Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.
Aurretik sortu dituen espektatiben arabera baloratzen dira ebento baten emaitzak, eta beraz, zaila izango da Donostia 2016 bukatu den honetan denak ados jartzea: gertatu behar zuena gertatu da, huts egin du erabat edo kontrara, arrakasta totalari buruz hitz egin behar genuke? Ba, ezin jakin. Mota horretako balorazioak egiteko aukerarik ez da izango, Kultur Hiriburua hasi zenean herritar gehienek ez zeukatelako oso argi zer espero behar zuten ere. Aurreikuspen konkretuen faltan, batzuei gehiago eta besteei gutxiago gustatu zaien programazio kultural baten aurrean jarri dituzte eta, urtea bukatuta, baten bat aurkituko duzu galdezka ea prentsako titular guztien atzean benetako Donostia 2016rik existitu ote den ere.
Hiriburutzak proiektatu duen irudi lauso horrek baditu abantailak, noski. Proiektuak bere buruari jarri zizkion helburu nagusiak hain ziren orokorrak –elkarbizitza sustatu eta gizarte kohesioa areagotzea; europar identitatea sustatzea; eta kultur sektorearen sorkuntza eta berrikuntza bultzatzea–, balorazioetan edozein kontsiderazio sartzeko aukerak zabalik geratu direla. Alegia, esfera publikotik berez urtea positibotzat jotzeko izango den joerak ez duela bestelako ikuspegiak kontrajartzeko zirrikitu handirik uzten, proiektuaren helburuek antz handia dutelako politikan hain modan jarri diren adierazle hutsekin: kontua ez da Europako Kultur Hiriburuak elkarbizitza hobetu duen, gizartea kohesionatu duen edo europarragoak ote garen orain duela urtebeterekin alderatuta; kontua da zer esanahirekin betetzen diren elkarbizitza, kohesioa edo europartasuna bezalako kontzeptuak.
Elkarbizitza apatikoa
Testuinguru politikoak ongarri dezente jarri dio proiektuari balorazio baikorrak loratu daitezen, gauzak asko aldatu baitira paraje hauetan Donostiak bere hautagaitza aurkeztu zuenetik. 2008az ari gara, egin kontu: ETA aktibo zegoen orduan, eta “elkarbizitzarako kultura” bandera gisa hartu zuen egitasmoak herritarren dimentsioa erantsi ziezaiokeen euskal gizartean pil-pilean zegoen problema bati soluzioa bilatzen saiatzeko. Zer pasa da ondoren: ba, ETAk armak behin betiko utzi dituela eta, erabaki marianoek euskal gatazkaren gainontzeko metraila guztiarekin zer egin erabakitzeko unea atzeratu duten arren, hainbestetan predikatutako bizikidetzaren errutinan murgildu dela kaleko baskoa, okindegira joateko janzten duen apatikotasun berarekin. Eta apatikotasun horrekin hartu duela gehiengoak Donostiako ebentoaren mezu nagusia ere.
Bitartean, zenbaitek segitzen dute elkarbizitza edo, zehatzago izateko, oraingo egoera hau baino justuagoa den zerbaiten eske –galdetu ea gatazka amaitu ote den Kordobako espetxean daukan senideari bisita egitera doan pertsonari, agente armatuek geldiarazi eta pistola buruan kotxetik ateratzen dutenean, “gauzak” utzi dituen konpondu gabeko ondorioen artean bat baino ez aipatzearren–. Baina, esaten den bezala, hori jada ez dago “agendan”. Eta beraz elkarbizitzaren kultura, hiriburutzak hasieran planteatzen zuen moduan behintzat, iazko otordu bat baino liserituagoa zeukan gizarteak 2016ko anno dominira iristerako.
Gatazka zaharrak, gatazka berriak
Horrek ez du esan nahi Euskal Herria eta zehazki Donostia oreka harmoniatsu eta zibikoan bizi diren herritar kosmopolitaz beteriko lekua bihurtu denik. Esan nahi du gatazka politiko armatuaren kapitulua bukatzeko gogo handia zegoela ia mundu guztiaren partetik; esan nahi du orrialdea pasatzeko grinaren grinaz etxeko lan batzuk egin gabe geratuko direla, akaso puska baterako; eta esan nahi du beste mota bateko gatazkek protagonismo handiagoa dutela orain euskal gizartean. Baina horiek agertu direnean, 2016ak ez du gauza handirik esateko gaitasunik erakutsi.
Turismoaren sektoreak bai, ondo funtzionatu du, ondoegi akaso, Eneko Goia alkateak onartzeraino Donostia jasotzen ari den bisitari kopuruak badituela arriskuak hiriarentzat, zuhurtziaz jokatu behar dela
Donostiatik bertatik atera gabe: Kultur Hiriburuaren urtea hasi baino hilabete pare bat lehenago Kortxoenea eraitsi zuten; urte osoan aritu dira hainbat ekintza antolatzen Uliako Lore Baratzak hirigintza proiektu batek suntsitu ez ditzan; erdigunea zulatuz metroa Kontxaraino eramateko proiektuak auzotarren oposizioa izan du; zer esan erraustegiaren kontra izan diren mobilizazioez eta horietako batzuen kontra uniforme munizipalez edo autonomikoz jantzitako poliziak izan duen jarreraz; Aste Nagusian zezenketarik nahi zuten ala ez erabakitzeko aukera kendu zaie herritarrei Carlos Urquijoren helegite bat tarteko; erakundeak ez dira gai izan Chillida Leku berriz irekitzeko adostasunera iristeko; eta portzierto, turismoaren sektoreak bai, ondo funtzionatu du, ondoegi akaso, Eneko Goia alkateak onartzeraino Donostia jasotzen ari den bisitari kopuruak badituela arriskuak hiriarentzat, zuhurtziaz jokatu behar dela. Hori dena, espekulazio inmobiliarioak lehenagotik jo-puntuan eduki arren, aurten higiezin-enpresen erasoaldi bortitzagoaren pean bizi izan den kapitalean –“iritsi da uda eta harekin batera salmenta-denboraldi onena (…) zure etxebizitza behar dugu, bezero potentzial askorengana iristen baikara eta ezin diegu haien eskariei behar bezala erantzun”, irakur zitekeen erdiguneko hainbat bizilaguni Engel & Völkers enpresak uztailean bidalitako gutun batean–.
Zer esan zaie herritarrei Donostia 2016tik problematika horiei buruz? Deus gutxi, izan ere, itxura eman du hiriburutzak arazoak saihestu nahi izan dizkiola bere buruari. Eta hori ez da bulegoan lan egin duen jendeari leporatu behar zaion zerbait. Esan liteke, zer joko-zelaitan aritu diren kontuan izanda, ez dutela “bustitzeko” aukera handirik izan. Proiektua ika-mika alderdikoiaren jostailu faboritoetako bat bihurtu zen Donostia Europako Kultur Hiriburu izango zela jakin zenetik: lau urte –erraz esaten da– mezu katastrofisten artean igeri egiten, behar zen pertsonala kontratatzeko eragozpen instituzionalekin, adostutako finantzazio publikoa iritsiko ote zen zalantzan; eta bidean izan diren dimisioak, polemika hutsalak, beti gaurkoak baino handiagoak ziruditen biharko titularrak. Fundazioaren patronatuko kide bat, Espainiako Kultura ministerioa, epaitegietara iritsi zen proiektuaren kontra, Europako Hizkuntza Eskubideen Goi-Bilera zela-eta, gero, konposizio instituzionala aldatu bezain laster, salaketa bertan behera utziz bukatu zen faszikuluan. Elkarbizitzarako kultura. Zer arrisku har zezakeen hiriburutzak klima horretan? Ahalik eta gutxien molestatu, agindu dutenak besteak izan baitira, politikariak, zilegitasun demokratikoaren izenean, amen.
Ongi etorri Mr. Felipe
Baina ez da egia urte osoa pasa denik zeresana eman duten ekintza kulturalik gabe. Kontua da, eskemak gehien puskatu dituen interbentzio artistikoa, tertulietan zeresana eman duena, eta azkenerako gehienek txalotu dutena, ez dela 2016ko programan aurreikusitako zerbait izan. Ekainak 15: Usain Bolten 100 metroak baina azkarrago zabaldu da sare sozialetan Groseko markesina bateko argazkia. Besoak gurutzatuta Felipe VI.a –badakizue, Francok oinordetzan utzi zuen Espainiako Erregearen ondorengoa–. Kartelak Donostia 2016ren logotipoa dauka eta Kultur Hiriburuak erabili duen tipografian letra handiz “¡Bienvenido!” irakurtzen da. Txikiago euskarazko, frantsesezko eta ingelesezko itzulpenak.
Ordubete eskasean erantzun du 2016aren kontu ofizialak kartela ez duela hiriburutzak jarri. Beranduegi: jada ez da inportanteena nor den egilea, izan ere, afixak jarri ez edo ez, Kultur Hiriburuak Bake ituna erakusketaren inauguraziora gonbidatua du Borboi familiako kide preparatuena. Hori egin daiteke, baina haren etorrera ospatzen duten kartelak jartzea ez zen inolako instantzia ofizialen planetan sartzen. Hum. Badirudi diskurtsoen eta praktiken arteko kontraesan bat aurkitu dugula, doktore: 1978ko Trantsiziotik tazituki onartu den errealitate bat bistaratu da ekintzarekin.
Monarkia espainiarra euskal herritar askoren gogoko izan ez arren, bertako erakundeek haien aurrean duten jarrera otzana agerian geratu da; eta agerian geratu da horrela jokatzeak zalapartarik eragin ez dezan, “egin bai, baina ez adierazi” formularen arabera funtzionatu dutela urtetan. Nahikoa izan da erakundeek egiten dituzten elipsiak sormen pixka batekin betetzea. Bihar edo etzi etorriko dira adituak hori street art, fake edo hoax bat izan den argitzera. Gertatu den bitartean puntako artea izan da, horretaz behintzat ez dago zalantzarik.
Kultura beti da ona, salbu eta…
Eta hala aitortu dute askok, baita Donostian eta Gipuzkoan agintzen duen EAJtik hurbil dauden iritzi-emaileek ere. Edo Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendariak: ETB2ko saio batean kartelarekin harrituta agertu zen, baina ez zuen problemarik izan esateko trebetasunez egindako ekintza zela –“con bastante tino” espresioa erabili zuen–. Bitxia da erantzun hori, kontuan izanda asmoa hiriburutza auzitan jartzea dela eta egileak, ezezagunak izan arren, itxura guztien arabera kultura ofizialarekin zerikusi handirik ez duten sektoreetakoak direla.
Gizarte osoak onartu duen kontsentsu bat argitzen du gertakariak: kultura eta sormena gauza onak dira. Onak, maila eztabaidaezinean. Eta beraz, beste modu batera adierazita edukiarekin guztiz desados egongo liratekeenak ere, kreatibitatearen aurrean belaunikatzen dira. Gizartean eragin nahi duten kolektiboentzat aukera interesgarria zabaltzen du horrek, aldarrikapen-ekintzen nolakotasunak lasaitu ditzakeelako aldarrien edukiak zenbaitengan a priori sortzen dituzten ezpain okertuak.
Baina ez gaitezen engaina. Kultura nork “daukan” eta nork ez ere eztabaidatu da joan den urtean. Bake ituna erakusketatik atera gabe, polemika pixka bat izan zen hedabideetan ETA “fenomeno politiko, militar eta kultural” gisa definitu zelako erakusketarekin lotutako testu batean. Espainiako Kultura ministerioak gutuna igorri zien 2016aren arduradunei, deskribapen horrekin kezkatuta. Terminologiarekin arreta berezia izan zezatela eskatu zieten proiektuaren arduradunei, plano artistikotik arituta ere, gaia “delikatua” delako. Azpi-testua irakurtzea ez da zaila: kultura ona bada eta ETA ez; nola edukiko du talde armatuak kulturarekin inolako zerikusirik? Irakurketa sinplista da, baina eraginkorra ere bai. Azken finean, aldagai kulturala ETAren bilakabidetik aldenduz, edukiz husten da azken 50 urteetako historiaren parte bat; eta barra librea eskaintzen die irabazleen bandoan geratu direnei kontakizun manikeo bat idazteko.
Bestalde, polemikak erakusten du zenbat falta den hainbestetan aipatutako kontakizun bateratura iristeko ere, noizbait horrelakorik existituko dela pentsatzea ameskeria hutsa ez bada behintzat.
Arrakastak, porrotak eta pertsonen joan-etorriak
Gainontzean, Donostia 2016ren kronikek gogoratuko dute nahiko abiapuntu txarra izan zuela; baina ezinbestean esan beharko dute urteak aurrera joan ahala proiektuak asmatu zuela, zarata handirik gabe, ekimen arrakastatsu batzuk plazaratzen. Tartean izan dira bulego barruko bizitzarekin lotuta daudenez gutxi aipatu eta arreta merezi duten gertaerak ere.
Goazen puntuz puntu: Hansel Cerezari eskatu zitzaion Kultur Hiriburuaren presentazio karta izango zen ikuskizuna eta La Fura dels Bauseko kide ohiak Donostian antolatutakoak kritikaren eta publikoaren txistuak entzun zituen. “Elkarbizitzaren zubia” amilduta, showaren teloi-atzeko kontuak ateratzen hasi ziren: agintariek teknika digital aurreratuenak erabiliz adjudikatu ziotela Cerezari lana –alegia, atzamarrarekin–; zenbat kostatu zen ez zegoela argi; edo inaugurazioko catering zerbitzuarengatik bakarrik 15.000 euroko faktura pagatu zela. Optimista antropologikoek esango dute hiritarren kontzientzia kritikoak eragin zuela joan den urtarrileko zurrunbiloa, alderdien hiriburutzaren aldeko kontsentsuak ez baitzuen uzten horrelako zerbait aurreikusten. Bada beste irakurketa bat, pesimista nahi bada edo, segun eta nondik begiratuta, errealista: siglarik ez daukan ideologia donostiarristaren manifestazio bat izan zen inaugurazio ekitaldiaren osteko polemika. Pentsamendu korronte hori ez dago inongo liburutan formulatua eta esaldi bakarrean laburbildu daiteke –“Donostia bakarra munduan”–, dauzkan inplikazio guztiekin: donostiarrismoak zerbait eraman ezin badu, bere hiria argazki ez-oso-polit batean ikustea da, hain zuzen, aurkezpeneko ikuskizunak sortu zuen argazki mota.
Zubiko gauza hura gertatzen ari zenean norbaitek esan izan balu handik hilabete batzuetara 7.500 lagun Shakespeareren obra bat ikusteko prest egongo zirela sarrera guztiak agortzeraino, nekez sinetsiko genuen. 'Uda gau bateko ametsa'ren arrakastarekin Donostia 2016k arnasa hartu zuen
Bigarren puntua, funtzionatu duena: zubiko gauza hura gertatzen ari zenean norbaitek esan izan balu handik hilabete batzuetara 7.500 lagun Shakespeareren obra bat ikusteko prest egongo zirela sarrera guztiak agortzeraino, nekez sinetsiko genuen. Uda gau bateko ametsaren arrakastarekin Donostia 2016k arnasa hartu zuen, bestela ere hiriaren biriketako bat den Cristina Enea parkean. Espektakulu handia izan arren –140 laguneko taldea aritu zen lanean– eta sarreraren prezioak Anbrosio tabernako tragoenekin lehiatzen zuen arren –30 euro aurretik, 40 leihatilan, afari eta guzti, hori bai–, lortu zuen publiko asko biltzea. Agian inaugurazio-ekitaldia planteatu zen moduaren antipodetan zegoelako: etxeko aktoreak –Gorka Otxoa, Aitziber Garmendia, Isidoro Fernandez, Ane Gabarain, Itziar Atienza, Ramon Agirre...– Fernando Bernuesen eta Iñaki Rikarteren gidaritzapean, Patxo Telleriak moldatutako testuan. Hurbiltasuna maiz izen handiak baino erakargarriagoa da.
Hiru: gutxi aipatu dena. Kultur munduko jende askok aurkitu zuen iaz lana hiriburutzaren abaroan, baina ez da gehiegi aipatu nolako baldintzatan jardun duten. Urte osorako kontratua eskainita lanean hasi eta abuzturako kalean zegoen langileak ez du polemikarik eragin, baina existitu, existitu da. Lan baldintzak prekarizatzen ari dira ia sektore guztietan eta kulturarena ez da salbuespena. Donostia 2016n horrek ez du zalaparta berezirik eragin, epe-muga oso konkretua zeukan egitasmoa izanda langileek amaiera-data barneratuta zeukatelako. Baina Bilbora begiratzea besterik ez dago arazoaren hedadura ikusteko: iazko udan Arte Ederren Museoko langileek greba egin zuten euren baldintzak hobetzeko, baita akordioa lortu ere. Antzera jokatu zuten Guggenheim museoko hezitzaileek ere, baina kasu horretan emaitza bestelakoa izan da: denak kalera bota zituzten, erakundeen bedeinkapenarekin. Kulturaz eta elkarbizitzaz hitz egin behar bada, instituzio publikoek kudeatutako kultur jardueretan ari diren langileen baldintzez ere hitz egiten hasi beharko da, pertsona horiek gabe ez baitago Kultur Hiriburu, hiri-marka edo proiektu estrategikorik aurrera eramaterik.
Donostia 2017
Urte berrian sartuta, Donostiak baldintza paregabeak ditu herritarrei ondo egokitutako eskaintza kulturala emateko. Baina esaldi hori 2015ean, 2014an edo 2013an ere idatzi zitekeen. Izan ere, Donostia Kultura egitura sendoa zen iazko urtea baino lehen ere. Industria bat kasik. Kultur Hiriburuak eskaintza publikoa biderkatu du, baina lehen ere presentzia nabarmena zeukan.
Hiriaren tamaina kontuan izanda, gehiegizkoa ote da? Bada uste duenik eskaintza instituzionalaren eraginez ekimen partikularrentzat lekurik ez dela geratzen. Kultur Hiriburua aukera paregabea zen etorkizunera begira jarri eta bi esparru horien arteko harremanak aurrerantzean nolakoak izango diren eztabaidatzeko. Sektore kultural publiko indartsua edukitzeak dakarren abantaila baliatuz, nola lagundu ditzaketen erakundeek dinamika pribatuak, adibidez, panorama orekatzeko. Edo zergatik ez zaien lokal gehiagori kontzertuak eta jarduera kulturalak antolatzeko lizentziarik ematen, antolatzaile ez-publikoei aukera berriak eskainiz.
Donostia undergroundak zer leku izango duen ere ikusteko dago. Kortxoenea eraitsi zutenetik erreferentziazko gune bat gutxiago dauka hiriko kultura autogestionatuak, baina bizi-bizirik jarraitzen duela erakutsi du programa ofizialetatik kanpo. Hiriko kulturaren hirugarren hanka dela aitortuko dioten egunaren zain, asfaltoan ateratzen den belarra izaten jarraitzen du herri mugimendutik datorren programazioak.
2016ko festa amaitu da eta mundu guztiak erlaxatzeko aukera izango du orain. Fokua beste nonbait dago, ez da azterketarik pasa behar, turistak erakartzeko ohiko festibalak geratuko dira udan eta, neguan berriz, bertako eta inguruetako interesatuentzako eskaintza. Mundu guztia biziko da hobeto ebento handiaren aiduru egon gabe. Ondo egon da, gaizki egon da, zer axola du, pasa da. Beste gauza batzuetaz eztabaidatuko da azkenean.
Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.
Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]
Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.
EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.
Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]
Ari dira bazterrak mugitzen. Chrysallis Euskal Herria elkartea sortuta, ume transexualak lehen lerrora ekarri dituzte. 2016an ikastetxeetarako material didaktikoa prestatu dute. Nafarroako prozedurek transexuala patologizatzen segitzen dute, baina bestalde, haur transexualak... [+]
Elikagaien komertzializazio bide laburrak eta janari osasungarria joera bihurtu omen dira, baina baserritarrek zer diote horren inguruan?
Euskararen normalizazio prozesua ez da beti krisian egongo. Bukatzeko bidean doa, adibidez, Egian, Agurainen, Lasarte-Orian, Hernanin eta Astigarragan. Norabidea markatzen ari diren herri-bideetako seinaleak dira. Autopistetako peajeek ilarak sortzen dituzte oraindik, ordea. Nor... [+]
Hezkuntza arloan, Hego Euskal Herrian LOMCE legeak markatu du azken urteetako dinamika eta epe laburrean behintzat hala izaten jarraituko du. Hala, ikasturte honetan ere, Jaurlaritzaren Heziberri planak eta bestelako adabakiek puntu batzuen eragina arindu arren, Madrilen... [+]
Euskal Herrian altzairua ekonomiaren motorretako bat izan da Trianoko mineralarekin egindako totxoak esportatzen zituzten garaitik. Egun, altzairugintzaren pisua ez da hainbestekoa, baina bai sinbolikoa. Arcelor Mittalek Zumarragan eta Sestaon dituen lantegien itxierak azken... [+]
Merkataritza eta inbertsio itun handiek, uneon, gero eta garrantzi handiagoa dute debate politiko eta sozialean. Baina makro-hitzarmen horiek izozmendi eskerga baten tontorra baino ez dira.
Errefuxiatuen aferak Bruselako agintarien benetako aurpegia estalgabetu du. Europako eskuina eta sozialdemokrazia hurbildu egin dira mugimendu ultranazionalisten diskurtsoetara. Inkesten presioa garondoan sentitu dute eta bozak ez galtzeko politika berrantolatzeari ekin diote... [+]
“Sortuko ahal da!”. Iparraldeko Herri Elkargoaren karietara iragarritako desioa izan zen iaz: urteko joan-jinean, solastoki eta gune politikoetan bermatutako egitasmoa abian da dagoeneko. Ez haatik, tirabira eta gorabeherarik gabe. V. Errepublikako lehenbiziko euskal... [+]
Kataluniako agenda politikoak elkarri tinko lotutako bi une goren izango ditu 2017an. Batetik, Generalitatearen aurrekontuen eztabaida eta onarpena –edo onarpen eza–, zeinaren tramitea otsailean amaituko den. Bestetik, katalan instituzioek bultzatutako... [+]