Zer egingo dugu erasotzailearekin?

  • Eman dezagun zigor sistema ez zaigula baliagarria iruditzen, kartzelarik ez dugula nahi. Orduan, zein da alternatiba? Zer egingo dugu eraso matxista egin duen horrekin? Mugimendu feministek askoz gehiago landu dute erasoa jasan duenaren gaia, erasotzaileaz gutxiago gogoetatu da. Bada beste galdera potoloagoa: herri mugimenduak zenbateraino daude prest etxe barruan gerta daitezkeen eta gertatzen diren erasoei aurre egiteko?


2018ko uztailaren 27an - 00:00
Irudiok Erresuma Batuko Salvage collective taldearen webgunean bilduta daude, edonork hartzeko eta erabiltzeko moduan. Taldeak herri mugimenduetan genero zapalketa, bortizkeria edo gehiegikeriak jasan dituzten emakumeak bildu nahi ditu eta laguntza eta babesa eskaini. Hainbat artistak afixa proposamenak egin dituzte justizia konpontzailearen filosofiari jarraituta. Goiko irudia Nicole Marroquine-rena da: "Nola ziurta dezakegu hau ez dela berriz gertatuko?".

Hainbat feministarekin hitz egin dugu artikulu hau idazteko, haietako inork ez du nahi izan taldearen edo bere izenean aritu. Arrazoi nagusiak, bi: batetik, erasotzailearekin zer egin oso gutxi landuta daukate, eta bestetik, herri mugimenduan bertan, taldean bertan, gerta daitezkeen erasoez hitz egitea oso konplexua da, delikatua. Gauza bat da indarkeria matxistaz orokorrean hitz egitea, eta beste gauza bat, taldekide batek erasoa egin dezakeela onartzea.

Gure solaskideen abiapuntua ondokoa da: kartzela eta zigor sistemak pertsonak bergizarteratzeko ez badute balio, eta pertsonak bergizarteratu daitezkeela uste badugu zer egin erasotzailearekin? Justizia klasikoari ez, baizik eta justizia berrosatzailea edo konpontzailea izeneko filosofiari begira ari dira lanean gure solaskideak.

Hiru hanka ditu mahaiak

Ez du zentzurik “erasotzailearekin zer” galdetzeak, ez bada kontuan hartzen erasoa sufritu duena hor dagoela eta erasoa gertatu den taldea, komunitatea edo herri mugimendua ere hor dagoela. Gatazkak hiru aldeak ditu. Erasoa jasan duena eta erasotzailea talde bereko kideak direnean taldea bera hausten da. Erasotuak zauriak dituen moduan taldeak ere bai. Zauriez gain, ardura ere bai. Erasoa egin duena ez da izate isolatua, sarri halako izenak jartzen zaizkien arren: psikopata, gaixoa, arraroa... Indarkeria matxista egiturazko arazoa da eta erasoa egin duena gizarte eredu horren parte da.

Hainbat herri mugimendutan erasoak edo halako gatazkak kudeatzen saiatzen dira, borondate handiz, baina sarri beraiek nahi baino jakintza eta baliabide gutxiagorekin. Azken finean, taldeak bere gain hartzen duen ardura handia baita. Ados dira gure solaskideak, halako egoerei heltzeko gabezia handiak dituzte herri mugimenduek. Hala ere, hainbat saiakera egiten da. Erasotzailearekin zer egin pentsatu baino lehen, erasoa jasan duenari entzuten zaio eta haren beharrei erantzuten saiatzen dira: zein pauso eman erasoa sufritu duena berrosatzeko, zauriak sendatzen hasteko. Agian eskatuko du ez duela kalean aurkitu nahi, ez duela taldeko dinamiketan ikusi nahi, espazio digitalak ez dituela elkarbanatu nahi... Erasotuaren beharren adibide xumeak dira. Justizia klasikoak nekez hartzen ditu kontuan behar xumeak eta handiak. Eta erasotzailearekin zer? Gure solaskide baten ustez “erasotzailea kanpora!” leloak jada ez du balio. Erasoek eraso izena hartzen ez zuten garaian, indarkeria matxistatzat hartzen ez ziren garaian, eta noski salatzen ez ziren garaian, halako gertaerak edo egoerak ozen kontatzeko behar handia zegoen, kalera ateratzeko beharra. Orduan, kontzientziak esnatzeko balio izan zuen. Defentsa lanean ari ziren emakumeak. Gaur egun, erasoak bistarago daude gizartean. Amorrualdian hartutako erabakiak izan dira sarri, momentuko erantzunak, adibidez, taldetik botatzea, edo herritik botatzea. Eta gero zer? Iruñetik bidali bada Baionan bizi daiteke. Nork ziurtatuko du berriz ez duela gauza bera egingo? Ez da inolako lanik egin bergizarteratzeko eta berriz eraso dezake.

Rebecca Zorach-en “Zer behar duzu gauzak ondo joan daitezen?”.

Ez da beti hartutako neurria izan erasotzailea kanporatzea. Batzuek psikologoarengana bideratu dute, terapiara, hainbat denboraz etxetik atera gabe egotea eskatu zaio... Halako neurriak hartuz gero taldeak jarraipena egin behar dio. Nork egingo dio jarraipena? Noiz arte? Herri mugimenduek gainean hartzen duten zama azpimarratu dute gure solaskideek, halako konplexutasuna duen gatazka kudeatzeko ardura. Askoren ustez, herri mugimenduek ezin dute halako ardura potolorik hartu.

Erasoaren aurrean, neurririk zorrotzenak sarri gizonek proposatzen dituzte, esate baterako, taldetik botatzea edo herritik botatzea. Solaskide baten ustez, erasotzaile potentzial direlako dute halako erreakzioa. “Bera izan da, ni ez naiz izan” dute buruan, zaku berean sartzeko beldurra dute eta neurri zorrotzak hartu nahi izaten dituzte.

Joxemi Zumalabek protokoloa ondu du

Joxemi Zumalabe Fundazioak herri mugimenduekin eta herri mugimenduentzat egiten du lan. Haientzako ez baizik eta etxerako protokoloa egin dute, talde barruan eta beste taldeekin elkarlanean ari direnean gerta daitezkeen eraso matxistak kudeatzeko tresna. Herri mugimenduek gidaliburutzat hartzerik ez dute nahi, uste baitute etxe barruko indarkeria matxista jorratzea besteek egindako gida bati jarraitzea baino askoz konplexuagoa dela. Dena den, protokoloa zabaltzeko asmoa dute. Taldean protokoloa idazteak aurrekari ugari eskatzen ditu, gaia aurrez landuta edukitzea ezinbestekoa da, horrelako tresna baten beharra sentitu behar du taldeak, eta konfiantza izan behar da halako lan bati ekiteko oso kontu delikatuez hitz egin behar baita. Zeren protokoloak horixe jorratzen du: nola kudeatu etxe barruan gertatuko den eraso bat, nola aritu erasoa jasan duenarekin, erasoa eragin duenarekin eta taldearekin. Protokoloaren ezaugarri nagusiez hitz egiterakoan Joxemi Zumalabeko kideek prozesuan zaindu beharrekoen zerrenda egin dute. Lau dira esku-hartzeen helburu orokorrak:

1: Erasoa dela-eta sortu diren zauriak ez handitzea. Erasoa gertatutakoan, beroaldian, hau edo beste egiteko gai izango ginateke, baina neurtu behar da horrek gero zer ondorio izan ditzakeen.

2: Balizko berrosatze prozesuan lagundu edo lanketa bat martxan jartzen lagundu. Erasotua laguntzeaz ari da Fundazioa. Laguntza maila askotakoa izan daiteke, erasotuaren beharren arabera, agian laguntza handia behar du, agian entzutea baino ez du behar. Kasuan kasu.

3: Erasoa egin duen pertsonak eraso gehiago ez egitea. Pertsona berari erasotzea saihestu behar da, baina baita beste inor erasotzea ere. Hau da, erasoa egin duela onartu behar du eta terapia edo lanketa bat egiteko prest egon behar du.

4: Erasoen inguruan eta erasoen lanketan ahalduntze kolektiboa bultzatzea. Taldekide batek erasoa egiten badu taldeari eta kideen arteko harremanari eragingo die. Egoera horiek landu beharko dira, eta horretarako tresna eta metodologia egokiak prestatu eta aplikatu behar dira.

Protokoloa egitea oso esanguratsua da. Horrek esan nahi du taldekideek onartzen dutela kide bat erasoa izan daitekeela eta taldeko kide batek erasoa egin dezakeela. Protokoloa egiteko prestutasuna agertzeak esan nahi du taldekide guztiak ados daudela gai hori jorratzeko. Erasoa gertatu aurretik egiten den lanketa da, prebentziorako oso garrantzitsua.

Helena Rose Bassett-en “Zer gertatu da?”.
Zein zaila den herri mugimenduetan erasoak salatzea

Paradoxa dirudi. Herri mugimenduak, deitu ezkerrekoak, alternatiboak, sarri euren buruari feministak deituak. Hala ere, erasoa jasan duenari ikaragarri kostatzen zaio bere buruari aitortzea erasoa izan dela, eta ondoren taldean esatea. Ustez halako taldeek edo komunitateek horrelako gaiak landuagoak dituzte, ikuspegi feminista indartsuagoa dute. Ustez. Taldekideek era guztietako ekintzetan hartu dute parte, askotan legez kanpoko ekintzetan, arriskua hartu dute, konfiantza handia sortzen da kideen artean. Erasoa jasan duenari egokitzen zaio onartzea erasoa izan dela talde barruan eta taldean salatu behar du. Gerta daiteke erasoa salatu eta taldekideek ez sinestea, garrantzirik ez ematea, zalantzan jartzea, erasotua epaitzea, gaia taldean landu nahi ez izatea... Hasierako babesguneak krak egiten du. Julia Downes unibertsitateko irakasle ingelesak herri mugimenduetan gertatzen diren indarkeria kasuak aztertzen ditu eta hala dio: maiz erasoak berak baino min handiagoa egiten du kideek ez sinesteak edo ez babesteak.

Herri mugimenduak ez dira uharte, gizartean gertatzen diren eraso matxistak errepikatzen dira halako taldeetan, eta sarri erasotuek zailtasun handiagoak izaten dituzte horrelako eremuetan. Solaskide batek horrela esan digu: “Taldeok mundua aldatu nahi dugu, baina gaiztoak besteak dira. Garrantzi politikoa eman behar diogu gaiari. Gizarteak daukan motxila bera daukagu guk”. Adibide bat hori azaltzeko. Gero eta protokolo gehiago daude, gehienetan kanpora begira. Hau da, jai giroan gerta daitezkeen erasoak kudeatzeko protokoloak egiten ari dira han eta hemen, pentsatuta erasotua eta erasotzailea kanpokoak edo ezezagunak izango direla, eta protokoloa prestatu duenari erasoa kudeatzea egokituko zaiola. Irudikatzen ez dena da erasoa talde barruan gerta daitekeela. Ohiko bihurtzen ari da jaietarako prokoloak lantzea, baina taldeek ez daukate etxe barrurako protokolorik.

 

Paz Francés Lekunberri, legelaria

“Biktimak eta delitugileak hitz egitea ideia eroa iruditzen zaigu, baina ez da hain eroa”

Paz Francés (Iruñea, 1983) Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zigor Zuzenbideko irakaslea da. Presoentzat bizitza duina aldarrikatzen duen Salhaketa taldeko kidea da. Kartzelaren abolizioan eta justizia konpontzailean sinesten du. Iruñeko Justizia Konpontzailea zerbitzuan parte hartzen du.

Justizia konpontzaileak indarkeria matxistan asko egin dezakeela diozu, baina Espainiako Estatuko legeek justizia konpontzailetik kanpo utzi dute indarkeria matxista.

Hasteko, Espainiako legeak ez du ulertzen justizia konpontzailea nik ulertzen dudan moduan. Zigor edo kartzela onurak eskaintzen dira, dosi txikian bada ere, justizia konpontzailearen barruan. Beraz, gaur egun, emakumea pairatzen ari den indarkeria guztia mahai gainean jarri denean, bigunegia iruditzen zaigu genero indarkeria delituren bat egin duena ezer gertatu ez balitz bezala geratzea. Egurra emateko joera areagotu denez, gizartearen aurrean ez da erakutsi nahi inolako tarterik nolabaiteko tolerantzia erakusten duenik. Justizia konpontzaileak berriz, ez dio “tolerantziarik ez, gogortasuna eta zigorra!”.

“Lehen kolpean, iruditzen zaigu indarkeria egon den gatazketan biktimak eta delitugileak hitz egitea
ideia eroa dela, baina ez da hain eroa, indarkeria pairatu duten emakumeekin
hitz egiten duzunean ohartzen zara horretaz”

Zertarako balio du justizia konpontzaileak indarkeria matxista kasuak lantzerakoan?

Justizia konpontzaileak ez du ordezkatzen justizia tradizionala. Esate baterako, urruntze agindua eman behar bada eman behar da. Justizia konpontzaileak ordea, gatazkari helduko dio, tratu txarra jasan duenari galdetuko zaio nola bizi izan duen egoera hori, nola erantzun ahal izan dion, zer aldatuko lukeen. Tratu txarra jaso duten askok bikotekidearekin edo bikotekide ohiarekin hitz egin nahi dute. Batzuetan, harreman hori prozesu terapeutiko formalez gaindi, modu informalean gertatzen da. Horrela egitea, inork gidatu edo lagundu gabe, arriskutsua izan daiteke.

Adibidez, bikotekide ohia telefonoz ari zaio jazartzen. Konpontzeko modua gizon horrek jazartzeari uztea da. Askatasunaz gabetzeko zigorra [alegia, espetxean sartu] ezarri diezaiokezu edo bitartekaritza prozesu bat abiatu dezakezu bi aldeak lantzeko. Gizon horrekin jorratu dezakezu zergatik egiten duen hori, ohartarazi diezaiokezu jazarpen horrek zein ondorio dituen bere bikotekide ohiarengan… Norbaitek esango du: “Jo, berak konturatu beharko luke zertan ari den, ezta?” Baina ez da hala gertatzen, eta inguruko jendeak ere ez du jakiten nola bideratu horrelako prozesuak. Garrantzitsua da profesionalek parte hartzea. Gizonari azaldu behar zaio zer ari den eragiten horrela jardunda.

Berriz esango dut: gatazkaz hitz egin behar da. Zigor sistemak gatazkatik urruntzen gaitu. Emakumeak eta gizonak, bakoitzak bere aldetik, izan ditzakete prozesu terapeutikoak, baina gatazkak hor jarraitzen du. Gatazka itxitzat ematea garrantzitsua da, biktimak eta arau-hausleak sentitzea gatazka elkarrekin itxi dutela, eta ez norberak itxi duela. Gatazka ixten ikasteak beste gatazketarako balio du.

Indarkeria matxistan larritasun maila desberdineko kasuak izaten dira. Justizia konpontzaileak egoera guztietan balio al du?

Ez dituzu erreminta berak erabiliko, baina filosofia bera bai.

Teknika sorta zabala erabili beharko duzu, eta denbora eta ahalegin gehiago edo gutxiago gertaeraren arabera. Esate baterako, sexu erasoa gertatu bada eta erasotzailea kartzelan baldin badago, hango psikologo eta gizarte laguntzaileekin hitz egin beharko duzu eta energia asko erabili beharko duzu prozesu horretan.

Emakume batek sexu erasoa jasaten badu, indarkeria tarteko dela, biharamunean, astebetera, urtebetera, ez du nahiko inolako harremanik erasotzailearekin… edo agian bai, batek daki. Agian biktimak nahi du erasotzailearekin egon, agian baliagarri zaio, agian gertatuaz hitz egin nahi du erasotzailearekin, agian begietara begiratu nahi dio eta barruan daukana esan. Beti ere bere burua arriskuan jarri gabe. A priori, tamalgarria iruditzen zait pertsona bati eskura izan ditzakeen baliabideak debekatzea, begiak estaltzea dela iruditzen zait.

Argazkia: Josu Santesteban.

Izutuko gaitu hainbat esparrutan gatazka konpontzeaz hitz egiteak, baina batzuetan, hain zuzen, hori da behar dutena. Izutuko gara adingabeei egindako sexu abusuak justizia horren bidez jorratzen baditugu, baina Irlandan sexu abusuen gaiarekin arazo asko izan dituzte, Elizako kideek adingabeez abusatu dute, eta lan asko egin dute justizia konpontzailearen bidez. Bitartekaritza erabili dute eta adingabeek esperientzia oso positiboak izan dituzte.

Tratu txarrak jasan edo erasoa pairatu duenak edozein garaitan jo al dezake baliabide horietara?

Bitartekaritza eta horrelako baliabideak erabil daitezke epaiketa baino lehen, epaiketa bukatutakoan, erasotzailea kartzelan sartu eta hamar urtera. Nork esango digu hemendik zortzi urtera, La Manadakoak askatasunaz gabetzeko zigorra betetzen ari direnean, neskari ez zaion onuragarria egingo prozesu konpontzaile batean edo bitartekaritza prozesu batean parte hartzea? Agian dena oso ahaztuta izango du, edo ez, edo ahaztuta dauka baina leiho bat ireki du eta pentsatu du horrelako prozesu bat onuragarria izan dakiokeela. Lehen kolpean, iruditzen zaigu indarkeria egon den gatazketan elkarrekin hitz egitea ideia eroa dela, baina ez da hain eroa, indarkeria pairatu duten emakumeekin hitz egiten duzunean ohartzen zara horretaz. Pertsona orok oinarri bera dugu, minez gaudenean norbait ondoan egotea behar dugu, gatazka gure buruarekin eta askotan bestearekin ixtea behar dugu, nahiz eta beste horrek horrenbesteko mina egin.

Herri mugimenduetan, batik bat mugimendu feministetan edo ikuspegi feminista dutenetan, justizia konpontzaileari heltzea ohikoena dela uste duzu ala justizia tradizionalaren eskemak erreproduzitzen dira?

Mugimendu feministarenak gune oso zehatzak dira, oso politizatuak, asko pentsatu dute gai horri buruz. Ez dago ikerketarik esango digunik ikuspegi feminista lantzen duten mugimenduek justizia konpontzailea gehiago jorratzen duten edo ez. Nik uste dut gizartean gertatzen diren gauza berak gertatzen direla horrelako espazioetan eta ez dakit gehiago salatzen diren, justizia konpontzailera jotzen den ala ezkutatu egiten diren.

Bestalde, egia da mugimendu feministan jende asko ari dela bitartekaritza moduko gaietan formatzen eta badira giza taldeetan sortzen diren beharrei erantzuteko bideak hartzen ari direnak. Joera hori itxaropentsua da, beti ere horretan ari direnek formakuntza nahikoa baldin badute eta parte hartzen duten pertsonen eskubideak eta duintasuna errespetatzen badira. Interesgarria iruditzen zait motibazioa eta interesa duen jendeak hori egitea. Baina esan behar dut era berean arriskutsua iruditzen zaidala. Sinets genezake badakigula nola kudeatu halako kasuak eta batzuetan kasu larriak dira, sexu erasoak, abusuak… Nik dakidala indarkeria eta intimidazioa egon diren erasoak ez dira ari modu horretan lantzen, hau da, justizia klasikotik kanpo.

“Espetxealdi iraunkor berrikusgarriari buruz
inkesta egingo balitz, iruditzen zait eragin
handiena duten
mugimendu feministek genero indarkeria kasuetarako ere
onartuko luketela”

Gizarteko olatuak ez du laguntzen justizia konpontzailea jorratzen.

“Tolerantziarik ez!” da leloa gaur egun, hainbat delitutan behintzat. Duela gutxira arte genero indarkeria kasuak identifikatzen ere ez genekien. Orain identifikatu, izena jarri, eta salatu egiten ditugu. Mugimendu feministak zigor baliabideak erabiltzearen alde egin du orokorrean. Alabaina, badaude gune batzuk, eta ni hor sartzen naiz, bestelako bidea hartu dutenak. Angela Davisek arrakala garrantzitsua ireki du. Eztabaida interesgarria jarri du mahai gainean: feminismoek zigor sistemari heldu behar diote ala baliabide abolizionistetara jo behar dute, hain zuzen ere zigor boterea patriarkala delako? Nik uste dut azken hori planteatzen ari diren mugimendu feministak gutxienekoak direla. Lobby lana egiten dutenak, alegia, eragin handiena dutenak, ez doaz bide horretatik eta bide tradizionalaren alde egiten dute; are gehiago, iruditzen zait espetxealdi iraunkor berrikusgarria genero indarkeria kasuetarako ere onartuko luketela. Olatu hori ez dago feminismoan bakarrik, jakina, gizarte osoan dago.

Oso delikatua da gaia.

Bai, baina ez dirudi gauza handirik konpondu dugunik pertsona bat urte luzez kartzelan sartuta. Preso kopuru galanta daukagu, urtean 50 batek bere buruaz beste egiten du, ia 200 hiltzen dira kartzelan. Biktimek zaurgarriak izaten jarraitzen dute, babesgabe daudelako eta baliabideak egokiak ez direlako ez dute justiziara jotzen. Emaitzak horiek dira...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2018
Pobrezia ‘trendy’ bihurtu nahian

Zu zer zara, langile klasekoa? Prekarioa? Klase ertainekoa? Ertain-baxukoa agian? Gure baliabide ekonomikoak mailakatzeko erabiltzen diren kontzeptu horiek hedabide nagusietan agertzen dira oraindik tarteka, baina azken boladan sailkapen horien gainetik beste fenomeno batzuk... [+]


AHT: Amaiera gabeko trenbidea

Agintariek herritarrei “etorkizunaren” izenean hitz emandako Abiadura Handiko Trenbide sarearen hiru laurden amaitu gabe dago, lehen proiektuak hasi eta ia hiru hamarkada ondoren. Oraindik urteak beharko dituzte zati gehienak amaitzeko eta batzuk seguruenik ez dira... [+]


Langile borroka
Erresistentzia kutxan (derrigor) sartu beharreko bost gauza

Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.


2018-07-27 | Ivan Miró
Burujabetza ekonomikorik gabe ez dago burujabetza politikorik

Apirilaren 14an egin zen Bartzelonan lehen Ekonomia Errepublikarreko Laborategia, Altxa Dezagun Errepublika prozesuaren baitan. La Lleialtat Santsenca kooperatiba obrero zaharrean, ehundik gora aktibista elkartu ziren, errepublika gauzatzeko 155 neurri ekonomiko proposatzeko.


ETAren amaiera
Adio ETAri, stop sufrimenduari

Katarsia 2011ko urriaren 20an bizi izan genuen, baina orain ere ez da makala idaztea gaur ETA desagertu dela. Ohartzean horrek esan nahi duen guztiarekin, goitik behera sumatzen da zirrara bizkar-hezurrean. Gertaera, sentipen eta sufrimendu gehiegi bildu da 60 urtean zehar... [+]


2018-07-27 | Axier Lopez
Jai alternatiboen eredua ezbaian
Martxa ere borroka da

Frankismoaren ondoren, auzo elkarteen eskutik, jai herrikoiek eztanda egin zuten Euskal Herrian. Hortik garatu da txosna gunea oinarri duen eredua, herri mugimendu eta ezker abertzaleko antolakundeek sustatuta. 40 urtetan asko aldatu da egoera politiko eta soziala, baina hein... [+]


Arkaitz Rodriguez
“ETAk zutik eman dio amaiera 60 urteko ibilbideari”

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia da (Donostia, 1979). Kanboko ekitaldiaren biharamunean elkarrizketatu genuen, Donostiako Haizearen Orrazian Ezker Abertzaleko zuzendaritzako dozenaka kide ohik ETAren amaierari sostengua agertu ondoren. Sortuk du orain Ezker... [+]


2018-07-27 | Lander Arretxea
Eta zuk, zer turistifikatzen duzu?

Izan duen gorakadak hauspotuta, asko idatzi da bazterrotan turismo masiboaz eta haren ondorioez. Asko egin eta idatziko da oraindik; baina komeni da, jasaten den horretan fokoa jartzeaz gain, eragiten den horretan ere jartzea. Noiz gara gu eta gure bizilagunak inguru bat... [+]


Euskaldunak eta itsasoak
Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]


2018-07-27 | ARGIA
ETAren amaiera
Ziklo bat itxi da eta beste bat ireki

Genevan irakurri zuten ETAren amaiera iragartzen duen agiria, erakunde armatuaren ia 60 urteko ibilbidea bukatutzat emanda. Kanbon berriz, euskal gatazkaren konponbide osorantz pausoak emateko deia egin zuten nazioarteko eragileek. Aro bat bukatu da behin betiko eta beste bat... [+]


2018-07-27 | Mikel Asurmendi
Txema Montero
“ETA eredu negatibo bat izan da euskal herritarrentzat”

Txema Montero (Bilbo, 1954). HBko europarlamentari ohia, ETAko presoen abokatu lanetan aritutakoa, HBtik kanporatua, Sabino Arana Fundazioko kide urte luzez eta analista zorrotza, besteak beste.


Oldartze eraginkor baten alde

Antzinako hainbat sinesmenen arabera, bizitza eta heriotza hasiera zein bukaerarik gabeko zikloak dira, unibertsoaren mugimendu errepikakorren katebegiak, beste materia eta energia guztiekin interakzioan eta dependentzian.


2018-07-27 | Unai Apaolaza
Ezker abertzalea
Konfrontazioak egingo gaitu berriro ere

Azken hamarkada honetan, proportzioan, Euskal Herriko jendartea zahartu dena baino askoz ere gehiago zahartu da ezker abertzalearen oinarri soziala. Ile urdina nagusitzen ari da antolatzen dituen ekitaldi eta mobilizazioetan. Hamarkadetan, beste espazio politikoak baino... [+]


Eguneraketa berriak daude