Mikel Asurmendi
Errepublikako presidente Nicolas Sarkozy izan dugu hastapenetik gure azterketen ikuspuntuan. Presidentziarako hauteskundeak izan ez arren, Nicolas Sarkozy galtzaile izan da herri eta kantonamenduetako bozetan. Eskuinak hainbat plaza galdu ditu ezkerraren mesedetan.
Abstentzioa %33,50 izan da. 2001eko jite bereko bozen antzeko parte-hartzea izan da. Parte-hartze apala, halere. Orduan eskuina garaile izan zen eta bien bitartean izan diren beste bozetan ere bai. Beraz, ezkerrak nolabaiteko kontra-botereak ezarri ditu herritarrengandik hurbilago dauden erakundeetan.
Paris, Lyon, Lille, Toulouse, Estrasburgo hiri handiak PSko auzapezen esku daude. Marseilla jokoan zegoen bigarren itzulian eta UMPko esku geratu da hala ere. Ezkerrak kontseilari asko irabazi ditu departamenduetako erakundeetan (Kontseilu Nagusiak). Frantziako Estatuan oro har, oposizioak Nicolas Sarkozyren UMPren alternatiba daukan erakutsi beharko du. Zentro-ezkerra edo askotariko ezkerra ote den ikuskizun dago.
Unai Brea
Bipartidismoaren Espainian ehun hautagaitza inguru aurkeztu dira hauteskunde orokorretara. Horietatik 34 ez dira 1.000 boto eskuratzera iritsi, eta asko ezta 100 ere. Alderdi zerrenda osoa irakurtzea dateke irribarre egiteko arrazoi bakarra, barregura gutxi eragin digun kanpainan. Denetik dago lapikoan: betiko alderdiak, garai batean handiak izandakoak, CDS bezala, gaur hutsaren hurrengo; autonomia erkidego bati dagozkionak, edo probintzia bati, edo (bai, badira halakoak) eskualde edo hiri bakarrean aurkezten direnak; eskuin muturrekoak; ezker muturrekoak, ez hainbeste; aldarrikapen zehatz bati lotutakoak, ez-erretzaileen alderdia esaterako; ekologista-berdeak, kolore horren ñabardurak adina hautagaitzarekin; balore tradizionalen aldekoak; txantxa egitearren aurkezten direnak… Sailkaezinak ere badira, bozka sistema elektronikoaren aldeko alderdia edo boto zuria eskatzen duena, berbarako.
erantzun guztia irakurri 12:57, martxoak 10Iñaki Antiguedad, analista politikoa
"Batetik abstentzioa zertan gauzatu zen interesatzen zait, nik gertuen daukadan sentsibilitate politikoa kanpoan geratu delako. Atzokoa ez zen, batzuek esan zuten moduan, “demokraziaren jaia” izan. Abstentzio maila ikusita badirudi eutsi egin zaiola azken hauteskunde autonomikoetan eta foraletan egon zen kopuruari: 165.000 eta 170.000 ingurukoa izan da abstentzioa. Dena dela kezkatu egiten nau neurri batean ezker abertzaleak izan duen babesa beste batzuetan askoz ere handiagoa izan delako. Gogoeta bat egin beharra dago, ez hainbeste helburu politikoetaz baizik helbide politikoetaz: ez ote dugun politika egiten sektore bati begira soilik, konbentzituta eusten dion sektoreari begira, alegia.
Bigarren ondorioa da Espainia presenteago egon dela azken hauteskundeetan. Tsunami bipartidistaz hitz egingo da, bipolarizazioaz, baina hemengo indar politiko abertzaleek ere badute errua horretan, joko horretan sartu direnek behinik behin: kanpainan eman duten mezua izan da garrantzitsua dela Madrilen egotea. Nik uste garrantzia handiegia eman zaiola Madrilen egoteari eta hori kontuan hartuta ulertzekoa da hainbat jendek esatea: “Madril hain garrantzitsua bada ez noa nire botoa kopiari ematera, jatorrizko bertsioari baizik”. Nik uste talde soberanistek horren inguruko gogoeta egin beharko luketela".
erantzun 12:41, martxoak 10
Allande Boutin, kazetaria
"Azpimarratuko nuke BAB mankomunitateko egoera. Baiona, Angelu eta Biarritzen bigarren itzulia beharrezkoa izango da. Orain dela zazpi urte ez zen horrela gertatu, lehen itzulian Biarritzeko alkatea eta Baionakoa pasatu baitziren. Eta Angelun, nahiz eta 22 botoko aldea baizik ez dagoen sozialistek kudeatzen duten zerrendarekin, kezkatuta ageri da alkatea, gal egin baitezake. Baionan eta Biarritzen, dudarik ez dago alkateek errepikatuko dutela, baina hauteskundeek erakusten dute badela boterearen desilusio bat. Galtzen ari dira, jendea agian nekatzen hasi baita. Baionako kasuan, ezkerrak botoen laurdena lortzen du, ez da oso emaitza ona. Biarritzen Borotra auzapezaren sistema mugara iritsi da: hamar puntu galdu ditu, abertzale eta eskuineko hautagaien mesedetan. Gainontzean ez da aldaketa nabarmenik udal hauteskundeetan, bai ordea Donibane Lohitzune inguruko herrietan. UMP alderdiak bultzatzen zituen zerrendek ez dute lortu nahi zutena. Era berean, Lapurdi hegoaldean abertzaleek dituzten emaitza onak azpimarragarriak dira, nahiz eta ez diren boterera iritsiko".
Baleren Bakaikoa, EHUko irakaslea
Hasteko, azpimarratu behar da hauteskunde orokor hauek ez direla batere normalak izan. Hori begibistakoa izan da edozein aldetik begiratuta. Izan ere, Alderdien Lege anti-demokratikoa zorrotz aplikatu da eta Batasuna, EHAK eta EAE-ANV jokoz kanpo utzi dituzte, eta ahotsik gabe geratu da Hego Euskal Herriko hiritarren zati handi bat.
Gero, abstentzioaren deia luzatu zuen ezker abertzaleak. Abstentzio horren deia ETAk gogortu zuen eta jakina, ETAk honelako deia egiten duenean, kirioak dantzan jartzen dira. Eta zer esanik ez agintean dagoen alderdiko militante xume bat hiltzen badu. Horrek guztiak, demokraziaren itxura erabat eraldatuta utzi zuen eta zer esan euskal sozialismorantzako bideaz, sozialismora heltzeko langile xumeak hil behar badira; zaila benetan ulertzea.
Xabier Aierdi
"PSOEk irabazi egin du, baina oso garrantzitsua da oraindik PPk duen oinarria. Nahiz eta diferentzia mantendu diputatuetan, ikusten da eskuma oso mobilizatua dagoela eta ezkerrak baduela orokorrean zer pentsatu, boto asko galdu baititu. Gurera etorrita, EAJren gainbehera nabarmena izan da, eta nik uste dut udal hauteskundeetan ikusi zena berriro ikusi dela: pentsatzeko une bat zabaldu behar du eta bere proiektua zein den ikusi. Nahiz eta oso zaila izan duen oraingo hauteskundeetan: Ez zeukan oso argi zertara jokatu behar zuen, batetik subiranotasunean ezin du ezker abertzale ezberdinak baino erradikalagoa izan eta bestetik moderazioan ere ezin zezakeen jokatu. Neurri batean Lehendakariaren plana lur jota geratu da, oinarririk gabe. Gainerakoan, ANVk bere oinarri hautesleari eutsi egin dio. Eta orokorrean esango nuke abertzaletasunak atzera egin duela: gero eta presentzia eskasagoa du, 7 diputatu ditu 23tik eta abertzaletasunak pentsatu beharko du bere estrategiak nola eraman aurrera, ezin baititu hain amets handiak eduki benetan duen indar errealerako."
© 2008 ARGIA.com