Net hurbil
BOLI KOSTA, FRANTSES ARMADAREN VIETNAM
BERRIA?
Frantziak
2.500 soldadu bidali ditu su etena zaintzera, Parisen bertan
antolatu du bake negoziaketen egoitza, Kontseilu Konstituzionalean
pedigririk onena duten juristetako bat -Pierre Mazeaud- ipini
du negoziaketen buru... horra zer nolako garrantzia ematen
dion Parisek Boli Kostako gerra zibila ondo amaitzeari.
Frantziako armada ("gure bi
armadetako bat" esan beharko luke euskaldunak ironiaz)
gatazka konplexu batean dago sartuta. Aspaldiko partez, frantses
telebistak erakutsi dizkigu "gure" militarrak frontean,
tiroka, blindatu ttikiekin erasotzen, tiroak jasaten, soldadu
zaurituak... Mendebaldeko Afrikan gertatzen da guzti hori,
Boli Kostan. Eta bertatik iritsita, helburu humanitarioetatik
haratago doazen operazioen eta benetako batailen irudiak erakutsi
dizkigute.
Operazio horiekin Paris Vietnam
berri batean erortzeko arriskutan sartzen ari dela igarri
du zenbait kazetari eta ikertzailek. Arrisku hori bere gain
hartu beharrekoa zela iritzi dio ordea Raffarin-en gobernuak,
Frantzia aspalditik baitago leporaino sartuta Mendebaldeko
Afrikako arazoetan. Hori ere telebistak erakutsi digu argi
aski: kazetariek galdetuta, batailetatik ihesi doazen herritarrek
frantses garbian erantzuten dute, ez itzulpen eta ez azpititulu
beharrik gabe.
Mendebaldeko Afrika frantseseko "mirari"
hira
"Licorne" operazioaren
barruan bidalitako 2.500 militar frantses horiek helburu bat
baino gehiago dituzte beren lanean. Hasteko, jatorri frantseseko
herritarrak zaindu behar dituzte Afrikako lurralde ez hain
urrun horietan. 25.000 inguru omen dira, gehienak Abijan hiriburuan
eta San Pedron bizi direnak. Bestetik, Gbagbo lehendakariaren
eta errebeldeen artean sinatutako su etena zaindu behar dute.
Baina militarrek badute kezka -pribatuan hala aitortu diete
kazetariei- Gbagbo lehendakaria errebeldeen kontrako gerra
frantsesek egitea nahi ote duen.
Ororen buru, hala ere, Frantziak
Boli Kostan dituen interesen itzalak eraman ditu bertara 2.500
militar horiek. Mendebaldeko Afrikako Ekonomi eta Moneta Batasunaren
(UEMOA) kidea da Boli Kosta, CFA Frankoa da bere moneta, eta
Frantzia du bazkide komertzial nagusia. Hizkuntza ofiziala
frantsesa duela ahaztu gabe.
Telekomunikazioak, energia, ura,
garraioak, bankuak, eraikuntza, obra publikoak, agro-industria...
France Télécom, Bouygues, Société
Générale, Crédit Lyonnais, BNP, Air France
eta TotalFinaElf dira hemen kokatutako enpresa frantses nagusietako
batzuk. 60.000 langilez goiti da 210 filial frantsesen enplegatu,
eta horietatik landa beste 40.000 ari omen dira frantsesek
kontrolatutako enpresa ttiki eta ertainetan.
Urte luzez -1990a arte- estabilitate ispilu izan da Mendebaldeko
Afrikan Boli Kosta: munduko kakao produktore nagusia da, turismoarentzako
erakargarria zen, inbertsioetarako leku lasaia bermatu zuen
30 urtetan etenik gabe aginduz Houphuët-Boigny diktadoreak...
eta Abijanen kokatu ziren bai Garapenerako Afrikako Bankua
(BAD) eta bai Mendebaldeko Afrikako Ekonomi eta Moneta Batasunaren
(UEMOA) Banku Zentrala. Herrialde honek dituen 15 milioi biztanleren
artean 4 milioi ondoko herrialdeetatik bizimodu hobe bila
etorritako etorkinak ditu.
Geroztik, ordea, paradisua purgatorio
bilakatua dirudi. Kakaoaren prezioak hondoratu egin ziren,
CFA Frankoa baliogabetzen hasi zen, Houphouët-Boigny
nola ordezkatu ez zuten asmatzen bertako eliteek, ondoko herrialdeetan
gerra eta odol isurtze ikaragarriak hasi ziren gertatzen...
eta 1999tik aurrera, Boli Kostan aspaldi ezagutu ez ziren
pustch militarrak hasi ziren gertatzen, bata bestearen ondotik.
Paisajek, erlijioak eta diamanteak
nahastuta
Urte luzez kontrolpean -indarrez
estalita, alegia- edukitako arazo etnikoak lehertu dira Boli
Kostan ere orain. Bapatean, "mirari ekonomikoaren"
garaian harrotasunez erakusten ziren Ghana, Burkina Faso,
Mali edo Liberiako etorkinak soberan egoten hasi ziren. Baina
are larriagoa izan da Boli Kostaren batasunaren porlan gisa
eraiki nahi izan den "ivoirité" delakoa (herritartasuna:
Côte dIvoire da herrialdearen izen ofiziala) funtsik
gabea gertatu dela.
Mendebaldeko Afrikako estatuak etnia ugariz osatutako mosaikoak
dira, baina bada aniztasun horren barruan gauzak sinpleagotzen
dituen marra bat: marraz behetik bizi dira kristau eta animistak,
itsasotik gertu dauden oihanetan eta kaietan. Marraz goiti,
musulmandarrak dira eta horiek sabana eta Saheleko eskualde
idorragoetan bizi dira. Boli Kostaren kasuan, bere populazioaren
%40 horren integrazioa ezinezkoa egiten zuen naziotasun artifizial
bat landu da urtetan, eta estabilitatearen oinarrian zegoen
"ivoirité" hori bera bihurtu da orain arazoa
kasik konponezin bihurtzen duena. Hona punttu bat: Parisko
bake prozesuan arazoetako bat da lider musulman bat lehendakari
izan ote daitekeen ala ez, behar bezain "bolikostatarra"
ez delako.
Boli Kostan -horra Frantziaren interesaren sustraietako bat-
Mendebaldeko Afrikako geopolitika ere jokatzen da. Mali eta
Mauritaniak tuareg gerrilarekin dituzte arazoak. Nigerian
bortizkeria leherketak izan dira. Liberia, Guinea eta Sierra
Leonan gertatu diren (eta gertatzen segitzen duten) basakeriak
famatuak dira. Koadroa erabat desestabilizatzeko, Boli Kosta
hankaz gora jartzea bakarrik falta zen... eta hala gertatu
da.
Aipatu dugun etnien arteko lerro nagusi hori bakean edukitzea
zail izanen da, beste gauza askoren artean munduko merkataritzan
hain garrantzia handia daukaten diamante eta harri bitxien
komertzioan eskualde honek zeresan handia daukalako.
Diamanteen salerosketa ilegalari enbargoa ezarri diote Nazio
Batuek, baina eskualde honetan horiek eta horien ordainetan
erosten diren armak kontrolatuko dituenik ez dagoela dirudi.
Bertako gobernu eta gerrilla buruak daude sartuta alde batetik,
eta munduko mafia guztiak (Odessakoa aipatzen dute batez ere
ikerlariek) bestetik.
Mendebaldeko Afrikako ekaitzen erdian 2.500 militarrek bermatu
nahi dute Frantziaren posizio geoestrategikoa. Jacques Chirac
pertsonalki ari da krisia eta negoziaketak kontrolatzen, berak
bidali du Defentsa Ministroa Boli Kosta bertaraino. Arrisku
guztien gainetik, Parisek puntu hau baloratu duela dirudi:
ezin zaio berriro gertatu Rwandan pasatakoa.
Baina nahi izatea bat da eta ahal izatea oso beste bat.
Pello
Zubiria
|