Burujabetzarako bidea elikatzen

  • Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak ezagutzeko: Elikagunea, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea eta Ekoalde. Elikaduratik abiatuta, euren komunitatearen burujabetza ari dira elikatzen.


2021eko abuztuaren 13an - 07:18
Argazkia: Ricardo Ortiz / Pexels

Pentsa ezazu une batez: zer bazkaldu duzu gaur? Ba al dakizu elikagai bakoitza nondik datorren? Nola eta nork ekoiztu duen? Zer inpaktu duen ingurumenean? Errazena supermerkatu handietan erosketak egitea da, nahi beste produktu daude eskuragarri eta askotan prezio merkeenetan. Baina zer dago produktu horien atzean?

Ekoizpen eta banaketa industrialeko sistemak planetako edozein tokitako elikagaia eskuragarri jartzen digu, lurraren zikloetatik kanpo. Elikagai horiek ez dira izan zitezkeen bezain osasungarri eta nutritiboak, eta nekazarien bizi-baldintzak eta ingurumena kaltetzen dituzte. Azken finean, sistema horren helburua ez da gizateria elikatzea, baizik eta enpresa eta pertsona gutxi batzuk aberastea, dena merkantzia gisa ikusten baita: osasuna, ingurugiroa, elikagaiak…

Mundu mailako krisiaz ari gara, arazo global baten aurrean gaudelako. Ekoizpen industrialek gosea eta desnutrizioa sortzen dute, gure osasunarekin jolasten dute, eta gizateria osoaren elikadura arriskuan jarri. Horrez gain, bizi dugun krisi ekologiko globalaren eragile ere badira: lurra, ura eta airea kutsatzen dituzte, baliabideak agortzen dituzte, biodibertsitatea pobretzen dute, toxikoak eta transgenikoak askatzen dituzte eta izurriteen eta gaixotasunen hedapena errazten dute.

Egoera  horren  aurrean zer proposatzen digu elikadura burujabetzak? Elikadura katearen gaineko kontrola berreskuratzea. Hau da, elikagaien ekoizpen, banaketa, truke, merkaturatze eta kontsumo ereduak birpentsatzeko bidea irekitzen digu.

Elikagunea, Euskal herriko elikagaien topagune

Euskal Herriko elikagaiak sustatuz eta kontsumoa eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa da Elikagunea; Ioritz Aizpuru Goitia bazkide langileak dioen moduan “Euskal Herriko elikagaien topagunea da”.

Azpeitiko Udalak Azoka plaza eraberritzeko abiatutako parte-hartze prozesutik sortu zen. Ohiko azoka-egunez gain, bertako produktuak egunero herritarren eskura jarriko zituen proiektu baten beharraz jabetu ziren eta, hala, eskualdeko hiru gaztek irabazi asmorik gabeko Artxara Kooperatiba Elkarte Txikia osatu eta Elikagunea aurrera eramateko ardura hartu zuten. "Bertako produktuak saltzeko leku iraunkor bat izateko ideiatik sortu zen Elikagunea. Bertako produktuak sustatu nahi ditugu ekoizleen lana errentagarria egiteko eta landa eremu bizi bat izateko".

Azpeitiko Elikaguneak, etxera eramateko platerak prestatzen ditu egunero bere sukaldean,
bertako produktuekin.

"Aurtengo otsailean hiru urte bete ditugu eta bilakaera oso ona izan du proiektuak", dio Aizpuruk. Herriko zenbait eragile elkarlanerako prest agertu dira eta pixkanaka ekimen ezberdinak antolatzen joan dira, elikagaien salmentaz harago.

Orotariko produktuak eskaintzen dituen denda izateaz gain, harategia eta sukaldea ere badituzte, non bertako produktuekin egunero etxera eramateko platerak prestatzen dituzten, baita ikastaroak, dastaketak eta produktuen aurkezpenak antolatu ere. "Herriko eragileek antolatutako ekimenetan katering zerbitzua ere ematen dugu eta duela urtebete herriko jangelak hornitzeko proiektua hasi genuen: herriko ikastola, haur-eskola bat, zaharren egoitza…".

“Kanpoko produktuak eskainiz gero, non dago muga?”

“Dendan edota gure ekimenetan aurkituko duzun guztia bertakoa da, horixe da gure bereizgarria”. Lehengai bakarra duten jakiak Euskal Herrian ekoiztutakoak izan behar dira, eta elaboratutako produktuen kasuan lehengaien erdia gutxienez. "Marra gorria argi izatea beharrezkoa ikusten genuen, bestela, proiektua desitxuratu egingo litzatekeelako. Kanpoko produktuak eskainiz gero, non dago muga?", dio Elikaguneko kideak.

Ekoizleekin zuzeneko harremana izatea lehenesten dute: "Haien inplikaziorik gabe ez litzateke posible izango horrelako proiektu bat aurrera ateratzea". Ekoizlea da bere produktuaren prezioa zehazten duena, "inork ez baitaki berak baino hobeto bere produktuaren balioa zein den”.

Elikaguneak finkatutako irizpideen arabera, lehengai bakarra duten jakiak Euskal Herrian ekoiztutakoak izan behar dira eta, elaboratutako produktuen kasuan, bertakoa izan behar da lehengaien %50 gutxienez.

Elikagunea sare sendo batek egituratzen du: 320 familia bazkidek, 120 ekoizletik gora, sei langile bazkidek, proiektuari dedikazio handiagoa eskaintzen dion beste batek, herriko eragile andanak eta Azpeitiko Udalak. "Horrez gain, herritik harago elikadura burujaberantz Euskal Herrian lanean diharduten beste hamaika eragilerekin ere saretzen gara", azaldu digu Aizpuruk. Hain zuzen ere, proiektuaren ezaugarri nagusietakoa elkarlana da: “Ekoizle, herritar... guztien inplikazioa beharrezkoa da elikadura burujabetzarako bidean aurrera egiteko”.

Elikagunea komunitatean eragiten ari da. Herritarrak ari dira kontsumoaren inguruan kontzientziatzen, eta zenbait ekoizle produkzioa egokitzen, berritzen eta handitzen. “Gure eguneroko lanak ondorio zuzenak dituela ikusteak proiektuari zentzua ematen dio”. Aurrera begira, pandemiaren ondorioz bertan behera utzitako proiektu edota lan-ildoak berriro abiaraztea dute erronka; eta baserritarren lana bideragarri eta bizigarri izateko aletxoa jartzen jarraitu nahi dute, eta bide horretan ekoizle berriak sortzea.

Galdakaoko elkarlaguntza sarea, merkatuarekiko autonomia helburu

Elikadura burujabetzarantz egin daitekeen bestelako bide baten eredu da Galdakaoko Elkarlaguntza sarea. Borroka ardatz ezberdinak lotuz, kapitalismoarekiko ahalik eta autonomia handiena lortzeko apustua egin dute. Udalerria bera beste modu batean antolatzeko proiektua da.

Elkarlaguntza sareko kide den Maitek azaldu digunez, duela ia lau urte hasi ziren egitasmoari forma ematen herriko gaztetxean eta beste proiektu batzuetan zebiltzan kide batzuk. Jabetza pribatuaren, merkatu logikaren, lehiakortasunaren eta indibidualtasunaren aurka egitea dute xede. Hasieratik izan dute merkatutik ahalik eta gehien urruntzeko asmoa: ”Helburua da autonomia ahalik eta handiena lortzea; bizitzan behar ditugun gauza guztiak lortzeko. Lortzen dugun hori guztia jabetza kolektibo bat izatea nahi dugu: guztiona da soroa eta batzuk lan gutxiago egiten badute ere, berdin eskuratu dezakete bertako janaria”.

“Guk ekoiztu ezin ditugun produktuak kolektiboki erostea da ideia, irizpide batzuen arabera: jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero ikuspegia...”. Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea

Elikadura burujabetza eta agroekologia oinarri, bi ardatz nagusi ditu proiektuak: ekoizpen komunala eta erosketa kolektiboak. Ekoizpen komunalarekin hasi ziren, Larrabetzun duten soroa lantzen eta lortutako barazkiak kolektibizatzen. Aurrerago, ekoizpen komunalarekin soilik herritarrengandik deskonektatuta geratuko zirelakoan, proiektua jendarteari gerturatzeko erosketa kolektiboak jarri zituzten martxan. Kontsumo talde moduan funtzionatzen dute, baina berezitasun batzuekin: “Ideia guk ekoiztu ezin ditugun produktuak kolektiboki erostea da, irizpide batzuen arabera: jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba, agreokologia…”, azaldu du Maitek. Galdakaon bertan duten biltegia elkarlaguntza sareko lan taldeen topalekua da, bazkideek zaindutako espazioa. Erosi zein ekoiztutako produktuak banatzen dituzte bertan.

Kideen arteko harreman sendoago eta eraldatzaileak sortzea dute helburu, merkatuaren logika horri aurre egiteko beharrezkoak direnak euren ustez. Auzolan ez mistoak egiten hasi dira, adibidez: “Genero arteko ezberdintasunak zeudela ikusi genuen eta emakume batzuk ez ginen guztiz eroso sentitzen. Gizonezkoak ere hasi dira gizon izatearen eta maskulinitatearen inguruan hausnartzen”.

Tailerrak ere antolatzen dituzte, udaberrian egin zutena esaterako, autoa konpontzen ikastekoa. Haien helburua, harreman onak baino gehiago, harreman iraultzaileak eraikitzea da.

Autonomia zentzu zabalean

Ahalik eta autonomia handiena lortzeko bidean, elikadura burujabetzaz gain bestelako borrokak gurutzatzen dituzte. Batetik, konfinamendu amaieran Etxebizitza Sindikatua aurkeztu zuten. Etxebizitza arazoaren lanketa politiko bat egitea eta hurbiltzen den jendearen behar espezifikoak lantzea da haien asmoa, administrazio kontuetan edota etxea lortzen laguntzea adibidez. Ahalmen ekonomiko urriko, etxerik gabeko edota paperik gabeko jendea hurbiltzen zaie bertara. Bestetik, oraindik egituratzen ari diren Etxeko Langile emakumeen autodefentsarako kolektiboa (ELEAK) dago. Helburua herrian dauden etxeko langileen sarea sortzea da. “Lau adarren koordinazioa oso ona da eta komunitate izaera indartzen ari gara denon artean”, dio Maitek.

Elikadura burujabetza eta agroekologia ardatz, bi zutabe nagusi ditu Galdakaoko Elkarlaguntza sareak: ekoizpen komunala eta erosketa kolektiboak. Larrabetzun dute baratzea.

Elkarlaguntza sareko kidearen hitzetan, "politika egiteko eta antolatzeko moduan freskotasuna eman dio proiektuak herriari. Bere baitan gauza asko hartzen ditu eta lanketa ideologikoa erabateko praktikotasunera eramaten du: ikusi, ukitu eta egin daitekeen zerbait da eta hori oso erakargarria da jendearentzat. Elkarlaguntza izenak jada ematen du aditzera indibidualismoaren kontrako zeozer dela eta jendearentzako garrantzitsua da jakitea laguntza behar izanez gero erantzungo duen sare bat dagoela”. Funtsean, herria beste modu batera antolatzeko saiakera egiten ari dira, komunitate izaera sendotzea xede.  

Ekoalde, lehen sektore ekologikoa profesionalizatzeko tresna

Aipatu ditugun proiektuetako bakoitzak ditu bere berezitasunak, baina azken honek badu zerbait berritzailea: ekoizleengandik abiatutako proiektua da, eta ez kontsumitzaileengandik. Elikadura burujabetzarako bidean ekoizleen egituraketa eta saretzea pausu garrantzitsuak dira, eta horren eredu da  Ekoalde, ekoizle eta elaboratzaile ekologiko nafarrek sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea. Jon Garai koordinatzaileak dioen moduan, “salmentarako eta talde moduan antolatzen jarraitzeko tresna berria da”.  

Ekoizleen lehentasunak zeintzuk ziren ezagutzeko, Europako Funtsak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako ekoizleen arteko proiektu parte hartzailea abiatu zen 2018an. Gerora Ekoalderen oinarri bihurtu ziren hiru behar azpimarratu ziren:  biltegi-zentroa, distribuzio eta katalogo bateratua eta zerbitzu integrala, eta jantoki kolektiboetara iristeko tresna bat. Nekazaritzako elikagaien teknologia eta azpiegitura eskaintzen dituen INTIA elkartearekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Enpresen Elkartearekin (AEN) batera garatu zuten behar horiek asetzeko hasierako proiektu pilotua. Urte eta erdi geroago, Ekoalde martxan jarri zen, eta gaur egun 72 ekoizle-bazkidek osatzen dute.

"Ekoizleen produktuak saltzeaz gain, landa garapena sustatu nahi dugu, jende gaztea erakarri, despopulatzen ari diren herriei aukera berriak eskaini...”. Jon Garai, Ekoalde

Nafarroako sektore ekologikoa modu profesionalean eta planifikatuan antolatzeko erreminta da elkartea. “Asmoa eskaintza bateratzea da, gestio integral batekin funtzionatuko duena”, dio Garaik. Kontsumitzaileek, eskaintza iraunkor eta anitza dute eskura. “Normalean denda edota jantokiek ez dute hornitzaileen aldetik iraunkortasuna mantenduko duen ekimenik, eta orain denda horiek hamabost eskari egin beharrean, bakarra egiten dute. Gestioan kontsumitzaileei asko laguntzen die horrek”. Bertako produktu freskoa katearen muturreraino eramateko balio du Ekoaldek: “Ekoizle eta kontsumitzaileak hurbiltzeko modu eraginkor eta ordenatua da”.

Salmentarako hiru kanal ditu elkarteak. Batetik, norbanakoei bideratutako online denda daukate. Iazko apirilean jarri zuten martxan pandemiak sortutako egoerari irtenbide bat emateko. Izan ere, taberna, merkatu eta eskolak itxita zeuden bitartean ekoizleen produktuak pilatzen ari zitzaizkien. Horregatik, produktu horiek etxeetara eramateko ekimena jarri zuten martxan. Bestetik, txikizkari, denda, kontsumo talde edota tabernei bideratutako eskaintza daukate, bezero motaren arabera moldatzen dutena: “Dendek, kontsumo taldeek baino merkeago eskura ditzakete produktuak, ondoren beste pausu bat eman beharra dutelako, salgai jarri alegia, kontsumo taldeek zuzenean eramaten dituztenean etxera”.

Jantoki kolektiboen kanala da hirugarrena. Duela urtebete baino gehiago ireki zuten NNPEKrekin batera, eta gaur egun lehentasunezkoa da haientzat. Ekoalderen asmoa bestelako jantokietan ere bideak irekitzea den arren, oraingoz eskolekin ari dira akordioak adosten. Ekoizleek urtebeterako plangintza egiteko eta prezio justuak adosteko aukera dute horrela. Jantokietan katalogo anitza behar da eta horrek sektore ekologikoaren gabeziak identifikatzeko eta beharrak asetzeko aukera ematen die: “Ekoizle edo proiektu berriekin jartzen gara harremanetan eskari horri erantzuteko sinergiak sortuz. Modu horretan, lehen sektorea antolatzen hasten da. Esaterako, batzuk saretzen hasiak dira produkzioa bermatzeko behar dituzten tresneria eta baliabideak modu kolektiboan erosteko”.

Ekoaldek jantoki kolektiboen kanala ere jarri du abian. Oraingoz eskolekin ari dira lanean, Tuterako Argia ikastolarekin, esaterako.

Ekoalderentzat ez ezik, nafar jendartearentzat ere inbertsio interesgarria dela uste du Garaik: “Askotan aipatzen den ekonomia zirkularraren adibide txiki bat izan gaitezkeela uste dugu, gure umiltasunetik”. Ekoalderentzat garrantzitsua da sozialki ekarpen hori egitea. Ekoizleen produktuak saltzeaz gain beste helburu batzuk ere badituzte, eta beren jardunak beste hainbat arlotan eragin dezake: “Landa garapena sustatzea, bertako ekonomia bertan geratzea, gure herrietako lurrak lantzea, jende gaztea erakartzea, despopulatzen ari diren herriei aukera berriak eskaintzea…”. Bide horretan etengabe ari dira sinergiak sortzen, baina Garairen ustez zaila da jendeari ondo azaltzea zer den Ekoalde: “Gehienek bitartekari lana egiten dugula uste dute;  zuzenean ekoizleek sortutako zerbait garela esatean diegunean, 'ez da posible!', diote”.

“Nafar jendartearentzat tresna eraginkor bat izatea nahi dugu”, dio Garaik. Horretarako, lehen sektorea ongi antolaturik egotea ezinbestekoa da, eta argi dute zein den etorkizunerako erronka nagusia: “Ekologikoan dagoen eskaerari erantzuteko, eskaintza nahikoa eta antolatua izatea”.

Burujabetza helburu, tokian tokiko errealitatea ardatz

Elikadura burujabetza jorratzeko askotariko estrategien adibide dira proiektu hauek; bakoitzak bere ikuspuntu eta egiteko modu propioak eraiki dituen arren, abiapuntu berbera konpartitzen baitute: eredu agroindustrial kapitalistari aurre egin eta burujabetzaren bidean alternatibak eraikitzen joatea. Hirurak ari dira tokian tokiko errealitatearen berezitasunetara egokitzen saiatzen, inguruarekin etengabeko harremana mantentzen eta elkarte eta kolektibo ezberdinekin sinergiak sortzen. Horixe baita haien erronka nagusietakoa: proiektuak egonkortze bidean, aliantzak indartzen eta egituratzen jarraitzea.

 

Gakoak 2021, ARGIAren Azokan eskuragarri

Azaleko ilustrazioa: Paula Estevez

Ehun orriko urtean behingo aldizkari berezi hau, aurtengoan gai bakarraren bueltan ardaztu da: Burujabetzak. Euskal Herriko esperientziak eta gogoetak bildu ditu alor hauetan: Elikadura –irakurri berri duzuen hau–; informazioa; energia; osasuna; zaintza; finantza; etxebizitza; teknologia eta kultura. Horretaz gain bertan formatu berezi hauek ere badakartza: “Etzidamu” Shukare Oteroren komikia; zazpi etapako uraren ibilbidea Euskal Herrian barna eta kultur gomendioak.

Hemen duzue eskuragarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
2021-08-13 | June Fernández
Zaintza sistema
Kaka ongarri bihurtu

Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


Osasuna autokudeatzeaz
COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitatearen bidez Hernani burujabetzarantz

Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]


Uraren ibilbidea
Zazpi egun eta mapa bat, urak emandakoa ez galtzen ikasteko

Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren... [+]


Burujabetzak uztartzeaz:
Burujabetzen ebakipuntuak, etorkizuneko kartografietan

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


2021-08-02 | ARGIA
2021ean gozatzeko hamabi ikus-entzunezko

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.


2021-08-02 | ARGIA
2021ean irakurtzeko hamahiru liburu

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu. Beste artikulu honetan beste horrenbeste ikus-entzunezko ere gomendatu ditugu.


Teknologia burujabetza: Menpekotasunaren kontzientziak astintzeko

Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola,... [+]


2021-08-02 | Axier Lopez
Oñatiko Onaro
Sarea geureganatu, multinazionalen zain egon gabe

Onaro.eus webgunean sartu eta lehen begiratuan Internet eta telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin topo egin duzula pentsatuko duzu. Gero harrituko zaitu informazio guztia oso sinple eta zuzen erakutsita egoetak, apaingarri eta hitz panpoxik gabe. Prezioak... [+]


Etxebizitza
Eskubide bat merkantzia bilakatuta

Burujabetza eta etxebizitza. Horratx bi termino, hemen eta orain, kasik antagonikotzat jo daitezkeenak. Etxebizitzak, babesleku eta atsedengune izatearekin batera, elkar zaintzarako eta norbere bizi proiektua aurrera eramateko espazio behar lukeenak berez, merkantzia forma... [+]


Eguneraketa berriak daude