Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

  • Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu ekoizpen prozesuaren baitako langileei eta ingurumenari eragiten dizkion kalteei erreparatu gabe. Arroparen benetako kostua ez baita etiketak dakarrena, ingurumen-inpaktua eta jendearen sufrimendua truke-txanpon gisa erabilita, prezio irrigarrietan saltzen diguten jantzien kostua garesti ordaintzen baitu askok. Zorionez, alternatiba interesgarriak badira.


2019ko abuztuaren 13an - 09:23
Ilustrazioak: Paula Estévez

Blogger (blog bidez jantzien inguruan jarduten duen pertsona) eta influencer (moda tendentzietan eragiteko gaitasuna duen norbanakoa) bezalako terminoak ohiko bilakatu diren garaiak bizi ditugu. Ingelesezko terminook zerbait berria dirudite, baina aurretiaz goraldia izan zuten antzerako beste zenbaiten moldaketa eguneratuak besterik ez direla ohartu gaitezke coolhunter (moda tendentzien ehiztaria) edo it girl (modan eragiten duen emakumea) zaharkituagoei erreparatuz gero. Badirudi modarena bezalako eremu kontsumista batean zaharkitze programatuak jantziei ez ezik lenguaiari ere eragiten diola, eta hor datza industriaren etengabeko hedapenaren gakoa: atzo bogan zegoena gaur zaharkituta geratzeak ziurtatzen dio biharko produkzioa, eta produzitutako ondasunen prezioa baxu mantentzeak bermatzen dio kontsumitzaile kopuru altua. Baldintza hauetan, ehungintza industriak ziurtaturik dauka geroz eta erritmo frenetikoagoa daraman gurpil kontsumistaren martxa.

Hain da eroa gurpilaren martxa, ezen jantziaren prezioek beheranzko norabidea duten bitartean, urtetik urtera gora egiten duen ehungintza industriak. Merkatuaren ikerkuntza egiten duen Euromonitor International-ek emandako datuen arabera, 2016tik 2017ra %1,2ko hazkundea izan zuen irabaziei dagokienez, eta %3,1ekoa bolumenari dagokionean. Industriaren irabazien eta arroparen prezioen arteko alde geroz eta handiagoa, ordea, ingurumenarekiko eta langileenganako errespeturik gabeko jokabidearen bidez lortu daiteke soilik. Zentzu horretan hurrengo datua argigarri gerta daiteke: industriaren bilakaerak datozen bost urteetan izango duen hazkundearen %65 BRICS herrialdeetan —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikan— emango da, janzten ditugun arropen ia gehiengoa bertatik baitator egun. Herrialde inportatzaile hauen bizi kalitatearen kaltetan, arropa merke antzean saltzen digute esportatzaile nagusiak diren herrialdeetan —Europa eta AEBak— bizi garenoi.

Erakusleiho deigarriak, dendaoste ilunak

Balioa maximizatu eta kostuak minimizatzeko xedez, material eta energia kontsumoari dagokionez intentsiboenak diren produkzio pausoak BRICS herrialdeetara bideratzen ditu industriak. Hala, arroparen produkzio katearen zein aldetan egon, ezberdina da herrialdeen testuingurua. Balio erantsi gehien eta ingurumen inpaktu gutxien eragiten duten egitekoak —arropen diseinua kasu— herrialde esportatzaileetan burutzen dira, eta inguru zein langileentzat kaltegarrienak diren prozesuak, aldiz, herrialde inportatzaileetan. Lanaren banaketa horrek desoreka egoeran jartzen ditu herrialde esportatzaile eta inportatzaileak, bigarren hauek izanik moda industriaren albo kalteak pairatzen dituztenak. Erakusleiho eta ibiltoki distiratsuetako fokuek argiztatzen ez duten norabidean, herrialde inportatzaileak dauden tokira behatuz gero, panoramak ez du glamourrik batere.

Petrolio industriaren atzetik, kutsadura gehien eragiten duen bigarren industria da ehungintzarena

Ingurumenari eragindako kalteak ditugu batetik: petrolio industriaren atzetik, kutsadura gehien eragiten duen bigarren industria da ehungintzarena. Munduko uraren bosten bat kutsatzearen arduraduna da, Changing Markets Foundation-ek argitaratutako Dirty Fashion (Moda zikina) txostenak dioenez. Tratatu gabeko hondakin-uren isurketa indarrean dago sektorean. Horrek zuzenean eragiten du uraren kalitatean, berau kutsatuz eta lehen sektorea larriki kaltetuz: arrantzale, abeltzain eta nekazariei hain beharrezkoa duten lehengaia agortzen ari zaie, eta sarri ur hori kontsumitzeagatik gaixotu eta hiltzen dira. Horren adierazle argia da Bangladesh: herrialdea munduko ehungintza potentzia nagusienetarikoa izanik ere, oraindik orain bertako biztanleen %70a nekazaritzatik bizi da; baina ehunak tindatzen dituzten 700etik gora lantegiek hondakinak erreketara isurtzen dituztenez, fauna eta lursailak larriki kaltetzen dituzte, eta biztanleentzat ur edangarria eta janaria eskuratzea geroz eta zailagoa da.

Berotegi efektua eragiten duten gasen jarioari dagokionez ere nabarmentzen da hizpide dugun industria, munduko CO2 jarioaren %5a baitagokio. Datu honi erreparatzerakoan interesgarria da Txinari behatzea, karbono dioxido gehien isurtzea leporatu ohi zaion herrialdea izan arren, ehungintzari dagozkion isurketen %72 esportatzeko jantzien produkzioak eragina baita. Esportaziorako diren jantziak alboratuz gero, txinatar batek europar batek baino bederatzi aldiz CO2 gutxiago eragiten du janzterakoan, estatubatuar batek baino hamabi aldiz gutxiago. Nondik begiratzen den, AEBetara eta Europara bideratzen diren jantziek “erantsia” daramate CO2 isuria. Balio erantsi hori gurean isurtzen den CO2 kopuruari gehituko bagenio, estatistikak oso bestelakoak lirateke.

Bangladesheko haur bat, larrugintzako hondakin isuriek sortutako errekastoaren ondoan (Argazkia: Daniel Lanteigne)

Janzten ditugun arropek ingurumenean uzten dituzten arrastoak azaleratu ahala, jatorri ekologikoa duten jantziei balioa ematean hasi dira kontsumitzaile asko. Alabaina, sarri jasangarri eta naturaltzat saltzen den ehuna ez da berez dirudiena. Horren adibide dugu biskosa, zuntz begetaletatik ateratako ehuna izanik ekologiko bezala saltzen baitute ekoizle askok eta askok. Errealitatea oso bestelakoa da ordea, biskosak oso kutsagarria den tratamendu kimikoa behar baitu. Moda Zikina txostenak azaltzen duenez, “susmoa dago kutsadura hori dela (biskosa-fabrikek isurtzen duten hondakin-urek eragindakoa) minbizi kasuak areagotzearen arrazoi nagusietakoa”. Egoera honen aurrean, ehunen jatorri ekologikoa bermatzeko ziurtagiriak sortu dira.

Kutsadura alde batera, ur gehien kontsumitzen duen industria ere bada ehungintzarena. Munduko uraren %70a nekazaritzara bideratzen da, ehungintzak gehien erabili ohi duen zuntzaren laborantzara: kotoia. WWF Naturaren Aldeko Mundu Funtsaren arabera, kotoizko kamiseta bakar bat ekoizteko 2.700 litro ur behar dira. Gainera, kotoi laborantzaren %0,5a besterik ez dago kotoi organikora bideratuta.

Langileak bizi-arriskuan

Ingurumenari eragindako kalteez gain, BRICS herrialdeetako langileek ehungintza ezaugarritzen duten lan baldintza negargarrien albo-kalteak ere pairatzen dituzte. Emakumeen zaurgarritasunaz aprobetxatu eta prekarietatearen feminizazioa zein pobrezia betikotzen dituen produkzio moldea darabil ehungintza industriak, eta Bangladesheko jostunetatik Erdialdeko Ameriketako maquiletako langileetaraino, beronentzat lan egiten duten norbanakoen lan baldintzak antzerakoak dira: esplotazioa, tratu txarrak, produktu toxikoekiko esposizioa —eta ondorioz, gaixotasunak pairatzeko arriskua—, sindikatzeko oztopoak, hamalau orduko lan jardunak, gardentasun falta, oinarrizko gastuei aurre egitea ahalbidetzetik urruti dauden ordainsariak, lantegien egoera kaskarra, lan segurtasunik eza... Ehungintza industriari denak balio dio irabaziak areagotzeari begira, adin txikikoen eskulanari ere muzinik ez egiteraino.

Emakumeen zaurgarritasunaz aprobetxatu eta prekarietatearen feminizazioa zein pobrezia betikotzen dituen produkzio moldea darabil ehungintza industriak

Arropa Garbia kanpainak argi dioen bezala, “milaka pertsonak jarraitzen dute egunero beren osasuna arriskuan jartzen, eta askok bizia galtzen dute arropa josi bitartean”. Rana Plazako tragedia dugu adibide muturrekoa: 2013ko apirilaren 24an, Bangladeshen, 1.134 pertsona hil eta 2.500 inguru zauritu ziren —gehienak emakumeak— Europa eta AEBetako moda enpresentzako arropa ekoizleen lantoki zen Rana Plaza eraikina zerraldo erortzearen ondorioz, eraikinaren egoera txarra medio. Gertakariak jo-puntuan jarri zuen ehungintza industria beste behin, eta hainbat arropa marka seinalatuak izan ziren —Primark, El Corte Inglés edo Benetton enpresentzako lan egiten zuten eraikinean, besteak beste—. Presio horren eraginez hainbat enpresak kontrol mekanismo zuhurragoak eta praktika onak egiaztatzeko iniziatibak promestu zituzten. Baina ordutik egoera ez da askorik hobetu, eta horren adierazle da urte hasieran Bangladesheko ehungintzako langileek beren lan eskubideen defentsan eta soldata igoera exijituz egindako greba, zeinetan pertsona bat hil zuen poliziak eta 5.000 pertsona kaleratu zituen gobernuak.

Rana Plazako gertakariaren urteurrenean egindako manifestazioa. Emakume bat "Ez dut nahi modagatik hil" dioen kartela eskuetan (Argazkia: Solidarity Center)
Alternatibak gurean

Zorionez, moda industriaren kontsumo gurpiletik jaistea ahalbidetzen duten alternatibak badira. Inditex musu huts uztea, esan ohi denaren kontrara, posible eta uste baino errazagoa da. Kontsumitzeko ereduz aldatzeko uste osoa izatea, besterik ez da behar. Aldaketarantz pausoa emateko ez dugu inora joan beharrik gainera, janzterako orduan gurean ere baditugu aterabide interesgarriak. Zenbait adibide ekarri ditugu orriotara.

Arestian aipatu dugunez, beharrizana zena hartu eta botatzeko kontsumogai bilakatu du moda industriak. Horregatik, kuriosoa da elkarrizketatutako ekoizle txikiak jantzigintzan nola hasi ziren entzutea, beharrizanetik ekin baitzioten hau eta beste josteari. Izarrako Sandra Soler-ek denetariko osagarriak egiten ditu: motxilak, poltsak, gerriko poltsak, pistolerak… Beretzat osagarriak josten hasi eta Caostura marka sortzen amaitu du: “Behin diru-zorro bat egin nuen proba gisa, eta nire lagunei gustatu egin zitzaien. Hurrena gerriko poltsa bat josi nuen, eta hura ere gustuko izan zuten. Hori ikusirik, neure buruari proposatu nion era informalean bazen ere nire lanak ezagutzera ematea, eta gaur arte”. Barruko arropa eta konpresak ekoizten dituen Garbiñe Tolosa donostiarra ere beharrizanagatik abiatutako ibilbideak eraman du Maripuri Tijeritas marka sortzera. Haurra izan zuenean, ez zituen oihalezko fardelak aurkitzen, eta Frantzian erosi behar izan zituen. “Neure buruari esan nion ez zela posible, eta fardelak josten hasi nintzen, saltzeko, ikusten bainuen jendearen partetik eskaria bazegoela”, azaldu du. Ostean konpresak egiteari ekin zion, “arazo berbera medio”, eta hurrengo pausoa izan zen barruko arropa egiten hastea.

Garbiñe Tolosa: "Gauzak ondo egin eta aurrerapausoak ematen joan nahi nuen, ez orain arte gaizki egindakoa errepikatu"

Egiten duena ogibidea bakarrik ez, “gauzak aldatzeko nire modua” ere bada Tolosarentzat. Hasieratik, moda jasangarria egitea izan du xede: “Jasangarri ekin nion proiektuari. Ez nuen nahi edozein materialekin egindako lentzeria sortu, horren beharrik ez dago, badira hori egiten duten beste marka asko. Gauzak ondo egin eta aurrerapausoak ematen joan nahi nuen, ez orain arte gaizki egindakoa errepikatu”. Egiten duenarekin aberastuko ez dela argi dauka, baina bere helburua gauzak aldatzea izanik, kontent da horretatik bizitzea lortu izanaz. Jasangarritasuna bere zentzu zabalenean ulertuz, arropa iraunkorra ekoizten du, ahalik eta hondakin gutxien sortzea bilatuz eta produkzio prozesuaren parte diren alde guztiak zainduz: nekazariak, biltzaileak, ehuleak, tindatzaileak, jostunak, bezeroak eta lurra bera. Ez dira gutxi bide horretan topatutako zailtasunak: bere diseinuak josiko zituzten tailerrak bilatzen hastean ohartu zen desagertzear zeudela gurean, eta zeuden modistek ez zeukatela barruko arropa josteko makinarik, beraz gertuen zituen aukerei jarraika Portugaleko tailerrekin lan egiten amaitu du; material natural eta jasangarririk ere ez zuen aurkitu etxetik gertu (produkzio kontrolatu bidezkoak, biodibertsitatea zainduz eta ongarri zein herbizida sintetikoen ordez metodo naturalekin ekoitziak), eta kanpora eskatzen ditu, jasangarriak direla dioten ziurtagiriez (GOTS, OEKO-TEX) fidatzera beharturik.

Trabak traba, horiei alternatibak bilatzen dihardu. Urrutitik ekarri eta produkziorako ur asko eskatzen duen kotoia beste ehun batzuengatik ordezkatu nahi du: “Hemen baditugu betiko materialak, lihoa eta artilea kasu, eta hortik jo nahi dut”. Horrez gain, tindu sintetikoen ordezkoak ere hasi da erabiltzen: anilarekin, asunarekin eta granada azalarekin tindatutako kolekzio bat atera du Aitor Bastarrikarekin. Handia da Tolosak materialari ematen dion garrantzia, ingurunearen, langileen eta kontsumitzaileen osasunari dagokionez erabakigarria baita honen jatorria: “Arropa gorputzari itsatsita daramagu, zer esanik ez barruko arroparen kasuan, eta gorputzak dena xurgatzen du, substantzia kimikoak pilatuz. Poliesterrari, kautxuari edo tinduei alergia dieten emakume asko etortzen dira nire postura”.

Sandra Soler: "Kapitalismoak jendartea bultzatzen du jasangarria ez den animalien kontsumo arduragabea egitera. Uste dut posible dela hauei minik egin gabe bizitzea"

Solerrek jasangarritasunaren beste ezaugarri bat dauka bere jardunaren erdigunean: animaliekiko errespetua. Oinarrizko zerbait deritzo: “Kapitalismoak jendartea bultzatzen du jasangarria ez den animalien kontsumo arduragabea egitera. Uste dut posible dela hauei minik egin gabe bizitzea, bai elikadurari dagokionez zein janzterakoan”. Hala, animalia jatorria duten materialik gabe lantzen ditu osagarri guztiak. Horrez gain, lehengaiak gertuan erostearen alde apustu egin du: “Metraje txikiko telak inguruko dendetan erosten ditut; bobinak, kremailera eta uhalak, aldiz, Valentzia edo Alacantera eskatzen ditut, non ehungintza industriak alma mater izaten jarraitzen duen”.

Jasangarritasunaren gaia mahaigaineratzearekin batera azaleratu da beste kontzeptu bat ere: Greenwashing. Terminoak erreferentzia egiten dio hainbat enpresa edota erakundek, modu engainagarrian, beren burua naturarekiko errespetutsu aurkezteko burutzen duten aurpegi garbiketari. Jantzigintza ez da praktika hauetatik salbu, eta moda jasangarria darabil hainbatek aurpegi garbiketarako txanpon modura.

Kontsumo eredua, eraldaketarako giltza

Azpeitiako Ilazki Lili Arrueri kosta egiten zaio ‘moda etikoa’ bezalako terminoen baitan kokatzea bere burua, erabat koherentea izatea ezinezkotzat baitu. Bere hitzetan, “nire baliabide pertsonalak, fisikoak eta ekonomikoak kontuan izanik, ahalik eta koherenteen lan egiten dut, Biziki [bere arropa marka] produktuak erostera datozen bezeroak ere kontzientziaz erostera bultzatuz”. Egiten duena termino batzuen baitan kokatzea erraza egiten ez bazaio ere, helburuen artean du kontsumo arduratsua sustatuko duen moda jasangarria egitea. “Proiektu lokala da, hornitzaile txikiekin egiten dut lan, kantitate txikiak erosiz, modu artisauan ekoitziz eta sortzen ditudan hondakinen %90a baino gehiago birziklatuz”, azaldu du. Aurrera begira, eta jasangarritasunari dagokionez pauso bat harago joan asmoz, ingurumenaren zaintza kontuan hartzen duten oihal hornitzaileen bila dabil.

Ilazki Lili: "Nire baliabide pertsonalak, fisikoak eta ekonomikoak kontuan izanik, ahalik eta koherenteen lan egiten dut"

Kontsumitzaileei buruz galdeginda, jendeak artisau-lana geroz eta gehiago preziatzen duela iruditzen zaio Solerri. Ez deritzo aldaketa makala, kontutan izanik “erosi, erabili —sarri hori ere ez— eta botatzen duen jendarte kontsumistan” bizi garela. Tolosak, ostera, oso ondo kontsumitzen dugula uste arren gaizki kontsumitzen dugula dio: “Niretzako garrantzitsuena galdetzea da, baina arropa erostean jendeak ez du nondik datorren galdetzen. Adibidez, nik badakit nondik datorren erosten dudan letxuga, baina jendeak ez du jakin nahi arroparen jatorria”. Liliri, aldiz, iruditzen zaio kontsumo ereduaren inguruan kontzientziazio lan asko egin dela elikadura alorrean, jantzigintzaren alorrean ez bezala.

“Botere asko daukagu erosteko unean, baina ez dugu erabiltzen”, dio Tolosak. Ekoizle gisa, alor horretan ere eragitea bilatzen du, bezeroengan kontsumoaren inguruko hausnarketa bultzatuz: jendearen kontsumo erritmoa apaldu guran urtean kolekzio bakarra aurkezten du, modaren erritmo eroak baldintzatuko ez dituen arropa atenporalez osatua. Ez da lan makala kontzientziak astintzea, hainbat faktorek eragiten baitute kontsumo ohituretan, hirigintzatik hasita: “Hiria modu ez jasangarrian erosteko antolatuta dago; erdian daude dendarik handienak, bazter guztietan dago Amancio Ortega. Hori aldatu ezean, argi da zein izango den joera”.

Moda industriarekin lehiatzea ezinezkoa dela iritzirik, honen kontra borroka egiteari utzi eta beste estrategia batzuei ekitearen aldekoa da Lili: “Kontsumo joerak aldatzeko alternatiben ikusgarritasunaren alde apustu egin behar dugu. Horretarako elkarlana ezinbestekoa dugula iruditzen zait, elkarren konpetentzia izatetik bidelagun izatera igaro gaitezkeela ulertuz”. Elkarlan hori lagungarri suerta daiteke hirurek, ekoizle txiki gisa, aipatu duten sentipen bati aurre egiteko: lan karga handiaren aurrean sarri azaleratu ohi den bakardadea.

Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala

Moda industria, feminizatua eta prekarioa izanik, emakumeen lan esku merkeaz baliatzen da irabaziak lortzeko. Alabaina, kapitalaren eta patriarkatuaren arteko aliantzaren zantzu gehiago aurkitu ditzakegu sektorean. Setem Hego Haizea Gobernuz Kanpoko Erakundeak landutako Indarkeria kontsumitzen dugu? txostenak adierazten duenez, kontsumo kapitalistak lotura du indarkeria matxistarekin, eta moda industria ez da horretaz salbu. Txostenak aditzera ematen duenez, indarrean den moda ereduak emakumearen kanon estetiko eskuraezin bat bultzatzen du, berau lortzeko emakumeen eta hauen gorputzen gaineko kontrola indartzen duena. Merkatuak kanon hori eskuratzea promesten duten produktu anitz jartzen ditu salgai, eta produktuok emakumeen gorpuztasuna eta sexualitatea goresten dute, emakumeak eta beren gorputzak kontsumogai gisa aurkeztuz. Tolosak argi ikusten du hori barruko arropen merkatuan: “Mertzerietan esaten dizute ‘bete eta goratu’ egin behar dela (titiak, bularretakoak erosterakoan). Hori da saltzen dena, oso zaila da betegarririk gabeko bularretako bat aurkitzea. 14 urteko batek zergatik izan behar ditu kristoren titiak?”. Emakumeak gauzak bailiran aurkezteari dagokionez, Parisen egiten den lentzeria azoka batez mintzatu da: “Marka bakoitzak stand txiki bat jartzen du, kanpoan barruko arropa daraman super-emakume batekin. Bezeroak konjunto bat aukeratzen du, eta standean den modeloak jantzi egiten du, erakusteko”.

Gorputzen aniztasuna aldarrikatzen du Tolosak (Argazkia: Maripuri Tijeritas)

“Desfileak eta pasarelak horrelakoak dira”, dio itzulinguru barik. Berak, gorputzen aniztasuna aldarrikatzen duenez, joera hori hausteko saiakerak egin ditu, moda jasangarriaren azken desfilean kasu: “Beste emakume mota batzuk aukeratu nituen desfilerako; haurdun zegoen bat, nire adineko bat eta azalean orbanak dituen bat. Eurak oso pozik atera ziren, baina ikusleek ez zuten ulertu, barre egin zieten”. Egoera honakoa izanik, beste moda eredu bat aldarrikatzeko beharrizana nabarmena iruditzen zaio, eta xede horrekin jardunaldi batzuk egiteko ideia darabil buruan: “Jardunaldietara, adibidez, beste mota bateko bloggerrak ekarri nahi ditut, beren buruari etengabe argazkiak ateratzen dabiltzan gazteei erakusteko badela janzteko beste modu bat”.

Horrez gain, aipatu txostenak azpimarratzen duenez, moda eredu hegemonikoak sexu/genero arau bitarra indartzen duen edertasun kanonak darabiltza. Alternatibak garatzerakoan hori ere kontutan hartzen duten ekoizleak ere badira han-hemenka: genero arau zurrunak hausten dituzten kolekzioak sortzen dituzten Kataluniako Arte Porvo edo Murtziako Las Culpass kasu. Modaren munduan oraindik leherrarazteko jostura asko dagoen arren, apurka-apurka erresistentziak sortzen ari diren seinale.

Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
“Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da”

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


2019-08-12 | Estitxu Eizagirre
Mendearen umeek munduari desafio jo ziotenekoa

Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki zuen maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatutako zikloaren lehen ekitaldira. 1958 eta 1964 urteen arteko... [+]


Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat

ARGIAren ehun urteek euskarazko kazetaritzaren bizkarrezurra marrazten dute. Ez da hedabide bakarra izan, beti eduki ditu hurbileko nahiz urrutixeagoko senideak, baina mende beteko genealogia erakutsi eta frogatu dezakeen bakarra Zeruko Argiatik datorren ARGIA da. Bizkarrezur... [+]


2019-08-12 | Edurne Elizondo
Tradizioa besta ez denekoa

Askekintza Donostialdeko talde antiespezistaren Gurean dokumentalak eztabaidaren erdigunean jarri du gizakiz bertzeko animalien erabilera, besten esparruan. Herritarren protestek aldaketak eragin dituzte, azken urteotan, Euskal Herriko hainbat herritan, baina bertze anitzetan,... [+]


Animaliak hazi, hil eta jateaz
Beganismoa ingurumenaren mesede ala kaltegarri?

Ingelesezko Wikipediak laburbiltzen duenez, beganismoak aldarrikatzen du uko egitea animalietatik eratorritako produktu orori, bereziki elikaduran, eta hari lotuta doa animaliak ondasuntzat erabiltzea arbuiatzen duen filosofia. Beganismoaren baitan zenbait kategoria bereiz... [+]


2019-08-09 | William Gildea
Zergatik bihurtu begano?

William Gildea Britainia Handiko Vegan Society elkarteko zuzendaritzako kideak azaltzen ditu jendeak dauzkan arrazoi ugariak begano bihurtzeko, abereen produktuak murrizte hutsetik harago joanda. Artikulu hau Why Go Vegan izenburuz argitaratu du agroekologia britainiarrean... [+]


2019-08-09 | Low Impact
Simon Fairlie nekazariari galdezka
“Jasangarria eta etikoa al da haragia jatea?”

Simon Fairlie kazetari eta nekazaria ezaguna da Britainia Handian agroekologian interesa daukaten baserritar eta kaletar askoren artean. Begano/ez-begano eztabaidan leku bat egin du bere Meat: A Benign Extravagance [Okela, kalterik gabeko gutizia bat] liburuak. Esne-behiak eta... [+]


2019-08-09 | Mikel Aramendi
Ordu aldaketa
Zentzugabekeria arrazionaltasunez mozorrotzen denean

Ordu aldaketaz idaztea eskatu diogu Mikel Aramendi analista geopolitikoari: “Egia frogatu bakarra da egungo DST sistema hau 1973ko petrolioaren krisiak abiarazi zuela. Eta geroztik, hor dagoela”, dio besteak beste.


10 liburu-denda europar

Gehienetan ez dira turismo gidetan agertzen. Eta eskerrak. Baina kanpoko hiri batera joaten garenean bisitatzea merezi duten gauzen zerrendan, beti egon behar litzateke liburu-dendaren bat.


2019-08-08 | Jesús Rodríguez
Katalunia independentziarantz
Goia eta behea

La Directa-ko kazetari Jesús Rodríguezek azaldu du 2017ko urriaren 1ean behetik gora egin zuen borborrak 2020ko hauteskunde autonomikoetan goitik ixteko arriskua duela. Erreferenduma deitzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean emango den erantzuna gakoa izango... [+]


Eguneraketa berriak daude