Ertzetatik erdigunera bidaian, ikasten

  • Gasteizko Gaztetxeak 30 urte bete ditu aurten. Zer ikasi dezakegu, herrigintza ipar, urratutako bide luze horretatik? Zer, baliagarri izan dakigukeena errealitatea gaurdanik eta etorkizunean eraldatzeko saiakeran?


2018ko uztailaren 27an - 00:00
Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

Hiru hamarkadetako gorabeherak jasotzen dituen liburua argitaratu berri du Gasteizko Gaztetxeak berak udaberrian. Horrela azaldu zuten “komungrafiaren” helburua aurkezpen prentsaurrekoan: “Borroka baten transmisioa egin, borroka berriak elikatu nahian”. Hurrengo lerroak ere bide beretik doaz. Artikulu honek liburuan bertan jasotako zenbait pasarte zein hausnarketa jasotzen ditu, urteotan taldean landu eta eztabaidatutakoak. Liburuan, noski, garatuagoak dituzue, kontakizun mamitsuago ez ezik dibertigarriago batean. Beste harrikada batzuk pertsonalagoak dira, neurri batean artikulu honen idazketatik mamituak.

Gaztetxearen historia luzean badira jarraikortasunak, etenak, hausturak. Bada bide guztian zehar presente dagoen haririk ere. Borroka herritar honen izaera ulertzeko gakoak dira: autogestioa, okupazioa, asanblada, auzo-begirada, herri mugimenduarentzako tresna izaera. Aldaketak aldaketa –eta zinez asko eta sakonak izan dira– lehendabiziko egunetik Gazte Asanbladak bere sentitu dituen moduak edo baloreak dira ADN gaztetxeroaren bizkarrezurrak. Kontuan izanik beti ere hari biziak direla. Hau da, bakoitzaren zentralitatea, osasuna, izaera edo kolorea eraldaketa etengabean egon direla eta daudela. Bost harietatik lehendabiziko hiruei soilik egingo diegu tira edonola, espazioak mugatzen gaitu. Goazen banan-banan.

Autogestioa: dependentziak, jakintzak eta loturak sortu

Historikoki, autogestioa gune okupatuen bandera nagusietakoa da. Baita Gasteizko Gaztetxearena ere.

Hastapenetan bere adiera ekonomizista nagusitzen zen, baina honen barnean ereduak eztabaida partzial asko bizi izan ditu Muinoko Etxean. Adibidez: zer garrantzi izan behar du tabernak? Zer kontsumo eredu elikatzen dugu bertan? Enpresa handien edariak saldu edo beste ekoizle batzuk lehenetsi? Guk geuk egin edariak? Materiala saldu, sudaderak, kamisetak edo dena delakoak non eta nola ekoiztu diren kontutan hartu gabe?

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

90eko hamarkadaren erdialdean eztabaida potoloagoa izan zen. Udalak, mehatxu garaietako bat atzean utzi berri, Gazte Asanbladari milioiak eskaini zizkion eraikina barrutik eta kanpotik birmolda zezan. Zer egin? Dirua hartu edo ez? Erabakia sosei uko egitea izan zen, besteak beste menpekotasunak ekiditeko bermea zelakoan –eztabaidak izan zituen ertz gehiago ere. Ezagutu nahi izanez gero, jo liburura–. Dependentziak ekiditeko modu gisa defendatu izan da Gasteizko Gaztetxean autogestio ekonomikoa, bereziki instituzioekikoak. Ez al da interesgarriagoa, ordea, sortzen dituen dependentzia positiboengatik goratzea autogestioa? Zenbat eta kanpoko diru-laguntzekiko edo begirune instituzionalarekiko menpekotasun gutxiago jarduerak, orduan eta dependentzia gehiago auzoarekin, auzotarrekin, herri mugimenduekin zein barne mailan eraikitzen diren tratu on edo txarrekiko. Horiek izango dira proiektuaren eraginkortasunerako berme eta baldintzatzaile nagusiak.

Azken garaietan autogestioaren paradigmak ikusmirak zabaldu ditu. Modu integralago batean ulertzen da, okupazio-autogestio-asanblada Hirutasun Santuaren sinestun ateoen artean zein herri mugimenduetan oro har. Harremanak, antolaketa ereduak, kontsumo ohiturak, lana eta enplegua, produkziorako bitarteko propioak... Guztiak osotasun beraren parte bezala ulertzen dira, autogestioa denak eraldatzeko erreminta eraikitzailea da. Bizitzaren osotasuna gure eskuetan hartzeko erreminta.

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

Patriarkatu kapitalista modu askotan ezaugarritu daiteke. Jakintza eta gaitasun kolektibo zein pertsonalak erauzteko sistema bezala adibidez. Erauzi; elkarren artetik isolatu; artifizialki konplejizatu ulergaitz bihurtzeko; eta adituen eskuetan eta merkatuan kokatu. Atariko komunitateen kudeaketa, hezkuntza, norbere etxearen antolaketa fisikoa, ekonomia, harremanak, eredu politikoa. Maila mikrorako edo makrorako, esparru fisikoan, sinbolikoan eta emozionalean, eguneroko bizitza zein arnas luzeko erabakiak arautzeko... denean eta denerako bada dagokion aditua eta eredua, ez-jakinari zuzentzen zaiona bere jakintza goitik behera eta logika kapitalisten arabera inposatuz. Aditu edo ezjakin papera aldagarria da unearen eta espazioaren arabera, ez ardatza bera. Ondorioz, aditu-ezjakin harreman obediente eta delegazionista naturalizatu dugu, antzemanezin bihurtzeraino. Inoizko informazio eta jakintza gehien duen jendartean, gure bizitzen gaineko inoizko erabaki ahalmen urriena dugu herritarrok. Marka da gero. Horren aurrean autogestioa pertsonalki eta kolektiboki gaitzeko, lapurtutako jakintzez birjabetzeko erreminta izan daiteke.

90eko hamarkadan, udalak Gazte Asanbladari milioiak eskaini zizkion eraikina birmoldatzeko. Zer egin? ezetz erantzun zuten

Gasteizko Gaztetxean etengabeak diren obra txiki eta handiak, esaterako. Gaztetxeren eta lagunen artean eginak, denak musu-truk, Asanbladan edo inguruan dauden jakintzetatik abiatuta, dakitenek ez dakitenei erakutsiz baina horrekin harreman hierarkikorik eraiki beharrik gabe. Diru-truk arituko liratekeen adituengana jotzea ekidin izan da ia beti –bi salbuespen egon dira, bietan teilatuaren egitura osoa berritu behar izan denean–.

Egiteko modu orokortu honek beste aukera interesgarri bat ere irekitzen du. Norbanako autoaskiaren mitoaren garaiotan munduarekin, ingurunearekin loturak sortzearena. Obretan gaztetxeko kideen arteko harremanak bestelakoak izaten dira. Eta ez soilik pertsonen artean. Pertsonekin bezala objektuekin edo tokiekin gero eta lotura afektibo gutxiago dugu. Ez digute emoziorik, gomutarik, historiarik, politikarik transmititzen. Pertsonak, kaleak, objektuak, denak dira kontsumo gaiak, ezezagunek sortuak, ezezagun bati erosiak, erabilera laburrekoak. Nola arduratuko gaitu munduak munduarekin lotura pertsonal eta kolektibo indartsurik ez badugu? Gaztetxera orok eman ditu orduak harria pikatzen, hormak altxatzen, leihoak aldatzen, komunak berregiten. Babak atera zaizkie, txarto eginengatik desesperatu eta ondo egindakoengatik poztu dira, haserrealdiak eta algarak bizitu dituzte elkarrekin. Gaztetxeak arrastoa utzi die, arrastoa utzi dute Gaztetxean. Etxearekin, “objektiboki” ziztrin xamar dagoen etxetxo horri diogun maitasuna, harekiko lotura, harengandik ukitua-hunkitua sentitzeko gaitasuna, mehatxuetatik defendatzeko grina: berberak al lirateke lanak ordaindutako igeltsero, elektrikari eta abar ezezagunek egin izan balituzte gero haiek gozatzeko? Inondik inora ere ez. Loturatik sortzen den maitasuna, borrokarako erregaia eta baldintza da.

Asanblada: aniztasunaren zaintzak eta abiadurak

Familia politikoen eta sentsibilitateen aniztasuna Gazte Asanbladaren bereizgarrietako bat izan da oro har. Aniztasun hori indargunea izan da gehienetan, barne mailan giro ona sortu eta mantendu denetan. Ahulgune arriskutsua bilakatu da, aldiz, Asanblada asanblearismotik urrundu denean.

90eko hamarkadaren hasierak gogorarazten du, asanblada osasuntsurik ezean ez dagoela mugimendu sanorik. Gaztetxea “hilzorian” izan zen. Tartean Gaztetxea ulertu eta bizitzeko modu ugari izanik ere, arazoaren muina Asanbladaren egoera zen. Ez zuen balio ezberdintasun horiek mahaiganeratzeko eta eztabaidatzeko gune bezala. Banaketak eta kanporaketak izan ziren, min asko sortu eta barreiatu zen.

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

2005eko Gzattexe Eugna (sic) abiaduraren eta bizigarritasunaren arteko harremanaz galdetzeko aukera polita da. Mehatxu egoera baten aurrean, orduko Gazte Asanbladako kideek, kide ohiek eta beste hainbat lagunek indarrak batu, eta makinaria ahal beste behartu zuten. Tentsioak, haserreak eta desadostasunak loratu ziren, baina “ezinezkoa zen geratzea” Gaztetxea salbatuko bazen. Egun ezin arrakastatsuagoa izan zen kanpora begira, emozioz gogoratzen dute oraindik askok eta askok. Barnean, ordea, zauri asko utzi zituen, orbaintzeko denbora dezente behar izan zutenak eta Asanbladaren jarduera luze baldintzatu zutenak.

Gazte Asanbladaren bilakaerak, zirkuluak zirkulu asanbladetan ere ertzak edo periferiak daudela erakusten du. Estatus pertsonalaren arabera ertzetara kondenatutako pertsonak. Ertzeratutako kolektiboak. Gazte Asanbladaren historia emakumeen eta feminismoaren periferiatik erdigunerako bidaia (amaitu gabea) ere bada. Eta badira ertzeratutakoen mailara ere heltzen ez direnak, asanbladetan egon ere ez daudelako. Herrialde txirotuetatik migratutako auzokideen kopurua biderkatu egin da hiru hamarkadatan, %20ra iristen da egun. Gazte Asanblada, ordea, jaiotzan bezain txuri mantentzen da. Nola joan ertzak borobiltzen eta erdiguneak guztionak egiten? Bageneki! Asanbladaren erdigunera bidaia une askotan “ukabilkadaka” urratu zuen feminismoak, Gaztetxearen hitzetan. Horrek pistaren bat ematen du. Erdigunean egotera ohitutakoek egin dezakegun ekarpen handiena, ziurrenik, egin baino ez egitea da, ez-eginez egitea bestela esanda. Entzun, tokia egin, galtzen ikasi... Borondate propio hutsez inongo kolektibo pribilegiatuk historian zehar egin ez duena, bide batez esateko.

Herrigintzarekiko arduratik, Gazte Asanbladaren berritze-modua eta bere onurak zein gabeziak ere interesgarriak dira. 30 urte Gaztetxeak. Egungo Asanbladako beteranoenek 25 urte inguru dituzte. 16-20 urteren bueltan estreinatu ohi dira gaztetxitoak, 25etatik aurrera jubilatzen hasi, 30ak ia inork ez ditu bertan bizitu. Lau belaunaldi nagusi ezberdintzen dira, eta erreleboak ez dira oro har errazak izan. Dinosaurokraziak, nerabekeriak, botere-arazoak, aurrekoen lana presio bezala bizitzeak, arduraren tamainak berak... Apenas esplizitutako konpromiso batek bermatu du, arazoak arazo, erreleboa eta gutxieneko fundamentua: Gaztetxearen proiektuarekiko konpromisoa, “esku onetan geratu behar da” printzipioa.

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

Berritze eta errotazio dinamika txiki etengabea batetik, orokorra noizbehinka. Azken horri deitzen zaio belaunaldi aldaketa. Noizbehinkako reseteatze orokorrek, asanblada asko heriotzara kondenatzen dituzten gaitzak hedatzea zailtzen du. Errege, dinastia eta taifen sorrerak, ezinikusi pertsonalak, harreman ustelduak... Hedatzekotan, iraungitze data ezartzen zaie behintzat. Ideia, sentsibilitate eta moduen berritzeak ziurtatzen du horrez gain, orain arte aurrekoarekin apurtu gabe eman dena. Gaztetasunari loturiko militantzia horrek, biologikoki zedarritua nolabait, mugak ere ekartzen ditu. Gaztetxearentzat arnas luzeko planteamendu estrategikoak garatzea zaila da. Okupazioaren ulerkera murritza elikatzen du, gazteentzako erreminta bezala.

Okupazioa: “Okupatu, eutsi eta produzitu”

Brasilgo MST mugimenduaren lelo nagusietakoa da “ocupar, resistir e producir”. Nekazal lurrak okupatzen dituzte lehenik. Mehatxu eta erasoen aurrean erresistentzia antolatzen dute jarraian –ondo garesti ordaintzen dutena, euren biziekin ere–. Berreskuratutako lurraldea produktibo bilakatzen saiatzen dira lehendabiziko egunetik. Produzitu, ez soilik autokontsumorako eta merkaturako lehengaiak; baita harreman, balore edo antolakuntza eredu askatzaileak ere.

Baezn beihn, aspaaaalidan, exte bta... earbat uztiz. Baolregabea. Prezioudna (...) hairk eat eugn baetan znebait gzate oukaptzera ainmatu ziern arte (...) baedla, oarin eat heemn, extetxo bat... sorigndua. Baloreudna. Prezioagbea”, esaten zuen Gzattexe Eugneko kanpainaren aurkezpen testuak.

Okupazioaren bertute nagusiena, ekintzak berez kapitalismoaren ernamuina auzitan jartzen duela izan daiteke. Erabilera-balorea truke-balioaren gainetik jartzeak, jabetza pribatuaren logika interpelatzen du. Lege urraketa batek erditzen du, legearen eta justiziaren arteko dikotomia ikusaraziz eta bigarrenaren aldeko hautua eginaz.

Ate-leihoak zabalduz eutsi

Gasteizko Gaztetxeak askotan defendatu behar izan du bere burua. Cuerda alkatearen aurrean hasiera batean, Alonsoren erasoetatik ondoren. Onik atera da ataka guztietatik, herri mugimenduen eta herritarren babesari esker beti ere. Hunkitzeko moduko babesa jaso zuen unerik latzenetan. 2002an egindako manifestazioan 10.000 lagun atera ziren kalera, 2005eko Gzattexe Eugnean 15.000 partaidetik gora bildu ziren. Inongo ordezkari politikorik ez da ausartzen egun bere zilegitasuna ezbaian jartzen.

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

Defentsan edo erantzun klabean aritu beharrak onura baino kalte gehiago dakar normalean, eta okupatutako espazioen arazoetako bat izaten da. Barne-tentsioak sortzen dira, kanpotik inposatutako erritmoei erantzun beharrez abiadura sostengaezinak garatzen dira barnean, nekea pilatzen da, proiektu propioa bultzatzea bazterrean geratzen da, besteak beste. Baina arriskutik indartuta ateratzea ere badago. Gaztetxearen aldeko babes kanpaina arrakastatsu guztiek oinarri komuna izan dute: ate-leihoak are gehiago zabaldu jendartera Gaztetxea bera gehiago ezagutaraziz; babes aktiboak eta zabalak bilatu konplize natural eta hurbilenekoetan, baina baita berrietan ere; bidearen lana eta legitimitatea aldarrikatu.

Eraikuntzarako lurralde askeak

Okupatzean, irabazitako espazioan mundu berriak eraikitzea izan ohi da xede nagusia. Hori da okupazioaren edertasunik eta potentzialtasunik handiena, hori da ahulgune nagusia gehienetan. Dagoenari aurka egitea errazago zaigu alternatiba propioak altxatzea baino. Begirada kanpoan dagoen etsaian kokatzen da erresistentzian, kontraesanak bazterrean uzten dira batasuna lehenetsiz, ikusgarria da, epikarako joera du. Eraikuntzak barnera begirako begirada autozentratua eskatzen du, etsaia barruan ere badela agerian uzten du, gabeziek etsaiarekin baino norberarekin dutela erlazioa azalera dezakete, eguneroko lan umil eta isiletik elikatzen da gehiago. Zergatik dugu baterako besterako baino erreminta eta jakintza gehiago? Zer baloratzen dugu gehiago eta zergatik? Bada zer hausnartua.

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

Baina saiatzen gara. Gure txikitasunetik, garen ezgauza kontraesankor horretatik, gure lokatzetatik, saiatzen gara. Hortik gauza eder askoak sortu ditugu. Gaztetxea horietariko bat da. Badira ahalak eta edertasunak biderkatzen dituzten uneak: militantzia bizitzan urtzen den horietan, edo bizitza militantzian nork daki. Okupatutako espazioek hori gertatzeko aukera gehiago ematen dute beste militantzia espazio edo eredu batzuekin alderatuta, bereziki etxebizitza ere bertan kokatzen bada. Baina Gaztetxean bertan horrelako aldiak bizi izan ditu askok. Gaztetxera “egotera” eta ez bakarrik militatzera igotzean, militatzearen eta “beste gauza batera” egotearen muga identifikatzen zaila denean, denbora formal eta informalen arteko desberdintasuna lanbrotsua denean, asanblada-kideak eta koadrila-kideak bereizten oso ondo ez dakizunean, Gaztetxea “lokal bat” baino bizitoki intimoa denean... Hori guztia bizi denean –hausnarketa, etortzekotan, gerora dator–.

Gaztetxeak hiriaren bizitzan tokitxoa du modu ezin naturalagoan. Eta hori ez da gertatu bere moduak, aldarrikapenak edo izaera onarpen bila kamustearen ondorioz

Hala ere, ez da une horiek luzatu, egonkortu eta orokortzerik gaur gaurkoz. Bizitza era sakonagoan partekatzeko erreminta pertsonalak falta zaizkigu –bestela harremantzen ikasi, gatazkak kudeatu...–. Bizi-militantzia esperientzia gutxi horiek, gainera, gaztetasunari mugatuegiak dira egun. Baita sektore anti-sistema edota oso ideologizatuetara ere. Bizigarri izateari uzten diote soldatapeko lanaren beharrarekin, nagusien zaintzarekin, umeak izateko bilatzen diren baldintzekin, alegia, “bizitza errealarekin” topo egitean. Eta orokortzen saiatuko bagina? Okupazioa beste adin eta profil ideologiko eta sozioekonomiko batzuentzako erreminta ere bihurtuko bagenu? Ekonomia eta zehazki lana gure eskuetan hartzeko, autogestionatzeko baliabideak garatuko bagenitu? Esaterako. Bada jenderik eta egitasmorik saiakera horietan, zorionez.

Ertzetatik eragin, gure burua ertzetara mugatu gabe

Marina Garcesek dio Spai en Blanc taldean lelo bat izan zutela: “Ertzetatik eragin, ertzetan geratu gabe”. Ipar interesgarria, zinez. Zentzu horretan, Gaztetxeak bidaia esanguratsua egin du.

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

Ertzetan jaio zen, ertzetako mugimenduek, baloreek, ametsek okupatu zuten 1988an. Baina ez da ertzetan geratzearekin konformatu. Urteen poderioz gu bat sortzen joan da, sortzen asmatu da, asmatzeei esker eta hanka-sartzeen gainetik. Bere itzala izugarri zabaldu du zentzu askotan. Autogestioa-okupazioa-asanblada hirukotea, batera edo aparte praktikatua, hedatu egin da herri mugimenduan. Gaztetxeak hiriaren bizitza politiko, sozial edo kulturalaren erdigunean bere tokitxoa du modu ezin naturalagoan. Eta hori ez da gertatu bere moduak, aldarrikapenak edo izaera onarpen bila kamustearen ondorioz. Erradikaltasuna galdu gabe egindako lanaren eta irabazitako batailen emaitza da. Hiru hamarkaden ostean askoz gehiago dira Gaztetxearekin eta ordezkatzen duenarekin bat egiten dutenak. Tartean, okupazio egunean begi onez ikusiko zutela pentsatu ere egingo ez zuketenak. Bada Gaztetxeari hitzez errespetua agertu bai, baina egiazki lurrarekin berdindua nahiko luketen asko ere. Hori ere garaipen seinalea da.

Pozgarrienak ez dira 30 urteetako lorpenak. Pozgarriena aurretik duena da. Erronkak biderkatzen ari dira gainera. Ongizate-estatuaren amaiera, krisi ekologiko, energetiko eta zaintzakoak, Euskal Herriaren ziklo historiko politikoa... Oinarriak mantenduta, “desibehar” berriei heltzeko beharrezko eraldaketak eginda, okupazioa-autogestioa-asanbladaren balio eta praktikak erreminta eder izaten jarraitzen dute. Ghettokoentzat noski, baina baita jendartearentzat ere oro har. Kanpaleku-basea ertzetan mantenduta, lurralde berriak bisitatu eta han ere haziak ereiteko garaia da. Inoiz baino gehiago.

Ilustrazioak: Gasteizko Gaztetxeak 30 urte

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-12-20 | Hala Bedi
Okupazioaren aurkako neurri berriari ezetz esan diote Gasteizen, hainbat gaztetxek eta kolektibok deitutako elkarretaratzean

Gaur, behin betiko bozkatuko da okupazioaren aurkako lege-aldaketa kongresuan. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat gaztetxeetako kideek; aldarrikatu dute "okupazioaren aurkako kriminalizazio oro gelditzea, eta okupazioaren aurkako neurri... [+]


2024-12-09 | Gedar
Asteburuan zehar, ehunka lagun hurbildu dira Durangoko gaztetxe berrira

 Kaletik Gaztetxera asanbladak ostiralean jakinarazi zuen lehengo Correos birjabetu duela, Gaztetxe bilakatzeko. Hainbat ekimen antolatu dituzte bertan azken egunetan, eta jende andana bertaratu da.


2024-11-06 | Julene Flamarique
Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideen aurkako karguak kendu ditu Fiskaltzak

Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.


Gasteizko Auzolana pilotaleku okupatuaren “Inaugurazioa 2.0” ospatuko dute urtebeteko itxialdiaren ostean

Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua”... [+]


Herri Labanderia ireki dute Gasteizko Alde Zaharrean, udalak abandonatutako espazioan

Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Kantauri espazioa desalojatu dutela salatu du Jardun Koordinadorak

Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.


Maider Arregi
“Parafernalia eta politika ere bai, baina guk bertsotan egiten dugu”

Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean:Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]


2024-05-14 | Hala Bedi
Gasteizko Alde Zaharreko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Eguneraketa berriak daude