Net hurbil
KOSOVOKO BERRI TXARRAK GAUEZ BANATZEN ZIZKIGUN
E-POSTARIA
Slobodan Milosevic Jugoslaviako
lehendakari ohia Hagako epaiketan zigortzeko, frogen artean
garrantzia berezi bat izango dute Kosovoko emakume honek urte
betean munduko lau haizeetara barreiatutako posta elektronikoek.
Serbiarrek Kosovon 1998 eta 1999an egindako demasien lekukotasun
latzak izan dira eta liburu batean bildu berri dituzte.
Sevdije Ahmeti du izena, 57 urte
ditu eta Europan oihartzuna izan duen liburua plazaratu du:
"Journal d'une femme du Kosovo (février 1998-mars
1999)" (Kosovoko emakume baten egunkaria). Carlotte Valadek
eman du liburuaren eta egilearen historia hunkigarriaren berri
"Transfert" aldizkarian.
Ahmetik, izan ere, serbiarrek Kosovoko albaniarren kontrako
garbiketa etnikoa hedatzen zuten egunetan, erresistentziako
ekintza eraginkorra burutu zuen: egunean zehar lortzen zituen
informazioak posta elektronikoz buletin batean bildu eta munduan
zehar ezagutuak zituen pertsonei (1.300 helbidetara) banatzen
zizkien gauero.
Buletin horiek osatzen dute NATOk
serbiarrei erasotzeko erabakia hartu zuten eguna arteko gertakizun
beldurgarrien kronika garratza. Kontakizun horiek aipatu titulua
daraman liburuan argitaratu ditu berrikitan Parisen Gosearen
kontrako eta Garapenaren aldeko Batzorde Katolikoak (CCFD).
Isolamendua hautsi nahi
1989a arte unibertsitateko biblioteka
nazionalean ari zen lanean Sevdije Ahmeti, baina urte horretan
kanporatu egin zuten, Milosevicek garbiketa etnikoa mamitzen
joateko martxan jarri zituen neurrietako baten poderioz. Gizarte
mugimenduetan hasi zen militatzen eta albaniarrez idatzitako
aldizkari bakarretako batean, "Kosovaria"n, idazten
ere bai.
Horrela harrapatu zuen gerraren
hasierak 1998an. Ez zen armak hartzen hasiko... Baina berak
aurrez pentsatu baino arrisku handiagoetan sartu bai. Lehen
mezua 1998ko martxoaren 6an bidali zien bere 1.300 hartzaileei.
"Gerra dago Kosovon. Baina dena 1989an hasi zen. Sinestezina
da denbora honetan guztian guk inolako laguntzarik lortu ez
izana (...) Ipuinean bezala 'otsoa dator' esaka ari ginela
uste zuten. Pazientzia galdu dugu eta konfiantza ere bai.
Esker anitz gerra ekiditeko ezer egin ez edo gerra lehertu
dadin ahalegin guztia egin dutenei".
Azken mezua 1999ko martxoaren 25ean bidali zuen Ahmetik, NATOk
Pristina hiriburua bonbakatu zuen biharamunean. Urte bete
horretan, Kosovon jazotako erreketa, atxilotze eta hilketak
kontatu zituen bere posta elektronikoetan, biktimen zerrenda
eta guzti, gertatzen ari zen triskantzaren lekukotasun zehatzak.
Azken kronika igorri eta biharamunean telefono haria moztu
zioten emakumeari, eta martxoaren 28ko gauean gizon ezezagunak
azaldu ziren ate joka, jo eta bertan hilko zutela oihuka.
Ihes egin behar izan zuen.
Ahizpa baten etxean ezkutaturik zegoela, maiatzaren 4an azaldu
zitzaizkion lau gizon mozorrotu. Etxean ziren guztiak (ahizpa,
senarra eta koinatua) bi orduz jipoitu eta torturatu ondoan,
bederatziak arteko epea eman zieten alde egiteko. Eta garrantzizkoagoa
zena: bere ordenagailua eraman zuten. "Ongi zekiten -dio
Ahmetik- zeren bila zebiltzan. Biktimak arriskuan ez jartzeko
ordura arte plazaratu gabe nituen agiriak, argazkirik onenak".
Horietako asko betikotz galdurik dira.
Harreman ugariko emakumea
Informazioa eskuratzeko, iturri
sare zabal baten jabe izan da urte horietan Sevdije Ahmeti.
Milosevicen politikagatik 1989an unibertsitatetik kanporatu
zutenean, Giza eskubideen eta Askatasunaren aldeko Pristinako
Batzordean (KPMDN) hasi zen parte hartzen. Eta 1993an Vjosa
Dobruna mediku lagunarekin beste elkarte bat sortu zuen, Emakume
eta Haurren Babeserako Zentroa. Honek Italiako GKE baten laguntza
handia zuen, baita Bruselan den Osasunerako Mundu Erakundearena
ere.
Harreman horiei esker bidaia ugari egin ahal izan zuen Ahmetik,
eta kontaktu berriak egin. "Joan-etorri horietan guztietan
ezagutuz joan nintzen pertsonalitateen helbide elektronikoak
bildu nituen pixkanaka, eta laster 1.300eko kopurua osatu
nuen". Gerra lehertutakoan, guztiek jasoko zuten bere
eguneroko kronika-buletina.
Kronikak bidaltzen hastearekin, Europako Segurtasun eta Elkarlan
Erakundeak (OSCE) bi ordenadore eta argazki kamera digitala
utzi zizkion. Eta tresna horiek lagun, Nazio Batuen Erakundeak
eta batik bat Errefuxiatuen Aldeko komisarioak Kosovora egiten
zituzten bidaietan laguntzaile gisa joaten zen. Mugarik Gabeko
Medikuek eta Save The Children GKEak antolatzen zituzten konboiekin
ere joaten ziren, Ahmeti eta bere laguna Vjosa medikua. Eta
hala kurritu zuen Kosovo osoa, serbiarren desmasien lekukotasunak,
elkarrizketak eta argazkiak bilduz.
Bidaietatik etxeratutakoan, Pristinan, gauean hasten zen bere
egunkaria idazten, senarra eta haurrak ohera bidalita. 7 eta
15 orri arteko kontakizunak. "Nire helburua, informazio
gordina idaztea zen, ez ikuspegi eta ez analisirik gabe. Horregatik,
nire kronikak berez mintzo dira: egunak, bilakaera politikoak,
sutu dituzten eskualdeak, biktimen kontakizunak, manifestaldi
bakezaleak...".
Europan egindako kontaktu horiek izan ziren serbiarren mehatxuen
kontrako garantia ere. "Kronika bat bidaltzen ez nuenean,
nire lagunak (kazetariak, ikasleak, diplomatikoak, frantses,
italiar edo belgiarrak) hasten ziren bazterrak astintzen".
Internet, "miraria"
Hala definitu dio sarearen garrantzia
Ahmetik kazetariari. 1995ean izan zuen tresna honen lehen
albistea, nazioarteko bilkura batean aurkeztu ziotenean NBEen
babesean sortu berria zen Women Watch web gunea. Garai hartan
Kosovo guztian ez zegoen web gunean nabigatzeko operatzaile
komertzialik, soilik sare militante bat (Zana.pr) eskualdeko
hogei ordenadore lotzen zituena.
1992an Association for Progressive Communication erakundek
Jugoslaviarako antolatutako Zamir sarearen partaide zen: erakunde
horrek kazetari independenteei eta bakearen aldeko erakundeei
sare paraleloak antolatzen zizkien. Hori zen egoera 1995an.
Baina 1998an gerra lehertu zenean, jadanik hemen ere Internet
gorputz hartua zen, eta hari eskerrak hedatu zituen bere egunkariak
Ahmetik.
Gerra bukatuta, 2000ko udan, Milosevic epaitu behar zuen nazioarteko
epaitegiko jueza Sevdije Ahmetiren bila joan zen Pristinara:
ordenagailuko informazio baliotsu asko ohostua izan arren,
Internet bidez zabaldutako lekukotasunak baliagarri izan zitzaizkion
bere lanerako Epaitegiari.
Baina bera ez da Hagan azaldu, epaiketan. "Orain biktimek
behar dute mintzatu. Nik nire lana egin nuen". Hark Pristinan
segitzen du, Emakume eta Haurren Babeserako Zentroan batetik,
eta bestetik emakume eta neskentzako doako Internet gune bat
mantentzen. "Zail egiten zaigu Kosovotik ateratzea. Eta
enbaxadarik ez daukagu. Internetekin, emakume eta neskak ere
klik batekin munduko edozein herrialde eta gunetan daude,
bestela eskuratuko ezingo lituzketen dokumentuak ikusten".
PELLO ZUBIRIA
|