argia.eus
INPRIMATU
Portugalgo armadak Nó Górdio operazioa abiatu zuen Mozambiken

Portugalgo armadak Nó Górdio operazioa abiatu zuen Mozambiken. FRELIMO gerrilla antikolonialista ahuldu asmoz 35.000 soldadu bidali zituen herrialdera. Aire-bonbardaketek lagunduta FRELIMOk askatutako lurraldeetan zituen gotorlekuak suntsitu eta Tanzaniako mugako igarobideak itxi zituen. Zazpi hilabete iraun zuen erasoak bere helburuak bete arren, porrot egin zuen, FRELIMOri aukera eman baitzion atzera egin, berriro elkartu, estrategia birdiseinatu eta armada kolonialari berriro erasoa jotzeko.
FRELIMOren aurkako borrokan portugaldar armadak zibilen aurkako sarraski handiak egin zituen. Ezagunenetakoa Wiriyamukoa da. Herrixkako 400 biztanle inguru hil zituen eta etxeei su eman zien. Hiru egunez inguruetan egon ziren, biziraun zutenak bilatu eta hiltzeko.

Iturria: Mustafah Dhada, The Portuguese Massacre of Wiriyamu in Colonial Mozambique, 1964–2013 (Bloomsbury).