2018-06-07 11:40

Lehenik eta behin, gure besarkada indartsu eta maitakorrena muntaia nazkagarri honen erruz espainiar espetxeetan gatibu dauden Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen, Oihan, Adur eta Jokini. Baita Ainarari ere, eta gazte guzti hauen senide eta lagunei. Zuekin gaude!

Asteartean askok espero genuen zoritxarrezko eguna iritsi zen, hasiera-hasieratik goitik-behera diseinatutako muntaiaren bukaera. Audientzia Nazionalaren sententziak muntai polizial, judizial eta mediatikoak eragindako kaltea berretsi eta zuritu besterik ez du egin. Altsasuko gazteak urte luzez etxetik ehunka kilometroetara bahituta izango dituzten arren, sententzia honekin Euskal Gazteria izan da epaitua, kriminalizatua eta zigortua.

Altsasuko gazteen aurkako sententziak Euskal Gazteriaren kontrako kriminalizazioan aro berri bat irekitzen du. Estatuaren partetik norabide errepresibo argi bat zehazteaz gain, aurrekariak ere zehazten baititu. Izan ere, prozesu lotsagarri honen atzean erabat autoritario, inposatzaile eta atzerakoia den erregimenaren gerra estrategia bat ezkutatzen da.

Zoritxarrez, hasieratik genekien guztiok hau gerta zitekeela, espainiar proiektu politikoak bere egitasmoaren muinean inposizioa eta autoritarismoa baitauka. Espainiar altxamendu faxistak, frankismoaren basakeriek eta iragan horrekin hausteko borondate ezak osatu zuen ustezko 78ko erreforma. Oligarkiaren, IBEX35ren, Elizaren, Koroaren, botere banaketa ezaren, Guardia Zibil zein indar armatuen eta alderdi joko ustelaren neurrira ezarri baitziren 78ko erregimenaren zimenduak.

Espainiaren batasuna inposatzeko eta horren aurkako herri altxamendua suntsitzeko etorri zen Guardia Zibila Euskal Herrira. Sorreratik karlistadetan, frankismoaren pasarte ilunenetan, trantsizio odoltsuan, gerra zikinean, narkotrafikoa, sarekadak, inkomunikazioko torturak, kontrolak, jarraipenak, mobilizazioen aurrean oldartzen, tabernetan liskarrak eragiten… Gerra egitera etorri zirenak, beraien bakea inposatzeko geratu dira.

Altsasuko gatazka nekez gertatu liteke Euskal Herriak okupazio militarra pairatuko ez balu, gazteak egunero jazartzen dituzten indar errepresiboak harrokerietan ibiliko ez balira. Ez delako isolatua, Euskal Herriko txoko desberdinetan pairatu izan baititugu beraien erasoak.

Euskal gazteriaren etorkizuna jokoan dago. Espainia zein Frantziaren menpeko eta sistema kapitalista heteropatriarkarraren lurpean bizirautea da eskaintzen digutena. Bestelako Euskal Herri aske bat eraikitzen gabiltzan gazteok beraien jo puntuan gaude. Gaur Altsasuko gazteak dira, baina bihar gutako edozein izan daiteke.

Arazoa politikoa den heinean, konponbideak politikoa behar du izan. Indar okupatzaileak Euskal Herritik kanpora joan behar dira ezinbestean, Euskal Herriko indar errepresiboak desegin behar diren bezala. Haratago, konponbidea Euskal Herriaren eta bertako langile eta herri sektoreen eskutik etorriko da. Euskal Herriaren etorkizun politikoa burujabetzatik igarotzen da soilik, egiazko bake eta askatasuna erdiesteko.

Gutzi honi erantzuteko, mobilizazioak antolatuko ditugu herriz herri ekainaren 14 eta 15ean. Ernaik dei egiten dio euskal gazteriari kaleak hartu, bertan parte hartu eta salaketa irmoa egitera.

Oztopoak oztopo, egunez egun Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabazten segi dezagun.

Animo eta ekin borrokari!

 

 

The post Utzi bakean euskal gazteria appeared first on Ernai.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ernai, Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzailea da, eta Euskal Herri gazte, aske, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna du helburu.