Frantziako Estatuko eskualdeek mapa berria osatzen dute 2016ko urtarrilaren 1etik aitzina. 22 eskualde (erregio) izatetik 13 izatera pasa da Hexagonoa. Aldaketak euskal herritarrei ere eragin die. Akitania eskualdea zena, Akitania-Limousin eta Poitou-Charentes bihurtu da. Ipar Euskal Herria mapan are lausoago geratzeko arriskua begi-bistakoa da. Horregatik, euskal instituzioaren (Euskal Herri Elkargoa) aldarrikapena, abertzaleak buruan buru, ozen entzun da 2015. urtean.
Iparraldeko egoera politikoa ezagutzeko funtsezkoa da abertzaleen iazko ibilbidea ezagutzea, baita, bidenabar, Estatuak agindu eta abian jarritako deszentralizazio politika, NOTRE legearen arau gauzatua. Halaber, beren burujabetasuna aldarrikatzen duten berezko instituziorik gabeko herrialdeetako alderdi politikoek (Alsazia, Bretainia, Korsika, Okzitania…) bat egiten dute euskal abertzaleekin hauxe esatean: “Frantziako deszentralizazio politika, Estatua are gehiago zentralizatzeko bidean ari da”.
Hautetsi nagusiak Nazio Biltzarrerako (Assemblée Nationale), Erregio eta Departamendurako bozetan aukeratzen dira. Hauen gainetik Frantziako presidentea dago. Hauen azpian, herrietako bozak daude. Gaur gaurkoz, abertzaleen politikarako zoru eraginkorrena. Egungo Herriko Etxeen azken osaketa 2014ko martxoan egin zen. Emaitzak azpimarragarriak izan ziren. Baionako (hiriburua) auzapez berria Jean-René Etchegaray da. Ez da abertzalea, zentroko politikari frantsesa baizik. Alta, Baterako kidea da. Uztaritzeko auzapeza EH Baik sustengaturiko Bruno Carrere abertzalea da. Baxenabarren, berriz, Baigorrin, Jean-Michel Coscarat abertzalea da auzapez berria. Zuberoan, Maulen, Mixel Etxebest euskaltzalea da auzapeza. Alderdi abertzaleen “jarduera politiko transbertsala” eredu gisa ekarria izan zen.
2015ean aro berriko mapa egokitzeko buru-belarri murgilduta jardun du Frantziako Estatuak. Ez dira gutxi deszentralizazio politika bideratzeko dituen arazoak. Konparazione, aro berrian departamenduak desagertuko dira, Estatuaren egituran berebiziko pisurik ez duten arren, tokian tokiko herritarrek departamenduaren lana ontzat eman dute. Erregioaren funtzio politikoa urrun ikusi izan dute herritarrek, eta gaur gero, are urrunago ikusteaz gain, are lurralde zabalagoan beren burua galduta ikusi ere. Euskaldunen kasuan begi-bistakoa da hori, eta bistakoagoa abertzaleen kasuan. Euskal Departamenduaren aldarrikapena 40 urtez landu ondoren, egitura desagertuko baita. Geroan ez, Euskal Herriak berezko instituzioa behar du orain.
2015eko Departamenduetako bozak: azkenak
2015eko martxoan izan ziren –deszentralizazio politika aurreikusitako helmugara iritsiz gero– Frantziako historia berriko departamenduetako azken bozak. Frantziako Iraultzaz gero (1789-1799) ez zen tamaina horretako erreforma instituzioen eta mapen osaketan.
Estatu osoko emaitzek hauxe eman zuten, labur zurrean: zentro-eskuineko alderdiak nagusi izan ziren. Erran nahi baita, Eliseon eta Matignon egoitza dituzten François Hollande presidentearen eta Manuel Valls lehen ministroaren PSk emaitzak kaskarrak lortu zituela. Bozetan behera egin zuen nabarmen, baita hainbat departamenduen gidaritza galdu ere. Zentro-eskuinak –departamenduetako bozetan aliatuak izaten dira espektro politiko hori osatzen duten alderdiak– agintera itzultzeko pausoak eman zituen, jakitun ere, eurek ere ez dutela politika sendoa eta bateratua eskaintzen. Horren lekuko eskuin muturraren gorakada handia izan zen. Marine Le Penek gidatzen duen FNen emaitzek dardarka jarri zituen Hexagonoko sektore asko.
Ipar Euskal Herrira etorrita, EH Bai koalizioak urrats berriak eman zituen –Biarnorekin batera partekatu behar dituen– Paueko Kontseilu Nagusirako bozetan. Datu bat, FNk emaitza onak lortu zituen euskal eskualdeetan. Bozak bi itzulitan egiten direnez, egiari zor, bigarren itzuliak FN bere tokian jarri zuen. Hau da, FNk sorrarazten duen beldurra ederki baliatu zuen Nicolas Sarkozyk eraldatu nahi duen izen berriko Les Républicains alderdiak. FN geldiarazia izan zen, bigarren itzulian lortu zitzakeen kontseilu nagusietako presidente karguak eskuinak eramanez.
Jean-Jacques Laserre zentrista Paueko Kontseilu Nagusiko presidentea da berriz ere. PSko Georges Labazéek utzi zuen aulkia. Zentro-eskuinak 27 kantonamenduetatik 15 bereganatu zituen. EH Bai koalizioak Errobi-Aturri (Lapurdi) kantonamenduan Fabienne Ayensa eta Alain Iriart jarri ditu Paueko Parlamentuan. EH Bai koalizioa –bozen sistemak eta lurraldetasunak mugatuta izanik ere– gero eta errotuagoa dago. Bost kantonamenduetan lehiatu zen bigarren itzulian, 24.661 boz erdietsi zituen.
Jean-René Etchegaray Hautetsien Kontseiluko lehendakari berria Baionako auzapez berria, Batera plataformaren sostengatzailea eta Laborantza Ganbarako defentsan aritutako abokatuak Hautetsien Kontseiluaren gidaritza hartu zuen, urte zinez erabakigarrian. Euskal Herri Elkargoa antolatzeko zorian, berebiziko alkatetza da Baionakoa. Egiari zor, bere inguruko herri handietako Euskal Kosta Aturri (ACBA) hiriguneko auzapezek ez dute partekatzen ikusmolde bera. Hauek, prefetak egindako proposamenaren ildoan, Hirigune deitu instituzioari ematen diote lehentasuna. Halaber, izendapenak izendapen, Garapen Kontseiluak Caroline Phillips enpresari ezagunaren ardurapean abiatu zuen aldi berria. Phillips zuzendariaren erranetan, talde berriaren nahia, gizarteko esparru guztietako eragile guztiekin harremana bideratzea da. Instituzio berria lortzeko urratsetan beren laguntza berebizikoa da.
Euskal Herri Elkargoa, horrela izendatu du Batera plataformak euskal instituzioa, prefetak eskainitako aukeren arteko bat da. Bidez bide, Herri arteko Lankidetza Erakunde Publiko (HELP) bakarra antolatzea proposatu zenean, Miarritzeko Michel Veunac, Bidarteko Emmanuel Alzuri, Bokaleko Francis Gonzalez eta Angeluko Claude Olive auzapezek egitura bakarra “gobernaezina” dela argudiatu zuten. Euskal instituzioa gauzatze bidean, hautetsien arteko lehen ezberdintasuna karrikara heldu zen, baita instituzio berriak sortzeak ACBA hiriguneko Herriko Etxeetako auzapezengan eragiten duen tentsioa ere. Paradoxikoki, azken urtetan hautetsi guztiak Lurralde Kolektibitatearen alde agertu ziren, baina une erabakigarria iritsi zenean, politikaren azpijokoak eta jukutriak azaleratu ziren: “Nola ote da posible, manifestaldietan parte hartzea Lurralde Kolektibitatearen alde, eta orain kontra agertzea?”, erran zuen Baterako kide Nikolas Blainek.
Euskal Departamenduaren aldarrikapena Lurralde Kolektibitatea bihurtu zuen Baterak. Hautetsien gehiengoren baietza eta herritarren oniritzia jaso zituenean, Estatua burutzen ari den deszentralizazio politikara “egokitu” behar izan du. Xede horrekin Euskal Herri Elkargoaren aldeko pedagogia lan sakona egin zuen urte osoan. Testuinguru horretan, 7. Deiadar manifestazioaren karietara, “Euskararen ofizialtasuna eta Ipar Euskal Herri Elkargoa” lemapean 5.000 lagun manifestatu ziren Baionan, urriaren 24an. Inoiz baino ardura eta antolamendu sendoagoa dago Ipar Euskal Herria egituratzeko lanean ari diren eragileen aldetik. Baionako Xaho kaian bildu ziren manifestariek “ardura eta kemena” eskatu zieten hautetsiei. Izan ere, euskal herritarren gehiengoak ezinbestezkoa jotzen du Euskal Instituzioa ukaitea. Hautetsiek dute hein handi batean egitura hori ekarri ahal izatearen ardura.
Azaroaren 23an: Batera karabana abiatu zen Hendaiatik
Batera karabana Iparraldeko 158 herrietatik iragan zen, herritarrengana hurbiltzeko eta boza erabakia ez zuten kontseilariak konbentzitzeko. Abenduko lehen astean, herriko etxeek –prefetak proposatu zuen– herri elkargo bakarraren inguruko behin-behineko iritzia eman zuten (Lixoze herriak ez zuen iritzirik eman). 157 herrien artean, 113 Euskal Herri Elkargo bakarraren alde agertu ziren, 43 kontra. Ezterenzubin bozen berdinketa izan zen. Herrien %71k Herri Elkargo bakarraren aldeko jarrera azaldu du.193.000 bizilagun lirateke aldekoak, biztanleriaren %65a.
Akitania-Limousin eta Poitou-Charentes eskualde berrirako bozak abenduan izan ziren. EH Bai koalizio abertzaleak Departamenduetako bozetan lortu zituen emaitza onen ondoren, Erregionaletarako hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki zuen (EAJ-PNB ez zen aurkeztu ere). Haren jarraitzaileei boto zuria emateko eskatu zien. Erregioetako hauteskundeen emaitzak ezagutu ziren halaber: Marine Le Penen FN izan zen lehen indarra Frantzian. Hainbat Kontseilu Nagusietako gobernuak FN eskuin muturreko alderdiaren esku izateko zorian egon ziren, alta, bigarren itzulian Nicolas Sarkozy (LR) eta François Hollanderen alderdiek (PS) bidea itxi zioten FNri.
Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]
Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]
Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.
Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.
Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?
2015ekoa bakarrik ez, azken lau urteotako protagonista izan da LOMCE legea Hego Euskal Herrian: hezkuntza mundua astindu eta ekitera behartu ditu eragile eta instituzioak. 2015ean, hori bai, amesgaiztoa buka zitekeela pentsatu du askok, itxaropena Espainiako hauteskundeen... [+]
Heterogeneotasunak freskotasuna dakar eta burujabetza prozesuari adierazle berriak eskaintzen dizkio.
Klima aldaketari buruzko lehenbiziko nazioarteko akordio globala utzi zigun 2015ak: Parisko Hitzarmena. Mugarri hori historikotzat joa izan zen, eta hala ospatu zuten adostu zutenek, baina ezin esan aurrerapausoa izan zenik, kontrakoa baizik. Aurreko hamarkada biak alferrik... [+]
Globalizazio neoliberalak ekarri duen agertokian enpresa transnazionalek gero eta botere handiagoa metatzen dute, dela euren dimentsio ekonomiko handiagatik, dela gobernuetan eta nazioarteko finantza erakundeetan eragiteko duten gaitasunagatik. Botere hori inpunitatearen... [+]
Eta konturatzerako 2016an gaude, Europako Kultur Hiriburua da Donostia, gertakizunak urte osoko titularrak beteko ditu. Foku handitik kanpo ere kultura asko dago, dena den. Eta hor mugitzen denak ibilbide luzeagoa izango du segur aski urteko ebentoak baino.
Oinarrizko Errenta Unibertsalaren (OEU) definizioa argi izatea da gakoa: inolako baldintzarik gabe.
Nazioartea gero eta estuago hartzen ari da Espainiako Estatua, tortura salaketak ikertu eta horiek saihesteko neurriak har ditzan. Besteak beste, inkomunikazio erregimenaren “abolizioa” eskatu du NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak 2015ean. Baina mugimenduak oso... [+]
Euroaren Europan soberania botere ekonomikoek dute, batez ere herrialde periferikoetan.
Aniztasuna ez da berez ona edo polita, edo txarra eta itsusia. Aniztasuna preziatzen dugu onerako denean.
Hauteskundeen esparruan Nafarroako aldaketa instituzionala izan da 2015ak utzitako berririk esanguratsuena. EAJren nagusitasuna ere nabarmentzekoa izan da eta baita Ahal Duguren azaleratzea. Epe eta produkzio kontuak tartean, ondoko kronikak ez ditu kontuan hartzen Espainiako... [+]