudeaketan "prefiguratu" dira ondorengo urteetan –baldin eta herritarren borrokak ez badu aldaketa handiren bat ekartzen– osasun sistemak edukiko dituen ezaugarriak. Tamalez, hauen artean ez daude prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna.

Eta guk-nik zer? Herritarrak bere eta ingurukoen osasuna zaintzeko antolatu beharreko estrategia batek eduki ditzake krisi klimatikoaren aurrean hainbat militantek aipatzen duten osagai bikoitzaren parekoa: mitigatu eta erresistitu. Biak. Batetik aldarrikatu, bultza, bestelako osasun sistema publiko bat lortzeko eta sistema kanbiatzeko ahaleginean ari direnekin batera borrokatu. Eta bestetik norberak osasuna autonomiaz eta iraunkortasunez zaindu, era praktikoan kudeatzen ahalegindu, "micro" mailan landu prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna.

Osasun ona daukan gizaki baten eta gaixotasun kroniko baten jabe denaren arteko ezberdintasun handiena da bigarrenak aspalditik ezagutzen duela zer den lehenbizikoari noizbait egokituko zaion krisi larri bat. Kronikoak, tamalez, denbora eta aukera gehiago eduki ditu uholdeak datozenerako prestatzeko.

Krisiei aurre egiteko borrokan urrea balio du elkarlanak, arazo bera sufritzen duten jendeen arteko sareak, edozein eritasunek dakartzan ekaitzaldietan hondoa ez jotzen laguntzeko eta arazoari aurre egiteko beharrezko informazioak eta esperientziak eskaintzeko.

Gaixo taldea esatean bolondresez osatutakoez ari naiz. Eztabaidak oso ezberdin garatzen dira tartean interes ekonomikorik ez dagoenean, ez publizitaterik, ez esponsorrik. Elkarte ofizial gehienak oso bestelakoak dira, mediku ospetsuek eta farma-industriak babestuak. Eri denarentzako informazio baliosak dauzkate horiek ere, baina boluntarioz osatutako taldea dauka komertzialki eskaintzen dena epaitzeko iragazkirik ederrena.

Norberarena aipatzeak merezi baldin badu, biziak eman didan oparirik ederrenetakoa izan da ezagutzea www.kickas.org, nirekin eritasun kroniko bera partekatzen duten mundu osoko gaixoz osatutako foroa. Herritar autonomoak, elkarrekin partekatzen dutenak beren jakintza praktiko zabala: bateko eta besteko profesionalek –ez ahaztu terapeuta alternatiboak ere profesionalak direla!– proposatutakoen emaitzak, egon daitezkeen erremedio ezberdinak, hauekin izandako lorpen edo porrotak, ekaitzaldian bizirauteko trikimailuak, irtenbide bakoitzaren benetako koste ekonomikoak…

Irakurle eta lagunok, mundu globalizatuak sorrarazitako pandemiek tregoa emango digutela dirudien uda honetan… Osasuna eta Autokudeaketa!

* Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
2021-08-13 | June Fernández
Zaintza sistema
Kaka ongarri bihurtu

Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


Burujabetzarako bidea elikatzen

Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitatearen bidez Hernani burujabetzarantz

Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]


Uraren ibilbidea
Zazpi egun eta mapa bat, urak emandakoa ez galtzen ikasteko

Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren... [+]


Burujabetzak uztartzeaz:
Burujabetzen ebakipuntuak, etorkizuneko kartografietan

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


2021-08-02 | ARGIA
2021ean gozatzeko hamabi ikus-entzunezko

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.


2021-08-02 | ARGIA
2021ean irakurtzeko hamahiru liburu

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu. Beste artikulu honetan beste horrenbeste ikus-entzunezko ere gomendatu ditugu.


Teknologia burujabetza: Menpekotasunaren kontzientziak astintzeko

Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola,... [+]


2021-08-02 | Axier Lopez
Oñatiko Onaro
Sarea geureganatu, multinazionalen zain egon gabe

Onaro.eus webgunean sartu eta lehen begiratuan Internet eta telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin topo egin duzula pentsatuko duzu. Gero harrituko zaitu informazio guztia oso sinple eta zuzen erakutsita egoetak, apaingarri eta hitz panpoxik gabe. Prezioak... [+]


Etxebizitza
Eskubide bat merkantzia bilakatuta

Burujabetza eta etxebizitza. Horratx bi termino, hemen eta orain, kasik antagonikotzat jo daitezkeenak. Etxebizitzak, babesleku eta atsedengune izatearekin batera, elkar zaintzarako eta norbere bizi proiektua aurrera eramateko espazio behar lukeenak berez, merkantzia forma... [+]


Eguneraketa berriak daude