Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

  • Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan edo osasunarenean? Inposatu dizkiguten neurrietatik zer zen zentzuzkoa, zer ez? Euskal herritarrok, ezkerrak eta mugimendu herritarrek nola erantzun diogu egoerari? Eta, batez ere, zer ikasi dezakegu bizitakotik, hurrengo balizko konfinamendu bati aurre egiteko baliagarria izan dakigukeena?


2020ko abuztuaren 02an - 19:10
Ilustrazioa: Joseba Larratxe 'Josevisky'
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Emakume feminista arrazializatuen kolektiboetan militatzen duen Silvia Zunigarekin, Antonio Escalante antimilitarismo eta auzogintzako militantearekin, Mirene Begiristain ekonomialariarekin eta Mati Iturralde medikuarekin mamitu ditugu kezka horiek (argazkietan, ezkerretik eskuinera). Bota dizkiguten ikuspuntu eta proposamenek bertute bikoitza dute: konfinamendu bati begira erabilgarriak izan daitezke, baina, konfinamendurik ezean ere, dugun eta datorkigun testuingurua borrokatzeko berdin dira baliotsuak.

Ekarpenak nork bere esparru eta bizipenetatik egitea proposatu diegu solaskideei. Zenbat buru, hainbat bizipen. Begiristain ekonomian doktorea da eta EHUko irakaslea eta ikerlaria, agroekologian eta elikadura burujabetzan espezializatua. 9 eta 17 urteko semeekin eta heldu batekin konpartitzen duen etxean pasa du konfinamendua.. Bi helduak telelanean, seme nagusia teleikasketan presio handipean, txikia eskolaren berririk gabe bi hilabetez. Soldata eta etxe “egokiak”, belarra zapaltzeko aukera... pribilegiatua sentitu da “arruntak beharko luketen baldintzak izateagatik”, eta, hala ere, “ezin eramana”. Zaintza sistema osoaren gabeziak agerian geratu direla dio. Iturralde medikua da herri txiki batean, hirian aritu zen aurretik. Konfinamendu garaiko bizipen kontraesankorrak azpimarratu ditu, “arlo pertsonal zein profesionalean”. Osasun sistemak “kolapsatu” zuenean urruntze soziala eta antolaketa ezinbestekotzat zituen, baina amorruz bizi zuen agintariek agintekeria hutsez inposatzea “gauza erabat zentzugabeak”, pedagogian eta konfiantzan oinarritu ordez. Escalantek begirada antimilitarista eta komunitariotik sufritu du alarma egoera, hiru sentimendu nagusirekin: Lehenbizikoa bere “pribilegioen gordinkeria” beste egoera batzuk ikusita; bigarrena inpotentzia, “soldaduska inposatu digutelako eta auzoan legetik harago behar zena egin ez dugulako”; konfinamendua amaitzean kezka eta harridura, militantzia kide askok adierazi dutelako “hibernazio antzekoa izan dela konfinamendua” eta indarge daudela.

Talde solasaldia hastear gaudela Zunigak abisua eman du, ezin izango du hitzordura agertu. Telefono bidez mintzatu gara berarekin. Urtea eta lau hilabete dela heldu zen Bilbora Nikaragua jaioterritik ihesi, 2018an piztu zen gatazka soziopolitikoaren errepresio giroan heriotza mehatxuak jaso ostean. LGTB kolektiboaren alde lan egiten zuen ekintzaile feminista lesbiana da. Papergabea da, zaintza arloan zituen ordukako bi lan prekarizatuak galdu zituen itxialdia hastean, aurrezkirik gabe. Hamar pertsonarekin batera pasa du konfinamendua, “estres sozial orokortuari gehitu norberarena, kezkak... oso gogorra izan da”.

Ezkerretik hasita: Silvia Zuniga, Antonio Escalante, Mirene Begiristain eta Mati Iturralde.

Zer izan da hau?

Bat-batean oinarrizko eskubiderik gabe eta konfinatuta geunden. Historian lehen aldiz munduko biztanleriaren gehiengoa gelditu egin zen –literalki–, borondatez edo mehatxu bidez. Orainaldi distopiko gaindosiak gure bizitza kolektibo eta pertsonalak astindu zituen informazioen, albisteen, neurri sanitario, ekonomiko, politiko eta sozialen zaparradan. Abiadurak gertaerak asimilatu ezinak egiten zituen; ezjakintasun sentsazioak irizpide propioak izatea eragozten zuen; beldurrak eta antsietateak eztabaida politiko kolektiboa ezinezko egiten zuten. Zentralismoa eta autoritarismoa indartu ziren egitura politikoetan. Eztabaida eta hausnarketa politikoa inoizko desaktibatuen, behar handieneko garaian.

Konfinamendu bitartean ezin gertaerez jabetu, eta orain egitea proposatu diegu solaskideei. “Lortu dute ezartzea hainbat neurri inongo ebidentzia zientifikorik gabe”, dio Iturraldek. Arauetako askok ez zuten inongo azalpen medikurik: ume batekin atera bai, birekin ez? Adituen izenean jendartearenak diren eztabaidak lapurtu dizkigutela uste du: “Heldu gara erabaki behar izatera nor ingresatu ZIUetan eta nor ez, adinaren edo gaixotasunen arabera esaterako. Hori ez da adituen erabakia, hori jendartearena da”. Umeen etxealdi zentzugabea salatu du, “gerora frogatu da ez dutela birusa transmititzen”. Zaharren egoitzetako “genozidioa” azpimarratu du, hiltzeagatik baino, hiltzeko moduagatik: “Gelan bakarrik hilabetez, bisitarik eta jarduerarik gabe”. Lantegira bai; ez, ordea, zahar etxera, mendira, triste dagoen lagunarengana edo bizilagunari erosketak egitera. Konfinamendu eta urruntze neurri sanitarioak behar ziren, baina bizitza lehenesteko, ez jarduera ekonomikoa.

Eta zein ekonomia. Begiristainek salatu du ahaleginak automozioa eta manufaktura ez gelditzera bideratu direla, eta zorpetzea areagotuz kapital finantzarioa elikatzen jarraitzera. Hartu diren babes neurri sozial batzuk zentzuzkoak iruditu zaizkio: hipotekak izoztea, erregulazio espedienteak (ABEE), moratoria fiskalak... Baina ez dira nahikoak izan, “ez baitira irizpideak ipini banaketa horretan, ez baikara denok leku beretik abiatzen”, dio. Zaintza eremuko langileak, autonomoak edo nekazari txikiak laguntza oso eskasa izan dute, langabetuek edo papergabeek are gutxiago. Udalek laguntza handiagoak bideratu dituzte tokiko komertzio eta enpresa txikietara, dio, “baina zenbat diru dago hor?”. Titularretatik harago, diru-laguntza lerroak benetan nora joan diren lupaz aztertzeko beharra ere nabarmendu du Begiristainek.

Lupa herritarron gainean jarri dute –Foucault zaleek nekez irudikatuko lukete mikropolitikaren eta biopolitikaren uztarketa poetikoagorik–. Erresistentziarik gabe, Escalanteren iritziz. “Azkenean soldaduska egin dut”, dio ironiaz 58 urteko kontzientzia-objektoreak: “Ikasi dute praktikan gaitasuna dutela gu kuartel baten gisan antolatu eta edozein agindu betearazteko. Non eta Euskal Herrian, oso intsumiso gutxi egon da”. Militarrak prentsaurrekoetan eta kalean, Polizia kalean eta balkoietan, gerra terminologia, heriotzaren esplotazioa. Onarpena handia izan da. Beldurra sustatu dute, eta ez dugu jakin beldur kolektibo hori kolektiboki lantzen: “Bakoitza bere beldurrarekin, beldurra modu indibidualean kudeatzen”.

Lupa horren begirada ezberdin sentitu dute Zunigak eta bere inguruneak migratzaile, papergabe eta zaintza arloko emakume posiziotik. Lupak ez zuen ikusten konfinamenduari aurre egiteko neurri positiboak aplikatzeko orduan: gizarte-segurantzarik ez, langabezia-prestaziorik ez, izoztu ahal izateko hipotekarik ez... Berak bezala bere inguruneak lana galdu zuen bat-batean. Etxeko langile egoiliarren kasuan, asko kanporatu eta kale gorrian utzi zituzten. Ordea, lupak mikroskopio itxura zuen ‘herritar-soldaduen’ diziplinatze orduan. Beldur handienetako bat ezinbesteko erosketak egitera irtetea zen. “Dendara joan eta polizia bidean, pasa zitezkeen 20 euskaldun arazorik gabe, eta niri beti gelditu eta ‘nora zoaz, zer egin behar duzu...’”.

Herritarrak, ezkerrak, herri mugimenduak...

Zuniga buru-belarri murgildu da babes sareak indartu eta erresistentzia kutxak sortzeko borrokan. Urtarrilean dozena bat emakume nikaraguar, militante eta feministek Feministak Nika EH kolektiboa sortu zuten. Konfinamendua hasi eta berehala sortu zuten erresistentzia kutxa Mujeres No domesticadas, Mujeres con Voz eta Mujeres Tejiendo Red emakume arrazializatuen kolektiboekin batera. Alokairuaren ordainketan laguntzea zen hasierako helburua. Lehenbiziko asteetan 20.000 euro batu eta 100 emakume lagundu zituzten. Astebetean bete zuten hilabeterako jarri zuten erronka. Egoerak gainezka egin zien, ordea: “Egunero ehunka pertsona deika janari eta aterpe eske, gehienak inongo prestaziorik gabe, erroldatuta ere ez zeudelako, batzuk Euskal Herrira orain dela zortzi-bederatzi urte heldu baziren ere”. Hori dela eta, janaria eta arropa ere jasotzen hasi ziren.

Emakume migratzaileen eta bere taldeen artean harreman politak eta garrantzitsuak eraiki dituztela dio Zunigak, “berdinen artean lanean”. Baita arrazializatutako pertsonez osatuak ez dauden beste kolektibo batzuekin ere, Pikara Magazine eta Sortzen Kontsultategiarekin adibidez. Baina bi esperientzia mingarri ere aipatu ditu. Bata, marko zabalagoan sortutako erresistentzia kutxa –“Guk gure errealitatea eta beharrak ezagutzen ditugu”–. Bestea, zenbait GKEren aldetik espero zuten ekarpen ekonomikorik edo bultzada sozialik ez jasotzea: “Talde horiek guk bizi dugun errealitatetik sustengatzen dira, beren proiektu, jarduera eta diskurtsoen oinarria gara”.

Oro har jendartearen erreakzioa oso ahula begitandu zaio Begiristaini: “Konfinamenduko sentimendu nagusia tristezia izan da, indibidualismoa zainetaraino sartua dugu”. Erakundeen eta agintarien jarrera neutralizatzaileak zerikusirik izan duela uste du. Mugimendu feministak antolatutako mahaian ez dute parte hartu, adibidez. Edo, nekazal produkzioari begirako protokoloa sektoreko elkarteek egin ondoren, Jaurlaritzak “kopiatu eta bere lana bailitzan aurkeztu zuen”. Iturraldek uste du erakundeen erabaki eta jarrerei ez zaiela interpelazio nahikorik egin, ez eremu politiko formalean, ez sindikalgintzatik, ez herri mugimenduen aldetik. Bereziki kritikoa da sindikatuekin, ABEEn “defentsa baldintzatu gabea” egiteagatik, batzuetan publikotik enpresarien etekinak bermatzeko tresna izan direnean, edo lantokietara ez bueltatzea gehiago ez borrokatzeagatik.

“Orain arte onartzen ez genituen gauza asko onartu dugu”, dio Escalantek, arauak ahaztu eta bidezko irizten diogunaren aldeko praktikak bultzatu behar direla defendatuz. Hariari heldu eta Euskal Herri osoan ugaldu diren zaintza sareak ekarri ditu Iturraldek hizpidera. “Hasieran espontaneoki ondo hasi ziren, baina ondoren tropa ordenatu zuten”. Beste herri batzuetan bezala Zuian ere arazoak izan zituzten Ertzaintzarekin, “herritar batzuei medikamentuak etxera eramateagatik”. Instituzioek sareak instituzionalizatu edo baztertu egin zituzten. “Hausnarketa behar zen hori gainditzeko. Ezin duzu pentsatu: ‘Gabezia batzuk beteko ditugu, baina baimentzen digutenaren arabera’. Izan behar da guk nahi dugunaren arabera”. Ados dago Escalante. “Auzoan 300 pertsona ginen saretuak eta 200etik gora ez dute ezer egin, ez dugu jakin nola edo zertan erabili esku horiek”. Whatsapp bidez komunikatzeak, bestalde, zahar asko kanpoan uzten ditu eta, Zunigak gogorarazi digunez, baita interneterako dirurik ez dutenak ere.

Escalantek faltan sumatu dituen hiru gauza zerrendatu ditu. Egoera hausnarketarako baliatzea: “Zerk ekarri gaitu hona? Zergatik daude zahar etxeak? Nola, zertarako bizi nahi dugu? Aldaketa handiak egiteko beharrezko galderak dira”. Polizia kontrol eta militarizazioaren aurkako ekimenak, bigarrenik. Eta hedabide kritikoen ekarpen handiagoa: “Saio honen moduko gehiago mezu batzuk konpartitzeko, bereziki irratiak auzo mailan informazioa emateko...”. Begiristainen aburuz balkoietatik harago jendarte komunikazioan “oso kreatibitate gutxi” erakutsi dugu, webinar metaketan eta adituaren figuran oinarrituz, edo jakintza esparruak elkarrengandik bananduta irudikatuz, besteak beste.

Norabide eta ekimenetan asmatu edo okertzetik harago, oinarrizko beste baldintzapen bat agertu da solasaldian: herritarren eta mugimenduen gaitasun eta energia mugatua. Begiristainek dio maila pertsonalean gauzetara ezin heldu bat egon dela, eta herri mugimendua antzeko nabaritu duela: “Mugimenduak oso prekarizatuak daude, ez dugu arkitektura sendorik erantzuteko eta ahal dena egin da”. Iturraldek bide beretik jo du, eta bere esperientzia kontatu du. Konfinamendu betean bat-batean Arabako zaharren egoitza bat hustu eta egoiliar guztiak lurraldeko gainontzeko egoitzetan banatu zituzten. Berak lan egiten duen egoitzara gauerdian hamar zahar eraman zituzten inongo argibiderik gabe, dementziekin, ez zegoen modurik nortzuk ziren jakiteko ere, ezin asmatu zer medikazio zuten... “Eskubide galera erabatekoa. Gau hartan negarrez heldu nintzen etxera, pentsatuz biharamunean salaketa idatzi behar nuela. Baina hurrengo egunean ezin nuen ile bakar bat ere mugitu”. Aldi berean, dio Begiristainek, eskerrak hamarkadatan egin den herrigintzari, hortik heldu baitira erantzun interesgarrienak.

Testuinguru emozional eta materiala oso kontuan hartzekoa da balorazioak egiterakoan. Beldurra norbere edo ingurunekoen bizitzagatik, konfinamendu fisikoaren ondorioak, bizitzaren prekarizazioa, orainaldiarekiko eta etorkizunarekiko ikara... Batetik, ezinekin barkaberagoa izan eta erruduntasunak mugatzeko arrazoiak dira. Bestetik, herri mugimenduaren oinarriez galdekatzeko balio dezake. Militante asko pribilegioen gordinkeria ahoz salatzetik pribilegioak galtzeko beldur intimora ez ote den pasa zalantza du Escalantek: “Horrek auzitan jartzen du zertan oinarritzen den gure militantzia, ea gure planteamenduek erosotasunetik soilik balio diguten”.

Erreferentzia askatzaile propioen faltan?

Trump edo Urkulluren errezetei aurka egiteko Osasunaren Mundu Erakundearenak aldarrikatu ditu ezkerrak –OME, “ustelkeriaren habia”, dio Iturraldek–; kolpea leuntzeko neurri sozial batzuk hartu direnez gobernuei gehiago exijitzeko anbiziorik gabe geratu gara, agian; ‘askatasuna’ aldarrikatuz eta arauak apurtuz kalera atera den bakarra eskuin muturra izan da... Ez al dira egon sektore antikapitalista eta antipatriarkalak pentsatzeko eta ekiteko erreferentzia propiorik gabe? Enbata betean iparra markatu zezaketen itsasargi iraultzaile edo eraldatzaileen faltan?

Begiristain ez dago ados, edo ez guztiz. Proposamenak egon badaudela dio. Feminismoak epe labur eta ertainerako neurriak aurkeztu dituela, agroekologiatik beste horrenbeste, edo politika fiskalean. Arazoa horiek jendarteratzeko egungo gobernantza ereduen gaitasun ezan dagoela uste du, “batetik eta bestetik”, proposamenak bazterretara kondenatzen dituena. Iturraldek uste du pausa bat ezinbestekoa zela, bizitzen ari ginenaz hausnartu eta erreferentzia propio sendoak sortzeko. Agindu-obeditu logika sakondu egin da jendartean konfinamendu bitartean, solaskideen ustetan: erakunde eta aditu ‘jakintsuak’ batetik, herritar ‘ezjakinak’ bestetik.

Horren aurrean, zientzia ez dela neutrala gogorarazi du Begiristainek, eta aditu jakin batzuei ematen zaiela hitza. Confebaskek langabezia %15era igoko dela dionean, esaterako, ez da errealitate bat deskribatzen ari, baizik eta errealitate jakin bat sortzeko baldintzak eraikitzen –langabezia tasa hartzen diren neurrien araberakoa izango baita–. “ Nahi dugun jendarte eta sistemaren araberako irakurketak behar ditugu”, dio. Baina ez da lan erraza, osasunaren arlora ekarriz Iturraldek azaldu duenez. Teknologia sanitarioan farmazeutikoen boterea eta gaitasun teknikoa hain da handia, non osasun arloko profesional kritikoak baloreen eta etikaren eremuan zokoratuta geratzen diren, ikerketa eremutik kanpo: “Eta krisi honetan adituen izenean guztion bizitza arautu da goitik behera, jauzi kualitatibo bat izan da. Osasuna desteknologizatu behar da, eta teknologian ikerketa independente eta publikoak egin”. Ahalduntze pertsonal eta kolektiboa gakoa da, eta bada zumitzik: “Gu kapazak gara eta badakigu”, dio Escalantek sistema politikoaren aurreko delegazionismoaren aurrean; “Jakinduria partekatu eta banatu behar dugu, denok dakigu zertxobait, inork ez dena, agian denon artean...”, Iturraldek, adituen jainkotzea arrakalatzeko.

Beste konfinamendu bat posible da

Osasun krisialdi eta konfinamendu berriak aurreikusiz antolatzen ari da hurrengo ikasturtea hezkuntzan, arautzen telelana, agintzen langileen oporraldi egutegia. Solaskideek ere uste dute etorriko dela, izan birusaren agerraldi berri batengatik, izan horren aitzakian sistemak inposatua bere interesetan sakontzeko. COVID-19arekin sortutako errealitatea kapitalismoak “bere ametsik onenean ere” ez lukeela irudikatuko diote. Iturralde ez da aurreko konfinamendua ulertzeko teoria konspiratzaileen zale –ezer baztertzen ez badu ere–, “baina pentsatzen dut hemendik aurrera datuak manipulatuko dituztela. Urrian egoera behartu nahi badute, esaterako, hastea esaten “ROa 1,1etik gora igo da!’ Hau egin behar da, beste hau ez’”. Escalantek denbora gutxi dugula dio, “osasun krisia egon edo ez, saiatuko dira kontrol soziala areagotzen hartuko dituzten neurri ekonomikoak baketzeko”. Gaurdanik prestatu behar garela uste du, ikusitako hutsuneentzako bitartekoak garatuz eta sortutako tresna baliagarriak indartuz. “Momentua hau da”.

"Osasunean heziz gero adituek inposatutako osasun neurrietatik zeintzuk diren zentzuzkoak eta zeintzuk ez baloratzeko gaitasuna izango genuke herritarrok, erabaki propioen arabera pertsonalki eta kolektiboki jokatzekoa, ondorioz"

Iturraldek eremu txikietan antolatzen hasteko unea dela deritzo. Konfinamendua amaitu zela eta,  Zuia Elkar Zainduzen desagertzea planteatu zen. “Ez! Gauza piloa egin behar dugu, orain gainera bildu gaitezke, beharrak identifikatu..”, dio. Gehiengoak hala iritzita, mantentzea erabaki zuten azkenik. Sortutako sareak mantendu ez ezik, indartu egin behar direla defendatu du Zunigak. Pertsona guztien erregularizazioa ezinbestekoa dela dio, bestela edozein neurri sozialetik kanpo geratzen jarraituko baitute milaka pertsonek. Bitartean, erresistentzia kutxa mantentzen du Feministak Nika EH taldeak, “COVID-19aren ondoriozko sarraskiak dirauelako”. Ordea, kutxa aurkeztu ondorengo bi asteetan ekarpen asko jaso bazituzten, azken astean bakar bat ere ez. Auzoetatik eta kolektibo txikietatik lan egitea proposatzen du, “sare horiek dira pertsonengana gehien heldu eta eguneroko arazoak konpontzen dituztenak”.  

Konfinamenduko akatsak ez errepikatzera deitu du Zunigak. “Espero dugu eremu sozial eta politikotik hurbiltzeko gai izango direla modu desinteresatuan, gure esperientziak ezagutzeko gogoz, ekarpena egiteko aukera izan dezagun konfinamendu batek berriz ere modu berean kolpatu ez gaitzan”. Egun “utopiko xamarra” iruditzen bazaio ere bikaina litzatekeela dio, “kuestionamendu eta gonbidapen bezala diot”.

“Gelditu zaitez etxean” ekidin eta Hego Amerikatik ikasitako “gelditu zaitez auzoan” martxan jarri nahiko luke Escalantek. Auzoko Batera sarean 300 pertsona zeuden esku bat botatzeko prest. Oinarri horrekin eta etxadika antolatuz gero –bakoitzean dinamizazio lanetarako bi pertsonarekin–, uste du posible dela beharrak identifikatu eta asetzea: gabezia ekonomikoetarako erresistentzia kutxa, pilatuta edo etxerik gabe daudenentzako okupatu daitezkeen etxe hutsen eta bigarren etxebizitza uzteko prest daudenen zerrenda; lapiko herrikoiak elikadura beharretarako.

Begiristainek bestelako gobernantza mailetan eragitea ere defendatu du. Elikadura burujabetzaren esparruan eztabaida hori bada: “Eskualde edo herri mailako estrategiak garatzen ditugu, baina nola lortu aldundietako edo Europako politiketan eragitea? Erabaki plano horiek publikoak eta gureak izan zehar dute”. Herrigintzak alternatibak ditu. Epe ertain eta luzerako proposamenak bota ditu, baita gaur bertan ezarri daitezkeen batzuk ere: zaintzan enplegu berriak sortu, baldintzak hobetu eta publifikatzea, sukalde publiko guztietan tokiko elikadura sistema erabili, zerga sistema eraldatu kapitalaren errentek gehiago ordain dezaten...

Pasatako konfinamendutik ikasitakoak aletu ditu Iturraldek. Zentzurik gabeko neurriak ezin ditugula onartu dio, zaharrak isolatuta uztea edo hiltzear dagoen senidearekin egoteko debekua kasu: “Konfinamenduan desobedientzia zibil kolektiboa egiteko aukera dago, zergatiak ondo azalduta eta zentzuz eginez gero”. Enbata betean pausa hartu eta pentsatzeko denbora hartzea ezinbestekoa dela uste du, eta instituzioei etengabeko interpelazioa egin behar zaiela. Osasun arloan, maila lokalean herritarrak hezteko ekimenak garatzea proposatzen du, “autogestionatzeko eta osasun sistema makroaren menpekotasuna ekiditeko”. Adituek inposatutako osasun neurrietatik zeintzuk diren zentzuzkoak eta zeintzuk ez baloratzeko gaitasuna izango genuke herritarrok, erabaki propioen arabera pertsonalki eta kolektiboki jokatzekoa, ondorioz.

Konfinamendu formala epe laburrean inposatu nahiz ez inposatu, konfinamendu garaiko gobernantza ereduaren arrastoak gure artean geratuko dira. Beldurra sustatzea, militarizazioa, politikako, osasuneko edo ekonomiako ‘adituen’ agintekeria, ezberdintasun sozialak areagotzea, prekarizazioa orokortzea eta sakontzea. Konfinamendu formatuan edo ez, kolapsora urratsak ematen jarraituko dugu. Norabidez aldatzen ez badugu, bederen.

Munduak beldurra ematen du eta amets kolektiboen deseskaladan murgiltzeko tentazioa indartsua da. Pribilegio deitzen diegu garai batean eskubide zirenei, iraganean haserretzen gintuzten apurrengatik esker ona sentitzen amaitu dezakegu orain, hainbat eta hainbat erabaki beldurretik hartzen ditugula ukatu eta beharra bertutez mozorrotzeko joeran sakontzeko arriskua dugu. Ametsak biziberritzeko garaia ere izan daiteke, ordea: hausnartuz, enpatia kolektiboa eta etika pertsonala garatuz, begi bat ipar iraultzailean eta bestea eguneroko lokatzetan, elkar zainduz eta etsaia borrokatuz eta, batez ere, saiakera praktikoetan zikinduz. Ziurtasun sendo apurrak eta ziurgabetasun ugariak motxilan, behar beste hanka sartu eta berriz saiatzeko prest. Ezer ez da definitiboa, baina hurrengo hilabeteetan eta balizko konfinamendu berri(et)an hartzen ditugun jarrerak garrantzitsuak izango dira bide bat edo bestea argitzeko.

Konfinamendu egoerarako proposamenak
(Edo balizko konfinamendu agertokirako gaurdanik lantzen hastekoak)

Auzogintzatik

Etxadiz etxadi antolatu. Pertsona batek edo bik antenarena egiten dute, beharrizan-egoerei edo ekimenei buruzko informazioa jaso eta helarazteko. Zaintza sareak abiapuntua izan daitezke.

Gabeziak atzemanda modu antolatuan desobeditu: sukalde herrikoiak sortu, pilatuta bizi diren pertsonentzako lekuak bilatu, adinekoak egunero atera ahal izatea bermatu modu seguruan...

Komunikabide alternatiboak tokiko ekimenak hedatzeko bitarteko bilakatu –batez ere irratiak–; eztabaida irekiak egin, auzoko informazioa helarazi eta mezu ofizialak edota zurrumurruak auzitan jarri.

Larrialdietarako alarma eta erantzun sareak eta metodoak prest izan, Poliziaren gehiegikeriei, etxegabetzeei edo antzeko egoerei aurre egiteko.

Osasun-proiektu komunitario bat diseinatzen hasi.

Arrazializatu eta baztertuenetatik

Enplegurik gabe eta kale gorrian geratzen direnentzat bizitegi-baliabideak gaitzea (aterpetxeak, alokairuak edo etxebizitza sozialak...). Halaber, alokairuan laguntzeko premiazko laguntzak.

Administrazioarekiko komunikazioa erraztu eta trabak saihesten dituzten bitartekoak sortu (zalantzak argitzeko, espedienteak edo eskaerak izapidetzeko, prestazioak kudeatzeko...). Pertsona guztiek ez dute ordenagailua eta interneterako sarbidea, edo izapide jakin batzuk egiteko prestakuntzarik ez dute.

Kaleratzean baja ematen dieten lankideei errolda ematea, eskubiderik galdu ez dezaten.

Aurreko konfinamenduan sortutako laguntza-sareak aktibo mantentzea eta babestea, bereziki migratuen guneetatik sortutako ekimenak.

Udalek beharra duten pertsonentzako jakiak eta janari prestatuak etxez etxe banatzeko zerbitzuak sortzea.

Osasungintzatik

Kronista talde bat sortu aurreko esperientziak jasotzeko eta hurrengorako abiapuntuak markatzeko. Gure osasun beharrei entzun eta ikasi duguna birpasatu era kolektibo eta indibidualean.

Informazio eta iritzi sareak osatu errealitatea kritikoki aztertzeko. Adibidez, ume eta zaharren konfinamenduaren aurka, edo arriskurik gabeko mugikortasuna mugatzearen aurka.

Zaintza sarea pandemiaren unean uneko errealitateari egokitu behar zaio eta horretarako datu errealak ezagutu behar dira. Osasun zentroarekin harremana egin kontrasteak egiteko datu ofizialetatik harago.

Zerrenda bat osatu pertsona, familia eta kolektibo zaurgarriekin eta aztertu pandemiaren fase bakoitzean zer behar izango lituzketen. Behar mota bakoitzerako dispositiboa prestatu –inposatutako arau zentzugabeak modu antolatuan desobedituz beharrezkoa denean–, eta beharrezkoa bada interlokutore lana egin osasun sistemarekin.

Zaintza sareek zaharren egoitzetako laguntza ere antolatu beharko lukete, egoiliar, senide edo langileekin kontaktuan jarriz.

Udalgintza eta ekonomiatik

Herri ordutegiak eta mugikortasun eremuak antolatu hainbat gako kontuan hartuta: adina, osasun egoera, aniztasun funtzionala, lanaldi egoera, herriaren tamaina…

Herrietan egon daitezkeen etxebizitza hutsak, jabetza publikokoak, pisu turistikoak... zerrendatu eta etxebizitza arazoak dituzten pertsonentzako lehenetsi.
Autonomo eta enpresa eta komertzio txikientzako laguntzak. Kostuen eta egoeraren arabera eten ahal diren ordainketak bertan behera utzi.

Mikrokredituak jarduerarekin jarraitu ahal izateko, finantza etikoko erakundeen bitartez.

Herri sukalde komunitarioak sortu: elikadura osasuntsua bermatzeko, kontziliazio aukerak laguntzeko, elikagai bankuarekin batera koordinatuz... Herrietan dauden azpiegiturak kontuan izan (herri eskolako sukaldea, elkarte gastronomikoak…).

Egoeragatik bertan behera geratzen diren lan esparruetako langile publikoen jarduna larrialdi egoerarekin lotutako beharretara bideratu. Berrantolaketa hori aurreikusi.

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. Paperean irakurri nahi baduzu, Azokan eros dezakezu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
“Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean”

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


Familiak alarma-egoeraren ostean
Pandemiari biziraun eta gero, lanetan itotzear

Koronabirusak bistan utzi ditu sistema kapitalistaren josturak, eta edonork esango luke horiek errematatzeko xedea izan duela agintariek egindako osasun krisiaren kudeaketak. Bizitza eta kapitalaren arteko norgehiagokak goia jo duen osasun larrialdi egoeran ere, gobernuetatik... [+]


2020-08-02 | Estitxu Eizagirre
Nolako eskola behar du gaurko munduak?

COVID-19ak agerian jarri ditu hutsuneak eta ondorio nagusietakoa izan da ikasketetan ere klase sozialen arteko desberdintasuna handitu dela, etxeetako maila sozio-ekonomiko eta kulturalaren arabera ikasleek gehiago edo gutxiago eutsi ahal izan baitiote eskolako ikasketei... [+]


Emakume langileak osasun krisian
Lehen lerroan bai, aitortza errealik ez

Martxoan etxean gelditu ginen eta ikusi genuen nola batzuk bizirauteko oinarrizkoa den guztiari eusten ari ziren: zaharrak zaintzen egoitzatan eta etxe partikularretan, ospitaletan eriak artatzen, garbiketa lan sakonak egiten, farmazian herritar aztoratuak artatzen... Eta ikasi... [+]


Elikadura burujabetza Euskal Herrian
Nekazariez gain, erronka instituzio eta herritarren esku ere badago

Azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura burujabetzaz, gero duin eta osasuntsu bat segurtatzeko bidean ezinbesteko osagai gisa kokatuz. Koronabirusak eragin krisi globalak are gehiago begi-bistan jarri digu zein baitezpadakoa zaigun gure elikadura beharrak... [+]


Paperak denontzat, sistematik kanpo utzi dituztenen aldarria

Pandemiak ikusgarriago egin du migratzaile askoren errealitatea: bazterkeria sozialera, lan baldintza ankerretara eta arrazakeria polizial eta instituzionalera kondenatzen ditu legeak berak, pertsona ilegaltzat dituelako. Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik... [+]


Oroimenerako ibilbideak
Iraganera bost bidaia, Euskal Herritik atera gabe

Ez pentsa dena oker jarri duenik pandemia honek. Adibidez, zorte apur batekin, Euskal Herria berrezagutzeko abagunea izango duzu uda honetan, herri memoriaren bidezidorretan aspaldi galdu ziren txokoak. Disidenteen lurraldeak, lurralde ahaztuak, ahaztuen lur komunalak... hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude