Begiratokiko gogoetak Nafarroako gizarteaz eta hizkuntza-politikaz

  • Nafarroako gizartearen zati batentzat ez du erakargarritasun handirik “sentsibilizazio” iturri ofizialek presio soziopolitiko bidez euskarari eta baita euskal komunitateari ere utzi dioten irudi pitzatuak.


2016ko otsailaren 15ean - 09:56
Marrazkia: Joseba Larratxe.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hizkuntza baten egoeran eragiten duten faktoreak asko dira. Euskal Herriko beste edozein tokitan bezala, Nafarroan ere faktore horietan eragingo duten politika eraginkorrak behar dira, hau da, sakoneko estrategiak garatuko dituzten planak, programak eta neurriak. Horretarako, beharrezkoa da hizkuntza-politikaren egitura eta kudeaketarako baliabide egokiak finkatzea, eta euskara eta gizartearen arteko harremanetan espezializatutako profesionalei ere atea zabaltzea, euskaltzaleek nahiko luketena erdietsi nahi bada behintzat; eta nahiko luketena da euskararen egoerak hobera egitea, jende gehiago gurera erakartzearekin batera.

Jendea erakartzeko, ordea, kanpo-estimuluak behar ditu gizartearen parte batek, neurri eraginkorrez gain. Ezin da ahaztu eguneroko beharrek markatzen duten erritmoan bizi direla asko, euskararen edo bestelako gaien inguruko kezketarako beta txikiarekin, eta hizkuntza kontrapolitikaren hondo-musika entzunez bizi izan garela urtetan. Pertsona gehiago hurbilduko badira, hizkuntza batean eragiten duten faktoreak eta eragileak hartu behar dira kontuan eta gaurko gizarteetan erakargarritasunerako berebiziko garrantzia duen elementu bat: irudia. Izan ere, Nafarroako gizartearen zati batentzat ez du erakargarritasun handirik “sentsibilizazio” iturri ofizialen doinuek presio soziopolitiko bidez euskarari eta baita euskal komunitateari ere utzi dioten irudi pitzatuak.

Gehiengoaren elea ez denez, musika horrek bizikidetza zailtzen duen hizkuntzaren statusa erantsi izan dio pixkanaka euskarari, hizkuntza-lehiak duen gatazkaren osagaia bere gain utziz; aldi berean, komunikazioaren eta garapen kolektiboaren kontrako hizkuntzaren tokia eman zaio nolabait; botere-guneetatik kanpo, administrazioko postu askotatik kenduz eta gizarteko funtzioak oztopatuz, balioa kendu zaio; azkeneko urteetan, atzerriko hizkuntzen abantaila versus euskara ikastearen ideiak saldu dira, biak bateragarriak ez balira bezala, lehiakortasunik gabeko tresna anakroniko baten kategoria emanez euskarari; gazteei aukera erreal gutxi utzi izan zaizkie euren garapen pertsonala eta soziala euskaraz ere egiteko, horrek orainari nahiz etorkizunari ekartzen dion kaltearekin; ekonomikoki kaltetu da euskararen ondare soziala; eta abar. Labur eta azkar azaltzea bada ere, esan nahi da horrela esparru asko kaltetu direla, prestigioa, balioa, eta oro har, irudiarekin batera.

Bestetik, lege markoak berak euskal komunitatearen desegituraketa elikatzen du, eta, zentzu horretan, Nafarroako Vascuencearen legeak aipamen berezia merezi du: jakiteko, erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko eskubideei dagokionez, pertsona batzuei besteei baino gehiago ematen die, bizi diren tokiaren arabera; eremu administratibo berean, hiru kategoriatako euskaldunak bereizten dira hizkuntza-eskubideei dagokionez, lasai asko. Hezkuntza jasotzeko edo genero harremanen berdintasunerako eskubidea izateko, legeak hiru klaseko herritarrak finkatuko dituela iragarriko balitz, iritzi publikoak ez luke onartuko, baina euskararen kasuan, onartu edo ez, (a)normaltasunaren parte bihurtu da, eta oso desberdina da euskara nola ikusten eta bizitzen den eremu euskaldunean, mistoan edota ez euskaldunean. Gizarteak –euskaltzale askok barne– euskaldunoi eta euskarari buruz dugun irudia ikuspegi murriztailez eta banatzailez zizelkatzeko ekarpena egiten du legeak.

Jakina, horren eta beste faktore askoren ondorioa dira gizartean euskararekiko aurki daitezkeen sentsibilitateak eta distantzia motak. Tartean ñabardurak dituzten arren, hiruzpalau talde nagusi bereiz daitezke, baina, erakargarritasuna landuz gero, horien arteko batzuk euskarara gehiago gerturatzeko aukerak leudeke.

Gizartearen sektore batentzat garapen kolektiboa eta euskara ez dira uztargarriak, eta, hortaz, normala iruditzen zaie askori euskararen lurralde naturalean hiztunei eskubideak aintzat ez hartzea

Gizartearen sektore batentzat garapen kolektiboa eta euskara ez dira uztargarriak, eta, hortaz, normala iruditzen zaie askori euskararen lurralde naturalean hiztunei eskubideak aintzat ez hartzea, legeak hala adierazten duelako eta interes jenerala deitzen zaion horri ekarpen eraikitzailerik ez diolako egiten, bitxikeria kultural bezala ez bada. Beraz, litekeena da talde horretako pertsona askoren eta euskararen arteko distantzia gaindiezina izatea. Beste sektore batek, berriz, ez du oso argi zertarako behar den euskara, edo Atxagak inoiz aitatutako sinpatia korrontekoak izanik ere, inoiz ez da garbi geratzen sinpatia hori noraino iristen den, baina batzuk lagunak izatera irits litezke. Hirugarren sektore batek badaki euskara nahi edo maite duela, izan ere, intuitiboki edo kontzienteki argi daukate, gizateriaren garapena garapen izateko, gizakiak direla ardatz, eta beharrezkoa dela pertsonen nahiz komunitateen arteko berdintasunean bizitzea; edonola ere, oinarri identitarioko edo beste motatako loturak ere badira tartean, baina batzuek ez dute garbi zergatik dauden euskararengandik hain gertu. Hiru talde horiez aparte, badira gure hizkuntzaren gaiak hotz uzten dituenak, edota euskara badenik ere ez dakitenak, migratutako pertsona asko kasu.

Giza talde horietako kideen identitateak eta inguruko elementuekiko interesak gero eta likidoagoak direla ere gogoan izan behar da; eta euskararekin harremana duten aldagai gehiago daudela begiratokitik ateratako gizartearen erretratu horietan, esan bezala, asko direlako hizkuntza baten egoera baldintzatzen duten faktoreak nahiz eragileak. Politikoak, juridikoak, ideologikoak, historikoak, demografikoak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak, linguistikoak eta subjektiboak dira, eta elkarri eragiten diote, eta gehienetan ez dira euskararen aldekoak izan. Beraz, argi dago testuinguru interesgarri bezain konplexua eskaintzen zaiola hizkuntza-politikari, eta normala dela euskararen mundura hurbiltzeko laguntza behar izatea batzuek, edota euskararen inguruko zenbait kontu ez ulertzea.

Horregatik, euskararen egoeran eta erakargarritasunean irabaziak izateko neurri puntualak baino gehiago behar dira. Politikan ez ezik gizartean euskararen inguruko aldaketa gertatuko bada, euskarari eta euskararen munduari irudi berri bat emango dion diskurtso oso bati egoki jositako estrategia adostu bat behar da, gizartearen zati ahalik eta handienak metabolizatzeko modukoa.

Ez da lan samurra baina. Gobernuaren Akordio Programatikoan, hizkuntza-politikaren atalean, Euskara Kontseiluarekin eratzeko plan bat aipatzen da 7. puntuan, eta 5.ean, komunikazio estrategia bat, “euskarari prestigioa emateko jendearen begietan, gizarteak euskara jakiteko eta erabiltzeko sentsibilizatzeko”. Zalantzarik gabe biak erabat beharrezkoak badira ere, badakigu jokalekuan distantzia linguistikoak baino gehiago daudela. Beraz, egunen batean urruntasunak urratzeko moduez ere pentsatzen hasi beharko da, eta bide horren oinarriak jartzen; bai eta euskararen munduak gizarteari ekartzen dizkion onurak taxuz azaleratzeko neurriak ugaritzen ere. Denon mesederako izango da, euskararen alde honetan, hartan eta guztietan. 

Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


LOMCE
Hezkuntza hankaz gora jarri nahi izan duen legea

2015ekoa bakarrik ez, azken lau urteotako protagonista izan da LOMCE legea Hego Euskal Herrian: hezkuntza mundua astindu eta ekitera behartu ditu eragile eta instituzioak. 2015ean, hori bai, amesgaiztoa buka zitekeela pentsatu du askok, itxaropena Espainiako hauteskundeen... [+]


2015eko dinamika sozialaren kronika

Heterogeneotasunak freskotasuna dakar eta burujabetza prozesuari adierazle berriak eskaintzen dizkio.


2016-03-01 | Unai Brea
Parisko Hitzarmena: AEBak eta hidrokarburo ekoizleak garaile

Klima aldaketari buruzko lehenbiziko nazioarteko akordio globala utzi zigun 2015ak: Parisko Hitzarmena. Mugarri hori historikotzat joa izan zen, eta hala ospatu zuten adostu zutenek, baina ezin esan aurrerapausoa izan zenik, kontrakoa baizik. Aurreko hamarkada biak alferrik... [+]


Deuseztatu daiteke enpresa transnazionalen inpunitatea?

Globalizazio neoliberalak ekarri duen agertokian enpresa transnazionalek gero eta botere handiagoa metatzen dute, dela euren dimentsio ekonomiko handiagatik, dela gobernuetan eta nazioarteko finantza erakundeetan eragiteko duten gaitasunagatik. Botere hori inpunitatearen... [+]


Kultur Hiriburuaren aldirietan

Eta konturatzerako 2016an gaude, Europako Kultur Hiriburua da Donostia, gertakizunak urte osoko titularrak beteko ditu. Foku handitik kanpo ere kultura asko dago, dena den. Eta hor mugitzen denak ibilbide luzeagoa izango du segur aski urteko ebentoak baino.


Oinarrizko errenta unibertsala ez da fikzioa

Oinarrizko Errenta Unibertsalaren (OEU) definizioa argi izatea da gakoa: inolako baldintzarik gabe.


Tortura
Iluntasuna oraindik nagusi

Nazioartea gero eta estuago hartzen ari da Espainiako Estatua, tortura salaketak ikertu eta horiek saihesteko neurriak har ditzan. Besteak beste, inkomunikazio erregimenaren “abolizioa” eskatu du NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak 2015ean. Baina mugimenduak oso... [+]


Neokolonialismoa Europar Batasunean

Euroaren Europan soberania botere ekonomikoek dute, batez ere herrialde periferikoetan.


Gizarteratze eta integrazio on baten alde

Aniztasuna ez da berez ona edo polita, edo txarra eta itsusia. Aniztasuna preziatzen dugu onerako denean.


2016-02-18 | Mikel Asurmendi
Aktualitatearen gakoak
Frantziako Estatuaren berregituratzea eta krisia, biak batera

Frantziako Estatuko eskualdeek mapa berria osatzen dute 2016ko urtarrilaren 1etik aitzina. 22 eskualde (erregio) izatetik 13 izatera pasa da Hexagonoa. Aldaketak euskal herritarrei ere eragin die. Akitania eskualdea zena, Akitania-Limousin eta Poitou-Charentes bihurtu da. Ipar... [+]


Eguneraketa berriak daude