Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.
Bilboko hiri eraldatze prozesuaren ikur bihurtuta hasieratik, bandera-ontzia izan da deitua sarri, eta euskal kulturarako eragile iraultzailea izango zela entzun genuen. Urteak pasata, esan ahal da hainbesterakoa izan dela bere ekarpen kulturala Euskadin?
Urteurrenaren harira, Guggenheim Bilboko zuzendaritzak “arteak dena aldatzen du” lelopean programazio berezi eta anbizio handikoa iragarri du, baita Bilboko eragile artistiko eta kulturalekin kolaborazio-ekintzak ere. Deigarria da oso Guggenheimek iragarritako interesa hiriko artistengan, beren lanari eta eskaera historikoei bizkar emanda pasatu dituenean bi hamarkada hauek. Bestalde, zer da arteak aldatzen duena, ez badira digituen arteko gorabeherak luxuzko arte merkatuan?
Guggenheim Bilbao dotoretzen duten publizitateko eslogan eta marketin estrategiatik harantz, serio planteatu dezagun auzia. Beraz, egin ditzagun galdera egokiak: ba al du zentzurik Museoak euskal kulturari egindako ekarpena neurtzeak? Guggenheim Bilbao euskal erakunde kulturala ote da?
Museoaren berezitasuna artelana izatea da, eskultura-artefaktua hirian etzanda: hiri eraldatze neoliberalaren zerbitzura dagoen espektakuluzko arkitektura. Eskultura-artefaktu honek daukan balio estetikoa bere formen ezintasunean kokatzen den heinean, bere bokazioa (Frank Gehryk berak onartua), Bilboko edertasun eta memoria industrial gogorreko espazio estetikoan sartzea, ezerezean agortu zen, edertasun eta memoria horiek desagertu zirenean (egungo zoo arkitektonikoa jaiotzearekin batera). Bestalde, ezin da ukatu plano politiko zein ekonomikoan bere funtzioa bete duela Guggenheimek, kapital sinboliko izugarria ekoiztu duelako sustatzaileen mesedetan, euskal administrazioak eta Guggenheim Fundazioarentzat batez ere.
Museoa jaio zenean inor ez zen kezkatu euskal kultura dinamizatzeko funtzio bat hari emateaz, bere agertze hutsak hiri paisaian (eta bere ikono kategoria azkar onartuta) ondo ordaindutako marka izena irudikatzen baitzuen. Markak berak ematen omen zion euskal kulturari ezin irudika zitekeen ezagutza mundu osoan. Kontingentzia guztietatik aske ikono-irudiaren botere autonomoa agertzen zaigu hemen. Hiri utopia berriko kontalariek trebetasunez erabilia, non arte eta kulturako ospea aitzakia baino ez diren negozio politiko eta ekonomikoak sostengatzen duten bilbe korapilatsu honetan.
Hortaz, kapital globalak ekoizten dituen eraldatze espazialak eta aldaketa hauek zuzentzen dituzten nazioarteko erakunde finantzarioen logikatik at ezin da Guggenheim Bilbao museoaren ekarpen kulturala epaitu. Are gehiago, errentagarritasunaren logikari jarraituz, kulturala dena ekuaziotik kanpo geratzen da bere truke-balioak ez badu justifikatzen kontrakoa, hau da, etekin ekonomiko eta sinbolikoak ekoiztea. Honen harira, ez da ahaztu behar zein den gastua Eusko Jaurlaritzaren urteko aurrekontuetan makina honen funtzionamendua mantentzeko (kontratuak oraindik isilpeko klausulak ditu) eta, aldi berean, zein den euskal artisten egoera izandako murrizketak direla medio.
Guggenheim museoa da, hortaz, kultura instituzio publiko-pribatu garestiena Euskadin. Publikoa da euskal instituzioetatik finantzazioa jasotzen duelako eta bere patronatuan instituzio horiek daudelako. Nolanahi ere, gestio osoa pribatua da. Orduan, zer kultura instituzio ordezkatzen du museoak? Esan bezala, frankiziarena. Hau da, kanon baten bidez ordaintzen dugun prestigiozko kultura instituzioa (marka), inolako eraginik izan gabe bere esposizio jardueran eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekintzetan.
Duela 20 urte, askok esan zuen prestigio lortzen zelako pagotxa zela Solomon Guggenheim Foundation-ekin lortutako akordioa. Hau bai marka! Euskal sortzaile eta artista gehienak alde batera uzten du museoak eta kulturaren salbuespen-egoeran kokatzen gaitu guztiok, titaniozko burbuilan sartu ezinik turista bihurtuta ez bada. Baina eszeptizismo eta zinismoaren garaian nori axola euskal kultura eta errealitatea aldatzeko gaitasuna (arteak akaso ez du dena aldatzen baina errealitatea ulertzeko bide paregabea da). Horrela ikusita, eta gogoratu 20.urteurrenaren goiburua, euskal instituzioek onartu beharko lukete museoak euskal kulturaren egoerari 20 urte hauetan egindako ekarpena oso txikia izan da.
Guggenheim museoa da kultura instituzio publiko-pribatu garestiena Euskadin. Publikoa da euskal instituzioetatik finantzazioa jasotzen duelako eta bere patronatuan instituzio horiek daudelako. Nolanahi ere, gestio osoa pribatua da. Orduan, zer kultura instituzio ordezkatzen du museoak?
Titaniozko burbuilak beste errealitate bat ezkutatzen du: museoan lan egiten duten langileen baldintzak. Pasa den urtean, museoko gida eta hezitzaileek greba deitu zuten, beren lan baldintzak salatzeko. Greba eta mobilizazioari esker ezagutu genuen zer gertatzen zen burbuilaren barruan langile horiekin: kultur langileen egoera latza eta lotsagarria. Zoritxarrez, irailaren 30ean kaleratuak izan ziren 18 langile hauek, euskal instituzioen onespenarekin. Berriro ere, etekinaren logikak argi utzi zuen zein den frankiziaren helburu bakarra, eslogan eta euskal politikarien diskurtsoak kontrakoa saltzen saiatu arren.
Guggenheim Bilboaren urteurrenak gogorarazten digu, baita ere, geure artista askoren ametsa izan zena errealitate bihurtzeko aukera galdu dela bi hamarkada hauetan,: Euskal artearen nazio-museoa. Egia esan, urteurren honek etorkizunean ere ezinezkoa izango dela frogatzen du, frankiziak uzten gaituen menpeko posizioagatik eta euskal instituzioek erakutsitako menpekotasun eta apaltasunagatik. Beren burua nazioarteko kultura markaz liluratzen utzi zuten haiek, ezagutza eta garapenerako euskal kultur instituzio propioa sortzeko abagunea galdu zuten.
“Gure ametsak eraiki ditzagun” dio Bilboko Deustuko erriberan dagoen horma batek, beharbada jada desagertua egongo denak. Gainetik etorritako hiri eraldatzeko aginduen kontra, auzotarrek erakutsitako irudimenaren adibidea da, besteak beste. Lekuan bizi direnek beren ametsak eraiki nahi dituztelako, agindu eta menpekotasunik gabe. Ibaiaren beste aldera, Olabeagan, 2015ean artista madrildar batek Soñar hitza letra erraldoiez margotu zuen eraikin batean. Egun, leku askotatik ikusi ahal da bigarrena, lehena hiriko leku ezkutuan gordeta jarraitzen omen duen bitartean. Amestea eta ametsak eraikitzea, antzekoak dira baina desberdinak. Erriberako horman ekintzarako deia irakurtzen dugu, bere etorkizuna eraikitzeko auzoari egindako deia, hain zuzen ere. Praktikoa den deialdia da eta nolabaiteko harrotasuna erakusten du. Bigarrenean, aldiz, abstraktua den deia topatzen dugu, zehaztugabea, zeregina definitu gabe uzten duena, ia-ia aginduarekin nahastu ahal dena.
Politika kulturalen metafora lez irakurriz gero, bi jarrera kontrajarriak azpimarratu ahal dira goian aipatu dugun ekintza artistiko hauetan. Batean (“eraiki ditzagun gure ametsak”) lekuaz harro eta etorkizunari irekia dagoen adierazpen politiko sendoa, berezko nortasunetik etorkizunerantz begira. Bestean (Soñar) zehaztugabea, abstraktua eta edozein komunitateri aplikagarria den iradokizuna. Iradokizunez betea eta oinarri politiko sendorik gabeko kultura estrategiek egungo gobernantza osatzen dutenez, Guggenheim Bilbao museoaren urteurren asko dauzkagu ospatzeke.
Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.
Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]
EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.
Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]
Ari dira bazterrak mugitzen. Chrysallis Euskal Herria elkartea sortuta, ume transexualak lehen lerrora ekarri dituzte. 2016an ikastetxeetarako material didaktikoa prestatu dute. Nafarroako prozedurek transexuala patologizatzen segitzen dute, baina bestalde, haur transexualak... [+]
Elikagaien komertzializazio bide laburrak eta janari osasungarria joera bihurtu omen dira, baina baserritarrek zer diote horren inguruan?
Euskararen normalizazio prozesua ez da beti krisian egongo. Bukatzeko bidean doa, adibidez, Egian, Agurainen, Lasarte-Orian, Hernanin eta Astigarragan. Norabidea markatzen ari diren herri-bideetako seinaleak dira. Autopistetako peajeek ilarak sortzen dituzte oraindik, ordea. Nor... [+]
Hezkuntza arloan, Hego Euskal Herrian LOMCE legeak markatu du azken urteetako dinamika eta epe laburrean behintzat hala izaten jarraituko du. Hala, ikasturte honetan ere, Jaurlaritzaren Heziberri planak eta bestelako adabakiek puntu batzuen eragina arindu arren, Madrilen... [+]
Euskal Herrian altzairua ekonomiaren motorretako bat izan da Trianoko mineralarekin egindako totxoak esportatzen zituzten garaitik. Egun, altzairugintzaren pisua ez da hainbestekoa, baina bai sinbolikoa. Arcelor Mittalek Zumarragan eta Sestaon dituen lantegien itxierak azken... [+]
Merkataritza eta inbertsio itun handiek, uneon, gero eta garrantzi handiagoa dute debate politiko eta sozialean. Baina makro-hitzarmen horiek izozmendi eskerga baten tontorra baino ez dira.
Errefuxiatuen aferak Bruselako agintarien benetako aurpegia estalgabetu du. Europako eskuina eta sozialdemokrazia hurbildu egin dira mugimendu ultranazionalisten diskurtsoetara. Inkesten presioa garondoan sentitu dute eta bozak ez galtzeko politika berrantolatzeari ekin diote... [+]
“Sortuko ahal da!”. Iparraldeko Herri Elkargoaren karietara iragarritako desioa izan zen iaz: urteko joan-jinean, solastoki eta gune politikoetan bermatutako egitasmoa abian da dagoeneko. Ez haatik, tirabira eta gorabeherarik gabe. V. Errepublikako lehenbiziko euskal... [+]
Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.
Kataluniako agenda politikoak elkarri tinko lotutako bi une goren izango ditu 2017an. Batetik, Generalitatearen aurrekontuen eztabaida eta onarpena –edo onarpen eza–, zeinaren tramitea otsailean amaituko den. Bestetik, katalan instituzioek bultzatutako... [+]