argia.eus
INPRIMATU
Potemkin korazatua filma estreinatu zuten Moskun

Potemkin korazatua filma estreinatu zuten Moskun. Sobietar Batasuneko batzorde batek, 1905eko iraultzaren 20. urteurrenaren karietara film bat egiteko enkargua egin zion Sergei Eisenstein zuzendariari. Honek, denbora faltagatik, filma Itsaso Beltzeko ontzi korazatuan marinelak beren ofizialen aurka nola matxinatu ziren erakustea deliberatu zuen. Maisulan horretan kolektibitatearen indarra erakutsi zuen eta nazioartean txundidura zein gorrotoa eragin zituen. Zenbait gobernuk erabat debekatu zuten, eta beste batzuek euren herrialdeetan iraultzarako grina hedatuko zen beldurrez, zati batzuk zentsuratuta pantailaratu zuten. Zinemaren historiako filmik onenetakotzat jotzen da.

Iturria: Lionel Richard, «El Acorazado Potemkin» (Le Monde Diplomatique en español, 2006ko martxoa).