2018-04-12 11:21

 Sindikatuen agiria:

EAJk, PPek eta PSEk murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak plantilak murriztea, lan-kargak handitzea, hezkuntzako langileon prekarizazioa, ikastetxeetarako baliabide eskasia, azpiegituren kaskartzea eta zerbitzu publikoen okertze eta pribatizazioa izan dira.

Bost greba egun gauzatu behar izan genituen Jaurlaritza bere jarrera immobilistatik ateratzeko eta mahai gainean proposamenen bat jartzera behartzeko.

Hezkuntza publikoko irakasleen inguruko proposamena abendukoa da, eta azken mahai negoziatzailea urtarrilaren 26koa izan zen. Hezkuntza Sailak abenduan egindako proposamenaren inguruko balorazio bilera bezala planteatu zuen mahai hura, sindikatuon proposamen haren inguruko balorazioa zein zen soberan jakin arren eta hurrengo hilabeteetarako mobilizazio egutegiaren berri izan arren. Arduragabekeria politiko gisa kalifikatu genuen sindikatuok Jaurlaritzaren jarrera hura.

Martxoaren 14 eta 15eko greba arrakastatsuen ondoren, Hezkuntza Sailak apirilaren 18rako deitu du Irakasleen Mahai sektoriala. Honek argi erakusten du beste behin ere Jaurlaritzaren negoziaziorako borondatea aurrean dituen mobilizazio eta greben araberakoa dela, eta langileak zoriondu nahi ditugu mobilizazio eta grebei ematen ari diren erantzun eta babesarengatik. Deigarria eta salagarria da Jaurlaritzak deiturik dauden greben bezperara arte itxarotea negoziazio mahaiak deitzeko.

Sindikatuok argi eta garbi plazaratu izan ditugu zeintzu diren kolektibo honi begirako gure aldarrikapen eta proposamenak:

  • Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea. EAEko hezkuntza inbertsio publikoa egungo BPGren %3,5etik gutxienez Europar Batasuneko batez bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

  • Azken urteetan eman den matrikulazio igoerari, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 irakasletan handitzea.

  • Egun irakasle funtzionarioetan %38koa den behin-behinekotasuna %6ra murriztu, urteetan behin-behinean egon diren langileak egonkortuz.

  • Ikasle-ratioak %10 murriztea.

  • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.

  • Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego eta maila guztietan.

  • Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

  • Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

  • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

  • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

  • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea. Euskal Herritarrok erabaki behar dugu gure hezkuntza sistema gure errealitate eta beharren arabera, eta horretarako hezkuntza burujabetza ezinbestekoa dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.