AR REDADEG abian da, 3. egunean murgilduta!
Iragarri bezala, 10. urtemugan (5.edizioan), mahai-ingurua antolatu dute. Bertan, Europan egiten diren moduko Korriken ordezkariek esperientziak partekatu dituzte, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko. Hizkuntzen aldeko lasterketen Europar sarea osatu dute (EUROKORRIKA) eta honako adierazpena sinatu dute:
HIZKUNTZEN ALDEKO LASTERKETEN EUROPAKO SAREA
Kemperreko deklarazioa
Europako hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen gutuna
2018ko maiatzaren 5a
Korrika (Euskara) Euskal Herria
Correlingua (Galiziera) Galizia
Correllengua (Katalana) Katalunia
Course Lingua (Okzitaniera) Aran Harana
La Pasem (Okzitaniera) Biarno
Redadeg (Bretainiera) Bretainia
Ras yr Iaith (Galesa) Gales
Rith (Irlandera) Irlanda
Sprochrenner (Alemana) Alsazia
Kemperren, 2018ko maiatzaren 5ean
Europako hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen ordezkariek, honako hau gogoan hartuz:
- Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak (1948) giza eskubide guztiak babesten ditu, hizkuntzen artean bereizketarik egin gabe,
- Europako Kontseiluaren Giza Eskubideak eta Oinarrizko Eskubideak Babesteko Hitzarmenak (1950) ere giza eskubideak babesten ditu, hizkuntzen artean bereizketarik egin gabe,
- Europar Batasuna, zeinaren lema “bat eginik aniztasunean" baita, oinarritzen da giza duintasunaren errespetuan, askatasunean, demokrazian, berdintasunean eta giza eskubideetan, gutxiengoetako pertsonen eskubideak barne, honako hauetan oinarrituz:
- Hizkuntz eskubideen deklarazio unibertsala, 1996an Bartzelonan onartutakoa - Hizkuntz eskubideak babesteko protokoloa, Europako gizarte zibileko gizarte erakundeek 2016ko abenduaren 17an Donostian (Euskal Herria) sinatutakoa,
txalotzen dute:
- Europako hizkuntza gutxituen komunitateetako gizarte zibil antolatuak eginiko lana, beren hizkuntzak etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko, giza eta gizarte garapen jasangarri bati begira,
- KORRIKAren sorrera, 1980an, euskaraz bizi nahi duten gizarte eragileak biltzen dituen errelebo lasterketa, eta Europako hizkuntza gutxituen beste komunitate batzuek eredu hori beren gain hartu izana.
gonbidatzen dituzte Europako hizkuntza gutxituen komunitate guztiak ekimen hori berenganatzera, beren hizkuntzen aniztasuna eta aberastasuna aldarrikatzeko, gizadiaren ondare ezin baliotsuagoaren parte baitira, munduko gainerako hizkuntza guztien parean, eta garapen tresnak eta esangura dakartzaten nortasun anitzen lekukotasuna.
beren borondate kolektiboa adierazten dute elkarrekin lanean jarraitu eta beren hizkuntzen erabileran oinarritutako ekintzak antolatzeko, beren Europako sareetan, mugetatik harago, Europa demokratiko eta solidario bat eraikitzeko, herrien, kulturen eta hizkuntzen Europa.
Erabaki dute sare bat sortzea esperientziak partekatu, harremanak estutu, ekintzak sustatu, proiektu berrietan lagundu eta elkarrekin herri ekitaldiak antolatzeko, beren hizkuntzei dagokien balioa emateko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoan.