Europan zehar etakide eta espainiar militanteei ezarritako heriotza zigorraren aurkako protestak egin zituzten eta istilu gogorrak izan ziren leku askotan.
Hainbat hiritan espainiar enbaxaden aurrean egin zituzten elkarretaratzeak, eta espainiar erakundeen hainbat egoitzari eraso egin zioten. IFrantziako Alderdi Komunistak, adibidez, Parisen eta Madrilen arteko harremanak hausteko eskatu zuen. Belgikan, berriz, Sabena eta Belgavia hegazkin konpainietako langileek boikota hasi zuten Iberiaren hegazkinen aurka, baita Italian Milango, Malpensako eta Linateko aireportuetan ere –Espainiako Estatutik joandako edo Espainiarantz zihoan edozein hegaldiri egin zioten boikota–. Frantziako Estatuan, Dijonen, manifestariek propaganda banatu zuten Espainiako Estatura zihoan tren bateko bidaiarien artean.
Espainiako Gobernuak sei indultu onartu zituen, tartean Jose Antonio Garmendia Tupa etakidearena, atxiloketan garunean jasotako tiro baten ondorioz elbarri baitzen; baina Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxeberria etakideen eta FRAPeko José Humberto Baena, José Luis Sánchez eta Ramón Garciaren heriotza zigorrak berretsi zituen.
Hainbat egile, Euskadi eta Askatasuna – Euskal Herria y la Libertad, IV. Liburukia, 1974-1976. Milis y polimilis (Txalaparta).