Euskal ordezkari instituzionalei zegozkien 21 eserlekuak ebatsi zituzten demoek Paueko Kontseilu Nagusitik. Euskal Departamentua eratzea eskatzen zuten Demokrazia Euskal Herriarentzat taldeko kide horiek, eta aulkiak Euskal Herrira zeramatzatela adierazi zuten. Ekintza zuzen horrek Frantziako agintarien haserrea eragin zuen, Poliziak egunak egin zituen aulki dotore haien bila eta erregistro ugari egin zituen Baionan. Pauen bertan lokal batean ezkutatu zituzten, ordea, eta handik bi astera Baionan egindako ekitaldi batean publikoki erakutsi.
Iturria: Hur Gorostiaga, Ipar Euskal Herriko 21 hautetsien aulkiak ebatsi dituzte Paueko Kontseilu Nagusian (Euskaldunon Egunkaria, 2000ko martxoak 15).