GALek bi pertsona hil zituen Ziburuko Trinkete txikian. Emile Weiss eta Claude Doerr zuten izena biktimek eta musean ari ziren Paueko bi txatar-biltzaile ziren. Gizonez jantzitako emakume bat ostatura sartu zen metraileta batekin indiskriminatuki tiroka. Eskuko granada bat ere jaurti zuen barrura, baina ez zuen eztanda egin. GALek, atentatua bere gain hartzean, euskal errefuxiatuak zebiltzan ostatuetan ez sartzeko gomendioa eman zien herritarrei. Hiltzailea Dominique Thomas izan zen –argazkian eskuburdinekin–, lekukoek baieztatu zutenez, baina berak dena ukatu zuen.
Iturria: Emilio Lopez Adan, Borroka armatua Euskadin. 1967-2011. Bigarren liburukia, 1981-1990 (Maiatz).