2018-05-07 15:32

Euskara ari du Kultur Elkarteak Baietz Hernanik! ekimenak hiru hilabete bete zituela ospatu zuen pasa den larunbatean.

Biteriko plaza banderiñez betetzen ari da. Izan ere, gero eta hernaniar gehiago ari dira bat egiten Baietz Hernanik! ekimenarekin eta Euskara ari dukoek nolabait adierazi nahi izan dute, eta Biteriko plaza izan da horretarako bidea.

Maiatzak5_27

Kattalin Minerrek eman zion hasiera larunbateko ekitalditxoari olerkitxo bat errezitatuz, eta ondoren, gure bi erronkalarik, Anak eta Luzik, erronkan izandako bizipenen eta erronkalari guztiei buruzko zenbait daturen berri eman ziguten. Halaber, markagailua agerian utzi zuten eta zenbat erronkalari garen jakin genuen azkenean: 408. Kopuru ederra dagoeneko!

 

Sagardoa, txistorra eta hummusa izan ziren mokadutxo bat jateko gogoa zuen guztiarentzat. Behin sabela beteta, URA kale-irakurraldia abiatu zen herriko kaleetan barrena musika lagun zutela. Bost geldialdi egin zituzten kale-poesia taldeko lagunek eta bertaratutako guztiek, geldialdi bakoitzean urarekin lotutako olerkiak irakurtzeko. Ingurukoek jakin-minaz begiratzen zuten.

Azken geldialdia Leokan izan zen, eta han irakurritako poesia guztiak uretara bota zituzten. Goiz pasa polita izan zen.

Dena dela, Baietz Hernanik! egitasmoaren "hiruhilabeteurreneko" ospakizunak ez dira bukatu. Asteazkenean 19:00etan Maialen Lujanbio izango dugu Biterin "Euskara app: aplikazio bat" hitzaldia aurkezten. Animatu!

Baietz Hernanik!

Hernanin euskararen erabilera bultzatu nahi dugun ekimen bat gara.