Gaur bertan argitaratu da “Gipuzkoako basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko” diru-laguntzak eta horiek emateko oinarri arautzaileak onartuko dituen Foru Agindua eta, txikikeriak gora-behera, 2017an onartutakoen lerro beretik datoz. Horrela bada, gure ustez, jarraian azalduko dugunez, gipuzkoarroi iruzur egingo zaigu berriz ere. Basoaz ari dira, baina iaz laguntzen % 95etik gora kanpoko espezieak landatzera eta ustiatzera, makineria erostera, gai fitosanitarioak erabiltzera eta mendiko pistak egitera eta zaintzera bideratu zen. Horrek ez dauka zerikusirik bertako basoak kontserbatzearekin eta sustatzearekin. Ikuspegi ekonomizista eta klientelista da atzean, interes orokorraren alde egiten ez duena alegia. Diru publikoa sektore pribatuaren esku jartzea da funtsean, gehiena egurzaleen sektoreko enpresa eta jabe gutxi batzuen esku, fundazio eta elkarteren bat ere tarteko delarik. Sail txikien jabe diren ehunka herritar eta baserritarrei aurrekontuaren herena besterik iristen ez bazaie ere, Aldundia saiatzen da deialdia kutsu sozial batez janzten. Baina orain artekoa nahikoa ez, eta diru laguntzak emateko garaian, jarduera edozein dela ere, lursailak Naturagune Babestuan egotea hobesten da. Kontraesanez betetako deialdia, maiz basoen guztiz kontra doana. Ulertezina!
Edozein adituk jakin badaki, ederki asko jakin ere, ekoizpenera bideratutako zuhaitz-landaketa batek ez duela zerikusirik basoarekin, nahiz eta gerora egiten den kudeaketaren arabera landaketek baso natural baten funtzioak bete ahal izan. Baso autoktonoak askoz ere aberatsagoak dira ezbairik gabe landaketa hutsak baino, bai egiturari dagokionez, bai konplexutasunari, dinamikari nahiz biodibertsitateari dagokionez. Horrexegatik diogu laguntza-deialdiaren edukia iruzurra dela. Zuhaitz-landaketak ustiaketa industrialari eta produktibitateari begira sortuak dira eta hori bertako basoen kontserbazioaren aurkako ildoa da zeharo. Izenburu ederra bezain faltsua jarrita gizartea engainatu nahi dute, eta hori iruzurra da.
Arestian esan bezala, basoko diru-laguntzak mendiaren ikuspegi ekonomizistatik abiatuak dira. Hortaz, 2017an aurrekontuan jaso ziren ia 3 milioi euroetatik % 95etik gora zuhaitz arrotzak landatzera, makineria erostera, landare-osasun tratamendua egitera, pista berriak zabaltzera eta antzeko jardueretara bideratu dira. Baina hori gutxi omen, eta gelditzen ziren apurrak, basoak kontserbatzera eta baso-ekosistemen ingurumen balioa emendatzera bideratutakoak ere, antza, lur-jabeak nahitaez eskua sartzera eta ekintzak egitera behartzen ditu. Lanok maiz basoaren naturaltasunaren aurka eta haien egitura konplexu eta anitzaren aurka jotzen dute. Beraz, agerian da basoko diru-laguntzak egurraren ekoizpenari laguntzeko direla, hau da, basogintza ustiatzailea dutela helburu eta xede horrekin bultzatu nahi dituztela zuhaitz-landaketak, eta ez oihanak eta baso-ekosistemak hobetzea, deialdiaren izenburutik ulertarazi nahi diguten moduan. Sektoreari laguntzea, basogintza eta egurgintza sustatzea, baso-jabe txikiei, baserritarrei laguntzea zilegi ez ezik behar-beharrezkoa ere bada, baina erakunde publikoek, Gipuzkoako Foru Aldundia kasu, interes orokorraren alde egin beharko lukete, denon Ondare Naturala eta biodibertsitatearen kontserbazioari eta hura zabaldu eta hobetzeari lehentasun osoa emanez.
Egun, burutzen diren baso-ustiaketa gehienak paperetan aipatzen den iraunkortasunetik urruti daude oso. Izan ere, erabateko soilketen (matarrasak) bidez mozten baita basoa eta horrek gurea bezalako mendiko eremu aldapatsuan, dugun euri eta hezetasunarekin, biodibertsitatean nahiz lurzoru eta ur-sistemetan oso eragin kaltegarria (inpaktu larriak, muturrekoak ez direnean) sortzen baitu. Mendietako Lege eta Foru Arauaren oinarrizko zutabe eta helburu nagusietan datza diru laguntzen deialdia; hortaz, horrelako jarduerak bultzatzea eta babestea ulertezina zaigu. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landa Garapen arloko Mendietako Zuzendaritzaren bitartez, bertako basoen kontserbazioa eta sustapena izan beharko luke xede nagusi. Horretarako, ordea, baso politika erabat aldatzeari ekin beharko lioke. Nahiko genuke, bai, diru-laguntzen aurrekontuaren % 95 kontserbazioaren alde bideratzea!
Alabaina, zoritxarrez, laguntzak ematerakoan jabeei ez zaie behartzen bertako zuhaitz-espezieak landatzera. Kasu batzuetan are okerragoa da, gerora edozein landare-mota hautatuta ere soilketa egiteko dirua ematen baitzaie. Horrela, esaterako, oso kaltegarriak diren espezieak, eukaliptoa kasu, edota kanpokoak eta inbaditzaileak direnak sasi-akazia, paulonia edo Lawson altzifrea kasu, zuzenean ez bada zeharka daude diruz lagunduta. Baina hori guztia gutxi balitz, deialdian laguntzak emateko garaian ikaragarri baloratzen da lursaila Natura 2000 Sarean kokatuta egotea, 20 puntuz! Ondorioz, Naturaguneetan espezie arrotzak sustatzen ari dira, bai koniferoak (Kriptomeria, sekuoia edo Douglas izeia), bai hostozabalak, eukaliptoa esaterako. Gauzak horrela, urtetik urtera orain aipaturiko espezieen baso-azalera gora doa etengabe. Ez harritu gero Aiako Harria Parke Naturalean edo Arno Babes Bereziko Eremuan bezalako naturaguneetan eukaliptoak ikusten badituzu!
Gure kritika luzatu eta zabaldu genezake matarrasen, nekazaritzako gai kimikoen, pista berriak zabaltzearen edo makineria astunaren erabileraren inguruan, ugariak eta anitzak baitira horiek sorturiko kalteak, batzuk itzulezinak. Ikerlanek gero eta nabarmenago azpimarratzen dute ustiatze-formulen eragina. Hautatzen den espezieaz gain, lursailaren kudeaketaren araberakoa izaten baita zuhaiztiak bildu dezaken biodibertsitatea eta beteko dituen funtzio ekologikoak. Horregatik guztiagatik, NATURKONetik Aldundiari duen baso-politikaren aldaketa sakona eskatzen diogu. Bertako basoen kontserbazioa eta horien hedapena nahiz sustapena bultzatzen dituzten neurriak aldarrikatzen ditugu, eta bere izenburuarekin bat egiten duen edukia duen deialdia nahi dugu, besterik ez.