Errefuxiatuen aferak Bruselako agintarien benetako aurpegia estalgabetu du. Europako eskuina eta sozialdemokrazia hurbildu egin dira mugimendu ultranazionalisten diskurtsoetara. Inkesten presioa garondoan sentitu dute eta bozak ez galtzeko politika berrantolatzeari ekin diote. Inbasioaren ideia ez da soilik eskuin muturraren aldarrikapena. Iheslariak turko-buruak bestetik ez dira, eta drama politikoa ezkutatzeko, adabaki handi bat bihurtu dute Turkia.
Iheslarien drama lerro-buru handietatik kronika hutsetara pasa da 2016an. Europak Egeo itsasoko iturria itxi du oraingoz, eta Grezian harrapaturiko asilo eskatzaileak ikusezin egin ditu. Baina Mediterraneoko pasabideak Brusela lotsagorritu du. Izan ere, hildakoen errekorra gainditu du Mare Nostrum-ak, denona den itsasoak. Europak, halere, gero eta aurpegi ilunagoa erakusten du eta gero eta gehiago itxi da bere beldurretan. Errefuxiatuen aurkako hesiek eta mugaldeko kontrolek atzerabuelta errazik ez duen errealitate arduragarrira eraman gaituzte. Batasuna, eufemismo huts bihurtu da.
“Mamma Merkel”-en jarrera aldaketa
Milioi bat iheslari baino gehiago hartu ondotik esan du kito Alemaniak. Berlinek beste behin aldatu du azalaren kolorea. Greziako krisiarekin Europako munstro liberala bihurtu zen. Errefuxiatuen dramarekin berriz, esperantza europarra. 2016ko zirkulua Alemanian hasi eta amaitu da; Koloniako eraso sexistekin abiatu eta Berlingo Gabonetako azoka batean izandako atentatura arte.
Angela Merkelek ezin izan du presio mediatikoaren aurka borrokatu. Europan tradizio bihurtu den legez, beldurraren politika gailendu da. Bruselak Israelen eredua kopiatu du eta segurtasunaren eta defentsaren diskurtsoa gero eta gehiago barneratu zaigu
Has gaitezen hastapenetik. Mila gizonek dozenaka emakumeri eraso egin ondotik hasi dugu 2016a eta inflexio-puntua ekarri du Alemaniaren asilo politikan. Denbora gutxi behar izan da gertatutakoa instrumentalizatzeko eta eztabaidaren muina eraso sexistetatik errefuxiatuen aferara pasatzeko. Angela Merkelek ezin izan du presio mediatikoaren aurka borrokatu. Europan tradizio bihurtu den legez, beldurraren politika gailendu da erasoaren ostean. Bruselak Israelen eredua kopiatu du eta segurtasunaren eta defentsaren diskurtsoa gero eta gehiago barneratu zaigu.
Ezer gutxi axola du eraso sexistengatik atxiloturiko 58 gizonetatik asilo eskatzaileak hiru baino ez zirela jakiteak. Dagoeneko Europa zabaleko mugimendu ultraeskuindarren mantra bihurtu da Koloniako afera. “Migratzaileak Europara datoz gure emazteak, ahizpak eta alabak bortxatzera” behin eta berriz errepikatzen da Hungariatik Suediara.
Amaitu da, beraz, apaiz protestantearen alabaren karitate kristaua. Angela Dorothea, Merkel kantzilerra izatera itzuli da. Errefuxiatuen gaineko lege berria indarrean jarri eta 2016an biziki igo da deportazioen kopurua. Berlinek herrialde segurutzat jo ditu Aljeria, Maroko eta Tunisia eta krimenengatik akusaturiko gazte gehienak haien etxeetara bueltatu dituzte. Baita Afganistango eta Irakeko iheslariak ere, herrialde horiek Siria baino seguruagoak direlakoan. Neurri berriek bultzada handia eman diote Pegida mugimendu ultraeskuindarrari, “Merkelek hanka sartu du, eta migrazio politika konpontzen ari da” aldarrikapena berea eginez.
Baina Koloniaz geroztik indarkeriak beste hainbat aldiz jo du Alemania. Würzburgeko trenean izandako ezbeharra, Municheko tiroketa eta, batez ere, Gabonen atarian Berlinen izandako erasoa. Nizakoaren kopia hutsa. Hamabi hildako ez dira erraz digeritzen eta hauteskunde urtea aldapan gora hasiko du Merkelek. Halere, kantzilerrak Wir schaffen das! edo Lortu dezakegu aldarrikatzen jarraitzen du. “Errefuxiatuak ez dira indarkeriarekin lotu behar”, dio behin eta berriz. Bere politikek beste gauza bat islatzen dute, ordea.
Alemanian urrun geratu dira migratzaileen aldeko argudio ekonomikoak bultzatzen zituztenen aldarrikapenak; siriarren lan-esku kualifikatuak ondorengo belaunaldien jubilazioa bermatuko zuela irizten ziotenen diskurtso klasistak.
Mugak Europatik kanpora
Alemaniaren jarrera aldaketak domino efektua sortu du ezinbestean. Balkanetako ate guztiak banan-banan itxi dira Austriatik hasi eta Greziara arte. Blokeo horrek azkar erakutsi digu zein erraza den egun batetik bestera milaka pertsonaz osaturiko kanpaleku bat eraikitzea. Greziako Idomeni da adibiderik ikusgarriena.
Baina Berlinek ondo gordeta eduki du beste karta bat. Barne mugak ixtea nahikoa ez eta Schengen eremuko mugak kanporatzea izan da Merkelek 2016an bultzatu duen egitasmo “izarra”. Horretarako, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea bihurtu du Europaren aliatu berria, kosta ahala kosta.
Bruselak eta Ankarak udaberrian sinatu zuten “Lotsaren Ituna” bataiatu den akordioa. Europar Batasunak sei milioi euroko diru-laguntza eta bisen liberalizazioa promestu zizkion Ankarari. Trukean, errefuxiatuen irteera ia %100ean geratu du Erdoganek. EBk herrialde segurutzat jo du Turkia eta ekuazio sinple bezain tranpatia planteatu die asilo eskatzaileei: Ankararen eskuetan geratzea segurua bada, zergatik etorri Europara?
Edonola ere, hitzarmenak larrutik kaltetu du EBri geratzen zitzaion duintasuna. Erdoganek Bruselaren isiltasuna erosi du errefuxiatuak Turkian geratzearen truke. Europa isilik geratu da estatu-kolpe saiakeraren osteko atxiloketa masiboen aurrean eta isilik ere kurduen kontra hasitako gerra basatiaren ostean. Liderrak eskuetan ditu Erdoganek, eta Bruselak kritika bat luzatzen dion bakoitzean, akordioa bertan behera utziko duela mehatxu egiten du.
Turkia herrialde segurua dela justifikatzean ere huts egin du Europak. 2016ak azken astinduak eman dituen bitartean, denon ahotan zegoen beste errealitate isildu bat publikatu da: Siriako haur errefuxiatuak Mango, Zara eta halako marka handientzat lan egiten duten fabriketan dituzte esplotatuta. Turkia ez da umeen eskolaratzea berresteko gai ere.
Aldebiko akordioak errefuxiatuen eta migratzaile “irregular” ekonomikoen arteko bereizketa ere ekarri du. Gerratik eta gatazka luzeetatik alde egin dutenak batetik, eta miseriatik ihesean etorri direnak bestetik. Denontzako tokirik ez dagoela eta bereizketa egitea beharrezkoa dela esan digute udaberritik aurrera. Eta askoren iruditerian txertatuta geratu da migratzaile ekonomikoa dela Europara udaldian datorren pertsona bat, kapritxo batengatik bizitza arriskuan jartzeko prest dagoen gizonezko gaztea.
Grezian harrapatuta
Merkelen eta Erdoganen adiskidetasunak bi ondorio nagusi izan ditu: Idomeni hustea eta iheslarien deportazio politika. Hiru hilabetez Europako errefuxiatuen kanpaleku inprobisaturik handiena izan da Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan eraikitakoa. Neguan 13.000 pertsona jasotzera iritsi zen Idomeni eta 2016ko lehen hilabeteek lokatzez eta urez betetako kanpadenden irudiak utzi zizkiguten.
Muga ahaztu horretan ikusi ditugu Siriako, Irakeko eta Afganistango milaka familia baliabiderik gabe bizirauten; baita Marokoko, Tunisiako eta Pakistango milaka gazte haien ametsari eusten ere. “Gure begien aurrean gertatzen ari den errealitate gupidagarria” edo “Europarrok lotsarazten gaituen drama” gisako esaldiak behin eta berriz errepikatu dira. Ez dute ezertarako balio izan, ordea. Errefuxiatuek azken unera arte astindu dituzte Alemaniako banderak, baina hondeatzaileek oroitzapen lauso bihurtu dute Idomeni.
Denontzako tokirik ez dagoela eta bereizketa egitea beharrezkoa dela esan digute udaberritik aurrera. 2016ak argi erakutsi du errefuxiatuen artean mailak daudela, eta Europarentzat Afrikako iheslariak azkenetan azkenak direla
Akordioak utzi digu hirugarren ondorio bat ere. Mugaldeko iheslariak Grezia osoan eraikitako 50 kanpaleku itxietara eraman dituzte. Idomeniko aldarrikapenak isildu dira eta horrek galtzaileen ahanztura ekarri du. Alexis Tsiprasen Syrizari ezarritako penitentzia kutsu nabarmena duen erabaki politiko baten ondorioz, errefuxiatuentzako kanpaleku handi bat bihurtu da Grezia. Ez aurrera ez atzera egiterik ez duten 62.000 iheslari kartzela ireki batean bizi dira, makila magikoak noiz ukituko dituen esperoan. Familia gehienek “ez gaitzazue ahaztu” errepikatzen dute kazetarien noizik behingo bisitak jasotzen dituztenean.
Edonola, EBren eta Turkiaren arteko hitzarmena sinatu ostean iritsi diren pertsonentzat are gordinagoa da egoera. Bideokamerek aspaldi utzi diote Greziako irlak grabatzeari, baina oraindik ehunka iheslari heltzen dira egunero. Turkiak polizia zabaldu du kostan, baina ez du txorrota zeharo itxi. Begi-bistakoa da Erdoganek Europari bidali nahi dion mezua: adi ibili, errefuxiatuen iturria edozein momentutan ireki daiteke berriro.
Greziako irletan atrapatuta dauden 15.000 iheslarien etsipena gero eta handiagoa da. Lesboseko Moria atxilotze gunean izandako suteak eta asilo eskatzaileak erregistratzeko zentroaren kontrako azken erasoak argiki islatzen dute errefuxiatuen haserrea. Bada, deportazioaren mamua gainean dute hegan. Lerro hauek idatzi bitartean, 700 pertsona inguru deportatu dituzte Greziatik Turkiara, gehienak Pakistangoak. Halere, Ankararen eskuetara bueltatu den iheslari batek baino gehiagok etxera itzultzeko erabakia hartu du. Etorkizun beltza etorkizunik eza baino hobea dela erabakitzera bultzatu ditu Europak. Gerrara eta miseriara bueltatzeko erabaki horrek zeresan handia eman dezake datorren urtean.
Mediterraneoaren garrasia
2016an biziki hitz egin da Balkanetako ibilbidearen itxierak ekarriko dituen pasabide berrien inguruan. Izan ere, Turkian harrapatuta dauden 2,5 milioi errefuxiatuei Europara iristeko eskaintza bila dabiltza trafikatzaileak. Indarra berreskuratu du Siziliako kanaleko itsasbideak eta bideokamerak azkar lekualdatu dira Greziako uharteetatik Mediterraneora.
Telebistaz emandako drama honek milaka gazte beltzen irudiak eskaini dizkigu. Britainia Handira edo Frantziara heltzea amesten duten Saharaz Hegoaldeko Afrikako iheslariak dira gehienak. Txarrena eginda dagoela uste duenaren irribarre malezia-gabearekin iristen dira, baina migratzaile ekonomikotzat jotzen ditugu lehen begiradan. Inor gutxiri axola zaio Europak Malin, Txaden, Nigerren, Eritrean edo Somalian daukan interbentzio politika.
Turkiarekin sinaturiko hitzarmena onerako suertatu zaio Bruselari, eten egin du Egeo itsasoaren pasabidea. Ostera, bikoiztu egin da Italiara iristen diren iheslarien kopurua. Europar Batasunak badaki joera honek ez diola ibilbide aldaketa bati erantzuten. Momentuz, Turkian, Libanon eta Jordanian harrapatuta dauden lau milioi errefuxiatu siriarrek esperoan jarraitzen dute. Baina Bruselari Mediterraneoko iritsierak geratzeko solaskideak falta zaizkio, batez ere Libian.
2016ak ere argi erakutsi du errefuxiatuen artean mailak daudela, eta Europarentzat Afrikako iheslariak azkenetan azkenak direla. Siziliako Kanaleko hilerria gero eta handiagoa bilakatzen ari da, eta, ondorioz, ACNUR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ahotsa goratu behar izan du. Inoiz izandako “urterik hilgarriena” izan da Mediterraneoan, bada, 4.000 pertsona baino gehiago irentsi ditu itsasoak. Errefuxiatuen dramak utzi digun beste errekor historiko bat da.
Turkiak polizia zabaldu du kostan, baina ez du txorrota zeharo itxi. Begi-bistakoa da Erdoganek Europari bidali nahi dion mezua: adi ibili, errefuxiatuen iturria edozein momentutan ireki daiteke berriro.
Zer ekarriko du 2017ak?
Pietro Bartolo Lampedusako medikuaren aburuz, gogoratu beharrik ez dago Mediterraneoko ibilbidea Egeokoa baino askoz luzeagoa eta arriskutsuagoa dela. 2016an, bide hori hartu duen 88 pertsonatik batek bizia galdu du. Distantzia luzeaz gain, trafikatzaileek kalitate okerragoko ontziak eskaintzen dituzte. Gehienak ez dira Libiako kostatik harago joateko gai. Baina “heriotza bat saihestu ahal bada, saihestu egin behar da”, irizten dio Bartolok. “Mediterraneoan ito diren iheslarien gorpuak bata bestearen ondoan jarriko balira, Siziliaraino iritsiko lirateke. Ezbehar hauek ekiditeko zergatik ez dira neurri gehiago hartzen?”.
Momentuz, ordea, Bartolok ez du erantzunik jaso. Europak 2015ean hasitako estrategiari eutsi dio eta FRONTEX kanpo-mugak zaintzeko agentziaren esku utzi du itsasoaren patruilatzea. Trafikatzaileak harrapatzea da lehentasuna. Bruselak muzin egin die bere erantzukizun humanitarioei eta ekimen pribatuen gain utzi du itsas-salbamendua. 2016ko azken hilabeteetan biziki hazi dira errefuxiatuak erreskatatzea helburu duten talde pribatu berriak. Erakunde horien asmo onak eta lan txalogarriak EBren arduragabekeria ezkutatu dute.
Europa gotorleku
Lampedusako herritarrek berriz, elkartasun ikasgai handia eman dute. “Txaloak eta ordainak nahi ez dituztenen laguntza zintzoa da”, aldarrikatu ohi zuen Dario Fo antzerkigileak. Foren heriotzarekin XX. mendeko Europa humanistaren zati txiki-handi bat desagertu da 2016an. Bada, gero eta gehiago dira EBren banaketa prozesuak atzerabueltarik ez duela uste dutenak. Harrotasunez altxatu dira Balkanetako herrialdeak Bruselaren aurka eta Viktor Orbanek gidaturiko Visegrad taldea (Polonia, Txekia, Eslovakia eta Hungaria) prest dago errefuxiatuen inguruko edozein erabaki boikotatzeko. Orbanek kuota sistemaren inguruan antolaturiko erreferendumak porrot egin du (parte-hartzeak ez duelako %50 gainditu), baina 2015ean hasi zuen kanpainak fruitu mamitsuak eman dizkio.
Hungariako lehen ministroak Jobbik alderdi ultraeskuindarraren esku utzi du Serbiarekiko mugan eraikitako 150 kilometroko hesiaren kontrola. “Migratzaileen ehiztariak” izeneko miliziek iheslariak harrapatu eta Serbiara bueltan bidaltzen dituzte; Schengen eremuaren ate nagusian eta Bruselaren konplizitatearekin. Herri galdeketak aurrekari bat ezarri du gainera: Poloniak argi utzi du Orbanen estrategia kopiatzeko prest dagoela.
Baina kuota sistemaren porrotaren ardura ez da soilik Hungariarena. Europar Batasuneko gobernuek borondate falta handia erakutsi dute Italiatik eta Greziatik jaso behar zituzten 160.000 asilo eskatzaileei etxe berri bat aurkitzeko. Momentuz, 5.000 bakarrik lekualdatu dituzte.
“Terrorista jihadistak pateretan iristen ari dira” esan du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. Uztailean Nizan izandako atentatuek are gehiago erradikalizatu dute François Hollanderen Gobernua. Frantzia gerran dagoela, edo hobe esanda, gerra deklaratu diotela aldarrikatu ostean, Calaiseko errefuxiatuen kanpalekua hustu du Parisek. 2017ko hauteskundeetara begira, alderdi sozialistak bere egin ditu Fronte Nazionalaren lelo asko.
Frantzia gerran dagoela, edo hobe esanda, gerra deklaratu diotela aldarrikatu ostean, Calaiseko errefuxiatuen kanpalekua hustu du Parisek. 2017ko hauteskundeetara begira, alderdi sozialistak bereak egin ditu Fronte Nazionalaren lelo asko
Egun, errefuxiatuen aurkako hamaika hesi daude Europan. Greziaren eta Turkiaren artekoa, Turkia eta Bulgariaren mugan eraikitakoa, Grezia eta Mazedoniaren artekoa, Hungaria eta Serbiakoa, Ceuta eta Melillakoa, eta Calaisekoa, besteak beste. 2017an, beste hainbat hesi altxatuko dituzte, tartean Kroazia eta Eslovenia eta Hungaria eta Errumania banatzea helburu dutenak. Horiei guztiei gehitu behar zaizkie EBko kideek ezarri dituzten mugaldeko kontrolak. Aduanen garai berri bati hasiera eman diogu eta batasun ekonomikoak agintzen du soilik.
Hala, bisatu humanitarioen inguruan ez dute ezer jakin nahi Bruselako burokratek. Zaila da oso 2017ra begira baikorrak izatea. Aterpea eskatzen ziguten errefuxiatuei harresiz inguratuko gaztelu eskuraezin bat aurkeztu diegu. Mediterraneoaren beste aldean, ordea, gatazkek ez dute etenik.
Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.
Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]
Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.
EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.
Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]
Ari dira bazterrak mugitzen. Chrysallis Euskal Herria elkartea sortuta, ume transexualak lehen lerrora ekarri dituzte. 2016an ikastetxeetarako material didaktikoa prestatu dute. Nafarroako prozedurek transexuala patologizatzen segitzen dute, baina bestalde, haur transexualak... [+]
Elikagaien komertzializazio bide laburrak eta janari osasungarria joera bihurtu omen dira, baina baserritarrek zer diote horren inguruan?
Euskararen normalizazio prozesua ez da beti krisian egongo. Bukatzeko bidean doa, adibidez, Egian, Agurainen, Lasarte-Orian, Hernanin eta Astigarragan. Norabidea markatzen ari diren herri-bideetako seinaleak dira. Autopistetako peajeek ilarak sortzen dituzte oraindik, ordea. Nor... [+]
Hezkuntza arloan, Hego Euskal Herrian LOMCE legeak markatu du azken urteetako dinamika eta epe laburrean behintzat hala izaten jarraituko du. Hala, ikasturte honetan ere, Jaurlaritzaren Heziberri planak eta bestelako adabakiek puntu batzuen eragina arindu arren, Madrilen... [+]
Euskal Herrian altzairua ekonomiaren motorretako bat izan da Trianoko mineralarekin egindako totxoak esportatzen zituzten garaitik. Egun, altzairugintzaren pisua ez da hainbestekoa, baina bai sinbolikoa. Arcelor Mittalek Zumarragan eta Sestaon dituen lantegien itxierak azken... [+]
Merkataritza eta inbertsio itun handiek, uneon, gero eta garrantzi handiagoa dute debate politiko eta sozialean. Baina makro-hitzarmen horiek izozmendi eskerga baten tontorra baino ez dira.
“Sortuko ahal da!”. Iparraldeko Herri Elkargoaren karietara iragarritako desioa izan zen iaz: urteko joan-jinean, solastoki eta gune politikoetan bermatutako egitasmoa abian da dagoeneko. Ez haatik, tirabira eta gorabeherarik gabe. V. Errepublikako lehenbiziko euskal... [+]
Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.
Kataluniako agenda politikoak elkarri tinko lotutako bi une goren izango ditu 2017an. Batetik, Generalitatearen aurrekontuen eztabaida eta onarpena –edo onarpen eza–, zeinaren tramitea otsailean amaituko den. Bestetik, katalan instituzioek bultzatutako... [+]