“Balioa aitortu behar diegu soilik gizakiek egitea nahi dugun lan horiei”

  • Zure lanak ez du zentzurik? Zure lanpostua ezabatuta ere denak berdin jarraituko lukeela, edo agian, gizartea pixka bat hobea litzatekela uste duzu? Baietz badiozu, lasai, ez zaude bakarrik. David Graeberrek dio herritarrek egunerokoan egiten dituzten lanen erdiek ez duela zentzurik. Londresko Ekonomia Eskolako antropologia irakaslea da eta Bullshit Jobs: A Theory liburuaren egilea (Pitorik balio ez duten lanak: teoria bat).

Graeber bere azken liburuaren aurkezpenean. (Steven May)
Artikulu hau CC lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko uztailaren 22an - 14:51

Bullshit jobs eta shit jobs kontzeptuen arteko ezberdintasuna egiten duzu liburuan [euskaraz pitorik balio ez duten lanak eta kaka lanak deituko diegu]. Azalduko diguzu?

Nahiko sinplea da: kaka lanak lan txarrak dira, egin nahi ez zenituzkeenak. Gaizki ordainduak, langileak duintasunik eta errespeturik gabe tratatzen dituztenak, txikituta uzten zaituztenak... Gehienetan, lan hauek ez dira beharrarekin ikuspegitik begiratuta zentzurik ez duten kakak. Egin behar diren lanak dira normalean: pertsonak batetik bestera eramatea, gauzak eraikitzea, jendea zaintzea, jendea garbitzea... Kontrara, pitorik balio ez duten lanak ongi ordaindutako lanak dira askotan, onura pertsonalak ekartzen dituzte eta norbait garrantzitsua bazina bezala tratatzen zaitu jendeak, egin beharra dagoen zerbait egiten ariko bazina bezala; zuk benetan badakizu, ordea, hori ez dela horrela. Normalki kontrakoa da.

Pitorik balio ez duten zenbat lan ezaba daitezkeela uste duzu eta zer nolako eragina izango luke horrek gizartean?

Ia denak ezabat daitezke, hori da kontua. Pitorik balio ez duten lan deitzen diegun horietan ari diren pertsonek sekretuan badakite lanpostu hori desagertuz gero –eta batzuetan industria osoa desagertuta ere–, ez litzatekeela aldaketa handirik gertatuko. Are gehiago esango dut, telemarketingean ari direnei, lobbystei edo korporazioen abokatu kabineteei begiratzen badiegu, mundua leku hobea litzateke lanpostu horiek existitituko ez balira. Horrez gain, pentsa zenbat jende ari den egitazko lana egiten pitorik balio ez dutenak bermatzeko, izan beren bulegoak garbitzen, segurtasun lanak egiten, probetxuzko ezer egiten ez duten horiek beste gizakiei eragiten dieten min psikologiko eta soziala zaintzen... Ziur nago egiten ari garen lanen erdia erraz ezaba dezakegula eta horrek ondorio positiboak izango lituzkeela edozertan, artearen eta kulturaren mundutik hasi eta klima aldaketaraino.

Produktibitatearen eta soldataren arteko dibortzioarekin lotzen duzu pitorik balio ez duten lanen ugaritzea. Nola garatu da prozesu hau azken hamarkadetan?

Ez dakit oso berria den fenomenoa. Kontua ez da produktibitatea aztertzea, zentzu ekonomikoan, gizarteari egiten zaion onura baizik. Norbait garbiketa lanak egiten ari bada, edo erizain, edo sukaldari edo autobusa gidatzen, badakigu zehatz-mehatz zertan ari den eta zergatik den garrantzitsua hori egitea. Enpresa bateko marka arduradun edo finantza aholkularien kasuan, hori ez dago hain garbi. Lan baten erabilgarritasunaren eta bere konpentsazioaren artean, beti egon da harreman inbertso xamarra. Denok ezagutzen ditugun salbuespenak kenduta –medikuak edo pilotuak adibidez–, normalean horrela da.

Joera aldaketa baino, zentzurik ez duten eta erlatiboki ongi ordaindutako lanen kopurua izugarri ugaritu da. Zerbitzuen sektorea hazi dela esaten dugu modu tranpatian, baina zerbitzuen sektoreko lanpostu gehienak erabilgarriak eta gaizki ordainduak dira –zerbitzariez, Uberreko gidariez, bizarginez eta antzekoez ari naiz– eta beren kopuruak ez dira asko aldatu oro har. Benetan hazi dena manager, administratibo eta bulegarien kopurua da, azken mendean hirukoiztu egin dira hauek beste langileekin konparatuta. Hortik dator pitorik balio ez duten lanpostuen zentzugabekeria.

David Graeber-en azken liburua.

Kim Moodyk dio produktibitatea geroz eta handiagoa eta soldata geroz eta baxuagoak izatea, gestio tekniken zorroztearekin dagoela lotua, just-in-time produkzioarekin eta langileak kontrolatzeko teknologiarekin; ez hainbeste automazizazioarekin. Hori hala bada, gurpil-zoroan harrapatuta gaude, langileei aginduak emateko eta kontrolatzeko pitorik balio ez duten geroz eta lanpostu gehiago sortuz, eta aldi berean, lanpostu hauek geroz eta txarragoak eginez.

Hori horrela da Amazon, UPS edo Wallmart gisako enpresetan. Argudiatu liteke langileek azkarrago lan egitea eragiten duten gainbegiratze lanpostuak ez direla benetan pitorik balio ez dutenak, zerbait zehatza egiten ari direlako, nahiz eta ez izan oso atsegina. Fabrikazio robotek biderkatu egin dute produkzioa sektore gehienetan eta langileen kopurua txikitu dute. Hala ere, geratu diren apurrei hobeto ordaintzen zaie beste sektore gehienetan ari direnei baino.

Hala ere, sektore horietan guztietan joera bat nagusitzen ari da: alferrikako manager maila ugari sortzea nagusiaren –edo dirua kudeatzen dutenen– eta langileen artean. Neurri handi batean, manager berri hauen “gainbegiratze” lanak ez du ezer ere azeleratzen, mantsotu baizik. Hau nabarmen ikusten da zaintza sektorera hurbildu ahala: hezkuntza, osasuna edo zerbitzu sozialak, batzuk aipatzearren. Zentzurik ez duten lan administratibo berriak sortzeak dakar egiazko lanak hondatzea –erizainak, medikuak edo irakasleak behartuz egunero ez-dakit-zenbat formulario betetzera– produktibitatea mantsotzen ari dira.

Estadistikek erakusten dute: industrian produktibitatea izugarri hazten ari da, eta horrekin batera diru-irabaziak ere bai; baina osasunaren edo hezkuntzaren esparruan produktibitatea jaisten ari da, prezioak igotzen dituzte eta diru-irabaziak mantentzeko soldatak jaisten dizkiete langileei. Horra zergatik dauden greban munduko hainbeste lekutan irakasle, erizain eta medikuak.

Korporazio modernoen egiturek antz handiagoa dute feudalismoarekin, merkatu kapitalismo ideal hipotetiko batekin baino, zuk diozunez. Zer esan nahi duzu argumentu horrekin?

Unibertsitatean nengoenean irakatsi zidaten kapitalismoak esan nahi duela badaudela kapitalistak, baliabide produktiboen jabe direnak, adibidez fabrikak, eta pertsonak kontratatzen dituztela gauzak egin eta saltzeko. Langileei ezin diete ordaindu beraiek diru irabazirik gabe geratzeko bezainbeste, baina ordaindu behar diete gutxienez fabrikak produzitzen duen hori erosi ahal izateko adina. Feudalismoan, ordea, diru-irabaziak zuzenean hartzen dituzte, errentak, tarifak eta kuotak kobratuz, morroi zordun bilakatuz pertsonak, edo bestela, hauek beherantz zapalduz.

“Pitorik balio
ez duten lanak ongi ordaindutakoak dira askotan, onura pertsonalak ekartzen dituzte eta norbait garrantzitsua
bazina bezala tratatzen zaitu jendeak”

Gaur egun korporazioen diru irabazi nagusiak ez datoz gauzak egin edo saltzetik, baizik eta “finantzetatik”. Beste pertsonen zorrei erreferentzia egiteko eufemismoa da hori: kobratu errentak eta kuotak eta interesak eta ordain-sariak. Feudalismoa da definizio klasikoan, “erauzte juro-politiko zuzena”, beraiek batzuetan dioten bezala. Honek esan nahi du gobernuaren rola ere oso ezberdina dela: kapitalismo klasikoan jabetza babesten du eta agian lan indarra zelatatuko du hau eskuratzea ez dela asko zailtzen bermatzeko. Kapitalismo finantzarioan ordea, diru-irabaziak sistema legalaren bidez erauzten dituztenez, erabat funtsezkoak zaizkie araudi eta erregulazioak, eta egoera honetan gobernuak beraiek babestea behar dute, zorpetutako jendea astintzen duten bitartean.

Merkatua itsu-itsuan defendatzen dutenak oker daude beraz, aldarrikatzen dutenean ezinezkoa dela kapitalismoak pitorik balio ez duten lanpostuak sortzea.

Bai, hain zuzen ere. Kuriosoa da, liberalek eta marxistek puntu honetan egiten didatelako eraso, eta hori da biak 1860ko hamarkadan existitu zen kapitalismoaren kontzeptzioarekin ari direlako funtzionatzen: konpetentzia diren enpresa txiki asko gauzak fabrikatuz eta salduz. Bai, hori horrela da, adibidez, jabea bera lanean ari den jatetxeaz ari bagara, eta ados nago, jatetxe horrek ez du inor kontratatuko ez badu behar.

Baina gaur egungo ekonomian jaun eta jabe diren enpresa handiek bestelako logikarekin funtzionatzen dute. Diru-irabaziak lortzen badira tarifa eta errenta bidez, zorrak sortuz eta hauek ordainaraziz, estatua erabat inplikatua badago diru-irabazia erauztean: disolbatu egiten da esfera ekonomikoaren eta politikoaren arteko ezberdintasuna. Enpresa hauentzat diru-estrakzio eskemarako leialtasun politikoa erostea, bere horretan, ondasun ekonomikoa da.

Pitorik balio ez duten lanpostuen sorrerak sustrai politikoak ere baditu. Barack Obama AEBetako presidente ohiaren aipu deigarri bat darabilzu liburuan. Hitz egin dezakezu horretaz eta lanpostu mota horiei ematen dien babes politikoaz?

Iradoki nuenean pitorik balio ez duten lanpostuek denboran irauteko arrazoietako bat dela jende boteretsu askori politikoki komenigarri zaizkiola, nola ez, konspirazio teorien paranoikoa nintzela egotzi zidan askok. Nahiz eta idazten ari nintzena, nik uste, gehiago dela konspirazio teorien aurkako zerbait: zergatik ez duen jende boteretsuak elkar hartzen eta egoera konpontzeko zerbait egiten.

Obamarena kea zerion pistola bezala sentitu nuen, funtsean hau esan zuen: “Beno, denek diote ordaintzaile bakarreko osasun-sistemarekin [osasun sistema unibertsal mota bat] arreta medikua askoz ere eraginkorragoa litzatekela, bai, agian hala litzateke, baina pentsatu milioika pertsona dauzkagula osasun enpresa pribatuetan, erredundantzia eta inefikazia horri esker. Zer egingo genuke langile guzti horiekin?”. Horrekin aitortu zuen merkatu librea ez dela hain eraginkorra, osasunaren esparruan behintzat, eta pitorik balio ez duten lanpostuak bere horretan mantentzen zituelako nahiago zuen.

Politikariek ez dute sekula horrela hitz egiten eskulangileei buruz: hor dago beti merkatuaren legea lanpostuak desagerrarazteko eta soldatak jaisteko, eta sufritzen badute, ezin duzula ezer egin esango dizute. Adibidez, Obamak ez zirudien hain kezkatua automobilgintzako langileengatik, industria erreskatatu ostean asko kaleratu zituztenean edo soldataren parte handia sakrifikatu behar izan zutenean. Lanpostu batzuek beste batzuek baino gehiago axola dutela argi dago.

Obamaren kasu honetan, nahiko garbi dago zergatia: Tom Frankek orain gutxi esan bezala, Alderdi Demokratak 80ko hamarkadan estrategikoki erabaki zuen langile klasea abandonatzea bere oinarri gisa ulertuta, eta kudeatzailen profesionalen klaseak hartu zituzten horren ordez. Baina, noski, hor pilatzen dira pitorik balio ez duten lanpostu gehienak.

Ez da soilik Alderdi Demokrata mota honetako lanpostuak bultzatzen ari dena, sindikatuak ere ari direla diozu. Azalduko diguzu nola sostengatzen eta bultzatzen dituzten sindikatuek lanpostu hauek eta zer ondorio duen horrek ekintzaile sindikalentzat?

Lanpostuak diruz laguntzeaz hitz egiten zuten, beharrezko ez ziren langileak hartzeko insistitzen zuten, eta noski, edozein burokraziak pitorik balio ez duten lanpostuak pilatzeko joera du beti. Baina aipatzen nuena zen edozein arazo sozial konpontzeko etengabe “lanpostu gehiago” aldarrikatzen dutela sindikatuek.

Inor aurka ez dagoen aldarrikapen apurretakoa da hori, ez baitzara ari opari bat eskatzen, bizirauteko behar duzuna irabazi ahal izatea baizik. Martin Luther Kingen Washingtonera Martxa famatua ere “Lanpostuak eta askatasuna” gisa bataiatu zuten, sindikatuen babesa baduzu, lanpostuen eskaerak beti hor egon behar duelako. Eta paradoxikoki, jendea modu independentean ari bada lanean, autonomo gisa, edota kooperatibetan, ez da sindikatzen, ezta? Aipatzen ari garen arrazoi honexegatik, sindikatuak arazoaren parte gisa ikusten dituen korronte erradikal bat existitzen da 60ko hamarkadaz geroztik. Hala ere, gaiaz modu zabalagoan pentsatu behar dugu: behinola lan gutxiagoren alde, ordu gutxiagoren alde kanpaina egiten zuten sindikatuak nola iritsi diren onartzera kontsumo kapitalismoaren oinarri den puritanismoaren eta hedonismoaren arteko aldaketa arraroa. Azken batean, lanak “gogorra” behar duela (pertsona ona “pertsona langilea” dela alegia) eta lanaren helburuak oparotasun materiala behar duela, sufritu egin behar dugula gure kontsumo eskubidea irabazteko.

Langile klasearen lan kontzeptu tradizionala okerra dela uste duzu. Zehazki, diozu, langile klasearen lanpostuek antz handiagoa izan dutela emakumeei lotu izan zaizkien lanekin, gizonezkoei lotutako fabriketakoekin baino. Honek esan nahi du garraiobideetan lanean ari diren langileek gehiago dutela komunean irakasleen zaintza lanarekin, igeltseroekin baino. Zein harreman du honek pitorik balio ez duten lanekin?

“Langile klaseak beti izan dira zaintza-klaseak, aberatsek baino enpatia handiagoa dutelako”

“Produkzioa” eta “produktibitatea” bezalako ideiekin obsesionatuta bizi gara (eta aldi berean, “hazi” egin behar du denak, oro da “hazkundea”). Uste dut oinarrian teologikoa dela kontua. Jainkoak unibertsoa sortu zuen. Jainkoa imitatzera, beren janaria edo jantziak eta abar sortzera kondenatuta dago gizakia. Beraz, lana zerbait produktiboa bezala pentsatzen dugu batez ere, gauzak egitea: sektore bakoitza bere “produktibitatearen” bidez definitzen da. Errealitatea bestelakoa da ordea, hausnarketak erakutsi behar liguke lan gehiena ez dela gauzak egitea, garbitzea edo distira ateratzea dela, begiratzea eta joerak ulertzea, laguntzea, elikatzea, konpontzea eta gauzak zaintzea bestela. Edalontzi bat egingo duzu behin. Mila aldiz garbituko duzu ondoren.

Horretan aritu da langile klasea gehienbat, beti izan dira fabriketako langileak baino gehiago haurtzainak, zapata-garbiltzaileak, lorezainak, tximinia garbitzaileak, sexu langileak eta zabor-biltzaileak eta neskameak eta abar. Eta bai, garraiobideetan ari diren langileak ere, ticket makinak automatizatuta zereginik ez dutela dirudien arren, hor daude umeren bat galtzen bada, norbait gaixotzen bada, edo jendea molestatzen ari den mozkorren bat uxatu behar bada... Arazoa da publiko orokorraren pentsamendua baldintzatu digutela, burges txikiek bezala pentsatzen dugula, eta ezin dela onartu pertsona batzuk leku batean egun osoan kartetan jolasten aritzea, noizbait arazoren bat gertatzen denerako zain, eta beraz, denbora guztian lanean ari diren itxura egin behar dutela. Hala ere, “produktibitatearen” inguruko balioen teorietatik kanpo utziko dugu azken kontu hau.

Ekonomialari feministek proposatzen duten bezala, alderantzizkoa egitea iradokitzen dut. Uler dezagun fabriketako lana ere zaintza lanaren luzapena dela, izan ere, zuk autoak egin edo autobideak asfaltatu nahi dituzu, soilik, axola zaizulako jendea doan lekura joan ahal izatea. Jendeak bere lanpostuaren “balio sozialaz” pentsatzean horrelako zerbait dago atzean, eta are gehiago, pitorik balio ez duten lanpostuek ez dute inolako balio sozialik.

Gure lanaren balioa nola pentsatzen dugun aztertzen hasi behar dugu, gauza hauek garrantzia hartuko dute automatizazioak zaintza lanak geroz eta garrantzitsuago bilakatu ahala. Ez soilik, lehen aipatu dudan gisan, paradoxikoki sektore horiei eraginkortasuna kentzen ari direlako, eta beraz, lehengo eraginkortasuna lortzeko geroz eta jende gehiagok egin behar duelako lan hor, ezta aipatutakoaren ondorioz gatazka-eremuak direlako ere; baizik eta eremu hauek ez ditugulako automatizatu nahi. Ez genuke robotik nahi mozkorrak lasaitzeko edo galduta dagoen ume bat kontsolatzeko. Soilik gizakiak egitea nahi dugun lan horiei balioa aitortzen hasi behar dugu.

Zertan eragiten die pitorik balio ez duten lanpostuei buruzko zure teoriak lan esparruko ekintzaileei? Zure arabera zaila da lanpostu hauen aurkako kanpaina batek nolakoa izan behar lukeen imajinatzea, baina ideia batzuk eman ditzakezu sindikatuei eta ekintzaileei laguntzeko arazoari adarretatik eusten?

Gustuko dut “zaintza klaseen iraultza” aipatzea. Langile klaseak beti izan dira zaintza klaseak, ez bakarrik beraiek egin dituztelako zaintza lan gehienak, baizik eta agian horren ondorioz, aberatsek baino enpatia handiagoa dutelako. Ikerketa psikologikoek hori erakutsi dute, bide batez esateko. Zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta gaitasun gutxiago izango duzu beste pertsonen sentimenduak ulertzeko. Beraz, lana birpentsatzea –ez bere horretan balio edo helburu gisa, baizik eta zaintzaren jarraipen material gisa– hasiera ona da.

Egia esan, proposatzen dut “produkzioa” eta “kontsumoa” ordezkatzea “zaintza” eta “askatasuna”-rekin. Norbait zaintzea, azken batean, beste pertsona bat mantentzera edo haztera, edo beste pertsona baten askatasuna areagotzera bideratutako ekintza da, amek beren haurrak zaintzen dituzten bezala, ez soilik osasuntsu hazten eta hezten direla bermatzeko, baizik eta berehalakoan, jolasteko aukera izan dezaten, horixe baita askatasunaren adierazpen gorena.

“Gaur egun
diru-irabaziak zuzenean hartzen dituzte, errentak, tarifak eta kuotak kobratuz, pertsonak morroi zordun bilakatuz”

Horiek dena den, epe luzera egin beharreko kontuak dira. Orainaldiari dagokionez, pentsatu behar dugu nola egin aurre manager-profesionalen nagusitasunari, ez soilik dagoeneko existitzen diren ezkerreko erakundeetan –nahiz eta AEBetako Alderdi Demokrata bezalakoei ez dakidan ezkerreko deitu behar diegun–, pitorik balio ez duten lanei aurre egiteko modu eraginkorra aurkitzeko. Zeelanda Berriko erizainek greba egin dute eta arrazoi nagusietako bat horixe izan da: batetik, soldatak murriztu dizkietela, eta bestetik, denbora piloa igarotzen dutela formularioak eta dokumentuak betetzen, egoiliarrak zaintzen aritu beharrean. Beren denboraren erdia baino gehiago galtzen dute horretan zenbait erizainek.

Lotura dute bi arazoek, noski. Beren soldatak mantentzeko balio lezakeen dirua, alferrikako administrazio lanpostuak kontratatzeko erabiltzen dute, eta pertsona hauek beren lana justifikatu behar dutenez, oraindik eta lan txoro gehiago ematen diete. Askotan, administrari horiek zenbait alderdi edo sindikatuk ordezkatzen ditu. Nola egin gauza hauek borrokatzeko programa praktiko bat? Bereziki garrantzitsua den galdera estrategikoa da hau.

Londresko Ekonomia Unibertsitatean, David Graeber irakaslea kaleratu berri zuten Alba Pasimo garbitzailearen aldeko protesta zaratatsuan. United Voices of the World garbitzaileen sindikatuak egin zuen deialdia. Protesta campusean barrena eta eraikin nagusian ibili zen. Besteren artean ondorengoa eskatzen zuten: garbitzaleen sindikatzeko eskubidearen aitortza, Alba Pasimo garbitzalea berriro onar zezatela, lan karga egokiagoak eta orokorrean lan baldintza duinak, besteren artean, gaixotuz gero baja hartzeko eskubidea, pentsioa eta unibertsitatean zuzenean kontratatutako langileen baldintzak. (Peter Marshall)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
“Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean”

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


Familiak alarma-egoeraren ostean
Pandemiari biziraun eta gero, lanetan itotzear

Koronabirusak bistan utzi ditu sistema kapitalistaren josturak, eta edonork esango luke horiek errematatzeko xedea izan duela agintariek egindako osasun krisiaren kudeaketak. Bizitza eta kapitalaren arteko norgehiagokak goia jo duen osasun larrialdi egoeran ere, gobernuetatik... [+]


2020-08-02 | Estitxu Eizagirre
Nolako eskola behar du gaurko munduak?

COVID-19ak agerian jarri ditu hutsuneak eta ondorio nagusietakoa izan da ikasketetan ere klase sozialen arteko desberdintasuna handitu dela, etxeetako maila sozio-ekonomiko eta kulturalaren arabera ikasleek gehiago edo gutxiago eutsi ahal izan baitiote eskolako ikasketei... [+]


Emakume langileak osasun krisian
Lehen lerroan bai, aitortza errealik ez

Martxoan etxean gelditu ginen eta ikusi genuen nola batzuk bizirauteko oinarrizkoa den guztiari eusten ari ziren: zaharrak zaintzen egoitzatan eta etxe partikularretan, ospitaletan eriak artatzen, garbiketa lan sakonak egiten, farmazian herritar aztoratuak artatzen... Eta ikasi... [+]


Elikadura burujabetza Euskal Herrian
Nekazariez gain, erronka instituzio eta herritarren esku ere badago

Azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura burujabetzaz, gero duin eta osasuntsu bat segurtatzeko bidean ezinbesteko osagai gisa kokatuz. Koronabirusak eragin krisi globalak are gehiago begi-bistan jarri digu zein baitezpadakoa zaigun gure elikadura beharrak... [+]


Paperak denontzat, sistematik kanpo utzi dituztenen aldarria

Pandemiak ikusgarriago egin du migratzaile askoren errealitatea: bazterkeria sozialera, lan baldintza ankerretara eta arrazakeria polizial eta instituzionalera kondenatzen ditu legeak berak, pertsona ilegaltzat dituelako. Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik... [+]


Eguneraketa berriak daude